156. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2013ko ekainaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2013ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 13an, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Urraulbeitin, 2013ko uztailaren 22an.–Alkatea, Luis Castillo Santesteban.

UDAL ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Urraulbeitin abenduaren 23ko 50/1999 Legea aplikatzea (50/1999 Legea, abenduaren 23koa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa), baita hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua ere.

2. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezken animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Honako zakur hauek eta beren gurutzatzeak: american staffordshire bull terrierra, pitbull terrierra, staffordshire bull terrierra, fila brasileiroa, dogo argentinarra, rottweilerra, tosa inua eta akita inua.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan den animalia.

4. Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsona edo animaliaren bati eraso egin dietenak, edo izaera bereziki oldarkorrak dituztenak.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1., 2. eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko, eta horren frogagiria izatea. Udal agintaritzak onarturiko erakunden ofizial batek emana beharko du izan.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko estaldura dituena.

f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Urraulbeitiko udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Urraulbeitin egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Urraulbeitin egon behar badu.

Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Urraulbeitiko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak bost urterako balioko du, eta berritzen ahalko da iraupen bereko beste aldi batzuetarako. Hala ere, lizentziak indarra galduko du titularrak artikulu honen 2. idatz-zatian ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik. Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa adierazi beharko dio Udalari, idatziz, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean.

Esanak esan, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.

Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu izanaren berri ematea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari komunikatzea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketaren berri ere eman beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela komunikatu beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten denean.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Urraulbeitira ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egun izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Urraulbeitiko Udalari komunikatu beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze-data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaio arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroaren arduradunari.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Bide publikoetan, higiezin kolektiboen zati erkideetan, garraio publikoetan, eta, oro har, erabilera publikoko leku edo guneetan, ordenantza honek aipatutako arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eramateko, beharrezkoa izanen da eramaten eta kontrolatzen dituen pertsonak aldean izatea ordenantza honen 3. artikuluan adierazitako lizentzia, baita beste ziurtagiri bat ere, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan izena emana dagoela frogatzen duena. Animaliek beti lotuta egon beharko dute, uhal ez luzagarriarekin, bi metro luze baino motzagoarekin, eta muturreko homologatu eta arraza horretarako egokiarekin. Animaliak inola ere ezin izanen dituzte eraman adingabeek.

2. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenenean, loturik egon beharko dute –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartarazteko.

7. artikulua. Beste arau batzuk.

1.–Ordenantza honen 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.

b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bortz metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.

2.–Zakur bat edo bertze edozein animalia bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan arintzen bada, paseatzen duenaren ardura izanen da hura berehalakoan garbitzea.

3.–Debeku da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.

4.–Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.

5.–Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak berdinduko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:

1. Arriskutsutzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Urraulbeitiko Udalaren errekerimendu bat ez betetzea edo adierazitako epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea edo epetik kanpo betetzea, salbu jokabide hori 50/1999 Legearen hauste gisa tipifikatzen ahal bada.

9. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 150,25 eurotik 15.025,30 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Arau-hauste arinak 150,25 eurotik 300,51 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Arau-hauste larriak 300,52 eurotik 2.404,05 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Oso larriei, 2.404,06 eurotik 15.025,30 eurora bitarteko isuna.

Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Urraulbeitiko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak udalei ematen dizkien betebeharrak. Fitxategia Urraulbeitiko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek hiru hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabortz egun geroago hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1310724