153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Garapenerako lankidetza proiektuetarako laguntzak. 2013ko deialdia

Udal honen Osoko Bilkurak aipatu deialdia onetsi du, eta oinarri hauek izanen ditu:

OINARRIAK

Garapenerako lankidetza proiektuetarako laguntzak emateko oinarriak

1.–Xedea.

GKEei laguntza ekonomikoa ematea Hirugarren Munduko herrialdeekin lankidetza proiektuak egiteko eta, horiekin batera, Irurtzungo herritarrak sentsibilizatzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak, bide emanez jarrerak eta jokabideak aldatzeko Iparraren eta Hegoaren arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoaren inguruan.

2.–Onuradunak.

Diru-laguntza eskatzen ahalko dute irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeek eta elkartasunezko erakundeek, Nafarroako elkarteen erregistroan erregistraturik badaude eta Nafarroan egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra badute.

3.–Aurkezpena.

Proiektuak Irurtzungo Udalaren Idazkaritzan aurkeztu beharko dira, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun balioduneko epean, I. eranskineko ereduari jarraikiz.

Erakunde bakoitzak edo elkartasunezko erakunde bakoitzak proiektu bakar bat soilik aurkez dezake.

4.–Balorazio irizpideak.

Udalaren ebaluazio batzordeak, horretarako berariaz izendatuak, eginen du proiektuen balorazioa, xede hauetara bideratutako ekintzak aurkezten badituzte:

–Bizi baldintzak hobetzea eta sektore oso behartsu edo baztertuei laguntza ematea.

–Emakumeen bizi baldintzak hobetzea eta beren eskubide eta aukerak sustatzea.

–Tokiko herritarren esku-hartzea eta prestakuntza sustatzea autokudeaketaren bitartez.

Halaber, honako xede hauek dituzten proiektuak baloratuko dira:

–Ingurumena zaintzea.

–Herritar onuradunen inguruneko giza baliabideak eta baliabide tekniko eta materialak erabiltzea.

–Tokiko kontrapartea, proiektua gauzatzeaz arduratuko dena, izatea.

5.–Betebeharrak.

Diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten GKEek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

2. Estatutuetan jasota egotea erakundearen berariazko xedea dela garapenerako lankidetza bultzatzen duten eta herrien arteko elkartasuna sustatzen duten jarduerak egitea.

3. Proiektuen bideragarritasuna bermatzen duten egitura eta esperientzia izatea.

4. Diru-laguntza jasotzen duten GKEek edo elkartasunezko erakundeek Irurtzungo herritarrei bideratutako sentsibilizazio eta informazio jarduerak egin beharko dituzte laguntzaren xede den proiektuari buruz, baina ez da inoiz ere horretarako erabiliko diru-laguntzaren zati bat.

5. Lankidetza eta garapenerako proiektuei laguntzak emateko aurrekontuaren %50 erabiliko da, gutxienez, herrikoak diren gobernuz kanpoko talde edo elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.

Herrikoak diren gobernuz kanpoko elkarte edo erakundeek proiekturik aurkezten ez badute, herritik kanpoko GKEentzat izanen da laguntza.

Herriko talde edo elkartetzat joko dira Irurtzunen erroldatutakoek aurkezten dituzten proiektuen sustatzaileak, elkartasunezko elkarte horien bazkide edo laguntzaile direla frogatzen badute.

6. Laguntza horietan lehentasuna izanen dute aurreko urtean diru-laguntza eskatu ez zuten herritik kanpoko elkarteek.

7. Laguntza hartuko lukeen proiektua kokatuko den eremuko baldintza sozial eta ekonomikoen deskribapen orokorra aurkeztea.

8. Proiektuak beste instituzio edo erakunde batzuen laguntzarik hartzen duen jakiteko txostena aurkeztea.

9. Lankidetza erakunde den aldetik egindako jardueren eta helburuen memoria.

6.–Laguntzen esleipena.

Esleipen mahaiaren ardura izanen da aurkeztutako proiektuak ebaluatzea eta diru-laguntzak emateko proposamena, Udalaren hurrengo osoko bilkuran eztabaidatu beharrekoa, aurkeztea.

Mahai horrek bidezkoa iruditzen zaion informazio osagarria galdatzen ahalko die GKEei, baita haietako bakoitzarekin buruz buruko elkarrizketa egiteko eskatu ere.

Halaber, egokiak diren teknikariak sartzeko eskaera egiten ahal da, aurkezten diren proiektuak aztertzen eta ebaluatzen laguntzeko.

7.–Ordainketa.

Aurkeztutako eskaeren ebazpena, laguntza ematea onartuz gero, ordainketa bakar batean gauzatuko da.

GKEek edo elkartasunezko erakundeek, baldin eta beren proiektuek Udalaren diru-laguntza jasotzen badute, konpromisoa hartuko dute proiektua gauzatzeari buruzko amaierako memoria aurkezteko, laguntza hartzen duen erakundeak prestatua, material grafikoaren txostena barne.

Irurtzunen, 2013ko ekainaren 28an.–Alkatea, Juan José Iriarte Vitoria.

I. ERANSKINA

Proposamenaren eredua

GKEaren izena eta siglak: ........................................ I.F.Z.: ..................... Helbidea: .................... Herria: ..................................... Posta kodea: .............................. Telefonoa: .............. Faxa: ................. Helbide elektronikoa: ........................

Jakin dut Irurtzungo Udalak lankidetzarako proiektuei laguntzak emateko deialdia egin duela ....... urterako; hori horrela, ....................... izenburuko proiektua aurkezten dut, bai eta lankidetzarako proiektuei laguntzak emateko oinarrien 5. puntuan ezarritako baldintzak betetzen ditudala frogatzen duten agiriak ere.

(Tokia, eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: L1311127