1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
122/2013 FORU AGINDUA, abuztuaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentzioaren Erregistroa izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du beharrezkoa dela Laneko Arriskuen Prebentzioaren Erregistroa izeneko fitxategi informatizatu bat sortzea, erakunde autonomo horretako langileen osasun eta segurtasunari buruzko datuak jasotzeko. Horrela, laneko arrisku-faktoreekiko esposizioa eta langileen osasun egoera ezagutuko dira eta azterketak eta estatistikak egiteko balioko du.
Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mendeko fitxategi informatizatuak, datu pertsonalak biltzen dituztenak, arautzen ditu. Foru dekretuak indarra hartzeko egunean jadanik eratuta zeuden fitxategiak datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategi gisa onetsi ziren, dekretuan berean hala ezarrita. Fitxategi horiek eranskinean zerrendatu ziren. Eranskin hartan ez dago Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laneko arriskuen prebentzioari buruzko fitxategia. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.
Adierazitakoarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak foru agindu baten proposamena aurkeztu du Laneko Arriskuen Prebentzioaren Erregistroa izeneko fitxategia sortzeko, hura erregulatzeko eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren xedapenak betetzeko.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren proposamenari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak arautzen dituen uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikulua aplikatuz, honako fitxategi hau sortzea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentzioaren Erregistroa.
a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:
–Administrazio publikoko langileen osasun eta segurtasunari buruzko datuen erregistroa izatea.
–Administrazio publikoko langileen laneko arrisku-faktoreekiko esposizioa eta osasun egoera jakitea.
–Azterketak eta estatistikak egitea.
b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:
Enplegatu publikoak, edozein araubide juridikotakoak, Nafarroako administrazio eta erakunde publikoaren zerbitzura aritu eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuaren arreta jaso dutenak.
c) Datuak biltzeko prozedura:
Datuak langileak berak edo bere legezko ordezkariak emanen ditu.
d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak.
–Identifikaziorako datuak:
- NAN/IFZ.
- Gizarte Segurantzaren zenbakia / Mutualitatea.
- Izen-deiturak.
- Helbidea (postakoa, elektronikoa).
- Telefonoa.
- Sinadura.
- Langilearen erregistro zenbakia.
- Bestelakoak:
- Historia klinikoaren zenbakia.
- Laneko historiaren zenbakia.
–Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:
- Egoera zibilari buruzko datuak.
- Familia datuak.
- Jaioteguna.
- Adina.
- Sexua.
- Nazionalitatea.
- Ezaugarri fisiko edo antropometrikoak.
–Inguruabar sozialen datuak:
- Zaletasunak eta bizimoduak.
- Lizentziak, baimenak.
–Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:
- Prestakuntza, titulazioak.
- Lanbide-esperientzia.
–Bestelakoak:
- Ordutegia/txanda.
- Kontratua.
- Enpresako altako data.
- Enpresako bajako data.
- Bajaren kodea.
–Enpleguko xehetasunen gaineko datuak:
- Kidegoa/eskala.
- Kategoria/gradua.
- Lanpostuak.
- Ekonomikoak ez diren nominako datuak.
- Langilearen historiala.
–Babes berezia duten beste datu batzuk:
e) Datu pertsonalak lagatzea.
Fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.
f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.
g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:
Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileriaren Kudeaketa eta Garapenerako Zuzendariordetzako Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzura joz.
h) Fitxategi automatizatua edo eskuzkoa.
Automatizatua.
i) Segurtasun neurriak.
Goi mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu hau Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzura eta Osasun Departamentuko Segurtasun Neurrien Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko abuztuaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1311933