156. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Udal ordenantza, Kultura, hezkuntza, kirol eta bertzelako jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2013ko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kultura, hezkuntza, kirol eta bertzelako jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2013ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Berriobeitin, 2013ko ekainaren 28an.–Alkatea, José M.ª Irisarri Ollacarizqueta.

KULTURA, HEZKUNTZA, KIROL ETA BERTZELAKO JARDUERETARAKO BERRIOBEITIKO UDALAK EMATEN DITUEN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Legezko xedapen horiek betetzeko, ezinbertzekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bertzetik, eskatzaile edo ukitutakoen beharrei.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura finkatzea, kultura, hezkuntza, kirol eta nahitaezkotzat jotzen ez diren bertzelako jarduerak egiten dituzten pertsonei diru-laguntzak emateko. Ukitutakoei jarduera horien sarbidea erraztuko zaie, eta familien beharren arabera banatuko dira laguntzak.

2. artikulua. Diru-laguntzatzat hartzen da edozein diru kopuru, Udal honek ukitutako pertsona edo familiei emana, kultura, hezkuntza, kirol eta bertzelako jarduerak bultzatu edo sustatzeko.

Printzipio orokorrak

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, kontrola eta proportzionaltasuna, familien beharretan oinarrituta.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Diru-laguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren gainean onesten diren oinarrietan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei begiratuta eman beharko dira diru-laguntzak.

Oinarriak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua. Hona nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:

Berriobeitiko Udalean erroldatuta dauden pertsona fisikoak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak

6. artikulua. Berriobetin erroldatutako pertsonek egiten dituzten kultura, hezkuntza, kirol eta bertzelako jardueretarako jaso daiteke diru-laguntza.

Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Ordenantza honetan eta bere deialdian ezarritakoaren arabera tramitatu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

Prozedura

7. artikulua. 1. Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Prozeduraren laburpena.

–Ordena: 1. Jarduketa: Sartutako jardueretan inskribatua edo matrikulatua egotea eta jardueraren matrikula edo ordainketaren zati bat ordaindu izana.

–Ordena: 2. Jarduketa: Diru-laguntza eskatzea horretarako Udalak prestatutako ereduaren arabera eta deialdian ezarritako epean.

–Ordena: 3. Jarduketa: Dagokion alorreko informazio batzordeak aztertu eta ebazpen proposamena eginen du, ezarritako epean.

–Ordena: 4. Jarduketa: Udalaren behin-behineko ebazpena.

–Ordena: 5. Jarduketa: erreklamazioak aurkezteko 7 eguneko epea.

–Ordena: 6. Jarduketa: Udalaren behin betiko ebazpenak eta Udalaren iragarki oholean argitaratzea.

–Ordena: 7. Jarduketa: berraztertzeko errekurtsoa Udaletxean. Gora jotzeko errekurtsoa. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Nori zuzendua: Udalari. Nafarroako Gobernuari. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari.

8. artikulua. Betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradun diren familiek, baldintza orokorrak betetzeaz gain, ondokoak ere bete beharko dituzte:

1.–Udalerriko bizilaguna egiazki izatea eta bertan erroldaturik egotea, eskabidea aurkezten den unean eta diru-laguntza jasotzen den bitartean ere.

2.–Udalarekiko tributu arloko eginbehar guztiak eguneratuak izatea.

9. artikulua. Errenta kalkulatzeko prozedura:

PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK

Zenbateko honetatik

A

15.001etik

15.000

12.400,01

15.000

10.700,01

12.400

9.300,01

10.700

7.980,01

9.300

6.650,01

7.980

5,500,01

6.650

4.500,01

5.500

Berdina edo txikiagoa

4.500

Eskatzaile bakoitzari dagokion diru-kopurua kalkulatzeko urrats hauek eginen dira:

1.–Deialdi bakoitzean, ordenantza honetako laukietan definitutako tarte bakoitzari, jaso dezakeen diruz lagundutako jardueraren gehieneko kostuaren portzentajea esleitzen zaio. Horrela, tarte batean sartutako eskatzaileak ezin izanen du jaso tarte horri atxiki zaion jardueraren kostua baino portzentaje handiagorik.

2.–Eskatzaile bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzen da bere per capita errentaren tartearen eta diruz lagundu behar zaion jardueraren kostuaren arabera.

Aurreko puntuan kalkulatutako diru-laguntza guztiak zenbatuko dira.

3.–Zenbatutako hori deialdian ezarritako kopurua bezalakoa edo txikiagoa bada, prozesua bukatu eta 2. puntuan kalkulatutako diru-laguntzak onetsiko dira.

4.–Zenbatutako guztia dagokion kontu-saila baino handiagoa bada, koefiziente zuzentzaile bat sartuko da, formula honen bidez: “aurrekontuko kontu-saila /2. puntuko diru-laguntzen batuketa”. Koefiziente hau 2. puntuan kalkulatutako diru-laguntza bakoitzarekin biderkatzen da, eta emaitza da eskatzaile bakoitzari dagokion diru-laguntza.

Familia unitatearen kontzeptua.

1. Kontsideratzen da familia unitatearen kide direla legez bereizita ez dauden aitak eta amak edo, kasua bada, legezko tutorea edo tutoreak, adin txikiko seme-alabak, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak, eta judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak. Familia unitatearen kideen kopurua familia-liburuaren bidez egiaztatuko da. Familia gunean familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bertzelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agiri, banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.

Familia harreran diren haurrak familia unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.

Banantzea edo dibortzioa izan bada, ez dira kide gisa kontatuko adin txikikoaren zaintza eta ardura ez duen aita edo ama. Egoera hau honela frogatuko da:

–Izatezko banantzean, banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiria edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten bertze agiri batzuk aurkeztuko dira.

–Judizioz deklaratutako banantzeetan eta dibortzioetan, epai judiziala aurkeztuko da.

2. Familia unitateko kideen kopurua zenbatzeko, matrikula egiterakoan izaera hori egiaztatu dutenak baizik ez dira kontuan hartuko.

3. Data horren ondoren izaten diren aldaketak familia unitateko kideen kopuruan ez dira kontuan hartuko.

4. Kurtso berean diren bajetan eta matrikulazio berrietan, familia unitateko kideen kopurutzat joko da lehen matrikula egiterakoan egiaztatu zena.

Familia errentaren kalkulua.

1. Familia unitatearen errenta baloratzeko per capita errenta hartuko da kontuan, familia unitatearen errentaren zenbatekoa zati familiako kideen kopurua eginez.

2. Familia unitatearen urteko errenta izanen da aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2012ko diru-sarrera edo errenta indibiduala justifikatuen batura.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2012ko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko da familia unitatearen urteko errenta.

3. Errenta indibiduala izanen da zerga-oinarriaren alde orokorrari kapital higigarriaren errendimenduen saldo positiboa eta ondare-eskualdaketen saldo positiboa batzearen emaitza, etxebizitza zaharberritzeko edo eskuratzeko jasotako diru-laguntzak kenduta.

Ondorio praktikoetarako, errenta honela kalkulatuko da: Nafarroako Foru Komunitatean, 2012. ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko 507, 8810 eta 8808 laukitxoak batuta eta 708 laukitxoa kenduta, edo horien baliokide direnak Estatuko gainerako aitorpenetan.

Banantzearen edo dibortzioaren kasuan, haurraren zaintza eta ardura dituen aitaren edo amaren errenta-aitorpena edo diru-sarrerak hartuko dira aintzat, eta zerga-oinarriari erantsiko zaio epaian ezarritako urteko diru-kopurua.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez dutenek aurkeztu beharko dute beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzen duen egiaztagiria, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta/edo familiak 2012. urtean izan dituen diru-sarrerak kalkulatzeko agiriak.

Interesa duenak aukera izanen du dokumentazioa berak aurkezteko edo, bertzenaz, dagokion toki entitatea eskabide baten bidez baimentzeko, behar duen informazioa eska diezaion Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duen unitate organiko edo departamentuari.

4. Ezartzen den epearen barrenean 2012ko errenta aitorpena edo diru-sarreren egiaztagiriak aurkezten ez dituztenei, matrikulatutako ordutegi motari dagokion kuota altuena aplikatuko zaie ikasturte osoan.

5. 2012an aitortutako diru-sarrerak nabarmenki murrizten direnean, familia unitateko kide errenta jasotzaile baten heriotzaren ondorioz, inguruabar hori jasoko da matrikula egiterakoan, hura frogatzen duten agiriak erantsita.

Egun horretatik aurrera gertatzen diren aldaketak ez dira kontuan hartuko ikasturte honetako tarifa kalkulatzeko.

Kasu horietan, interesdunak kasuan kasuko toki entitateari baimena eman beharko dio bere egoera ekonomikoari buruzko beharrezko informazioa biltzeko.

10. artikulua. Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. artikulua. Bildutako zenbatekoak itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

1.–Justifikatu beharra ez betetzea.

2.–Eskatzen ziren baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.

3.–Diru-laguntza kobratzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako diru-laguntza edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak, eta zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak atxikitzea erabakitzen ahal dute.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

1.–Diru-laguntza edo laguntza lortzea horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

2.–Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

3.–Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzean.

4.–Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

13. artikulua. Diru-laguntza hauen arauak.

Eskoletako jantokien erabiltzaile diren familientzako prestazio ekonomikoak emateko laguntzen irizpideek arlo honetan ondokoetan ezarrita dagoenera egokitu beharko dute: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea; eta ordezko eran, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra eta diru-laguntzen arloko berariazko araudia.

ESKABIDEA

Izena ..........................., helbidea .................., kalea .............................., telefonoa ....................., NANa ...........................

Jardueretarako diru-laguntza eskatzen du

Familiako kideak:

Diru-sarrerak:

Aurkeztutako agiriak:

2012ko errenta aitorpena.

Eskatzailearen sinadura

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1309681