156. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1083/2013 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Tesiak 3 minututan lehiaketarako deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena.

Ikerketarako errektoreordeak egindako proposamena ikusirik.

Unibertsitatearen Aholkularitza Juridikoak egindako txostena ikusirik.

Ikusirik Kontabilitate Atalak zerga-tratamenduari buruz egin duen txostena.

Kontabilitate Atalak kreditua badela ziurtatzeko emandako egiaztagiria ikusirik.

Kontu-hartzea a posteriori egin da, kontu-hartzailea ez dagoelako.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Ebazpen honek sortutako gastua onestea, 2.000 euro osotara. 31.30.00.482.08 Ikerketa Sariak izeneko kontu-sailaren kargura ordainduko da. Sariak 1.000 eurokoak izango dira A modalitatean eta 500 eurokoak gainerako modalitate bakoitzean.

Bigarrena.–Onestea Tesiak 3 minututan lehiaketarako deialdia 2013. urterako. Helburua da prestakuntzan ari diren ikertzaileen artetik, beren lana zergatik den garrantzitsua eta beren ikerketa jarduerarekin gizarteari egiten dioten ekarpena zein den, espezialista ez den jendeari, ahalik eta hobekien azaltzen dioten ikertzaileak saritzea, ebazpen honen eranskinean dauden oinarriekin bat. Era berean, ikasketen amaierako proiektuen eta master amaierako lanen azalpen hoberenak ere sarituko dira.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Ikerketarako errektoreordeari, Kontabilitate Atalari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2013ko uztailaren 29an.–Errektorea, Julio Lafuente López.

TESIAK 3 MINUTUTAN LEHIAKETAREN OINARRIAK
2013ko DEIALDIA

Uztailaren 29ko 1083/2013 Ebazpenaren I. eranskina

Nafarroako Unibertsitate Publikoak apustu sendoa egin du zientzia zabaldu eta hedatzeko, zerbitzatzen duen gizartean laguntzeko beste modu bat den aldetik. IV. Plan Estrategikoak bere ardatzetako batzuetan islatzen du apustu hau. Horregatik, Ikerketarako Errektoreordetzak zientzia zabaldu eta hedatzeko sustatzen duen politikaren barnean, oso komenigarri ikusi da saritzea prestakuntzan ari diren ikasleen eta ikertzaileen artetik, beren lana zergatik den garrantzitsua eta beren ikerketa jarduerarekin gizarteari egiten dioten ekarpena zein den ahalik eta hobekien azaltzen diotenak, espezialista ez den jendeari. Horren bidez, bihar edo etziko ikertzaileak kontzientziatu nahi dira beren lana zabaltzearen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoan lagundu.

Lehen edizioa 2012an izan zuen “Tesiak 3 minututan” lehiaketak tresna baliagarria izan nahi du helburu horiek lortzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako Errektoreordetzak sustatu eta antolatu zuen lehiaketa, Kultura Zientifikoaren Unitatearekin, Komunikazio Zerbitzuarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiarekin lankidetzan. Lehen edizioan sortutako interesa eta arrakasta ikusirik, egoki ikusi da bigarren edizioa antolatu eta hartarako deia egitea; gainera, berrikuntzaren bat sartuko da lehiaketaren indarra sustatzeko xedez.

Lehenengoa,–Deialdiaren xedea.

Tesiak 3 minututan lehiaketak, parte-hartzaileei, azken ikasmailetako ikasleak eta prestakuntzan ari diren ikertzaileak, jartzen dien erronka da azaltzea hizkera errazean, ulergarrian eta jendeari orokorrean iristeko modukoan, beren ikerketaren edo ikasketen amaierako proiektuaren garapena, denbora mugatuko parte-hartze batean. Bere helburua da ikertzaile gazteen lana gizarteari hurbiltzea eta, aldi berean, haiengan sorraraztea zientzia zabaldu eta hedatzeko interesa. Horregatik sarituko da parte-hartzaileen gaitasuna ideiak eraginkortasunez komunikatzeko, eta nola helarazten zaizkion espezialista ez den jendeari, jendeak parte-hartzeko aukera ematen duen formatu batean.

Halaber, lehiaketa honen bidez, lortu nahi da ikertzaileak jabetzea zientzia zabaldu eta helarazteak duen garrantziaz, gizarteak aurrera egiteko eta kultura zientifikoa hobetzeko.

Bigarren edizio honetan, Unibertsitatean garatutako zientzia eta ikerketa hurbildu nahi dira publiko zabalago batengana, eta horretarako hitzarmen bat egin da Radio Nacional de Españarekin, Nafarroan lan finalistak irratiz emateko.

Bigarrena.–Finantzabidea.

Deialdi honek 2.000 euroko aurrekontua du osotara. 2013ko gastuen aurrekontuko 31.30.00.482.08 Ikerketa sariak izeneko kontu-sailaren kargura ordainduko dira, eta dauden modalitateko sariak ordaintzeko erabiliko dira.

Hirugarrena.–Sari modalitateak.

Hiru sari deituko dira, bat modalitate bakoitzeko:

A.–Doktoretza Tesiak. Doktoretza Tesi baten komunikazio hoberenari saria, 1.000 eurokoa.

B.–Master Amaierako Lanak. Masterraren Amaierako Lan baten komunikazio hoberenari saria, 500 eurokoa.

C.–Ikasketen Amaierako Proiektuak. Ikasketen Amaierako Lan baten komunikazio hoberenari saria, 500 eurokoa.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharrekoak.

1. A modalitatean, Doktoretza Tesiak, parte hartu ahal dute prestakuntzan ari diren ikertzaileak, gutxienez beren laugarren ikerketa urtean badaude, lehen matrikula egin zutenetik kontatzen hasita, eta 2012-2013 ikasturtean tutoretza akademikoan matrikulatuta daudenak. Era berean, parte hartzeko onartuak izango dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza tesia irakurri duten ikertzaileak 2012ko irailaren 26tik eskabideak aurkezteko azken egunera bitartean, deialdi honen seigarren oinarrian ezarritako epean.

2. B modalitatean, Masterraren Amaierako Lanak, parte hartu ahal dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan beren proiektua aurkeztu dutenek 2012-13 ikasturtean, betiere deialdi honen seigarren oinarrian ezarritako epea bukatu baino lehen egin badute irakurketa, eta 2011-2012 ikasturtean aurkeztuta ere, 2012ko irailaren 25aren ondoren irakurri dutenek.

3. C modalitatean, Ikasketen Amaierako Proiektuak, parte hartu ahal dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan beren proiektua aurkeztu dutenek 2012-13 ikasturtean, betiere deialdi honen seigarren oinarrian ezarritako epea bukatu baino lehen egin badute irakurketa, eta 2011-2012 ikasturtean aurkeztuta ere, 2012ko irailaren 25aren ondoren irakurri dutenek.

4. Lehiaketan parte hartzeko eskatzen dutenean, modalitateetarako hautagaiek egiten ari diren doktoretza tesiaren, master amaierako lanaren edo ikasketen amaierako proiektuaren zuzendariaren onespena izan beharko dute.

5. Lehiatzaileek lehiaketan ematen dituzten datuak edo informazioa jendaurrean jartzeko modukoak izango dira; ikerketak konfidentzialtasun hitzarmen bati lotuta baleude, parte-hartzaileek alde inplikatuekin alderatu beharko dituzte lehiaketan azalduko dituzten edukiak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du bere gain hartzen hori ez betetzeak ekar ditzakeen arau hausteen ardura.

6. Parte-hartzaileek lehiaketa egiten den egunean bertan egoteko konpromisoa hartzen dute. Ez da parte-hartze ez presentzialik onartuko bideokonferentzien edo horrelako sistemen bidez.

Bosgarrena.–Lehiaketaren garapena.

Lehiaketa 2013ko urriaren eta azaroaren artean egingo da.

Parte-hartzaile kopuruaren arabera, antolatzaileek bere egiten dute lehiaketa saio bakar batean egiteko edo aldez aurreko hautaketa fase bat egiteko eskubidea, gai arloen edo modalitateen arabera. Azken fasea jendaurreko saio irekia izango da, eta aurkezpen hurrenkera zozketaren bidez zehaztuko da saioa hasi aurretik.

Parte-hartzaile bakoitzak hiru minutu edukiko ditu bere aurkezpena egiteko. Azaldu behar ditu bere ikerketaren gaia, zein arazo identifikatu duen, bere ikerketak nola laguntzen duen irtenbide bat bilatzen eta zein eragin izango duen bere lanak gizartean oro har, edo zehazki, komunitate akademiko eta ikertzailean.

Aurkezpena prosaz eta gaztelaniaz egin behar da. Laguntzeko elementu gisa, soilik erabili ahalko da diapositiba estatiko baten proiekzioa. Ezin da erabili beste ezein elementu (esaterako, bideo edo audio artxibategiak), ez bestelako osagarririk, adibidez, musika tresnak, laborategiko materiala, janztekoak, e.a. Era berean, ez da zilegi izango bertaratu den jendearekin elkarreragitea.

Hiru minutuko gehienezko denbora gainditzen duten lehiatzaileak automatikoki baztertuko dira.

Azken fasea bideoz grabatuko da eta aurkezpen irabazleak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean egongo dira ikusteko. Baliteke jendaurreko saioak komunikabideen bidez zabaltzea eta, beharrezkoa bada, Interneten bidez.

Lehiaketaren finalera iristen direnek minutu batera laburtu beharko dute beren tesia, irratiz emateko. Aurkezpenak RNE Nafarroan grabatuko dira, eta irrati publiko horretan emango dira “Píldoras Científicas - espacios de divulgación de la investigación de la UPNA” (Zientzia-pilulak: NUPeko ikerketa zabaltzeko tarteak) izeneko saioan.

Lehiaketa egin aurretik, parte-hartzaileei aukera emango zaie jendaurrean mintzatzeko trebetasunak, oratoria teknikak eta komunikazioa eta irrati-hizkuntza ikasteko saio batera joateko.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Deialdi honetan parte hartzeko interesa daukaten pertsonek beren eskaera aurkeztuko dute horretarako ematen den inprimakia betez. Inprimakia Kultura Zientifikoko Atalaren web-orriaren bidez eskuratuko da (www.unavarra.es/unidadculturacientifica), deialdi honen II. eranskinean azaltzen dena, eta argi adierazi beharko da sariaren zer modalitatetan parte hartu nahi duten.

Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira, Arrosadiko campusa z/g, 31006, Iruñea, Tuterako campuseko Erregistroan, Tarazonako etorbidea z/g, Tutera, astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:30era arte, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen foru lege hori) 38.4 artikuluan aipatzen diren bitarteetako edozeinen bidez.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea).

Eskaerak aurkezteko epea 2013ko irailaren 2an hasi eta 2013ko irailaren 30ean bukatuko da, biak barne. Epe hori ezin izango da luzatu.

Tesiak 3 Minututan lehiaketara aurkezteak esan nahi du onartzen direla deialdiaren oinarriak.

Zazpigarrena.–Eskaerak tramitatzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Kultura Zientifikoko Atalak gainbegiratuko du deialdi honetako laugarren oinarriko 1., 2. eta 3. ataletan zehazten diren baldintzak betetzen ote diren; ez da beharrezkoa agirien bidez egiaztatzea eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela.

Tramitean onartutako eskatzaileen eta ezarritako betekizunetakoren bat ez betetzeagatik baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Unibertsitateko Errektoretzako iragarki-oholean, Tuterako campuseko Ikasgelategiko oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitatearen web-orrialdean. Eskatzaile horiei 5 egun balioduneko epea emango zaie, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, eta orduan aukera izango dute atzemandako gabeziak konpontzeko edo dagokien dokumentazioa osatzeko. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ezin izango da tramitatu.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, Ikerketako errektoreordeak Unibertsitateko errektoreari igorriko dio behin betiko onartutakoen zerrenda ebazpen baten bidez onetsia izan dadin. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko Errektoretza eraikineko iragarki oholean, Tuterako campuseko ikasgelategiko oholean eta Kultura Zientifikoaren Unitatearen web-orrialdean argitaratuko da.

Behin betiko ebazpenaren aurka zilegi da interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, hau argitaratu edo jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Zortzigarrena.–Sarituen betebeharrak.

1. Saridunek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabili ahalko dute, eta interesdunei 2013ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

2. Unibertsitateak sarien diru-kopuruaren zati bat atxikiko du zerga modura, araudi indardunaren arabera. Aplikatu beharreko atxikipena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Arautegiko 78. artikuluak ezartzen duenez, % 15 da.

3. Deialdiko oinarriak betetzen ez badira, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, saria kendu ahal izango da. Hala gertatzen denean, doakionak sariagatik hartutako dirua itzuli beharko du.

Bederatzigarrena.–Sarien epaimahaia.

Ikerketa errektoreordea izango da epaimahaiko burua, eta epaimahaia beste lau kidek osatuko dute. Kide hauek errektoreak izendatuko ditu, ikerketa errektoreordeak proposatuta. Gutxienez kide horietako bi Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpokoak eta komunikazioan eta hedapen zientifikoan adituak izango dira.

Epaimahaia osatzen duten kide guztien ordezkoak ere izendatuko dira, eta kide titularrak bertaratu ezin direnean jardungo dute.

Epaimahaia Ikerketarako errektoreordeak eskatuta osatuko da, eta horretarako deialdia egingo du. Halaber, Ikerketarako errektoreordeak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren gestioak.

Hamargarrena.–Balioesteko irizpideak.

Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat, parte-hartzaileak balioesteko garaian:

1. Ulermena. 1etik 10era bitarte puntu emango zaizkio. Balioetsiko da aurkezpena jendeak ikerketa uler dezan lagungarria izatea:

–Ikerketaren nolakoaren eta helburuen adierazpen garbia izatea.

–Ikerketan funtsezkoa zer den adieraztea.

–Aurkezpena hurrenkera logiko batean ematea.

2. Inplikazioa. 1etik 10era bitarte puntu emango zaizkio. Balioetsiko da aurkezpena jendearen jakin-minaren pizgarria izatea.

–Parte-hartzaileak ez du ikerketa erraztu edo mailaz beheragotzen.

–Parte-hartzaileak bere lanaren aldeko grina erakusten du.

–Parte-hartzailea gai da publikoaren arreta bereganatu eta mantentzeko.

3. Komunikazioa. 1etik 10era bitarte puntu emango zaizkio. Balioetsiko da ikerketaren gaia eta bere garrantzia aditua ez den publikoari egoki zaion hizkeran komunikatzea, alegia, honako hau egiten du:

–Hizlariak aski erabiltzen ditu ikus-kontaktua eta ahozko erregistroa, erritmo jarraituari eusten dio eta bere buruaz seguru dago.

–Hizlariak ez du jargoi zientifikoa erabiltzeari muzin egiten dio, erabili behar duen terminologia azaltzen du eta aurrekariak azaltzen ditu, zenbait puntu argitzeko.

–Hizlariak denbora egoki erabiltzen du.

–Diapositibek aurkezpena aberasten dute, ez diote baliorik kentzen: argiak, irakurgarriak eta zehatzak dira.

Hamaikagarrena.–Sariak ematea.

1. Epaimahaiaren erabakia lehiaketa egiten den saioan bertan jakinaraziko da.

2. Epaimahaiak Unibertsitateko errektoreari bidaliko dio sariak emateko proposamena, eta lehiaketaren helburuak betetzeari eta aurkezpenen kalitateari buruzko txosten arrazoituarekin batera. Errektoreak behin betiko ebazpena emango du, sariak emateko erabakia eta saritutako hautagaien zerrenda hartzen dituena.

3. Zilegi da sariak eman gabe uztea epaimahaiaren iritziaren arabera hala egin behar delako edo hautagairik ez dagoelako.

4. Sariak banatzeko ekitaldi publikoa 2014. urtearen lehen hiruhilekoan egingo da.

5. Ikerketarako Errektoreordetzak jakinaraziko du errektorearen behin betiko ebazpena, sari emakidarena, eta interesdunei jakinaraziko die sariak emateko ekitaldi publikoaren aurretik. Ebazpen honen aurka zilegi da interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hamabigarrena.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta Unibertsitatearen hedabideetan jarriko dira (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko Errektoretza eraikineko iragarki oholean, Tuterako campuseko ikasgelategiko oholean eta Kultura Zientifikoaren Unitatearen web-orrialdean).

Deialdi hau aplikatzetik eratorritako gainerako ekintzak (oharrak, jakinarazpenak, etab.) soilik argitaratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko Errektoretza eraikineko iragarki oholean, Tuterako campuseko ikasgelategiko oholean eta Kultura Zientifikoaren Unitatearen web-orrialdean argitaratuko da.

Kultura Zientifikoaren Unitateak ziurtatuko du hedapen hori.

Bitarteko horiek dira Unibertsitateak onarturiko tresna bakarra, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidezko jakinarazpen bat egitea, osagarria eta ez ofiziala izango dena.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka zilegi da interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

II. ERANSKINA

F1311313_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1311313