153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Ordenantza fiskala, Familiari atseden emateko zerbitzuaren tasak kobratzeko. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2013ko maiatzaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Familiari atseden emateko zerbitzuaren tasak kobratzeko ordenantza fiskala. Hura 2013ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendua behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:

FAMILIARI ATSEDEN EMATEKO ZERBITZUAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Kontzeptua

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta ondokoetan xedatuari jarraikiz, arau honetan tasak ezarri dira Cascanten familiari atseden emateko gelan egiten diren egonaldietarako.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua udal mugapea da.

3. artikulua. Zergapeko egintza.

Tributu honen zergapeko egintza da arreta pertsonaleko zenbait zerbitzu ematea zerbitzu hori erabiltzen duten mendeko pertsonei.

4. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

Ordenantza honetan araututako tasak ordaintzera behartuta daude, atsedenerako gela erabiltzeari buruzko erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, bertako erabiltzaile izaera lortu eta, beraz, eguneko zentroetan eman edo egiten diren zerbitzuen onuradun direnak.

Zerbitzuaren onuradunak jarduteko gaitasuna ez badu, ordaindu beharra haren legezko ordezkariak izanen du edo, hala ez bada, ikuspegi zibiletik hori ordaindu beharra duten pertsonek izanen dute, izaera naturaleko betebeharren arabera.

5. artikulua. Kuota.

Tasa 15,00 eurokoa izanen da hilean.

6. artikulua. Kudeaketa eta diru-bilketa.

1.–Ordenantza honek araututako tasa ordaindu beharrak ondorioak izanen ditu eskatzailea eguneko zentroan sartzen den egunetik hasita, eta betebehar hori bukatuko da zerbitzuaren erabiltzaileak baja jakinarazi eta biharamunean.

Cascanteko atsedenerako gelan altak eman edo plazak beteko dira egoera hori adierazten duen udal erabakia edo ebazpena eman eta biharamunetik hasita.

Eskatzaileak lehenago ere erabili badu gela hori, ezinbestekoa izanen da tasa horren ondoriozko diru kopururen bat ordaindu gabe ez izatea.

2.–Borondatezko baja hartu ahal izateko, erabiltzaileak edo haren ordezkariak idatziz eskatu beharko du Cascanteko Udaleko sarrera erregistroan. Eskaera hori egin eta biharamunean izanen ditu ondorioak baja horrek.

3.–Hilabetetik beherako okupazioa dakarten altak edo bajak izaten direnean, tasaren ordainketa hamabostaldien arabera hainbanatuko da, eta hamabostaldi osoa ordainduko da, onuradunak bere plazan benetan egindako egunak gorabehera.

4.–Bi hileko kuota ez ordaintzeak erabiltzaile izaera automatikoki galtzea ekarriko du.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2013ko ekainaren 27an.–Alkate udalburua, José Gómara Ruiz.

Iragarkiaren kodea: L1311209