1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
123/2013 FORU AGINDUA, abuztuaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, jarraipen prospektiboko azterlanak, baimedu ondokoak eta behaketan oinarritutakoak, ebaluatzeko Nafarroako Adituen Batzordea sortzen duena.
Jarraipen prospektiboko azterlanek, baimendu ondokoak direnak eta behaketan oinarritutakoak daudenak (hemendik aurrera, JPA-BB), ebaluazio zehatza behar dute osasun arloko agintariek onetsi baino lehen.
Giza erabilpenerako sendagaien farmakozaintza arautzen duen uztailaren 26ko 577/2013 Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera, baimendu ondoko azterlanen helburua da sendagaien baimena eman aurretiko garapen klinikoan eskuratutako informazioa osatzea. Halaber, bertan adierazten da debekatuta dagoela sendagaien preskripzioa sustatzeko baimendu ondoko azterlanak planifikatu, egin edo finantzatzea. Horregatik, kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun arloko agintariaren berariazko baimena behar duten azterlan bakarrak dira, Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoaren onespenaz gainera.
Nafarroan JPA-BBak egiteko eskaeren kopurua handitu da azken urteetan, eta 2012. urtean 22 eskatu dira.
Azterlan gehienak industria farmazeutikoak sustatzen ditu, eta konplexutasun metodologiko handiko protokoloak dituzte.
JPA-BBen gaiak aldatzen ari dira, eta gero eta maizago ospitale batean egiteko eskatzen dira, eremu horretan bakarrik erabiltzen diren botikak erabilita. Horren ondorioz, botika horiek ospitalean nola erabiltzen diren ezagutzen duten profesionalek ebaluatu behar dute azterlana.
Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak, autonomia erkidegoen oniritziarekin, lan egiteko modu berri bat proposatu du, autonomia erkidegoek haien ebaluazioetan planteatu dituzten aldeak ikusita.
Lan egiteko metodologia berri horretan, autonomia erkidego bat txostengile izendatzen da, JPA-BBen ebaluazioa egiteko. Horretarako, ebaluaziorako jarraitu beharreko gida bateratua definitu da. Txostena gida horretan oinarritu behar da. Txostengilearen txostena irizpen bakartzat hartuko dute azterlana egin nahi duten gainerako autonomia erkidegoek. Hala ere, sustatzaileak ezarpenaren tokiko ezaugarriak ikusteko ematen duen dokumentazioaren ebaluazio koordinatua egin behar dute. Gida bateratua betetzeko, lanbide-profil bat baino gehiago behar dira.
Hori dela bide, eta osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen da adituen batzorde bat eratzea dementziak artatzeko.
AGINDU DUT:
1. Jarraipen prospektiboko azterlanak, baimendu ondokoak eta behaketan oinarritutakoak, ebaluatzeko Nafarroako Adituen Batzordea sortzen da.
2. Batzorde hori honela osatuta egonen da:
a) Osasun Departamentuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko bi kide, Osasuneko zuzendari nagusiak izendatuak.
b) Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Farmazia Prestazioen Zerbitzuko bi kide, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak izendatuak.
c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaletako Ospitaleko Farmazia Zerbitzuetako bi kide, aipatu erakunde autonomoko kudeatzaileak izendatuak.
3. Batzordeak eginkizun hauek ditu bere esku:
a) Nafarroako Foru Komunitatean indarreko araudiarekin bat eskatzen diren JPA-BB azterlan guztiak ebaluatzea.
b) Proposamen-txostena egitea, JPA-BB azterlana baietsi edo ezetsi behar den zehaztuta. Azken kasuan, arrazoitua izanen da ezesteko proposamena.
c) JPA-BBen esparruan, sustapenerako ezkutuko praktikak saihesteko behar diren jarduerak garatzea.
4. Osasun Departamentuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko kideetako bat arituko da batzordeko idazkari.
5. Ospitaleko Farmazia Zerbitzuetako kideak eta Farmazia Prestazioen Zerbitzukoak 4 urtean behin berrituko dira.
6. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.
7. Batzordea ondoko hauek agintzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoentzako xedapenek.
8. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko abuztuaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1311935