174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartua, Jasokundeko eliza (Irunberri, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Jasokundeko eliza izeneko higiezina (Irunberri) monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1972ko martxoaren 7ko Ministro-Aginduaren bidez (1972ko uztailaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak apirilaren 8an emandako 106/2013 Ebazpenaren bidez, Irunberriko Jasokundeko eliza izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 2an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko uztailaren 1ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko uztailaren 29an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Jasokundeko eliza (Irunberri, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Irunberriko Jasokundeko elizaren babes inguruneak lur hauek hartzen ditu: 128. eta 129. lurzatiak, 127. lurzatiaren fatxadak Fueros plazaren aldera, 124., 123., 125. eta 126. lurzatienak Mayor plazaren aldera, 147., 148., 149., 150., 151. eta 135. lurzatienak Santa Maria kalearen aldera eta 130. lurzatiarenak Santa Maria kalearen eta Fueros plazaren aldera, horiek guztiak Irunberriko udalerriko 4. poligonokoak, baita lurzati horien arteko bideei dagokien eremua ere, eta 136. eta 139. lurzatien eremua eta 137. lurzatian bi lurzati horien artean dagoen eremua.

Monumentuaren inguruan ez da gaur egungo eraikinetako solairu kopurua gaindituko.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1312147