153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Egile berrientzako euskarazko XXIV. Literatur Lehiaketarako oinarriak. 2013. Urtea

Iruñeko Udalak Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketaren hogeita laugarren ediziorako deia egin du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2006ko otsailaren 17koan, argitaratu baitzen.

1.–Xedea eta parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Lehiaketa honen xedea egile berriek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da.

Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, eta euskaraz idatziak izan beharko dute izan, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

Egileek nafarrak izan beharko dute, edo helbidea Nafarroan finkaturik eduki.

Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere.

Lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu.

2.–Sariaren modalitateak.

Hona hemen modalitateak: Poesia, Narrazioa eta Bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira, bertsolaritzaren formazko arauekin bat).

Idazlanek ondoko luzera izanen dute:

Poesia modalitatean aurkeztu behar diren lanek 15 orri eduki behar dute gutxienez, eta horiek gutxienez tarte bikoitzaz idatzi behar dira.

Narrazio laburrean, gutxienekoa 15 orri izanen dira, tarte bikoitzaz idatziak.

Bertso-paperen modalitatean gutxienez 25 bertso-ahapaldi aurkeztu beharko dira. Elkarrekin batasuna osatzen duten gai ezberdinak gara daitezke, betiere bertsolaritzaren arau formalak betez.

3.–Diru zuzkidura.

Deialdi honi gehienez ere 12.000 euro esleituko zaizkio sarietarako.

Hiru sari dago, modalitate bakoitzeko: 2.500, 1.000 eta 500 euro.

Sari horietaz gain, epaimahaiak lau aipamen ematen ahalko ditu, gehienez ere, lau lani, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe. Horrela, Udalak saritutako lanak argitara emanez gero, aipamena eskuratu dutenak ere jasoko dira argitalpenean.

Aipatu kopuru horiei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

4.–Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lanak aurkezteko mugaeguna 2013ko urriaren 24a, osteguna, izanen da, egun hori barne.

Lanak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) aurkez daitezke, edo, bestela, erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38. artikuluan aurreikusten dituen beste edozeinetan.

Lan bakoitzaren bosna kopia aurkeztu beharko dira, izenorde batez sinaturik, eta argi adierazita zein modalitatetara aurkezten den. Lanekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztuko da, non sartuko baitira kasuan kasuko izengoitiari dagozkion datuak: izen-deiturak, helbidea eta telefonoa.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

5.–Epaimahaia.

Iruñeko Udalak izendatuko duen Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kulturako Zinegotzi Delegatua izanen du buru, eta Lehiaketaren gaietan aditu diren hiru pertsona epaimahaikide. Epaimahaikideak honako erakundeek proposatuko dituzte: Nafar Ateneoa, Euskaltzaindia eta Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Iruñeko Udaleko euskara koordinatzailea izanen da epaimahaiko idazkari, eta hitza eta botoa izanen ditu.

Epaimahaiak Udalaren organo eskudunari aurkeztuko dio lehiaketaren epaia, eta sariak eman gabe utzi ahalko ditu lanek behar besteko kalitaterik erdiesten ez dutela iritziz gero.

Epaimahaiak hala erabakitzen badu, sariak ex aequo eman ahalko zaizkie hainbat lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

6.–Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Epea iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da, eta 2013ko abenduaren 31n amaituko.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Sariak emateko ebazpena Udaleko Iragarki-taulan argitaratu beharko da.

Saritu gabeko lanak Hezkuntza eta Kultura Alorretik erretiratzen ahalko dira (Descalzos k., 72), 2014ko urtarrilaren 31 arte. Egun horren ostean jaso gabe utzitako lanak nahi duen moduan erabili ahal izango ditu Iruñeko Udalak, eta jaso gabe utzi dituztenek ezin izanen dute horren gaineko inolako erreklamaziorik aurkeztu.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatutan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on line igorri eta zabaltzea nola Internet erako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek erabat onartzea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiak onartzea ere, oinarriok interpretatzean sor litekeen edozein zalantzaren aurrean.

7.–Datuen babesa.

Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu lehiaketa honetan emandako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2. 31001-Iruña) edo erregistro osagarrietara joaz.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2013ko Uztailaren 30ean.–Fermín Javier Alonso Ibarra, Zinegotzi Delegatua.

Iragarkiaren kodea: L1311245