161. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Udaleko zinegotzien botoa noiz nola eskuordetu arautzen duen erregelamendua. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2013ko martxoaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lekunberriko Udaleko zinegotzien botoa noiz nola eskuordetu arautzen duen erregelamendu organikoa.

Espedientea tramitaturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz (urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua), Lekunberriko Udalak, 2013ko ekainaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen erregelamendu hori behin betiko onestea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 aipatu Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, osorik ematen da argitara erregelamendu horren testua, argitaratu eta biharamunean hartuko baitu indarra.

LEKUNBERRIKO UDALEKO ZINEGOTZIEN BOTOA NOIZ NOLA ESKUORDETU ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDU ORGANIKOA. BEHIN BETIKO ONESPENA

Artikulu bakarra.

a) Bere amatasunaren kariaz bilkuretara joaten ahal ez den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku, erditu ondoko sei astean.

Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen botoa beste baten esku uzteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaten ahal ez den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku.

c) Ezgai-egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen botoa beste baten esku uztea, inoiz ez lan batzordeetan edo bozketa behar duten bestelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Botoa beste baten eskutan uzteko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

Lekunberrin, 2013ko uztailaren 1ean.–Alkate udalburua, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: L1310198