161. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Gazteriaren Udal Kontseiluaren estatutuak. Behin betiko onespena

Ribaforadako Udalak, 2013ko uztailaren 3an egin osoko bilkura arruntean, behin betiko onetsi zituen Gazteriaren Udal Kontseiluaren estatutuak. Hasierako onespena 2013ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 14an.

Ribaforadan, 2013ko uztailaren 5ean.–Alkate udalburua, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

RIBAFORADAKO GAZTERIAREN UDAL KONTSEILUAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera.

1.1. Gazteriaren Kontseilua eratu da. Udal organo osagarria izanen da, aholku emailea eta ez loteslea, eta gazteria alorreko txostenak nahiz, hala behar badu, proposamenak egin beharko dizkio gazteriaz arduratzen den informazio batzordeari, gazteria arloaren eskumena duen zinegotzigoaren mende baitago; hori guztia, erregelamendu honetan ezartzen diren osaketari, eskumenei eta funtzionamenduari jarraikiz.

1.2. Kontseiluak Ribaforadako gazteen parte hartze libre eta eraginkorra bultzatzea du helburu Udalaren eskumeneko gaietan, baita gazteen elkarteak sustatzea ere.

2. artikulua. Egoitza.

Komunikazioei dagokienez, Kontseiluaren egoitza Herriko Etxea da, hau da, Ribaforadako Udalaren egoitza.

3. artikulua. Oinarrizko helburuak.

Honako hauek dira Gazteriaren Kontseiluaren oinarrizko helburuak:

a) Gazteen elkarteak sustatzea, baita elkarteen arteko harremanak eta haien eta Toki Administrazioaren artekoak ere.

b) Gazteek eta haien elkarteek Udalaren gaietan parte hartzeko bideak antolatzea.

c) Gazteen bizitzan eragiten duten alderdiak oro kontuan hartzea, ondorioak aztertuz eta gauzatu beharreko neurriak proposatuz.

d) Gazteei informaziorako eta aholkuetarako bideak erraztea, edozein euskarritan.

4. artikulua. Eginkizunak.

Gazteriaren Kontseiluak ondoko eginkizunak izanen ditu aurreko helburuak lortze aldera:

a) Organo aholku-emailea izanen da biztanleen sektore honekin Udalak aurrera eramaten dituen ekintzetan, hala nola jarduketa, jarduera, proiektu edo programetan.

b) Udalaren organo eskudunari behar diren neurriak hartzeko proposatuko dio, ekintzak, jarduerak, ekimenak, proiektuak edo programak behar bezala gauzatzeko.

c) Gazteriaren Kontseiluak proposatutako ekintza, jarduera, ekimen, proiektu eta programak prestatzen, gauzatzen edo haien segimendua egiten parte hartzea, dituen baliabide eta bitartekoen arabera.

d) Bere egitekoa den neurrian, gazteei buruzko plan integralak edo antzekoak prestatzen, garatzen eta haien segimendua egiten hartuko du parte, udal administrazio publikoak antolatuta udalerrian egiten direnean.

e) Ribaforadako Udalaren gobernu organoek eta organo osagarriek eskatzen dizkioten kontsulta guztien gaineko txostena prestatzea, batez ere gazteei buruzko politika arloan.

f) Udal administrazioak gazteen arloan aitzina eramaten dituen politiken segimendua egitea.

II. KAPITULUA

Kideen izaera

5. artikulua. Kideak.

5.1. Honako hauek osatuko dute Gazteriaren Kontseilua:

a) Gazteriaren eta Besten Udal Batzordeko kideak.

b) Gazteriarekin ikusteko duten alorretan eskumena duten teknikariak, Udalak edo, Udala barnean dagoela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek izendatzen dituztenak.

c) Gazte elkarteak, legearen arabera eratuak eta Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuak badira.

d) Udalean ordezkaturik dauden talde politikoen gazte erakundeak edo, bertzenaz, haien ordezkaritza bat, betiere gazte baten eskutan egonen dena.

e) Batzordearen antzeko izaera, helburuak eta xedeak dituzten toki mailako entitateak, eta/edo halako pertsona jakin batzuk, gazteen arloko lanetan nabarmentzen direlako kide izendatzen direnak.

f) Ribaforadako Gazte Etxea kudeatzeko ezarritako zerbitzuaren esleipen hartzailea.

5.2. Gazteriaren Batzordeak kanpoko adituen parte hartzea eskatzen ahalko du, jorratu beharreko gaien zer-nolakoak hala behar duenean.

5.3. Eskubide osoko kideak izan nahi duten gazte elkarteek ondoko baldintzak frogatu beharko dituzte:

a) Irabazi asmorik gabeko elkarteak izan beharko dira, legez eraturik eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Ofizialean inskribaturik gazte elkarte gisa.

b) Kideen adina 16tik 30 urtera bitartekoa izan beharko da. Ordezkari bat izendatuko da elkarte bakoitzaren izenean.

c) Beren estatutuetako helburuak erregelamendu honen gisakoak izan beharko dira.

d) Udalerriaren eta eskualdearen barrenean jardun beharko dute.

e) Entitateen Udal Erregistroan egon beharko dira inskribatuak eta Ribaforadan errotuak.

f) Barreneko funtzionamendua eta gobernua modu demokratikoan egon beharko dira antolatuak, afiliatuen parte hartze librea errazteko moduan.

g) Estatutuen kopia aurkeztu beharko dute, baita identifikaziorako beharrezkoak diren datu guztiena ere.

h) Aitzineko urtean egindako jardueren memoria aurkeztu beharko dute, baita urtean urteko programa ere; entitate sortu berriek urtean urteko programa aurkeztu beharko dute.

i) Entitateko idazkariaren edo arduradunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute kide kopurua eta adinak zehazteko, Kontseiluan sartzeko eskaera egin zen egunean eguneratua.

j) Jakinarazpen ofiziala aurkeztu beharko dute, bertan adieraziz zein kidek hartuko duen elkartearen ordezkaritza Gazteriaren Kontseiluan, baita 6.2 artikuluan zehaztu diren datuak ere.

5.4. Elkarte, entitate, kolektibo edo pertsonen federazio edo talderen bat sartzen bada, horko kideak ezin izanen dira banaka ere sartu.

5.5. Ez da betorik, bazterketarik edo bereizkeriarik egonen, ez jatorriaren, arrazaren, sexuaren, erlijioaren edo iritzien, ez bestelako inguruabar pertsonal zein sozialen zioz.

5.6. Kide bakoitzak ordezkari bat izanen du, 16tik 30 urtera bitartekoa.

5.7. Kide diren pertsonek hizpidea eta boto bakar bat izanen dute.

6. artikulua. Kide izatera iristea.

6.1. Kontseiluko kideek onartuko dituzte Kontseiluko kide berriak.

6.2. Kontseiluko kide izan nahi duten entitate edo pertsonek eskabidea aurkeztuko beharko dute, kontseiluburuari zuzendua; kideen artean eskuordetzea izendatuko dute, ondokoak zehaztuta: titularraren eta ordezkoaren izenak, helbideak, telefonoak eta posta elektronikoak, baita ordezkatuko duten entitatearen edo taldearen izena ere.

6.3. Gazteen elkarteei dagokienez, kontseiluburuak, 5.3. artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatu ondoan, Kontseiluari jakinaraziko dio, sartzeko eskaeraren berri izan dezan eta jakinaren gainean egon dadin; horiek horrela, elkarte eskatzailea eskubide osoko kidea izanen da Alkatetzak ebazpena ematen duen unetik beretik.

7. artikulua. Kide izateari uztea.

7.1. Kide izateari utziko zaio ondoko arrazoietariko bat dela kausa:

a) Norberak uko eginda, edo elkartea, entitatea edo taldea desegiten denean.

b) Entitateen Udal Erregistrotik ateratzeagatik.

c) Kidea ebazpen bidez kargutik kentzeagatik, aldi baterako nahiz betiko, Estatutuek edo Batzarreko erabakiek kideei esleitzen dizkieten eginbeharrak bete ez dituelako; halakoetan, entitate arau-hausleari entzun beharko zaio aurretik, ezarritako prozedurari jarraikiz.

d) Elkartearen edo entitatearen ordezkaria kargutik kentzeagatik; halakoetan ordezkoa izendatzen ahalko da.

7.2. Entitateren bat ateratzen bada, Kontseiluari eman beharko zaio horren berri.

8. artikulua. Kideen eskubideak.

Gazteriaren Kontseiluko kideek ondoko eskubideak dituzte:

a) Kontseiluaren bilkuretan botoz eta hizpidez parte hartzea.

b) Beren ustez hurrengo bileraren gai zerrendan sartu behar liratekeen gaiak kontseiluburuari proposatzea.

c) Kontseiluko batzorde berezietako edo lan taldeetako kideak hautatzeko eta hautagai izateko eskubidea.

d) Jarduteko ekimenak proposatzea, horretarako ezarritako bideak erabilita.

e) Mintzatzeko eskubidea izatea diziplina neurriak jasan aitzin.

f) Batzordearen bilkuretara formalki deituak izatea.

g) Batzordearen programa, proiektu, jarduera eta ekintzetan parte hartzea.

h) Informazioa jasotzea Kontseiluaren jardunbideaz, baita biztanleen sektore honekin zerikusia duten programa nahiz ekintzez ere.

i) Udaleko Gazteriaren Kontseiluko aktak eta dokumentazioa eskuratzea.

j) Kontseiluaren bilkura bereziak egiteko eskatzeko eskubidea, 11.4 artikuluan aurreikusten dituen baldintzetan.

k) Kideak diren aldetik dagozkien gainerako guztiak.

9. artikulua. Kideen betebeharrak.

Gazteriaren Kontseiluko kideek ondoko eskubideak dituzte:

a) Kontseiluko organoen bilkuretan parte hartzea.

b) Ribaforadako gazte guztien ongiaren alde jokatzea, norberaren eta/edo alderdiaren interesak bazter utzita.

c) Mahaiak beren sostengu espresarekin onesten dituen programa, proiektu, jarduera eta ekintzetan parte hartzea.

d) Kontseiluak erabakitzen dituen gaietan behar den zuhurtasuna gordetzea.

e) Beren gain hartzen dituzten lanak eta erantzukizunak zintzo betetzea.

f) Erregelamendu honetan xedatua eta Udal Kontseiluko organo eskudunek hartutako erabakiak betetzea.

g) Uko egitea inolako kudeaketarik egiteari Gazteriaren Mahaiaren izenean.

h) Kontseiluak behar bezala jardun eta funtziona dezan laguntzea.

i) Borondate onez eta zintzo jokatzea Kontseiluak Ribaforadako gazteriaren arloan dituen helburuak betetze aldera.

10. artikulua. Udalaren konpromisoak.

Ondoko konpromisoak ditu Udalak:

a) Gazteriaren arloan eskumena duen Zinegotzigoaren helburu, justifikazio, ekintza, programa, aurrekontu eta proposamenen berri ematea Kontseiluari.

b) Kontseiluak erabakitako puntuen berri ematea landutako gaietan eskudun diren zinegotzigoei.

c) Behar diren tramite eta kudeaketak egitea, dagokion zinegotzigoak Kontseiluan erabakitako aferei buruzko erantzuna eman dezan.

III. KAPITULUA

Organoak

11. artikulua. Osoko Bilkura.

11.1. Kontseiluak osoko bilkuretan funtzionatuko du, 5. artikuluan definitu duen osaerarekin.

11.2. Udalburuak eginen du osoko bilkuretarako deialdia, eta bera izanen da haietan buru.

11.3. Gutienez ere sei hilabetean behin egin beharko da osoko bilkura arrunta, kontseiluburuak deituta.

11.4. Kontseiluburuak deituta eginen dira osoko bilkura bereziak, edo Kontseiluko kideen erdiek gehi batek horrelaxe eskatzen badute, betiere kontseiluburuari igorritako idazki baten bidez; idazkian aztertu nahi den gai-zerrenda zehazki adierazi beharko zaio, bilkura behar bezala egin ahal izateko agiri guztiak erantsita.

11.5. Kontseiluburuak Kontseiluko kideek eskaturiko bilkura berezietarako deiak egin beharko ditu, beranduenez ere 5 eguneko epean, eta ondoko 15 egunean egin beharko dira bilkurak.

12. artikulua. Deialdiak.

12.1. Idatzizko zitazioaren bidez eginen da deialdia; bertan bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrenda ere.

12.2. Deia Kontseiluko kideei jakinaraziko zaie, bilkura egiteko eguna baino aste bat lehenago. Salbuespen gisa, epe hori gutxienez 24 ordukoa izan daiteke, udalburuak presakoa dela iritzita; orduan, jakinarazpena egiteko telefonoa edo posta elektronikoa erabiliko du.

12.3. Kideen erdiek gehi batek eskatuta egiten direnean bilkura bereziak, 11.5 artikuluan xedaturi lotuko zaio.

12.4. Asteko halako egun bat eta ordu jakin bat, eta are egutegi posible bat ere, finkatuko dira bilkuretarako, agenda arazoak direla-eta aldaketak gertatzen ahal badira ere.

13. artikulua. Bilkurak.

13.1. Mahaiaren osoko bilkurak itxiak izanen dira, eta, lehen deialdian, ezin izanen da bilkurarik hasi kontseiluburua eta idazkaria bertan ez badaude, ez eta kideen erdiak gehi bat bertan egon gabe ere; bigarren deialdian, lehenbizikotik ordu erdira, kideen herenak egon beharko du bertan.

13.2. Aitzineko lerroaldean xedatuagatik ere, aurretik deialdirik egin gabe ere egiten ahalko dira bilkurak, Kontseiluko kide guztiak bilduta badaude eta aho batez erabakitzen badute ekitaldi hori bilkura bihurtu.

13.3. Erregelamenduaren 5.2 artikuluan aurreikusi denari jarraikiz, salbuespen gisa eta kontseiluburuak edo/eta Kontseiluko kideen herenek eskatuta, beharrezkoak jotzen diren adituek parte hartzen ahalko dute bilkuretan, betiere kontseiluburuak lehenagotik deituta.

13.4. Aditu horiek galdetu zaizkien alderdien berri emateko behar duten denboran baizik ez dira bilkuran egonen.

13.5. Kontseiluburuak antolatuko ditu bileretako eztabaidak, idazkariak lagunduta.

14. artikulua. Gai-zerrenda, bozketa eta erabakiak.

14.1. Kontseiluburuak finkatuko du gai-zerrenda.

14.2. Ez da eguneko gai-zerrendatik kanpoko aferarik aztertuko, ez bada presako gairen bat dela eta; betiere, Kontseiluko kideen bi herenek gai horretaz eztabaidatzea onartzen badute.

14.3. Botazioak sekretuak izanen dira Kontseiluko kideren batek hala eskatzen badu.

14.4. Hartutako erabakiaren aurkako botoa eman duten kideek kontrako boto hori aktan jaso dadin eska dezakete, horretarako arrazoiak eta guzti.

14.5. Ahal den adostasunik zabalena bilatuko du Gazteriaren Kontseiluak osoko bilkuretan hartzen diren erabakietarako, agertzen diren kideen hirutik biren gehiengo kualifikatua beharko baita.

15. artikulua. Aktak.

15.1. Bilera bakoitzaren akta jasoko da; hartan adieraziko dira kideen izenak, noiz eta zein tokitan egin den, eztabaidaren puntu nagusiak, botazioa egiteko modua eta emaitza eta hartutako erabakien edukia.

15.2. Aktak kontseiluburuak eta idazkariak sinatuko dituzte eta hurrengo bilkuran onetsiko dira.

15.3. Akta liburua osatuko da aktekin, eta liburu hori Ribaforadako Udalean gazteriaren gaietan eskudun den Alorrean gordeko da. Aipatu liburua Mahaiko kideen eskura egonen da.

16. artikulua. Batzorde bereziak edo lan taldeak.

16.1. Gazteriaren Kontseiluak batzorde bereziak edo lan taldeak eratzen ahal ditu, bere kideek osatuta, gai berariazkoak aztertzeko.

16.2. Batzordeetan eta lan taldeetan parte hartzeko bozketa eginen da elkarteetako kideen artean; udalkideak, berriz, kontseiluburuak berak izendatuko ditu, egoki iruditzen bazaio.

16.3. Erranak erran, batzorde berezi edo lan taldeen funtzionamendua arautzeko, araudi zehatzak ezarriko dira eratzen direnean, bakoitzaren ahalmenak eta eskumenak arautze aldera.

IV. KAPITULUA

Eginkizunak eta eskudantziak

17. artikulua. Kontseiluburua.

Gazteriaren Kontseiluko buruak ondoko eginkizun eta eskudantziak izanen ditu:

a) Bileren deialdiak eginen ditu eta horien gai-zerrendak osatu.

b) Bileretan buru eginen du eta moderatzaile lanak eginen; eztabaidak behar bezala gauzatzen direla ziurtatuko du, idazkariak lagunduta.

c) Kontseiluaren gaineko arauak aplikatuko ditu.

d) Erabakiak Administrazioko organo egokiei jakinarazten zaizkiela begiratuko du.

e) Egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie batzorde berezi nahiz lan taldeetako kideei.

f) Kontseiluko kideek aurkezten dituzten proposamenei erantzuna ematea.

g) Kontseiluaren ordezkari publikoa izatea.

h) Kontseiluak osoko bilkuretan hartzen dituen erabakiak bideratuko ditu, eta orobat bideratu udal organoetatik Kontseilura helarazten zaizkion errekerimendu eta informazioak ere.

i) Batzorde berezi eta lan taldeak osatzeko eta arautzeko proposatuko du, baita bertako karguak, eginkizunak, ahalmenak, eskudantziak eta eskumenak ere.

18. artikulua. Idazkaria.

Alkatetzak funtzionario bat izendatuko du osoko bilkurako idazkari, ondoko eginkizunak bete ditzan:

a) Osoko bilkuran aztertuko diren gaien zerrenda prestatzea eta kideei igortzea.

b) Kontseiluburuari bileretan laguntza ematea.

c) Bileretan parte hartzea eta aholkuak ematea, hizpidea izanik baina botorik gabe.

d) Bileretako aktak idatzi eta akten liburua prestatzea eta zaintzea.

e) Hartutako erabakien fede ematea eta haiek jakinarazteko zein betearazteko behar diren administrazio egintzak egitea.

19. artikulua. Kideak.

Gazteriaren Kontseiluko kideek ondoko eginkizun eta eskudantziak izanen dituzte:

a) Osoko bilkuretara agertzea, eztabaidetan parte hartzea eta erabakietan beren botoen bidez esku hartzea.

b) Ribaforadako Udaleko Informazio Batzordeari Kontseiluaren osoko bilkuraren bitartez proposatzea gazteriaren alde Ribaforadari dagokionez egokitzat jotzen dituen ekimen guztiak.

c) Egoki iruditzen zaizkion gaiak eguneko gai-zerrendan sar daitezela eskatzea, betiere kontseiluburuari eskabide idatzia zuzenduta.

d) Kontseiluaren osoko bilkuraren bitartez, dagokion zinegotzigoari beren eskubideak eta betekizunak betetzeko beharrezko informazioa eskatzea.

e) Botazio sekretuak eskatzea.

f) Adituek esku hartzeko eskatzea kontseiluburuari.

g) Ribaforadako Udalean gazteriaren arloan eskumena duen batzordeak eskatzen dizkien txostenak aztertu eta proposamenak egitea, betiere beren eginkizunen esparruan.

h) Batzorde berezi eta lan taldeen eraketa eta arauak onestea, baita haien karguak, eginkizunak, ahalmenak, eskudantziak eta eskumenak ere.

V. KAPITULUA

Tokiak eta baliabideak

20. artikulua. Tokiak eta baliabideak.

Behar dituen tokiak eta baliabideak eskainiko dizkio Udalak Gazteriaren Kontseiluari, behar bezala jardun dezan; betiere, Udalaren ahalmenen barnean, eta dituen baliabideak ahalik eta ongien eta egokien erabiltzen direla begiratuta. Ahalegin berezia eginen da lokal erabilgarriak uzteko eta teknologia berriak erabiltzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erregelamendu honek indarra hartu eta ondoko sei hilabetean eratuko da Gazteriaren Kontseilua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Araudi honen aitzinetik gazteriaren kontseiluen gainean bertzelako araudirik bazen, indarrik gabe utzi da hura.

Iragarkiaren kodea: L1310050