161. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Gobernuko ordenantzak. Behin betiko onespena

Udalak erabakia hartu zuen eranskinean agertzen diren gobernuko ordenantzak behin betiko onesteko.

Lizarran, 2013ko abuztuaren 2an.–Alkatea, Begoña Ganuza Bernaola.

1. ORDENANTZA
ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAREN TXUKUNTASUNAREN GAINEKOA

XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.

1.–Ordenantza honek arautzen du Lizarrako mugapeko etorbide, pasealeku, karrika, plaza, herrilur, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.

2.–Eremu publikoa txukuntzeko eginkizunaren pean sartuko dira orobat pasabide partikularrak, etxarteak eta lur gaineko zerbitzu publikoa egiten duten ibilgailuak.

3.–Kontuan hartu behar da ordenantza honetan xedatuak ez dituela ukatzen bere hartan araututako hainbat gairen gainean Estatuko Administrazioari dagozkion ahalmenak.

I. TITULUA

I. kapitulua

Errotuluak eta zenbakiak

2. artikulua.

Eremu publikoak bereizi eta identifikatuko dira, bakoitza bere izen propioaren bitartez. Eraikin eta karriken errotuluak eta zenbakiak alor horretako legeriari jarraikiz paratuko dira.

3. artikulua.

Zerbitzu publikoko edo entitate ofizialen eraikinek, monumentu artistiko eta arkeologikoek, elizek, ikastetxeek eta abarrek, iturri publikoek eta azalera handiko parkeek, denek agerian behar dute beren izena, xedea edo zertarakoa.

4. artikulua.

1.–Higiezinen jabeak behartuak daude dagozkien zortasun administratiboak onartzera eta beren fatxada, burdinsare edo hesietan errotulazioa, zirkulazio arauak edo zerbitzu publikoaren aipua egiten duten elementuak paratzera uztera.

2.–Zortasun hau doakoa izanen da eta ofizioz ezartzen ahalko da, horren jakinarazpena eginez jabe interesdunari eta ordain bakarra obrak eragindako kalteen adinakoa izanen da. Udal Administrazioaren betebeharra izanen da udal lizentziarekin egiten diren aldaketetara edo eraikuntza berrietara zortasun hori egokitzea.

3.–Karrikaren izenaren plaka adierazlea fatxadan duen eraikin higiezinen bat inork eraisten badu, bere betebeharra da halakoak jaso eta Herriko Etxera eramatea.

II. KAPITULUA

Eremu publikoen kontserbazioa

5. artikulua.

1.–Lizarrako Udalari dagokio begiratzea udal mugapeko plaza eta karrikak, hiri altzariak eta eremu publikoetako elementu egiturazkoak eta apaingarriak zainduak izan daitezen.

2.–Hortaz, lizentziarik gabe bederen, ezin izanen du inork, hobe beharrez izanda ere, elementu horiek zaharberritzeko edo konpontzeko lanik egin.

6. artikulua.

1.–Etxegile, sustatzaile eta ondasun higiezinen jabeei dagokie eraikinen kanpo aldeko urbanizazio lanak egitea, Udalak onetsitako proiektuari jarraikiz.

2.–Eremu publikoan obrak egiteko agindu zaion enpresak behartuak daude zoladura, espaloiak eta pasabideak lehen bezala uztera, betiere indarrean dagoen hirigintzako planeamenduan ezartzen duen bezala.

3.–Hirian higiezinak eraikitzen dituzten enpresak behartuak daude zortasunak onartzera eta argindar, telefono, telebista etab. eramateko kableak paratzera uztera, eta bai horretarako behar diren euskarri eta elementu guztiak ere.

4.–Alde Zaharrean, kableak lurpetik eraman behar diren lekuetan, beharturik egonen dira higiezinen jabeak instalazioa eraikinaren barnetik egiteko baimena ematera.

5.–Ahal dela, eraikinen fatxadetan diren babes bereziko elementuak mantenduko dira, EEZBak aitzinetik txostena eginda .

II. TITULUA

I. kapitulua

Eremu publikoaren garbiketa

7. artikulua.

1.–Eremu publikoa Lizarrako Udalak garbituko du, edo zerbitzu horren esleipena hartzen duen enpresak.

2.–Hiri-hondakin solidoen bilketa Udalak berak eginen du, edo zerbitzu horren esleipena hartzen duen enpresak, edo Jurramendiko Mankomunitateko Hiri Hondakin Solidoen Atalak.

8. artikulua.

Karrikak garbitzeko eta zaborrak biltzeko zerbitzuari dagokionez, 26. ordenantza fiskalari jarraituko zaio.

9. artikulua.

Debeku da eremu publikoan egitea Karrikak garbitzeko ordenantzaren 9. artikuluan zehazten direnak, eta horiez gain:

a) Hormigoia garraiatzea eremu publikora hormigoirik erortzea eragozteko hormigoi-ibilgailuak ahoa itxita izan gabe. Dagokion zehapenaz gain, hormigoi-ibilgailuaren enpresa jabeak eremu publikoa garbitzeagatik eragindako lanaren kostua ordaindu beharko dio Udalari.

b) Obrako materiala (legarra, harea etab.) garraiatzea, karga hori toldo batez ongi estali gabe edota eremu publikora deus ere ez erortzeko maneran antolaturik eraman gabe.

II. KAPITULUA

Eremu publikoaren erabilera

10. artikulua.

Debeku da:

a) Eremu publikoa erabiltzea autoak edo bizikletak konpontzeko edo zurgintza, iturgintza eta abarreko lanak egiteko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea eta jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izateko bezain zikin.

c) Eremu publikoan edariak kontsumitzea eta edalontziak eta botilak lurrera botatzea.

11. artikulua.

Kalez kaleko salmenta Merkataritza ez egonkorraren ordenantzaren arabera egin beharko da.

12. artikulua.

Eremu publikoan mahaitxoak eta aulkiak paratzeko, zerga hori arautzen duen ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.

13. artikulua.

Obretako hesiak paratzean, eremu publikoa okupatzen bada, Lizarrako Arau Subsidiarioetako determinazioak bete beharko dira.

Debeku da finkak edo lorategiak alanbre arantzadunez hesitzea.

14. artikulua.

Herriko besta, feria edo udaldietan, eremu publikoan diren arbolak instalazio eta apaindura elektrikoen euskarri gisa erabiltzeko baimena ematen ahalko zaie establezimenduetako jabeei, baina segurtasun neurri egokiak hartu beharko dira, inork inolako ezbeharrik izan ez dezan.

15. artikulua.

Publizitatea egiten ahalko da eremu publikoan, horretarako baimendutako tokietan, dagokion ordenantza fiskalak ezarritako ezaugarriak dituela; bertzenaz propaganda banatuz eginen da. Lizentzia eskaerarekin batera iragarkiaren jatorrizkoa edo kopia aurkeztuko dira.

16. artikulua.

Pasabideak eta zamalanetarako erreserbak arlo horretako ordenantzak arautuko ditu.

17. artikulua.

Debeku da kalez kaleko salmentako kamioiak paratzea, ageriko osasun arrazoiengatik. Udako denboraldian baizik ez dira baimenduko izozkiak saltzeko kioskoak, eta Alkatetzak baimentzen dituen tokietan.

III. TITULUA

I. kapitulua

Herritarren jokabidea

18. artikulua.

1.–Jendeak eremu publikoan izan behar duen portaera ondoko arau hauetara moldatuko da:

a) Gizabidea gorde beharko dute eta portaerari dagokionez, hitz edo oihu gordinik sortu gabe, eta moralaren edota ohitura onen aurka doan deus egin gabe.

b) Jendeak zintzo beteko ditu herritarren jokabideaz Alkatetzak ematen dituen eta bandoetan adierazten diren xedapenak.

c) Udaltzaingoan salatuko dute, eremu publikoan arau-hausterik egin dela ikusi badute.

II. KAPITULUA

Asotsak

19. artikulua.

1.–Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Asotsak sortzen badira eraikinetan eta jardueretan, jarduera sailkatuen alorreko arauei jarraikiko zaie.

2.–Debeku da:

a) Eremu publikoan eta zerbitzu publikoko ibilgailuetan kantatzea edo oihu egitea.

b) Sobera gora kantatzea edo solas egitea eraikin partikularren barrenean, ezarritako asots mailak gaindituta.

c) Etxebizitzetan musika-tresnak jotzea, gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabe.

d) Patioetan edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

e) “Garibaldi” motako petardoak erabiltzea eta, oro har, suziriak botatzea.

20. artikulua.

Irrati, telebista, transistore eta abarren jabeek, jarduera sailkatuetan baimendutako asots mailak gaindituko ez dituen bolumena erabili beharko dute.

III. KAPITULUA

Ibilgailuen asotsak

21. artikulua.

Eremu publikoan ibiltzen diren ibilgailuen motor eta ihes-tutuek ez dute ordenantza honen eranskinean agertzen diren mugak hausteko moduko asotsik ateratzen ahalko, non eta ez diren muga haien ordez bertze batzuk baimentzen, orduan muga berriak aplikatzen ahalko baitira.

IV. KAPITULUA

Arloteak eta eskalek

22. artikulua.

1.–Debeku da karrikan eskale ibiltzea udal mugape osoan.

2.–Agintaritzaren agenteek udal establezimendu egokira eramanen dituzte eskaleak, Udal honen gizarte zerbitzu oinarrizkoaren laguntza jaso dezaten.

23. artikulua.

Herritarrek ez dute limosnarik emanen eremu publikoan. Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak bitartekoak izanen ditu gai horri irtenbidea bilatzeko.

V. KAPITULUA

Horditzea

24. artikulua.

Eremu publikoan nabarmen horditurik dabiltzanak, agintaritzaren agenteek lagundu eta eramanen dituzte behar den establezimendura.

VI. KAPITULUA

Haurren eta zaharren babesa

25. artikulua.

1.–Haurrei, zaharrei, itsuei eta babesgabeei laguntza eman beharko zaie, eremu publikoetan ibiltzen direnean. Galarazi beharko da haurrak espaloitik jaistea, bertze norbaitekin ez badoaz.

2.–Debeku da haurrei tratu txarrak ematea eta jolas arriskutsuetan ibiltzen uztea.

VII. KAPITULUA

Etxeko animalien edukitzea

26. artikulua.

Etxeko animaliak edukitzea gai honen gainean Udalak duen ordenantzan eta Eremu publikoaren garbitasunaren gaineko ordenantzan arautuko da.

VIII. KAPITULUA

Iturri publikoak

27. artikulua.

Iturri publikotzat hartuko dira eremu publikoan daudenak edo landa bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuen gaineko araua Urari buruzko Legea izanen da.

28. artikulua.

Debeku da iturri publikoetan:

a) Arropa, fruta, barazkiak edo bertze edozein gauza garbitzea.

b) Jendea bainatzea eta orobat zakurrak nahiz bertzelako animaliak bainatzea.

c) Ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

IX. KAPITULUA

Parke eta lorategiak

29. artikulua.

1.–Udalaren eskumenekoa da eremu publikoko parkeak eta lorategiak landatu eta mantentzea. Pertsona guztiek zuhaitzak errespetatuko dituzte, eta ez dute eginen haiek kaltetzen ahal dituen ezer. Parke edo lorategietako arbolak nahikeriaz bota edo mozten dituenak, kaltetu edo botatako arbola bakoitzeko bertze lau arbola landatzeko gastuak ordaindu beharko ditu. Landaketa lana udal zerbitzuek eginen dute.

2.–Ez da lorategiak eta finka pribatuak alanbre arantzadunez hesitzen ahalko.

30. artikulua.

Debeku da:

a) Kanpoko seinaleen bidez mugatutako berdeguneak zapaltzea.

b) Zuhaitzetara igotzea.

c) Txoriak harrapatzea eta hiltzea.

d) Banku publikoetan etzatea eta gauez haietan lo egitea.

e) Berdeguneetan hondakinak botatzea, paperontziak edo edukiontziak erabili gabe.

f) Lorategietan sua piztea edo piztua edukitzea.

g) Kanpaina-dendak jartzea.

h) Lorategietan taldekako otorduak antolatzea.

i) Zamariak bazkatzera sartzea.

j) Edozein ibilgailutan ibiltzea debekatzen duten trafiko seinaleak urratzea.

k) Kalez kaleko salmenta egitea udal baimenik izan gabe.

l) Zakurrak lotu gabe eramatea.

m) Soropilean nolanahiko ibilgailuetan ibiltzea (autoak, motozikletak, bizikletak etab.).

31. artikulua.

Debeku da pixa egitea eta iraizkinez edozein eremu publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak zikintzea. Halakorik egiten duena zehatua izanen da, non ez duen frogatzen salbuesten duen eritasunen bat jasaten duela.

X. KAPITULUA

Zehapenak

32. artikulua.

1.–Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 6,01etik 90,15 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketako eta konponketako gastuen ordainketa eta, hala behar badu, salatu eta auzitara eramanak ere izan litezke ondorio guztietarako.

2.–Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, betiere Administrazio Prozedurari buruzko Legeari jarraikiz.

ERANSKINA

1.–Eremu publikoan ibiltzen diren ibilgailuen motor eta ihes-tutuek ez dute egunez 65 dBA-tik eta gauaz 44 dBA-tik goitiko asotsik ateratzen ahalko, osasun eta irakaskuntzako edo biziztegietako eraikinen fatxaden parean.

2.–Ibilgailuek gehienez ere atera dezaketen asots maila Europako Batasunean indarrean dauden xedapenei egokituko zaie.

3.–Debeku da motorra duen edozein ibilgailu erabiltzea, baldin eta modu egokian eta iraunkorrean funtzionatzen duen isilgailurik ez badu.

2. ORDENANTZA
HIRIKO KARRIKEN GARBITASUNAREN GAINEKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da ondotik ematen diren jarduketa eta jarduerak arautzea, Lizarrako Udalaren eskumenen esparruan eta bere udal mugapearen barnean:

1.–Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera arrunt eta orokorraz den bezainbatean, eta Udalaren orubeen garbitasuna. Halaberean, jabetza publiko nahiz pribatuko orubeen ikuskapena eta modu subsidiarioan garbiketa egitea.

2.–Hirian, karrikan manifestazio publikoak egitearen ondorioz gelditzen den zikinkeriari aitzintzea, eta udal jabariko ondasunen garbiketa, haren erabilera arrunt, berezi eta pribatiboaz den bezainbatean.

3.–Etxeko kontsumoaren ondorioz sortzen diren zaborrak eta hondakin solidoak biltzea, baita beren izaera dela-eta horiekin parekatzen ahal diren hondakin guztiak eta, orokorrean, hiri barnean sorrarazten diren zabor eta hondakin guztiak ere, legez haien bilketa udalei badagokie.

4.–Hondakinak eta beren ekoizle edo edukitzaileek abandonatzen dituzten gaiak biltzea eta garraiatzea, aitzineko ataletan berariaz sarturik ez dauden arren, indarra duen legeriaren arabera udal eskumenekoak badira.

5.–Bere eskumena den neurrian, aitzineko ataletan aipatu diren hondakin guztiak tratatu, aprobetxatu, bota eta deuseztatzeko diren sistema eta ekipamenduak kudeatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea.

2. artikulua.

Aitzineko artikuluan jasotzen diren jarduerak, eta horiek egitean Lizarrako Udalari dagozkion eskumenen barnean, Udalak berak kudeatuko ditu, dela zuzenean dela mankomunitate, batasun edo eskualde batean sarturik, dela hirugarren baten bitartez, erosi bazaizkio.

3. artikulua.

Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

4. artikulua.

1.–Hiriaren garbitasunari dagokionez, Lizarrako biztanle guztiek izan beharko dute zikinkeria saihestu eta hari aitzintzeko jokamoldea.

2.–Halaber, udal agintaritzari salatu beharko diote, garbitasun publikoaren alorreko arau-hausterik ikusten badute, edo egiazki haien berri badute.

3.–Udalak herritarrek salatu eta iradokitako erreklamazioei harrera egin beharko die, eta kasu bakoitzean behar diren ekintzak egin.

5. artikulua.

1.–Herritar guztiak beharturik daude ordenantza hau eta garbitasun orokorraren arloko xedapenak zehatz-mehatz betetzera eta, hartara, hiriaren estetikak –edo Alkatetzak edo udal zerbitzuak, eta zerbitzu hauek egiteko Udala sarturik dagoen entitateak, bakoitzaren ahalmenen arabera jokatzean– aldi bakoitzean agintzen duen apaintasun publikoa mantentzera.

2.–Udaleko agintariek noiznahi galdatzen ahalko du arau hauek istanteko betetzeko, eta kaltearen eragilea behartzen ahalko du ez egitekoa zena konpontzeko, dagokion zehapena ezartzeaz aparte.

3.–Arau hauetan xedatuaren kontra jokatzen dutenak zehatuko ditu Alkatetzak, “Garbitasun arloko arau-hausteek dakartzaten zehapenen taula” izeneko eranskinean ezartzen denari jarraikiz zehatu ere.

4.–Behar den zehapen espedientea aitzinetik tramitatuta aplikatuko ditu zehapenak Alkatetzak, dagokion entitateak proposaturik nahiz ofizioz.

6. artikulua.

1.–Udal zerbitzuak edo hiriaren garbiketa esleiturik duen enpresak subsidiarioki egiten ahalko ditu arau hauen arabera zuzenean herritarrei dagozkien garbiketa lanak, eta ordenantza fiskalekin bat egindako zerbitzuen kostua egotziko zaie, aparte utzirik kasu bakoitzean tokatzen diren zehapenak eta ikuspegi zibiletik galda daitekeena.

2.–Udal zerbitzuak edo hiriaren garbiketa esleiturik duen enpresak behar den guztietan garbitzen ahalko du ukitutako eremu publikoa edo haien egiturazko elementuak, baita higiezinen elementu eta kanpo aldea mantendu, konpondu eta garbitzen ahalko ere, eta hondakin abandonatuak kargatu, eraman, garraiatu eta deuseztatzen ahalko ere bai.

3.–Udal zerbitzuak edo hiriaren garbiketa esleiturik duen enpresak hiriaren interesetarako aldi bakoitzean komenigarri juzgatzen diren prozedura tekniko eta kudeaketa moduak erabiliz eginen ditu zerbitzuak, arau hauetan aurreikusten diren kasu guztietan.

7. artikulua.

1.–Udalak, bere eskumenen barnean, komenigarri iruditzen zaizkion laguntzak ezartzen ahalko ditu, bere biztanleen portaera sustatzeko hiriaren garbitasunaz den bezainbatean.

2.–Partikularrek garbitasun publiko kolektiboaren arloan aitzina eramaten dituzten ekintzei bulkada emanen zaie eta, hartara, Lizarrako bizi kalitatea hobetzeko jarduketak sustatuko.

II. TITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor eta arruntaren ondorioz

8. artikulua.

Garbitasunari dagokionez, eremu publikotzat joko dira honako hauek: etorbideak, pasealekuak, karrikak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenki herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

9. artikulua.

1.–Debeku da eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina tikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, bilgarriak eta gisakoak, horretarako dauden paperontzietan bota beharko dira, eta horiek bertzerik ez, zeren debeku baita bertan bertzelako hondakinak eta zabor poltsak botatzea.

2.–Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina tikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da eremu publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek.

3.–Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo bertze zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

4.–Orobat, debeku da ibilgailuetatik edozein hondakin mota lurrera botatzea, horiek geldirik egon edo abian egon.

5.–Debeku da eremu publikoaren gainean edo balkoi eta terrazetatik arropak eta alfonbrak inarrostea, Alkatetzak aldi bakoitzean ezartzen duen ordutegitik kanpora bada. Nolanahi ere, lan hori, gaur egun, goizeko 8etatik 10etara egin beharko da, eta jendeei eta gauzei kalte edo traba ez egiteko maneran.

6.–Debeku da eraikinen kanpo aldean paraturiko landareak ureztatzea, lan horien ondorioz eremu publikoaren edo haren elementuen gainera ura isurtzen edo zipriztintzen bada. Ureztaketa Alkatetzak aldi bakoitzean ezartzen duen ordutegiaren barnean egin beharko da eta betiere kasu emanez, auzoei eta oinezkoei trabarik ez egiteko; gaur egun, gaueko 12etatik goizeko 7etara da ordutegi hori.

7.–Orobat debeku da eremu publikoan animalia hilak abandonatzea, horiekin bilketa berezia egin beharko baita, horretarako antolatzen diren zerbitzuen bitartez.

8.–Debeku da eremu publikoan animaliak nahiz ibilgailuak garbitzea, baita ibilgailuak konpontzea ere.

10. artikulua.

1.–Partikularrei dagokie espaloiak, pasabide partikularrak, belenak, etxe sailetako barne patioak, orube partikularrak, merkataritzako galeriak eta gisakoak garbitzea.

2.–Udalak, udal zerbitzuaren bidez, aitzineko 1. zenbakiko elementuen garbitasun egoeraren kontrola eta ikuskapena eginen du, eta horien arduraduna bortxaz behartzen ahalko du garbitzera, horretarako ematen diren jarraibideekin bat.

3.–Udal zerbitzuari edo kudeaketa hori manatzen zaionari dagokio galtzadak, zintarriak, paretak eta zirkulazio azkarreko bideen arteko loturak, gaineko nahiz lurpeko pasabideak, arboletako txorkoak, lurguneak eta paperontziak garbitzea, aparte utzirik egoera berezietan erabakitzen ahal diren zerbitzu aldaketak.

11. artikulua.

1.–Ondoko hauei espaloiak garbitzea dagokie, eta hori egin ezean udal administrazioaren aitzinean erantzun beharko dute:

a) Espaloia fatxadarena baldin bada, eraikinaren jabeak, eraikinaren funtzioa edo helburua edozein delarik ere.

b) Beheko solairuan saltokiak edo dendak baldin badaude, beren aitzinaldeak hartzen duen espaloi zatia negozioaren titularrek garbitu beharko dute.

c) Titular administratiboak, espaloiak eraikin publikoei dagozkienak badira.

d) Eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloietan, jabeei, bidezko bada aplikagarri izanen baitzaie ordenantza honen 26. artikuluan aurreikusten den salbuespena.

2.–Eremu publiko batean espaloiak oraindik egin ez badira, eraikinetatik hurbilen dagoen karrika puskari dagokio garbitzeko betebeharra, gutienez ere hiru metro zabal baldin bada, aitzineko 1. zenbakian egindako erantzukizun banaketari jarraikiz.

3.–Partikularrek eremu publikoa eskobatu eta garbitzean sortzen diren hondakinak ezin izanen dira, inoiz ere, karrikan utzi. Ontzi homologatuetan jaso beharko dira edo, bertzenaz, beren pisu eta neurriarengatik hala behar badu, etxez etxeko zabor bilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

12. artikulua.

Pasabide partikularrak, etxesailetako barne patioak, orube partikularrak, berdegune partikularrak, merkataritzako galeriak eta gisakoak direlarik, garbiketa jabeen lana da. Aipatu elementuak jabekidetzan direlarik, garbitzeko erantzukizuna komunitate osoari dagokio, modu solidarioan.

Etxebizitzetako barne patioak horietara sarbide pribatu eta esklusiboa dutenek garbitu beharko dituzte, eta debeku da halakoak gauzak, trasteak, hondakinak etab. altxatzeko biltegitako erabiltzea, baita zakur eta bertzelako animalien aterpetako ere.

Beheko pisuetako jende edo gauzei trabarik ez kalterik ez egiteko maneran hedatuko dira arropak.

13. artikulua.

Zintarriak garbitu ahal izateko, ibilgailuak aparkatu behar dira beren eta espaloiaren artean hogeita bortz zentimetro gelditzeko maneran.

14. artikulua.

Herritarren zerbitzurako izanik ere Udalaren ardurapean ez dauden elementuen garbiketa zerbitzu bakoitzaren titular administratiboei dagokie.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bertzelako jarduerek sortua

15. artikulua.

1.–Eremu publikoan zikinkeria eragin dezaketen jarduerak egiten badira, nonahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude aldez aurreko neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta orobat behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egiturazko elementuak garbitzera, eta gelditu diren materialak biltzera.

2.–Alkatetzak eta udal zerbitzuak noiznahi galdatzen ahalko ditu behar diren garbiketa lanak, kontuan harturik aitzineko 1. zenbakian ezarritakoa.

16. artikulua.

1.–Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz eraisketen, lurren eta obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreia eta heda lanek hartzen duten esparru-esparrutik kanpora.

2.–Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

3.–Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

Eraikinak jaso bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 15. artikuluan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da.

17. artikulua.

1.–Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Betiere, hondakinak eremu publikoan uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2.–Eremu publikoan abandonatutako materialak, Hiri hondakin solidoei buruzko azaroaren 19ko 42/1975 Legeari jarraikiz, udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesdunak ezin izanen dio ez Udalari ez egiteko horren ardura hartu duenari deus erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasurako dagozkiokeen zehapenak.

18. artikulua.

Behar diren zerbitzuak bildu zain eremu publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.

19. artikulua.

1.–Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obra nahiz biltegietako sartu-aterak etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu den pertsonalak eta, bertzenaz, establezimendu edo obretako titularrak eta, azken finean, ibilgailuaren jabeak edo gidariak garbitu beharko ditu eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala bilduko du.

2.–Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izanen dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

20. artikulua.

Erakusleiho, denda, saltoki, merkataritzako establezimendu eta abarretan partikularrek garbiketa egiten badute, kasu emanen dute eremu publikoa ez zikintzeko, eta horren erantzukizuna jardueraren titularra izanen da.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze lana

21. artikulua.

1.–Higiezinen jabeak behartuak daude horiek behar bezalako baldintzetan mantentzera, segurtasunari, garbitasunari eta apaindura publikoari dagokienez.

2.–Debeku da jendeen ikuspegian izatea etxeen irekiduretan eta terrazen kanpoko barandetan arropa hedatua, zikina nahiz garbitua, edo eremu publikoaren hondatzeari edo hiri estetikaren mantentzeari kalte egiten dion edozein gauza.

Patioetan edo karrikatik ikusten ez diren bertze lekuetan arropa hedatzeko tokirik ez duten etxebizitzen eraikinetarako, Alkatetzak behar den modua edo baimena ezartzen ahalko du, txosten teknikoen ondoan, horrela behar badu.

22. artikulua.

1.–Establezimendu, finka eta etxebizitzen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karrikako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

2.–Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu, eraberritu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aitzinetik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3.–Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinen muntadura osagarri guztiak.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

23. artikulua.

1.–Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

2.–Aitzineko aginduan sartzen da orubeetako arratoi hilketa eta desinfekzioa egin beharra.

3.–Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

24. artikulua.

Udal Zerbitzua edo herria garbitzeko lana esleitua duen enpresa arduratuko da 23. artikuluan aipatutako lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

25. artikulua.

1.–Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesdunek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, guztiz edo partez, 24. artikuluan aipatu baldintzak betetzeko ardura.

2.–Aurreko 1. atalean aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

V. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan edukitzeak garbitasunaren gainean duen eragina

26. artikulua.

1.–Jabeak dira beren animaliek pertsona eta gauzen gainean eragindako kalte edo hondamenen zuzeneko erantzuleak, bai eta eremu publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

2.–Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

27. artikulua.

1.–Higiene neurri utziezina denez, eremu publikoan zakurrak edo bertzelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera, eremu publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, eta eremu publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan.

2.–Animaliek, eremu publikoan dauden bitartean, estolderia sarearen kainu zuloetan edo berariaz baimentzen diren tokietan eginen dute kaka.

VI. KAPITULUA

Herritarrak elurteetan egin beharrekoak eremu publikoa garbi egon dadin

28. artikulua.

Elurtea izan eta sortzen den egoera larrialdikotzat jotzen denean, hirian ukiturik gertatzen den alderdiak larrialdian segituko du harik eta Alkatetzak espresuki normaltasuna itzuli dela adierazten duen arte.

29. artikulua.

1.–Elurte kasuetan, 11. artikuluan aipatzen diren pertsonek eta, subsidiarioki, eraikinen arduradunek, ondoko 2 eta 3. zenbakietan aipatzen direnak egin beharko dituzte.

2.–Finketako enplegatuek edo, bertzenaz, higiezinetan halakorik ez duten bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta horma kendu beharko dituzte fatxada aitzinean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre utzi beharrez.

3.–Elurra eta horma espaloian pilatuko dira, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Uraren eta ibilgailuen ibilia eragotzi gabe.

c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali gabe.

30. artikulua.

Eremu publikoan elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabe eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

31. artikulua.

Inola ere ez da eremu publikora botako zabaltza, terraza, balkoi eta eraikinen bertzelako irtenguneetan pilatu den elurra, Alkatetzak kontrako xedapenik eman ezean.

III. TITULUA

Hiriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio esparrua

32. artikulua.

1. artikuluaren 2. zenbakian ezartzen denarekin bat, titulu honek arauak ematen ditu hiriko garbitasuna mantentzeko, honako hauei dagokienez:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa egiten denean.

b) Hiriko karrikan egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriaren prebentzioa.

33. artikulua.

1.–Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izanen dira haren erantzule.

2.–Finkoak izan ala ez, establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoetakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.

3.–Udal zerbitzuak edo hiri hondakin solidoen bilketako esleipena duen enpresak aitzineko 2. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzake kontsumoagatik beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

34. artikulua.

1.–Karrikan ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izanen dira.

2.–Hiriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

35. artikulua.

Ordenantza honi dagokionez, honela ulertuko da:

1.–Kartelak dira iragarkiak –inprimatuak nahiz pintatuak–, paperean edo sendotasun tikiko bertze material batean eginda badaude. Kartelak formatu tikikoak eta eskuz banatzekoak badira, esku orriak direla erranen dugu.

2.–Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bertzelako materialez eginda badaude.

3.–Pankartak dira tamaina handiko publizitateko iragarkiak, eremu publikoan noizbehinka eta ekitaldi publikoren bat egin behar dela-eta gehienez ere hamabortz egunean egoten direnak.

4.–Pintaketak dira eremu publikoan egindako eskuzko inskripzioak, herriko murru edo paretetan, espaloi edo galtzadetan, edo egiturazko elementuren batean eginak.

5.–Opuskuluak eta liburuxkak dira paperez nahiz gisako materialez egindako argitalpenak, edozein agerpen publiko nahiz pribatutan herritarrei eremu publikoan eman edo banatzen zaizkienak.

6.–Errotulutzat hartuko dira kartelak, instalazio edo babes aldetik hamabortz egunetik goitiko iraupena izateko baldintzetan ezartzen direnean.

36. artikulua.

Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, esku orriak banatzeko eta titulu honetan araututako bertze edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak edo, hala badagokio, Gobernu Batzordeak aurretiaz udal baimena ematea.

37. artikulua.

1.–Errotuluak eta aitzineko 36. artikuluan aipatutako gainerako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzeak berekin dakar erantzuleak bere gain hartu beharra eremu publikoan zikindu diren espazioak garbitzeko eta erabilitako publizitate elementuak eta haien osagarri guztiak biltzeko obligazioa.

2.–Eremu publikoan 36. artikuluan aipatutako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza eratzea edo bankuko abala ekartzea, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta biltzeko aurreikus daitezkeen kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Eremu publikoan kartelak eta pankartak paratzea

38. artikulua.

1.–Debeku da kartelak eta eranskailuak bereziki horretarako antolatutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea, udal agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu.

2.–Debeku dira ordenantza honetan araututako publizitate jarduera guztiak eraikin historiko-artistikoen kalifikazioa duten eraikinetan, Hiriaren Ondare Historiko eta Artistikoaren Katalogoan sartuta daudenetan eta gisako egoera guztietan. Salbuespen izanen dira eraikin horietan bertan egitekoak diren ekitaldiei dagozkien pankartak eta errotuluak, betiere ekitaldi horien erantzuleen ekimenez paratuak izan direnean.

39. artikulua.

1.–Udalak hartarako erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.

2.–Ez da kartelik paratzen hasten ahal aitzinetik udal agintariei behar den jakinarazpena egin gabe. Arau-hausleei zehapena ezartzen ahalko zaie.

40. artikulua.

1.–Eremu publikoan pankartak paratzea baimenduko da soilik:

a) Udal hauteskundeen garaian.

b) Auzoetako besta herrikoi eta tradizionaletan.

c) Alkatetzak espresuki baimentzen dituenetan.

2.–Alkatetzak kasu bakoitzean arautuko du nolako baldintzetan erabiltzen ahalko diren udal toki eta espazioetan publizitatea egiteko, eta nolako tramiteak egin behar diren horretarako baimena lortzeko.

3.–Pankartek baimen eskaerari dagokion propaganda (politikoa edo herrikoia) baizik ez dute izaten ahalko, bertzelako publizitaterik gabe.

4.–Pankartak paratzeko baimenaren eskaeran, honako hauek adieraziko dira:

a) Pankartaren edukia eta neurriak.

b) Zein tokitan paratu nahi den.

c) Erantzulearen konpromisoa, eremu publikoan edo bertako egiturazko elementuetan egindako kalteak konpontzeko, eta pankarta paratzearen ondorioz sor daitezkeen kalte eta galerak ordaintzeko.

41. artikulua.

Eremu publikoko egiturazko elementuei estekatutako pankartek, nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez da pankartarik paratzen utziko farola artistikoetan.

b) Zuhaitzetan lotutako pankartei dagokienez, zuhaitzaren zirkunferentzia 50 zentimetro izanen da gutienez. Pankarta adarrei lotua baldin badago, hauek gutienez 30 zentimetroko zirkunferentzia izan beharko dute.

c) Pankartaren azalerak behar adina zulo izanen ditu haizearen eragina apaltzeko.

d) Nolanahi ere, paratzeko gutieneko garaiera, punturik apalenean neurtuta, 5 metro izanen da pankartak galtzada alderik alde zeharkatzen duenean, eta 3 metro espaloi, pasealeku eta oinezkoen bertze gune batzuetan.

42. artikulua.

1.–Pankartak interesdunek kendu beharko dituzte, haiek paratzeko eskatutako epea bururatu bezain laster. Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta zerbitzu horren kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, legokiekeen zehapenaz gainera.

2.–Pankartak eremu publikoan baimenik gabe emanez gero, udal agintariek zehapena ezarriko diete erantzuleei.

III. KAPITULUA

Pintaketak

43. artikulua.

1.–Debeku da eremu publikoan mota guztietako pintaketak egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri altzarietan, nola herriko kanpoaldeko horma eta paretetan.

2.–Honako hauek salbuetsita daude, aurreko 1. zenbakian xedatuari dagokionez:

a) Orubeetako hesietan egindako horma-pintura artistikoak, baina horretarako orubearen jabearen baimena beharko da aitzinetik.

b) Publizitatearen udal ordenantzak horren gainean baimentzen dituenak.

IV. KAPITULUA

Esku orrien banaketa

44. artikulua.

1.–Debeku da esku orriak, nolanahikoak direla, eta gisako materialak barreiatzea eta botatzea. Salbuespen izanen dira Alkatetzak bertzela baimendutako kasuak.

2.–Zehatuak izanen dira esku orriak baimenik gabe barreiatzen edo banatzen dituztenak.

3.–Udal zerbitzuek garbituko dute esku orriak banatzearen eta barreiatzearen ondorioz zikindutako hiriko alderdia, eta zerbitzu horien kostua erantzuleei ezarriko zaie, legozkiekeen zehapenak ezartzea aparte utzirik.

IV. TITULUA

Hiri hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta zerbitzuak egiteko esparrua

45. artikulua.

Hiri hondakin solidoen bilketa eta horien tratatamendua eta deuseztapena, hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen udal ordenantzan agindutakoaren arabera eginen da.

II. KAPITULUA

Hondakinen sortzaileen erantzukizuna

46. artikulua.

1.–Sortzailea edo edukitzailea hondakinek eragin ditzaketen kalte guztien erantzulea izanen da, salbu eta Udalak pertsona baimenduen esku utzi badituzte, tratatuak eta deuseztatuak izan daitezen.

2.–Hondakinen sortzaile edo edukitzaileek baimenik gabeko hirugarrenen eskuetan uzten badituzte, garraiatuak, tratatuak edo deuseztatuak izan daitezen, erantzule solidarioak izanen dira horren ondorioz edozein kalte gertatuz gero.

Orobat, solidarioki erantzunen dute zehapenak ezartzea bidezko izanez gero.

3.–Hondakinak tratatzen edo deuseztatzen dituztenak ez dira kalteen erantzule izanen utzitako hondakinen ezaugarrien gaineko informazioan akatsak izateagatik sortu badira, edo sortzaile edo edukitzaileak fede txarrez jokatzeagatik, salbu eta hondakinen deuseztatzaileak ez badu behar den baimenik bere jardueran aritzeko, aitzineko 2. zenbakian adierazitakoaren ildotik.

4.–Hondakinen sortzaile edo edukitzaileak beharturik daude hondakinak segurtasun osoko baldintzetan tratatuak edo deuseztatuak direla segurtatzeko behar diren neurriak hartzera, salbu eta udal zerbitzuen edo hiri hondakin solidoen esleipena duen enpresaren eskuetan uzten dituztenetan.

ERANSKINA

II. TITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna

ARTIKULU HAU EZ BETETZEA

ARAU-HAUSTEA

1. ALDIZ BERRERORTZEA TITULUKO EDOZEIN ARTIKULUTAN

2. ALDIZ EDO GEHIAGOTAN BERRERORTZEA

9.1

30,05 euro

42,07 euro

60,10 euro

9.2

42,07 euro

60,10 euro

90,15 euro

9.3

42,07 euro

60,10 euro

90,15 euro

9.4

12,02 euro

18,03 euro

30,05 euro

9.5

12,02 euro

18,03 euro

30,05 euro

9.6

12,02 euro

18,03 euro

30,05 euro

9.7

42,07 euro

60,10 euro

90,15 euro

9.8

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

11.1

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

11.3

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

12

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

13

6,01 euro

12,02 euro

30,05 euro

15.1

42,07 euro

60,10 euro

90,15 euro

16.1

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

16.2

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

16.3

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

18.1

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

18.2

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

19

30,05 euro

42,07 euro

60,10 euro

20.1

42,07 euro

60,10 euro

90,15 euro

21

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

22.2

6,01 euro

12,02 euro

18,03 euro

24.1

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

28.1

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

30.2

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

30.3

18,03 euro

30,05 euro

42,07 euro

32

30,05 euro

42,07 euro

60,10 euro

ERANSKINA

III. TITULUA

Hiriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

ARTIKULU HAU EZ BETETZEA

ARAU-HAUSTEA

1. ALDIZ BERRERORTZEA TITULUKO EDOZEIN ARTIKULUTAN

2. ALDIZ EDO GEHIAGOTAN BERRERORTZEA

34.2

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

34.3

30,05 euro

42,07 euro

60,10 euro

39.1

42,07 euro

90,15 euro

150,25 euro

39.2

60,10 euro

120,20 euro

210,35 euro

40.2

30,05 euro

60,10 euro

120,20 euro

41.1

42,07 euro

90,15 euro

150,25 euro

42 a)

18,03 euro

30,05 euro

60,10 euro

42 b)

18,03 euro

30,05 euro

60,10 euro

42 c)

18,03 euro

42,07 euro

90,15 euro

42 d)

18,03 euro

30,05 euro

90,15 euro

43.1

30,05 euro

42,07 euro

90,15 euro

43.2

42,07 euro

90,15 euro

150,25 euro

44.1

120,20 euro

240,40 euro

360,61 euro

5. ORDENANTZA
ORDENANTZA, MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Lizarrako udal mugapean merkataritza ez egonkorra arautzea, eta uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, lege horretan xedatutakoa garatzeko asmoz.

2. artikulua.

Merkataritza ez egonkorraren esparruko merkataritza jardueratzat hauek har daitezke:

a) Noizbehinkako merkataritza, salmenta kalez kale egiten denean.

b) Merkatu txikietako merkataritza, aurretik ezarritako leku, egun eta orduetan egiten dena.

II. KAPITULUA

Kalez kaleko salmenta

3. artikulua.

1.–Kalez kaleko salmenta da merkataritza jarduera bat, betiere tradiziozkoa, udal organo eskudunak baimentzen dituen hiriko toki eta egun zehatzetan egiten dena, saltokiak bakarka nahiz multzoka egonik.

2.–Berariaz, kalez kaleko salmenta hauek onartzen dira:

a) Barkillo eta gaztainen salmenta.

b) Palmondoen salmenta, Aste Sainduaren aurreko egunetan.

c) Liburu eta aldizkari berri eta erabilien salmenta.

d) Loreen salmenta, Omiasaindu inguruan.

e) Lizarrako bestetan egiten diren salmentak.

III. KAPITULUA

Merkatu txikietako merkataritza

4. artikulua.

1.–Merkatu txikia gai eta produktuen salmenta antolatua da, elikagaiena barne, udal organo eskudunak espresuki baimendu eta multzoka ezarritako saltoki multzoetan.

2.–Bi merkatu txiki paratzeko baimena emanen da, udal organo eskudunak zehazten dituen lekuetan ezarriko direnak. Astean gehienez egun batean eginen dira, egiteko muga egun gisa ezartzen diren daten artean.

5. artikulua.

1.–Merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak hau zehaztuko du:

a) Zehazki non paratuko den.

b) Zein egun eta ordutan egin.

c) Zenbat saltokik osatuko duten, gehienez ere.

d) Lizarra aldeko nekazariendako, banaka nahiz elkartuta, beren produktuen salmentarako erreserbaturiko saltoki kopurua, salmenta horiei bultzada eta lehentasuna eman nahi baitzaie.

e) Saltzeko debekua duten gai eta produktuak eta garraiatu edota hotzean kontserbatzeko instalazio bereziak behar dituztenak.

Zenbait produktu ezin izanen dira saldu, beraiei dagokien araudiak hala debekatzen duenean. Horiez gain, bertze hauek ere ezin izanen dira saldu:

–Haragia, hegaztiak, zezinak, ehizakiak, arrainak eta itsaskiak.

–Esnea, gazta freskoa, zenbera, esnegaina, gurina, jogurta eta bertzelako esneki freskoak.

–Pastelak eta opil beteak.

–Janari keztatu eta bertzelako erdikontserbak.

Jateko pastak eta arrautzak saltzeko baimena ematen da, baina ontzietan sarturik egon eta etiketak izan behar dituzte, baita 10º C baino hozbero txikiagoan egon ere.

Urdaiazpiko eta hertzekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazgaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.

Ikuskatzailetza zerbitzuek salgai jartzea debekatuko dute edo, bertzenaz, dekomisatuko, ibilgailuari edo arestian zehaztu eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak, osoki identifikatzen zailak direnak edo narrioren bat ageri dutenak.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

2.–Udal organo eskudunak erabakiko du merkatu txikia zehazki non kokatuko den eta hartan gehienez ere zenbat saltoki izanen diren. Aurretik, honako hauek egindako txostenen berri izan beharko dute:

a) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera.

b) Hiriko kontsumitzaile eta erabiltzaileak ordezkatzen dituzten elkarteak.

c) Merkatari ez egonkorrak ordezkatzen dituzten elkarteak.

d) Hirian kokaturiko merkatari egonkorrak ordezkatzen dituzten elkarteak.

Nolanahi ere, hamar egun balioduneko epean txosten horiek egin gabe egoteak ebazpena emateko bidea emanen dio udal organo eskudunari.

IV. KAPITULUA

Udal baimenak

6. artikulua.

Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak Gobernu Batzordearen mendeko zerbitzuek tramitatuko dituzte.

7. artikulua.

1.–Merkatu txikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Eskabidea egin baino lehen, merkataritza eta industria jardueretarako lizentzia fiskalaren epigrafean inskribaturik egotea eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.

b) Lizarrako Udaleko Derrigorrezko Diru-bilketaren Agentzian premiamenduko zorrik ez duela frogatzea.

c) Gizarte Segurantzako dagokion sailean inskribaturik egotea eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

d) Beren burua araudi tekniko-sanitarioek eta gainerako xedapen aplikagarriek eskatzen dituzten baldintzak betetzera behartzea, merkataritzaren xedeko salgai edo produktuei buruz.

e) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta izatea, indarra izan beharko baitu, edo gero ematen diren xedapenen arabera ordezkatzen duena.

f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta beren kasa lanean aritzekoa izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

g) Udal baimena eskatzea, hurrengo datu hauek aurkeztuta:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.

–Herria, karrika, zenbakia eta solairua, baita posta kodea ere.

–Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

–Baimenduta saldu nahi diren gaiak, zehatz-mehatz.

–Titular beraren saltokietan lan egiten duten jendeei buruzko xehetasunak.

2.–Udalaren baimena dutenek karnet tamainako bi argazki ekarri beharko dituzte, eta beharturik egonen dira ordaintzera Eremu publikoa, lurzorua eta espazioa okupatzeagatik ordaindu beharreko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean salmenta mota bakoitzerako saltokiaren luze-zabalen arabera ezarrita dauden zergak.

8. artikulua.

Udalaren organo eskudunak merkatu txikian erreserbatzen baditu nekazariek beren uztetatik saltzeko saltokiak, haien eskatzaileek, 7. artikuluan adierazitako dokumentuez gain, Udaleko idazkariaren ziurtagiria ekarriko dute, uzten berri emateko eta eskatzailea uzta-biltzailea dela frogatzeko.

9. artikulua.

1.–Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko udal baimena jaso dezakete.

Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei, errekerimendua eginen zaie hamar eguneko epean aurkeztutako dokumentazioa behar bezala aurkez dezaten. Aipatu epea ez betetzeak edo agiri guztiak ez aurkezteak berarekin ekarriko du udal baimenak erdietsi ahal izateko eskabideak ez onartzea eta aurkeztu dokumentazioa artxibatu edo beraien titularrei itzultzea.

2.–Eskaerak saltokiak baino gehiago badira, Alkatetzak ebatziko ditu baimenak, honako alderdi hauei begiraturik:

–Eskatzailearen bizitokia, Lizarran helbidea dutenek lehentasuna izanen baitute, eta haien artean herrian denbora gehien dutenek.

–Lizarran merkataritza ez egonkorrean aritzeko baimena, lehentasuna izanen baitute horretan denbora gehien dutenek.

–Eskatzailearen inguruabar pertsonalak, familia unitatea osatzen duten kideek enpleguaren aldetik duten egoeraz den bezainbatean; horretarako, aurkezten duen deklarazioari on egiten dioten agiriak aurkeztuko dituzte.

Gobernu Batzordeari eskumena ematen zaio jarduera bakoitzean aritzen diren saltokien kopurua mugatzeko, eskaintza anitzagoa izan dadin.

3.–Aitzineko hautapena eginda, eskaera kopuruak saltokiena baino gehiago izaten segitzen badu, baimenak ebatziko dira merkataritza orokorrerako, elikadurarako eta, hala behar badu, nekazarien saltokien zozketa eginez, salmenta mota bakoitzerako hautatutako eskatzaileen artean. Zozketak jendaurrean eginen dira, baina hasierako hautapenean parte hartzeko eskubidea erdietsi duten pertsonetara mugaturik.

10. artikulua.

1.–Pertsona bakoitzak edo 5.1 d) artikuluan aipatzen diren elkarteetako bakoitzak ezin du salmentarako baimen bat baizik izan.

2.–Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.

3.–Nekazariendako baimenek indarra izanen dute gaiak biltzeko sasoiak dirauen bitartean bakarrik.

11. artikulua.

Hona baimenetan zer azaldu behar den: titularraren argazkia eta nortasunari buruzko datuak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.

V. KAPITULUA

Merkatu txikiko eremuak eta saltokiek bete beharreko baldintzak

12. artikulua.

Merkatu txikia ez da kokatzen ahalko oinezkoendako merkataritzarako karriketan, eta hurbil izan beharko ditu komun publikoak edo ostalaritzako zerbitzu iraunkorrak, funtzionatzen ari direnak, baita leku aski ere ibilgailuak aparkatzeko.

13. artikulua.

1.–Saltokiak desmuntagarriak izanen dira, salbu eta behar bezalako ibilgailuekin egiten diren salmenta baimenduetan; azaleraren okupazioari dagokionez, baimendua baizik ez dute izanen.

2.–Saltokiak kokatuko dira gutxienez ere 2 metro linealeko tartea utzita fatxadatik, edo 3 metro linealeko tartea, eraikinek beheko solairuko etxebizitzak dituztenean.

3.–Halakorik baldin bada, etxebizitzetara sartzeko atariek eta garaje eta merkataritzako establezimenduetarako sarbideek ez dute parean saltokirik izanen.

4.–Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak ikusgai izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko maneran.

5.–Saltokietan megafonia eta musika jartzea debekaturik dago, baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Hala ere, musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak jar daitezke eta musika jaulki, betiere, udal ordenantzek eta indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.

6.–Merkatu txikiko saltokiek bete beharreko beharkizun estetikoak zehazten ahalko dira, eta hala egiten bada, saltzeko baimena eskuratu dutenek beharkizun horiek bete beharko dituzte.

14. artikulua.

1.–Kamioi-dendei baimendutako salmentetarako, salmahaien gehieneko luzera 8 metro izanen da. Horiek aparte utzirik, gainerako saltokietan salmahaien gehieneko luzera 7 metro izanen da. Hala ere, elikatzeko ez diren gaien saltzaileek 4 m-ko azalera okupatzen ahalko dute, gutienez ere, beren salmahaiekin; hala delarik, okupatutako azaleraren heinean ordainduko dituzte tasak.

Aitzineko saltokiak Udalaren erabakiaren arabera banatuko dira merkatu txikian, udal organo eskudunak onetsitako lurzatien zerrendari loturik.

2.–Esleiturik egonik ere merkatu txikia ireki eta bi ordu geroago saltoki bat okupatu gabe baldin badago, bertze eskatzaile batzuek okupatzen ahalko dute haren azalera.

VI. KAPITULUA

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

15. artikulua.

1.–Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak Udalaren mendeko zerbitzuei dagozkie.

2.–Elikagaiak saltzeko baimena emanen da merkatu txikia ireki aitzin egin beharreko osasun ikuskapena egin ondoan, gero ere bertze ikuskapen batzuk egiten ahal badira ere.

3.–Eremu publikoko salmentaren inguruan, Gobernu Batzordeari eta gainerako udal zerbitzuei dagozkie antolaketa, administrazio kontrolak eta zainketa.

VII. KAPITULUA

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

16. artikulua.

Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

Saltokietan baimendutako pertsonak egonen dira, edo salmentan laguntzen duten ezkontide, seme-alaba zein gurasoak. Saltokietan, baimendutako pertsonaren mende dauden langileak ari daitezke, hots, bertzeren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsona horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, eta horren berri eman beharko du baimena lortzeko eskabidea egitean.

17. artikulua.

Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen betebeharrak osasun, merkataritza eta zerga alorrekoak dira.

18. artikulua.

Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beraiek eta laguntzaileak txukun agertzea saltokian eta saltokiak ahalik eta garbiena edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, salgaiek pisuak eta balantzak uki ez ditzaten.

b) Okupatzen duten saltokiko salmahaia guztiz garbi edukitzea.

c) Saltzeko izan edo biltegian dituzten gai guztiak erakustea osasun ikuskatzailetzari eta aipatu ikuskatzaileek laginak har ditzaten laguntzea.

d) Bilduki berriak erabiltzea.

e) Elikagaiak saltzen direnetan, indarra duen janari erabiltzaileen karneta izatea.

f) Udalaren garbiketa zerbitzuekin lanean laguntzea.

19. artikulua.

Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak ikusgai jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko maneran.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak, baimenduta daudenak bakarrik, saltzeko maneran edukitzea.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan galdatzen diren dokumentu guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Salgaien ondoan haien prezioa argi eta zehatz agertzea. Horretarako, salneurrien errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Udal organo eskudunak pisu eta balantzeetarako ezartzen duen kontrastea onartzea.

20. artikulua.

Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Salmentak ezartzean fidantzarik galdatzen bada, hura ordaintzea.

b) Tasak edo eskubideak eskatzen zaizkien unean ordaintzea.

VIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

21. artikulua.

Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten senide eta kontratupekoek.

22. artikulua.

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

a) Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.

Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

1.–Merkatu txikia hasten den ordu berean zerbitzua ematen ez hastea.

2.–Hiru egunetan edo gutxiagotan saltokia baimenik gabe itxita edukitzea, aitzinetik horretarako arrazoi idatzirik eman gabe.

3.–Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.

4.–Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen karnetik ez izatea.

5.–Ordenantzari jarraikiz, saltokietan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, bertze batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

6.–Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

b) Arau-hauste larriak.

Hona hemen arau-hauste larriak:

1.–Arau-hauste arinetan berrerortzea.

2.–Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

3.–Udal agintari, funtzionario zein agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

c) Arau-hauste oso larriak:

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

1.–Arau-hauste larrietan berrerortzea.

2.–Saltzeko baimenik ez izatea.

3.–Udal agintari, funtzionario zein agenteei aurre egitea, haiek hertsatzea edo mehatxatzea, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

23. artikulua.

Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 60,10 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 60,11 eurotik 150,25 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 150,26 eurotik 300,51 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kenduz edo baliorik gabe utziz.

Aurreneurri gisa, merkataritza gaiak saltokitik jasotzen ahalko dira, egindako jarraipena eta gero merkatuan saltzeko galdatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste denean; agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, dekomisatu eginen dira.

24. artikulua.

1.–Espediente zehatzaileak, beren prozedurari dagokionez, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2.–Arau-hauste arinen kasuan, hura udal agente edo funtzionarioek behar bezala egindako salaketa agirien bidez egiaztatuta dagoenean, alegazio eta frogetarako epe bat emanda bakarrik ezarriko da zehapena.

3.–Arau-hauste larriei edo oso larriei zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aitzinetik; hura Administrazio Prozedurari buruz indarra duen 1958ko uztailaren 17ko Legean edo aplikazio bereziaren ondoriozkoan ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

4.–Alkateari dagokio zehapenak ezartzea, nahiz ahalmen hori bertze norbaiten esku utz dezakeen.

Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak ematen ahalko die haien berri.

5.–Udaleko idazkariak jakinaraziko die interesdunei espedientea ebatzi dela, eta bertan zehaztuko da zer arau ez den bete eta zer errekurtso para daitezkeen haren aurka.

6.–Kasuak oso larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak ustez egin direla-eta irekitako zehapen espedientearen tramiteak dirauen bitartean.

Azken xedapena

Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.

Iragarkiaren kodea: L1311305