161. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 18koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Mutiloagoitiko Maquinaria y Servicios Eca, S.A.L. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Mutiloagoitiko Maquinaria y Servicios Eca, S.A.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100432012013), enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko ekainaren 17an izenpetu eta 2013ko uztailaren 8an zuzendua, erregistro honetan 2013ko ekainaren 21ean sartu zena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko uztailaren 18an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

‘’MAQUINARIA Y SERVICIOS ECA, S.A.L.’’
ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Langile eremua.

Hitarmen kolektibo hau Maquinaria y Servicios Eca Sociedad Anonima Laboral enpresaren zerbitzura lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie, lan harreman bereziak edo bestelakoak dituzten langileei izan ezik.

2. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmen kolektibo honen testuak bi urteko indarraldia izanen du. 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorioak, eta 2014ko abenduaren 31n amaituko da.

3. artikulua. Derrigorrezkotasuna eta ordezko arauak.

Enpresaren hitzarmen kolektibo honetako arauak Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz itundu dira, eta hitzarmenaren eragin eremuko langileen lan harremanak derrigortzeko indarra izanen dute. Gainera, lehentasunez aplikatuko dira estatuko edo autonomia erkidegoko beste hitzarmen sektorial guztien aurretik.

Nolanahi ere, itunik ezean, indarra duten ordezko arau orokorretan xedatutakoari jarraikiko zaio, eta lan sozietateei buruzko araudiari.

4. artikulua. Langile kontratudunen bermeak.

Enpresaren hitzarmen kolektibo honetan biltzen diren baldintza guztiak gutxienekotzat joko dira; beraz, hitzartutakoak baino baldintza hobeak dakartzaten klausula, itun eta egoerek, gaur egun enpresan ezarriak daudenek, bere horretan segituko dute, halakoez baliatzen diren langileei dagokienez.

5. artikulua. Batzorde Mistoa. Kideak, eginkizunak, prozedura.

Enpresaren barrenean hitzarmen hau interpretatzeko eta auziak ebazteko batzorde misto bat eratzen da.

Hitzarmena sinatzen duten alderdietatik (langileria eta enpresa) ordezkari bana izanen dira batzordekide, alderdi bakoitzak erabaki bezala izendatuak.

Batzorde mistoaren erabakiak baliozkoak izateko kide guztiek egon beharko dute bertan, zuzenean edo ordezkatuak, eta aho batez hartuko dira beti.

Batzorde mistoak hartzen dituen erabakiek enpresaren hitzarmen kolektibo honetan itundutako arauek duten eraginkortasun berbera izanen dute.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

–Hitzarmen honen klausula guzti-guztiak interpretatzea.

–Alderdietako batek eskatuta, hitzarmena aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen auzi edo arazoetan bitarteko lana egin, eta/edo konponbidea bilatzen saiatu eta, alde guztiak ados egonez gero eta horretarako eskaera eginez gero, haiek epaitzea.

–Itundutakoa betetzen dela zaintzea eta haren segimendua egitea.

–Hitzarmenaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste eginkizun guztiak, edo testuan ezarritakoak.

6. artikulua. Lana zuzentzea.

Lana zuzentzea enpresaren zuzendaritza organoen erantzukizun eta ahalmena da, eta haiei dagokie, behar izanez gero, ahalmen hori nori eskuordetzen dion erabakitzea, betiere aplikagarri diren arau eta itunetan eta legedian ezarritakoari jarraikiz.

Lana antolatzeko ahalmenak erabiltzean, honako hauek dagozkio enpresako zuzendaritzari, betiere enpresako langileen ordezkaritza organoek Langileen Estatutuaren 64. artikuluaren bitartez arlo honetan esleituak dituzten eskumenak errespetatuz: lanak ezarri, finkatu, aldatu edo kentzea, zereginak esleitzea, lanak egiteko metodo berriak ezartzea, lanpostuak sortu edo amortizatzea eta antolatzea enpresak unean-unean dituen beharren arabera, eta lan egiteko modua finkatzea alderdi guztietan.

7. artikulua. Mugikortasun funtzionala, lanbide talde eta kategoriak.

Ondotik azaltzen den langileen sailkapena aipamen huts baino ez da. Beraz, ez da beharrezkoa izanen lanbide talde guztietan eta kategoria guztietan lanpostuak edukitzea.

Enpresako mugigarritasun funtzionalak izanen dituen muga bakarrak lan egiteko behar diren titulazio akademikoetan edo lanbide titulazioetan eskatutakoak eta lanbide taldeari dagozkionak izanen dira. Mugikortasun funtzionala balio berekoak diren lanbide kategorien artean eginen da.

Langileen Estatutuaren 38. artikuluan xedatutakoarekin bat, erabakia justifikatzen duten arrazoi tekniko edo antolakuntzakoak izanez gero, enplegatuak beste zeregin edo lan batean jartzen ahal dira, beren lanbide talde edo kategoriakoak ez badira ere, lan zehatza hori egiteko behar-beharrezkoa den denboran. Horren ondorioetarako, antolakuntzako arrazoi gisa hartuko da langileari dagokion lanbide kategorian lanik ez egotea.

Mugikortasun funtzionala dela-eta goragoko kategoria bateko lanak 6 hilabetez urtebeteko epean, edo zortzi hilabetez bi urteko epean, egiten dituzten langileek agindu zaizkion eginkizunei dagokien kategoriara igotzeko eskatzen ahalko dute, aplikagarri diren arauei jarraikiz. Era berean, soldata diferentziak jasotzeko eskubidea izanen dute.

Hitzarmen honek indarra hartzearekin batera, langileak lanbide talde hauetako batean sartuko dira, bakoitzaren lanbide kategoriaren eta eginkizunen arabera: Hona hemen ezarri diren lanbide taldeak:

I. taldea.–Kudeaketako eta zuzendaritzako langileak (burutzak).

Enpresaren zuzendaritza eta antolaketa lanak egiten dituzte, baita enpresaren jarduera arlo bakoitzaren burutza eta erantzukizuna bere gain hartzea ere (salmentak, administrazioa, langileria edo enpresaren beste edozein departamentu).

II. taldea.–Langile teknikoak, salmentetakoak eta administraziokoak.

Lanbide talde honetan sartzen dira eginkizun teknikoak dituzten langileak, baita salmenta eragiketetan aritzen direnak ere; lanbide talde honetan sartzen dira, orobat, lan administratiboak, bulegokoak eta/edo kontabilitatekoak egiten dituztenak, eta informatikako baliabideekin egiten diren lanak, telefono harrerakoak, zerbitzuak antolatzekoak eta fakturaziokoak egiten dituztenak.

III. taldea.–Produkzioko langileak eta laguntza zerbitzuetakoak.

Enpresako instalazioetan edo haietatik kanpo makinen edo ekipamenduen mugimenduaz eta manipulazioaz arduratzen diren langileak, ibilgailuen mantentze-lanak barne, eta, orobat, enpresaren jarduera nagusiari laguntzeko jardueretan aritzen direnak.

Hona hemen enpresako langile guztien lanbide kategoriak:

–Kudeatzailea.

–Salmenta burua, administrazioko burua eta ataleko burua.

–Taldeko burua.

–Lehen mailako ofiziala.

–Bigarren mailako ofiziala.

–Saltzailea.

–Administrari laguntzailea.

–Espezialista.

–Garbitzailea.

C1 motako gidabaimena beharrezkoa duten ibilgailuen gidariek, lan arloko eta Gizarte Segurantzako ondorio guztietarako, lehen mailako ofizial profesionalen kategoria izanen dute. B motako gidabaimena beharrezkoa duten ibilgailuen gidariek, lan arloko eta Gizarte Segurantzako ondorio guztietarako, bigarren mailako ofizial profesionalen kategoria izanen dute. Bigarren mailako ofizialen lanbide kategoria duten langileak, enpresan 3 zerbitzu urte betetzen dituztenean, lehen mailako ofizialen kategoriara igoko dira.

8. artikulua. Lanaldia.

Enpresaren hitzarmen kolektibo honen indarraldia bitartean, egin beharreko benetako lanaldia urtean 1.746 ordukoa izanen da.

Lanaldia hasteko orduan, puntu-puntuan, langileak bere lanpostuan egon beharko du, laneko arropa jantzirik, eta lanaldia bukatu arte ez du lanpostutik alde eginen. Eguneko lanaldia bukatzeko unean bukatzear dauden lanak burutu beharko ditu, denbora laburrean egin badaitezke, deusetan galarazi gabe laneko aparteko denbora gisa kontatzea.

9. artikulua. Ordainsariak.

2013. eta 2014. urteetan, ez da ordainsari igoerarik izanen. Hortaz, hitzarmen kolektibo honen indarraldia bitartean jaso beharreko soldatak erantsi den I. eranskineko soldata taulan ageri direnak izanen dira.

10. artikulua. Antzinatasuna.

Epresan lau urteko zerbitzualdia betetzen den bakoitzean antzinatasun plus edo osagarri bat sorraraziko da.

Langileek behar adina laurteko sorrarazten ahalko dituzte, mugarik gabe.

Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratuaren iraupena ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.

Laurteko bakoitza oinarrizko soldataren %5 izanen da.

11. artikulua. Aparteko eskersariak.

Urtero bi aparteko eskersari ordainduko dira, uztailean eta eguberrietan, sei hilabetez kontatuta, langileak hilabete batean jasotzen dituen guztirako ordainsariak adinakoak.

Gainera, enpresak mozkinen aparteko paga bat ordainduko du urtero ekainaren 30a baino lehen, aurreko urteko abenduan langileak jasotako guztirako ordainsariak adinakoa.

12. artikulua. Oporrak.

Langile guztiek urtero opor ordainduak izanen dituzte, baldintza hauek kontuan hartuta:

1. Hogeita hamar egun naturaleko oporrak hartuko dira, langileen lanbide kategoria edozein dela ere.

2. Langilea eta enpresa ados jarriko dira oporrak noiz hartu erabakitzeko. Dena dela, langile bakoitzak 15 egun natural jarraian hartzen ahalko ditu uztailetik irailera bitarteko tartean, eta gainerako 15 egunak gainerako hilabeteetan, horiek ere jarraian, betiere enpresak eta langileak adostutako egunetan. Oporrak hartzeko egunei buruz akordiorik ez badago, enpresaren hitzarmen kolektibo hau onestean eratzen den batzorde mistoak finkatzen dituen irizpideei men eginen diete bi alderdiek.

3. Arau orokor gisa, oporrak ez dira bi alditan baino gehiagotan hartuko, non ez den kontrakorik ituntzen.

4. Urtean zehar enpresa uzten duen langileak eskubidea izanen du lan egindako denboraren araberako oporrei dagokiena kobratzeko, opor horiek hartu ez baditu.

5. Oporraldiak aldi baterako lan ezintasuneko aldi batekin bat eginez gero, oporrak etenen dira, eta batzorde mistoak erabakitzen dituen egunetan hartu beharko dira.

6. Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoa den doktrinan xedatutakoari jarraituko zaio.

13. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea izanda, arrazoi hauetako batengatik eta honenbeste denborako:

a) Langilearen ezkontza: 20 egun natural, oporraldiarekin batzen ahal direnak, enpresarekin ados jarrita eta ohiko funtzionamendua oztopatu gabe betiere.

b) Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

c) Haur baten jaiotza: bi egun natural, horietatik bat, gutxienez, laneguna.

d) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben, aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen eritasun larria: bi egun natural, eta urtean gehienez lau egun natural.

e) Ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen eritasun larria, ospitaleratu beharra badakar: hiru egun natural.

f) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben eta aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen heriotza: bi egun natural.

g) Aitaren edo amaren heriotza: hiru egun natural.

h) Semearen/Alabaren edo ezkontidearen heriotza: bost egun natural.

j) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun natural bat.

j) Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

k) Ordubeteko murrizketa egunean, haurrari bularra emateko. Baimen hori amak edo aitak hartzen ahal du, nahierara.

Lizentzia horien ondorioetarako, eritasun larritzat joko da ospitaleratu eta gaua bertan eman beharra dakarrena. Lizentzia ordainduen hasiera gertaera eragilea sortzen den unetik beretik kontatuko da. Lizentzien iraupena nola banatu adostu eginen da edo ospitalizazioak dirauen bitartekoa izanen da.

Heriotza, eritasun edo seme-alaben jaiotza kasuetan, joan eta etortzeko 200 kilometrotik gorako bidaia egin behar izanez gero, dagokion lizentziari bi egun gehituko zaizkio.

Ondorio horietarako, behar bezala erregistratutako izatezko bikoteek ere lizentzia berberak izanen dituzte.

14. artikulua. Gaixotasuna eta istripua.

Edozein kontingentziaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran, haurdunaldiko arriskua barne dela, enpresak Gizarte Segurantzak ematen duenaren eta soldata osoaren arteko diferentzia ordainduko du.

Aurrekoa gorabehera, haurdun dauden emakumeei lanpostu egokiago bat emanen zaie behin-behinekoz, horrelakorik baldin badago eta aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren, eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketarenak eta langilearen gaitasuna kontuan hartuta.

15. artikulua. Erretiro partziala.

Itun honen arabera, enpresa behartua dago langileen erretiro partzial aurreratua onartzera eta, aldi berean, beste langile bat errelebo-kontratuarekin kontratatzera, eskaera egiten den unean indarra duen araudiari jarraikiz.

Enpresa horretara behartua egoteko, baldintza hau bete beharko da: langileak asmo horren berri ematea enpresari erretiro partziala hartzeko eguna baino 90 egun lehenago gutxienez.

Nolanahi ere, enpresak erretiro partzialari buruzko akordio kolektiboa sinatua du 2018ko abenduaren 31ra arte, martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. artikulua. Laneko arropa.

Enpresa behartua dago langileei laneko bi jantzi edo gehiago ematera, bakoitzak dituen eginkizunetarako egokiak direnak. Jantzi horiek enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren hasieran banatuko dira eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan berrituko dira, edo beharrezkoa denean. Langileak garbituko ditu, eta lan kontratua bukatutakoan itzuliko ditu.

17. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Enpresak langileen prestakuntza eta birziklapena sustatuko ditu, eta horretarako etengabeko prestakuntzarako plan bat prestatuko du, Batzorde Mistoaren bitartez.

18. artikulua. Aseguruen poliza.

Enpresak aseguru kolektibo bat kontratatuko du langileentzat, istripuaren ondoriozko heriotzako edo erabateko baliaezintasun iraunkorreko kasuetarako, honako kopuru hauek bermatzeko:

–36.061 euro, heriotza kasuetan.

–36.061 euro, erabateko baliaezintasun iraunkorreko kasuetan, istripuagatik, lanekoa edo lanetik kanpokoa izan, eta laneko eritasunagatik.

19. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea dute beren lan prestazioan derrigorrezkoak diren neurri eta arau guztiak bete daitezen, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legean, UNE arauetan eta hura garatzeko erregelamenduetan ezarritakoari jarraikiz, eta batez ere metalezko aldamio tubularrei buruzko arau guztiak.

Laneko osasunari eta laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko xedapen orokor gisa, honako hau erabaki da:

1. Laneko arriskuei aurrea hartzeko, enpresek langileen segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte.

2. Nolanahi ere, langileek eta enpresak, biek batera, hartzen dituzten neurri, jarduketa eta planteamenduen helburua izanen da lan baldintzak hobetzea, laneko jarduera baldintzatu gabe, horrela langileen osasunaren eta segurtasunaren babes maila handitzeko.

3. Langileek prebentzio neurriak diseinatu, hartu eta betetzeko lanetan parte hartzen ahalko dute, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen V. kapituluan ezarrita dagoen bezala.

4. Hitzarmenak indarra duen bitartean, enpresek langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuen hasiera bateko ebaluazio bat eginen dute, oro har jardueraren izaera kontuan harturik.

Era berean, bidezkoa denean, laneko ekipamenduei eta lantokietako giroari buruzko ebaluazioa eginen da.

5. Ebaluazioaren emaitzak ikusita beharrezkoa bada, enpresek behar diren prebentzio jarduerak eginen dituzte langileen segurtasunaren eta osasunaren babes maila hobea bermatzeko eta atzematen diren arriskuak murriztu edo ezabatzeko, lan eta produkzio metodoei loturiko prebentzio jarduerak barne direla.

6. Instalazioak, laneko ekipamenduak eta, oro har, lan baldintzak aldatzen diren guztietan beharrezkoa izanen da langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuen ebaluazioa eguneratzea, eta hori ukitutako langileei eta/edo horien legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie.

7. Enpresak beren osasun egoera aldian behin begiratzea bermatuko die langileei, bakoitzaren lanak dituen arriskuen arabera. Azterketa hori ahalmen teknikoa, prestakuntza eta gaitasuna aitortua duten osasun arloko langileek egin beharko dute. Haurdun dauden emakumeei arreta berezia jarriko zaie, azterketa berariazkoak eginez. Ukitutako langileei azterketa medikoaren emaitzak jakinaraziko zaizkie.

8. Behar bezala egiaztatzen denean lanpostu baten baldintzek haurdun dagoen emakume baten edo fetuaren osasunari kalte egiten ahal diotela, enpresak, ahal bada, lanpostuz aldatuko du langilea egoera hori zuzentzeko, haurdunaldiak irauten duen bitartean. Lanpostuz aldatzerik ez badago, langileak aldi baterako ezintasuna hartzen ahalko du, Gizarte Segurantzako araubidean osasun arreta ematen dion medikuak hala ziurtatzen badu.

9. Arrisku bereziak dituzten lanpostuen ebaluazioa egiteko, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalaren gidetan jasotako metodo eta irizpideak hartuko dira kontuan.

10. Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea izanen dute beren lanpostuan edo eginkizunetan dauden berariazko arriskuei buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzera, baita arrisku horietarako aplikatu beharreko babes eta prebentzio neurriei buruzkoa ere.

11. Langile guztiek lana segurtasun baldintzetan gauzatzeko behar diren babes neurri indibidual eta kolektiboak jasoko dituzte.

20. artikulua. Gidabaimena kentzea.

Gidabaimena kentzeagatik langile batek ezin badu bere lanbide kategoriari dagozkion eginkizun nagusiak gauzatu, enpresak aukera izanen du langilea beste lanpostu batean kokatzeko, benetan egiten duen lanari dagokion lanbide kategoriaren araberakoa ordainduz, edo bestela, kontratua bertan behera utziko du, gerora etorritako gaitasun gabezia dela kausa.

Hori ez da aplikatuko gidabaimena kendu bazaio lanaldia bitartean alkoholismoagatik edo beste adikzio bategatik, edo zuhurtziagabekeria ausartegiagatik, kasu horretan enpresak Langileen Estatutuan jasotako dituen diziplina ahalmenak erabiltzen ahalko ditu eta.

21. artikulua. Emakumezko langilea.

Aukera berdintasuna lortze aldera, akordio hau sinatu duten alderdiek helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek:

a) Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako bereizkeria baztertuz.

b) Soldatetan sexuarengatiko bereizkeriarik ez izatea.

c) Aukera berdintasuna enpleguan.

d) Lanbide prestakuntza eta birziklapen prozesuetan parte hartzea.

Amatasun eszedentzia Langileen Estatutuan aurreikusitako moduan emanen da.

Era berean, enpresak konpromisoa hartzen du haurdunaldia bitartean langilea lanpostuz aldatzeko, ohiko lanpostuan aritzea kaltegarria bada osasunerako eta enpresan aldaketa egiteko aukerarik baldin badago.

Aipatu ez diren gainerako esparruetan, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

Laneko jazarpena, edozein motatakoa dela ere, hutsegite oso larritzat joko da.

22. artikulua. Diziplina araubidea.

Diziplina arloan, Merkataritzaren Esparru Akordioan, Merkataritzaren Ordenantzan eta, horrelakorik ezean, Langileen Estatutuan ezarritakoari men eginen zaio oso-osorik.

23. artikulua. Lanetik gelditzeagatiko kalte-ordaina.

Enpresa batean hogei urtez aritu ondoren erretiratzen den langile orok kalte-ordain bat jasoko du, bi hilabetekoa 10 urteko zerbitzualdi bakoitzeko. Kalte-ordaina hamar urtetik beherako zatikien arabera kalkulatuko da, zerbitzualdian emandako denboraren proportzioan.

24. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.

Jardunean ari den langile bat hiltzen bada, haren eskubidedunei enpresak hiru hilabeteko soldata ordainduko die, horietako bakoitza hil den langileak kobratu duen azken soldata adinakoa.

Xedapen gehigarri bakarra

Enpresako hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek adostu dute xedapen gehigarri honen aurreko bi artikuluetan jasota dauden kalte-ordaina eta laguntza ez direla kanpoko aseguru baten bidez kapitalizatuko. Beraz, enpresak konpromisoa hartzen du zuzenean ordaintzeko, betiere ordaintzeko baldintzak betez gero.

I. ERANSKINA

2013. eta 2014. urteetako soldata taula

Hileko soldatak.

Kudeatzailea: 2373,55 euro.

Administrazioko burua: 2197,26 euro.

Buruak (salmentetakoak eta sukurtsaletakoak): 1962,57 euro.

Buruak (ataletakoak, langileriakoak eta tailerrekoak): 1951,14 euro.

Laneko arriskuen prebentzioko arduraduna: 1951,14 euro.

Taldeko buruak: 1757,61 euro.

Lehen mailako ofiziala: 1406.58 euro.

Bigarren mailako ofiziala: 1268,74 euro.

Administrari-laguntzailea: 1120,00 euro.

Saltzaileak (ibiltariak): 1436,64 euro.

Espezialista: 1105,00 euro.

Garbitzaileak: 660,00 euro.

II. eranskina

Maquinaria y Servicios Eca, Sociedad Anónima Laboral enpresaren hitzarmen kolektiboa zuzentzeko akta

Mutiloan (Nafarroa), 2013ko uztailaren 5ean.

Bildu dira:

Batetik, Juan Ignacio Armendáriz Ojer jauna, Maquinaria y Servicios Eca, S.A.L. enpresa ordezkatuz.

Bestetik, Nora Elizalde Zaragüeta andrea, langileen legezko ordezkaria.

Bi alderdiek, legezko gaitasun nahikoa elkarri aitorturik,

Adierazi dute:

2013ko ekainaren 23an Nafarroako Gobernuko Lan Erregistro Publikoen Bulegoak bidalitako idazkia jaso dugu, enpresak ekainaren 21ean aurkeztutako hitzarmen kolektiboan zenbait zuzenketa egiteko eskatzen duena.

Bi alderdiak ados daude zuzenketa hori egitearekin, eta hitzarmen kolektiboaren testuari honako artikulu hauek gehitzearekin:

25. artikulua. Hitzarmena salatzea:

Hitzarmen kolektibo hau bi alderdietatik edozeinek sala dezake, indarra galdu baino hiru hilabete lehenago gutxienez. Salatu ondoren eta indarraldia bukatuta, hitzarmenak beste urte batez segituko du indarrean.

26. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen kolektiboa izenpetzearekin batera, olectivo, Maquinarja y Servicios Eca, S.A.L. enpresaren hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioa eratzen da, enpresaren ordezkari batek (Juan Ignacio Armendáriz Ojer jauna) eta langileen ordezkari batek (Nora Elizalde Zaragüeta andrea) osatua.

Batzorde paritario horrek legeak esleitzen dizkion eskumenak izanen ditu.

Erabakiak aho batez hartuko dira, eta bi alderdiek aholkulariak eraman ditzakete bileretara, hizpidea bai baina botorik gabe.

Batzorde paritarioa bere egoitzan bilduko da, hau da, enpresaren egoitzan, alderdietako edozeinek bilkurarako dei egin eta 72 orduko epean gehienez. Deialdiarekin batera eguneko gai zerrenda edo batzorde paritarioak ebatzi beharreko puntuak bidaliko dira. Batzordekide orok ordezkoa izan dezakete, Batzordeari berari jakinarazita.

Batzorde paritarioak bileraren egunean berean eman beharko du berariazko ebazpena egun horretako gai zerrendan jasotako gaiei buruz.

Batzorde paritario hau eratzen da hitzarmen kolektiboaren 5. artikuluan batzorde mistoaren gainean xedatutakoa galarazi gabe.

27. artikulua. Desadostasunak konpontzeko prozedura.

Aldeek erabaki dutenez, lan hitzarmen kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, haren aplikazio esparruko langileak eta enpresa ukitzen ahal dituzten beste guztiak ere Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiak konponduko ditu, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.

Beraz, artikulu honek balio du aldeak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek. Salbuespen dira hauteskundeetako gaiei, Gizarte Segurantzari, askatasun sindikalaren tutoretzari, oinarrizko eskubideei eta lehenago administrazio bidean erreklamazioa aurkeztea eskatzen duten beste arlo batzuei buruzko erreklamazioak.

Eta aztertzeko gai gehiagorik ez dagoenez, bilkura bukatutzat eman eta akta egiten da Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuari igortzeko. Eta adostasuna frogatzeko, akta sinatzen dute goian aipatutako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: F1310931