16. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Udal ordenantza, Berriozarren autokarabanak
eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea
arautzen duena. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2012ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriozarren autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen udal ordenantza. 2012ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2012ko abenduaren 17an.-Alkatea, Xabier Lasa Gorráiz.

UDAL ORDENANTZA, BERRIOZARREN AUTOKARABANAK
ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA
ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen xedea da autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea arautzea kanpaldi finkoetarako edo ibiltarietarako, Berriozarko udal mugapenaren barnean, bertako natura baliabide eta espazioak zaindu eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzeko asmoz eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko diferentzia.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.

b) Ordenantza honetan ezarri den baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

c) Berriozarko Udaleko udaltzainen iritziz bertze udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak.

4. artikulua. Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri eremuetan; betiere gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, legeari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada.

Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.-Gurpilekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheititurik hanka egonkortzaileak, ezta bertze edozein tramankulu ere).

2.-Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez delarik, hau da, ez dagoelarik leiho irekirik (leihoa irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik, eta abarrik.

3.-Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direlarik, hala nola urak eremu publikoan hustea. Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Ibilgailu horiek gehienez ere 72 orduz egoten ahalko dira aparkatuta, uztailaren 5etik 15era bitarteko epean izan ezik.

Epe horretan ez dago denbora mugarik eta eguneko tasa ezarriko da aparkatzeko eta gaua pasatzeko.

6. artikulua. Zerbitzu eremua.

Autokarabanendako zerbitzugunetako eremuak (Plazaola kaleko ezkerraldean daudenak, naturaren gunearen ondoan) erabiltzeko arau hauek izanen dira:

1.-Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak etab.

2.-Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, betiere kanpoaldera mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak, olanak edo bertze edozein tresna atera gabe.

3.-Gehienez ere 72 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza husten duten arte. Ezinbertzean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta betiere udaltzainek edo Alkatetzak baimenduta.

4.-Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita tratatu ez den uraren hargune bat ere. Eremu honetan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Horiek higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea.

5.-Zerbitzugunetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak edo udaltzainek ematen dizkien jarraibide guztiei eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzugunetako eremuek bertze erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

7. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udal korporazioaren lana da ikuskaritza eta zehapen bidezkoa.

Udaltzainak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

8. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

1.-Berriozarko Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutakoa dira zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duten organoak.

2.-Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.-Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak trenkatuko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.-Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.

2.-Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3.-Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 5. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4.-Arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da paratzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.

10. artikulua. Badaezpadako neurriak.

Zirkulazioaren gainean indarra duen udal ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan mugigaiztea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizitokia espainiar lurraldean, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinekoz finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua mugigaiztuko du.

11. artikulua. Erantzukizuna.

Berriozarko autokarabanak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Berriozarko Udalak ez du erantzunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo antzekoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da lege honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Hala bada, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki erran beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Sinatua: Alkatea, Frantzisko Xabier Lasa Gorraiz.

Eranskina

Tasak

-Bornea erabiltzeagatik: 2 euro/fitxa.

-Uztailaren 5etik uztailaren 15a arte aparkatzeagatik: 8 euro/eguna edo zatia.

Iragarkiaren kodea: L1217461