174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartua, Uharteko Markesaren jauregia (Tutera, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Uharteko Markesaren jauregia izeneko higiezina (Tutera, Nafarroa) monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1989ko abenduaren 15eko Dekretuaren bidez (1989ko abenduaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 92/2013 Ebazpenaren bidez, behin-behinekoz mugatu zen Uharteko Markesaren Jauregia (Tutera) izeneko ondasun higiezinaren babes ingurunea, eta interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko uztailaren 1ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko uztailaren 29an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Uharteko Markesaren jauregia (Tutera, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Uharteko Markesaren Jauregiaren (Tutera) babes ingurunean honako lur hauek sartzen dira: 43., 42. eta 44. lurzatiak, 623. 624. eta 625. lurzatietan Mercadal kalera ematen duten fatxadak, 626. lurzatian Leache kalera ematen duen fatxada, eta 2. lurzatian Mercadal, Jorge Burgaleta eta Leache kaleetara ematen duten fatxadak, den-denak Tuterako 5. poligonokoak. Horiez gainera, Mercadal, Jorge Burgaleta eta Leache kaleetako eremu batzuk, aipatutako lurzatien artean daudenak, eta, orobat, Herrerías kaleko eremu bat, 43., 42. eta 44. lurzatien parean, kalearen ardatzera arte.

Monumentu honen inguruan, 43. lurzatian izan ezik –hantxe monumentua bera dago eta berariazko babesa du–, babes maila Tuterako Alde Zaharreko B.B.B.P.B.ren determinazioetan ezarritakoa izanen da, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak maiatzaren 20ko 212/2011 Ebazpenaren bidez txostena emanda. Nolanahi ere, edozein esku-hartze egiteko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan adierazitako baimena beharko da, 36.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1312145