153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 18koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Asistencia Ribera, S.L. Residencia de Cáseda entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Asistencia Ribera, S.L. Residencia de Cáseda entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008671012008) aztertu da, erregistro honetan 2013ko uztailaren 5ean sartu zena, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko apirilaren 1ean izenpetuta, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko uztailaren 18an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

“CENTRO RESIDENCIAL DE CÁSEDA, S.L.”
ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

Aurkibidea

I.–Aplikazio eremua

1. artikulua. Lurralde eremua.

2. artikulua. Indarraldia, amaiera iragartzea eta osotasunarekiko lotura.

II.–Langileen sailkapena

3. artikulua. Lanbide sailkapena.

4. artikulua. Lanbide kategorien definizioa eta eginbeharrak.

5. artikulua. Langileen sarrera.

6. artikulua. Probaldia.

7. artikulua. Lan-kontratuaren amaiera.

8. artikulua. Lanbide sustapena.

9. artikulua. Lanaldia.

10. artikulua. Atsedenaldiak.

11. artikulua. Oporrak.

12. artikulua. Ordaindutako baimenak.

13. artikulua. Ordu sindikalak.

14. artikulua. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak.

15. artikulua. Ikastaroetan parte hartzea.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

17. artikulua. Oinarrizko soldata (hilabete naturala).

18. artikulua. Soldataren berrikuspena.

19. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.

20. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

21. artikulua. Igande eta jaiegunetako lanaren plusa.

22. artikulua. Aparteko orduak.

23. artikulua. Aparteko eskersariak.

24. artikulua. Antzinatasuna.

25. artikulua. Arropa eta oinetakoak.

26. artikulua. Dietak.

27. artikulua. Kilometrajea.

28. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

29. artikulua. Bizi eta istripu aseguruak.

30. artikulua. Lan-osasuna.

31. artikulua. Hutsegiteen eta zehapenen araubidea.

32. artikulua. Zehapenak.

33. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

34. artikulua. Eskubide sindikalak.

35. artikulua. Batzorde paritarioa.

36. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratazio irregularra.

37. artikulua. Lege subsidiarioak.

I. eranskina.–2013ko eta 2014ko soldata taulak.

I.–Aplikazio eremua

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen hau “Centro Residencial de Cáseda” izeneko enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, finkoei, aldi baterakoei eta bitartekoei, titulua dutenei eta ez dutenei, indarra duen legedian kontratuak egiteko ezarritako modalitateetatik edozeinen bidez zentro horretan lanean ari badira.

Espresuki bazter utzi dira erlijio zerbitzua ematen duten pertsonak eta, orobat, Kasedako Centro Residencial de Cáseda zahar-etxearekin zerbitzuak emateko errentamendu kontratuak sinatuak dituzten enpresetako plantilletan dauden langileak.

2. artikulua. Indarraldia, amaiera iragartzea eta osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen hau izenpetzen den egunetik 2014ko abenduaren 31 bitarterako da.

Hitzarmenaren indarraldia iraungitzearekin batera, amaiera iragarritzat hartuko da, eta sinatu duten bi alderdiek, edo unean-unean legez ordezkatzen dituzten pertsonek, konpromisoa hartzen dute beste hitzarmen kolektibo baterako negoziazioa 2015eko hurrengo hiru hilabeteetan hasteko. Dena dela, akordio berariazkorik lortu bitartean, hitzarmen honen testu arau-emaileak indarrean segituko du.

Hitzarmen honetan bildutako klausulei atxikitzeak berekin dakar den-denak onartzea; beraz, ezinezkoa da artikulu bakar batzuei atxikitzea eta, besteetan, aplikagarri den estatuko edo probintziako hitzarmenari atxikitzea.

II.–Langileen sailkapena

3. artikulua. Lanbide sailkapena.

Eginkizunen arabera, langileak talde eta kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. taldea: goi mailako teknikariak

1.1. Zuzendaria/Gainbegiralea.

1.2. Medikua.

2. taldea: Erdi mailako langile teknikoak

2.1. Erizaintzako unibertsitateko diplomaduna/Osasun laguntzaile teknikoa.

2.2. Gizarte laneko diplomaduna/Gizarte-laguntzailea.

2.3. Fisioterapeuta.

3. taldea: Teknikari laguntzaileak

3.1. Okupazio-monitorea.

3.2. Erizaintzako laguntzailea/Zaintzailea.

3.3. Zaintzailea.

3.4. Laguntzailea.

4. taldea: Administrazioko langileak

4.1. Administraria.

4.2. Txandako arduraduna.

5. taldea: Zerbitzu osagarrietako langileak

5.1. Mantentze-lanetako langilea/Gidaria.

5.2. Garbiketa/Ikuztegiko langileak.

5.3. Ile-apaintzailea.

Artikulu honetan aipatzen den langileen sailkapena adibide gisara eman da. Beraz, zentroaren beharrak eta tamaina direla-eta beharrezkoa ez bada, ez da nahitaezkoa lanpostu mota guztiak izatea eta, aitzitik, hitzarmen kolektiboaren indarraldian lanbide kategoria berriak sor daitezke, sindikatuen ordezkaritzarekin adosturik, laguntza zerbitzua zuzen emateko beharrezkoa bada.

4. artikulua. Lanbide kategorien definizioa eta eginbeharrak.

Medikua.

Zentroko zuzendaritzaren menpe dago zuzenean.

–Osasun arloaren funtzionamenduaren arduraduna da, zentroko zuzendari kudeatzailearen aurrean.

–Zuzendari kudeatzailearekin batera, bere arloari dagozkion auzi guztiak bideratuko ditu.

–Egoiliarrak zentroan sartzen direnean jasotzen den informazioa aintzat hartuz, bakoitzaren historia klinikoa prestatuko du, egoiliarren osasuna behar bezala zaintzeko behar diren tratamendu, segimendu eta kontrolak markatuz.

–Erizainen eguneroko lan planak zehaztuko ditu.

–Erizaintzako laguntzaileentzat eta zaintzaileentzat erizainek prestatzen duten lan plana egiaztatu eta gainbegiratuko du.

–Zentroko diziplina anitzeko taldearekin elkarlanean arituko da, zentroan ahalik eta girorik onena izan dadin, horrela egoiliarra hobeki integratuko baita.

–Higienearen eta segurtasunaren arloko neurriak betearaziko ditu, baita zentroko zerbitzu bakoitzerako finkatutako osasun neurriak ere (ikuztegia, sukaldea, etab.).

–Zentroko Zuzendaritzarekin eta jardueren arloko langileekin elkarlanean, jardueren plan orokorra prestatzen lagunduko du.

–Zuzeneko laguntza ematen duten langileendako prestakuntza planak prestatzen lagunduko dio zentroko zuzendari kudeatzaileari, bakoitzaren lanbide sailkapenaren arabera.

–Zentroko zuzendari kudeatzaileak finkatzen dituen ikerketa planetan lagunduko du.

–Zentroan egon beharreko orduetatik kanpora, sakelako telefonoaren bidez lokalizatzeko moduan izanen da.

Erizaintzako diplomaduna/Osasun laguntzaile teknikoa.

Zentroko medikuaren eta zuzendari kudeatzailearen menpe, honako eginkizun hauek dituen profesionala da:

–Egoiliarrak zaindu eta haiei arreta ematea, bakoitzaren behar pertsonaletan eta behar orokorretan.

–Botikak prestatzea, medikuaren aginduei jarraikiz.

–Erizaintzako laguntzaileen eta zaintzaileen lan plana egunero finkatu eta gainbegiratzea.

–Sendaketak egitea.

–Odol-presioa, tenperatura eta antzekoak hartzea.

–Odola ateratzea, laborategian analizatzeko.

–Egoiliarren historia klinikoetan bere eginkizunekin zerikusia duten datuak jasotzea.

–Material medikoa eta bestelakoa gainbegiratu, zaindu eta garbitzea.

–Farmaziari eskaerak egitea eta botikak kontrolatzea.

–Zentroko lanbide anitzeko taldearekin bilerak egitea, zuzendari kudeatzaileak egoki ikusten duen guztietan.

–Erizaintzako laguntzaileekin eta zaintzaileekin bilerak egitea, lanbideko prestakuntzarako eta birziklatzeko.

–Bazkari eta afarietan, zentroko medikuak finkatutako dietak zorrozki betetzen direla begiratzea.

–Erizaintzako laguntzaileek eta zaintzaileek lan plana egoki betetzen ote duten gainbegiratzea eta gertatzen diren gorabeheren berri ematea zuzendari kudeatzaileari.

–Ohiturak hartzeko eta jokabideak aldatzeko asmoz, teknikariek prestatzen dituzten programetan laguntzea.

–Laneko txandan izandako gorabeheren berri ematea zentroko medikuari eta zuzendari kudeatzaileari.

–Beste nagusirik ez dagoenean, erizaintzako laguntzaileek, zaintzaileek eta egoiliarrek zintzo jokatzen dutela begiratzea eta ordena egokiari eustea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak aginduta.

Okupazio-monitorea.

Medikuaren, EUD/OLTaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek izanen ditu:

–Egoiliarren nortasunari, adimenari eta gaitasunei lotutako alderdiak aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

–Jardueren plan orokorra prestatu eta gauzatzea.

–Egoiliar bakoitzak bere arloan dituen helburu berariazkoak finkatzea.

–Egoiliarren alderdi psikologikoaren bilakaeraren segimendua egitea eta zuzendari kudeatzaileak eskatzen dizkion txostenak prestatzea.

–Barneko eta kanpoko jarduerak garatzea.

–Erizaintzako laguntzaileei eta zaintzaileei aholku ematea, jardueren plan orokorrean parte har dezaten.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

Erizaintzako laguntzailea/Zaintzailea.

Zentroko medikuen, erizainaren eta zuzendari kudeatzailearen menpean, laguntza lanak egiten dituen langile tituluduna da. Lan horiek egoiliarrari eguneroko eginkizunetan laguntzekoak izan daitezke (osasun arlokoak izan ezik), edo egoiliarrak bere kasa baliatzeko errekuperazio edo ohitze prozesuetan laguntzekoak. Azkeneko kasu horretan, kasuan kasuko profesionalekin elkarlanean arituko da, haiek ematen dituzten jarraibideekin bat.

Egoiliarrei zuzeneko arreta ematea dagokio.

Hauek dira eginkizun nagusiak:

–Egoiliarrari arreta eman eta laguntzea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, bere desgaitasuna dela-eta bakarrik egiterik ez badu.

–Egoiliarrei laguntzea garbiketa eta higiene pertsonalerako eginkizunetan eta behar fisiologikoetan.

–Janaria jaso eta banatzea, eta behar duten egoiliarrei ahora ematea.

–Egoiliarren egoeran antzematen dituen gorabeherak eguneroko laneko partean jasotzea eta txandako erizainari jakinaraztea.

–Egoiliarrek botikak ahotik nahiz uzkitik hartu behar dituztenean erizainari laguntzea, baita konstanteak eta diuresiak neurtzen eta laborategian analizatuko den gernu-laginak jasotzen ere.

–Osasun materiala eta bestelakoa eta lanean erabiltzen diren gelak garbitu eta zaintzea.

–Zuzeneko laguntzako gainerako lagunekin batera, jardueren plana gauzatzen laguntzea.

–Egoiliarraren post-mortem zainketetan laguntzea.

–Ustekabeko larrialdietan, egoiliarra osasun zentrora laguntzea.

–Egoiliarren etengabeko zaintza lana.

–Zuzendari kudeatzaileak deiturik, bere lan ordutegian egiten diren bileretara joatea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak, EUD/OLTak edo zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Zaintzaileak.

Zentroko medikuen, erizainaren eta zuzendari kudeatzailearen menpean, laguntza lanak egiten dituen langilea da. Lan horiek egoiliarrari eguneroko eginkizunetan laguntzekoak izan daitezke (osasun arlokoak izan ezik), edo egoiliarrak bere kasa baliatzeko errekuperazio edo ohitze prozesuetan laguntzekoak. Azkeneko kasu horretan, kasuan kasuko profesionalekin elkarlanean arituko da, haiek ematen dituzten jarraibideekin bat.

Egoiliarrei zuzeneko arreta ematea dagokio.

Hauek dira eginkizun nagusiak:

–Egoiliarrari arreta eman eta laguntzea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, bere desgaitasuna dela-eta bakarrik egiterik ez badu.

–Egoiliarrei laguntzea garbiketa eta higiene pertsonalerako eginkizunetan eta behar fisiologikoetan.

–Janaria jaso eta banatzea, eta behar duten egoiliarrei ahora ematea.

–Egoiliarren egoeran antzematen dituen gorabeherak eguneroko laneko partean jasotzea eta txandako erizainari jakinaraztea.

–Egoiliarrek botikak ahotik nahiz uzkitik hartu behar dituztenean erizainari laguntzea, baita konstanteak eta diuresiak neurtzen eta laborategian analizatuko den gernu-laginak jasotzen ere.

–Osasun materiala eta bestelakoa eta lanean erabiltzen diren gelak garbitu eta zaintzea.

–Zuzeneko laguntzako gainerako lagunekin batera, jardueren plana gauzatzen laguntzea.

–Egoiliarraren post-mortem zainketetan laguntzea.

–Ustekabeko larrialdietan, egoiliarra osasun zentrora laguntzea.

–Egoiliarren etengabeko zaintza lana.

–Zuzendari kudeatzaileak deiturik, bere lan ordutegian egiten diren bileretara joatea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak, EUD/OLTak edo zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Laguntzailea.

Zuzendari kudeatzailearen, medikuaren edo erizainaren agindupean, laguntzaile lana eginen du egoiliarrek zentrotik atera behar dutenean, ospitalera, kontsulta programatuetara, larrialdiko bisitetara, tramite ofizialak egitera etabar. Joan-etorri horietan egoiliarrak zuzenean zaintzeaz arduratuko dira (arreta, laguntza, garbiketa eta higiene pertsonala, behar fisiologikoak, jaten ematea, zaintzea eta joan-etorriak iraun bitartean egoiliarrek behar edo eskatzen duten beste edozein laguntza).

Administraria.

Zentroko zuzendaritzaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen edo horrek eskuordetzen duen pertsonaren menpean, ondoko eginkizunak egiten dituen langilea da:

–Ohiko administrazio lanak eta harrera egitekoak, zentroko zuzendaritzak adierazi edo eskuordetzen dizkionak.

–Zentrora joaten diren bisita guztiei harrera egitea, arreta adeitsua eta xaloa ematea eta kasuan-kasuan behar den zentroko arduradunarengana eramatea.

–Telefono deiak hartu eta egitea, eta dagokion pertsonari deribatzea.

–Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egitea.

–Administrari laguntzaileari laguntzea fotokopiak egiten, idazkiak garbira pasatzen, oroit-idazkiak prestatzen edo zentroko zuzendari kudeatzaileari egoki iruditzen zaizkion bestelako lanetan.

Txandako arduraduna.

Administrari-ofizialaren menpe dago zuzenean eta, oro har, zentroko zuzendari kudeatzailearen menpean. Hona bere eginkizunak:

–Eremu komunetan laguntzaileen lanak gainbegiratzea eta haietan laguntzea.

–Zentrora joaten diren bisita guztiei harrera egitea, arreta adeitsua eta xaloa ematea eta kasuan-kasuan behar den zentroko arduradunarengana eramatea.

–Telefono deiak hartu eta egitea, eta dagokion pertsonari deribatzea.

–Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egitea.

–Administrari laguntzaileari laguntzea fotokopiak egiten, idazkiak garbira pasatzen, oroit-idazkiak prestatzen edo zentroko zuzendari kudeatzaileari egoki iruditzen zaizkion bestelako lanetan.

Mantentze-lanetako langilea/Gidaria.

Koordinatzaile-gainbegiralearen mendean, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

–Zentroko aparatu eta instalazioak eta kanpoaldekoak kontserbatu, kontrolatu eta konpontzea eta haien mantentze-lanez arduratzea.

–Bere arduradunak beharrezkotzat jotzen dituen kudeaketak egitea zentrotik kanpora.

–Egoiliarrak kanpoko kontsulta medikoetara eramatea eta gidari lana egitea kanpo jardueretan.

–Zentroan hartzen den material guztia jaso eta behar den tokira eramatea.

–Garbiketa lanak osatzen laguntzea, bere arduradunak adierazten duenaren arabera.

–Makinen aretoa, instalazioak, elektrizitate-panelak, transformadoreak, tailerrak eta antzekoak txukun edukitzea, horietan egon behar ez duten materialak pilatu ez daitezen.

–Zentroko aisialdiko jarduerak behar bezala gauzatzeko erabiltzen diren agertokiak, eserlekuak, zine-proiektorea, bozgorailuak eta abar muntatu eta desmuntatzea eta horien funtzionamenduaz arduratzea.

–Egoiliarrak eta erabiltzaileak kanpoko kontsulten zentroetara, ospitaleetara eta zentroko zuzendari kudeatzaileak agintzen duen beste toki batzuetara eramatea.

Garbiketa/Ikuztegiko langileak.

Koordinatzaile-gainbegiralearen mendean, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Ile-apaintzailea.

Zentroko koordinatzaile/gainbegiralearen menpe dago zuzenean.

–Koordinatzaileak/gainbegiraleak finkatzen duen lan plana egitea eta ilea apaintzea adierazten zaien egoiliarrei.

5. artikulua. Langileen sarrera.

Zentrorako langileak kontratatzea, bai kontratatu finkoak bai aldi baterakoak, enpresaren ahalmen esklusiboa da.

Enpresan daramaten denboraren arabera sail hauetan banatzen dira langileak:

–Finkoa: lan egiteko modu iraunkorrean kontratatzen denean.

–Behin-behinekoa eta aldi baterakoa: denbora jakin baterako kontratatuak, lan behin-behinekoak, aldi baterakoak edo bereziak egiteko.

–Bitartekoa: lan ezintasuneko egoeran, oporretan edo enpresak lanpostua erreserbatu beharra duen beste egoera batean dagoen langilearen ordez jarduten duen aldi baterako langilea.

Aldi baterako langileak finko eginez gero, aldi baterako langile gisa emandako denbora aintzat hartuko zaie, bai probaldiaren ondorioetarako, bai antzinatasunaren ondorioetarako.

Kontratazioak indarra duen araudiari jarraikiz eginen dira, oro har.

6. artikulua. Probaldia.

Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, gehienez ere honako eskala honetan adierazten dena:

a) Goi mailako teknikariak. 6 hilabete.

b) Erdi mailako teknikariak: 45 lanegun.

c) Teknikari laguntzaileak: 30 lanegun.

d) Administrazioko, zerbitzu osagarrietako eta kualifikaziorik gabeko gainerako langileak: 20 lanegun.

Probaldian alderdiek bertan behera uzten ahalko dute kontratua, kalte-ordainerako eskubiderik gabe.

Langilea aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen bada probaldian, denbora tarte hori ez da probaldiaren barne hartuko, aldeak ados jartzen badira, betiere.

Aurretik behin-behineko, aldi baterako edo bitarteko gisa lan egin duten langileek, probaldia gainditu baldin bazuten, ez dute berriro igaro beharrik, betiere azkeneko kontratazioa kontratu berriaren data baino bi hilabete lehenago egin baldin bazen gehienez.

7. artikulua. Lan kontratuaren amaiera.

Lan kontratua Langileen Estatutuaren 49. artikuluan edo horren ordezko arauetan ezarritako arrazoietako edozeinengatik iraungiko da.

Indarrean dagoen legeriaren arabera aplikatuko da erretiroa.

Enpresatik borondatez alde egin nahi duen langileak gutxienez hamabost egun lehenagotik abisatu beharko du. Epe hori betetzen ez badu, hamabost egun bete arte falta diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.

Enpresak abisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari lan harremanaren bukaeran dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Obligazio hori betetzen ez badu, langileak eskubidea izanen du bi eguneko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko.

Erretiro partziala:

Erretiro partzialeko planari buruzko akordio kolektiboa erregistratu da. 61 urte betetakoan, erretiroa sortzeko baldintza guztiak beterik, langileek erretirorako modalitate hau eskuratuko dute, aplikatzekoak diren legezko aurreikuspen eta arauekin bat; hau da, abenduaren 4ko 40/2007 Legeko eta aplikatzekoa den araudiko arauekin bat.

Aurreko atalean adierazitako adina bete eta hilabeteko epean eskatu beharko du langileak, eta enpresa beharturik egonen da ondoko errelebo-kontratua hitzartzera, partzialki erretiratutako langilea hasten den eguneko ondorioekin.

8. artikulua. Lanbide sustapena.

Enpresako langile guztiek lehentasunezko eskubidea izanen dute edozein lanbide taldetan sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko, baldintza berberetan.

9. artikulua. Lanaldia.

Gaueko txanda egiten duen langile guztientzat urteko benetako lanorduen kopurua, 2013. eta 2014. urteetarako, 1886 ordu dira; gainerako langileentzat, 2013. eta 2014. urteetarako, 1694 ordu dira.

Enpresak ez du erabiliko Langileen Estatutuak baimentzen duen %10eko malgutasuna, eta orain arteko lan sistema berarekin segituko du.

Ezartzen den lan-egutegiko denboraz gainera, Zuzendaritzak eskatutako langileek lantokian ematen duten denbora guztia lan denboratzat hartuko da. Soberako lanorduak lau hilabetean behin doituko dira.

10. artikulua. Atsedenaldiak.

Lanaldiaren bukaeratik hurrengo lanaldia hasi bitartean segidan 12 ordu pasatuko dira gutxienez. Langile guztiek astean egun eta erdiko atsedenaldia egiteko eskubidea dute, etenik gabe, edo legez ezartzen den denborakoa.

Eguneko lanaldia sei ordutik gorakoa den guztietan, langileek hogei minutuko atsedenaldia izanen dute, norberaren lan planean agertu beharreko eguneroko programazioaren barrenean. Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da.

11. artikulua. Oporrak.

Oporraldiaren hasierako eguna langileek eta enpresak aurretik adostu beharko dute. Oporren egutegia urteko lehenengo bi hilabeteetan finkatuko da.

Enpresaren hitzarmen honen pean dauden langileek, lan egutegian finkatutako orduen eta hitzarmenean ezarritako orduen arteko aldea zenbatekoa den, horrenbeste ordu izanen dituzte opor gisa, betiere legezko araudian ezarritako gutxieneko oporraldia errespetatuz.

Oporren banaketa enpresak eta langileen ordezkariek ituntzen duten oporren egutegiari jarraikiz eginen da, ordezko langileen eskuragarritasunaren arabera; nolanahi ere, enpresaren eta langilearen artean desadostasunik izanez gero, unean-unean dagoen lan kargaren arabera ebatziko du enpresako zuzendaritzak. Opor egunak lansarien taularen arabera ordainduko dira. Horren ondorioetarako, larunbatak laneguntzat hartuko dira.

12. artikulua. Ordaindutako baimenak.

Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontzeagatik edo bikotekidearekin bizitzen jartzeagatik: 16 egun.

b) Emaztea edo bikotekidea erditzeagatik: 3 egun.

c) Ezkontidea, bikotekidea edo ezkontza edo odol bidezko bigarren gradu arteko ahaide bat hiltzeagatik, ospitaleratzeagatik edo operatzeagatik: 3 egun, lantegitik 40 kilometrora arteko toki batean gertatzen bada, eta 5 egun lantokitik 40 kilometrotik gora dagoen toki batean gertatzen bada. Erditzearen baimena lehen mailako odol-ahaideentzat emanen da bakarrik eta 3 egunekoa izanen da. Kirurgia anbulatorioa egiten denean, egun bat.

Hirugarren mailako odol ahaideak hiltzen direnean, langileek bi eguneko lizentzia hartzeko eskubidea izanen dute, heriotzaren ziurtagiria aurkezten badute.

d) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun bat.

e) Seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun bat.

f) Semearen edo alabaren bataioagatik eta jaunartzeagatik: egun bat.

g) Langileak gizarte segurantzako medikuaren kontsultara joan behar duenean, dela familia medikuarengana, dela espezialistarengana, behar den denbora emanen zaie; betiere, ezinezkoa bada kontsulta horietara lanorduetatik kanpo joatea eta medikuek baja-agiria edo kontsultaren ziurtagiria ematen badute. Lehen mailako ahaideren bati medikuarenera laguntzeko ere ateratzen ahalko dira lantokitik, kontsultara joateko behar den denboraz, eta betiere medikuaren ziurtagiria aurkeztuz.

h) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

i) 12 hilabetetik beherako haurrari esnea emateko: egunero ordu bat edo egiten duen lanaldiaren zati proportzionala. Langileak nahi izanez gero, horren ordez 30 minutuko bi geldialdi hartzen ahalko ditu egunero, aipatu aldiak irauten duen bitartean, edo lizentzia honengatik dagokion denbora haurdunaldiko lizentziari eransten ahalko dio. Baimen hori ezin izanen dute aldi berean hartu bi ezkontideek edo gurasoek.

j) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz HZMk edota Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo aitortuetan, izena eman duten langileek azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joateko behar-beharrezkoa den denbora hartzen ahalko dute.

k) Haurdun dauden langileek eskubidea izanen dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidearekin, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik enpresari abisatu behar zaio, eta horiek lanaldian egin beharra justifikatu.

Langile guztiek soldatarik gabeko 15 baimen (egun solteak) eskatzen ahalko dituzte urtean gehienez. Gutxienez lanegun bat lehenago abisatuz gero, baimen eskaera hori onartu beharko zaio; orobat, soldatarik gabeko 15 baimen jarraian eskatzen ahalko dituzte urtean, gutxienez bost lanegun lehenagotik eskatuz gero, onartu beharko zaizkionak. Baimen hori emateko, baldintza bat ezarri da, hots, baimena hartzen duen langileak uzten duen lanpostuaren eginkizunak betetzeko eskarmentu nahikoa duen langilerik izatea.

Langile emakumezkoek, erdituz gero, ehun eta hamabi egun ordaindu hartzeko eskubidea izanen dute, beraiek nahi bezala banatuak, legez ezartzen diren epeetan eta baldintzetan.

13. artikulua. Ordu sindikalak.

Langileen ordezkari edo Enpresa Batzordeko kide bakoitzak 20 ordu izanen ditu hilabetero, bere beharren arabera banatzeko.

Ordezkarien ordu sindikalak ordezkari baten edo gehiagoren esku pila daitezke, uzten dituen ordezkariaren baimena izanez gero. Ordu horiek erabiltzeko, aski izanen da Zuzendaritzari jakinaraztea langileak noiz atera behar duen lantokitik eta zenbat denborarako.

Artikulu honetan adierazitako baimenak hartzen badira, ez da inolaz ere murriztuko 11. artikuluan ezarritako urteko opor egunen kopurua.

14. artikulua. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak.

1. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Borondatezko eszedentziak lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du lehenbiziko urtean. Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.

2. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bosterako gehienez. Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik lau urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko.

3. Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, bost urtekoa gehienez lanpostua gorderik, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai naturala bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik hasita. Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina azkeneko eszedentziak aurrekoaren bukaera ekarriko du. Aitak eta amak lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiliko du eskubide hau. Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko zaio, eta bitartean eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Epea bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da. Bestetik, probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

4. Eszedentzia egoera bi alderdiek adosten dituzten beste egoera batzuetara ere heda daiteke, kasuan-kasuan ezartzen den araubidean eta ondorioekin.

5. Legepeko zaintza dela eta, langileren batek 12 urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

15. artikulua. Ikastaroetan parte hartzea.

Enpresak, bere ekimenez edo langileek eskatuta, langileak bere lanbide jarduerari buruzko ikastaroetara, mintegietara, jardunaldietara edo antzekoetara joatea erabakiz gero, jarduera egiten den tokiraino joan-etortzeko gastuak eta mantenu eta ostatukoak ere bere gain hartuko ditu, baita izena emateko gastuak ere. Parte-hartzaileek behar bezala justifikatu beharko dituzte gastu horiek.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Laneko eritasun baten edo lan istripu baten ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak langileari eskubidez dagokion prestazioa bajaren lehenbiziko egunetik osatuko du, taulen araberako hilabeteko soldataren gehi antzinatasun sariaren %100 berdindu arte.

Langilea ospitaleratu behar izanez gero, taulen araberako hilabeteko soldataren gehi antzinatasun sariaren %100 jasotzeko eskubidea izanen du, baina ospitaleratua egon bitartean bakarrik.

Haurdun dauden langileen kasuan, aldi baterako lan ezintasuna amatasun bajaren aurreko eritasun arrunt baten ondorioz baldin bada, haurdunaldiaren seigarren hilabetetik haurra jaio arte taulen araberako soldataren eta antzinatasun sariaren %100 ordaindu beharko dio enpresak. Osagarri hori ordaindu beharko da, orobat, aldi baterako ezintasuna haurdunaldiko arriskua dagoelako agintzen denean, mediku batek diagnostikatuta. Horrelakoetan, osagarria haurdunaldiko arriskua diagnostikatzen den egunetik aplikatuko da. Egun horrek baja-agiriaren datarekin bat etorri beharko du.

Baliezintasuna dakarten eritasun kasuetan, enpresak, diagnostikoa profesional independente batekin kontsultatu ondoren, egiazko soldataren eta antzinatasun sariaren %100era artekoa ordainduko du.

Gaixotasun arruntaren kasuetan, indarreko araudia aplikatuko da.

17. artikulua. Oinarrizko soldata (hilabete naturala).

Lanbide kategoria bakoitzeko lanpostuen balorazioa eginda, kategoria bakoitzari dagozkion hilabeteko oinarrizko soldatak I. eranskinekoak dira, laguntzailearen lanbide kategoriakoa izan ezik, horiei lan egindako ordu bakoitzeko 7,11 euroko soldata ordainduko baitzaie. Diru-kopuru horren barnean lansari kontzeptu guztiak sartzen dira (soldata, atsedenaldiak, aparteko sarien banaketa proportzionala eta oporretako sarien banaketa proportzionala).

18. artikulua. Soldaten berrikuspena.

2013. eta 2014. urteetarako tauletan agertzen dena izanen da soldata.

19. artikulua. Goragoko mailako lanak.

Enpresaren beharrak direla kausa, langileren batek kontratatu zuten lanbide kategoriaz goragoko lanbide kategoria bati dagozkion lanak egiten baditu, lan horiek benetan egiten dituen bitartean goiko kategoriari dagokion soldata jasotzeko eskubidea izanen du.

20. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Lana 22:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak bitarte egiten duten langileek gaueko lanaren plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.

Plus hori 14 eurokoa izanen da 2013. eta 2014. urteetan.

Abenduaren 24an eta 31n (Gabon Gaua eta Gau Zaharra, hurrenez hurren) 22:00etatik biharamuneko 8:00ak bitarte lan egiten duten langileek 50 euroko lansari berezia jasoko dute. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, goiz eta arratsaldeko txandan, 36 eurokoa izanen da.

21. artikulua. Jaiegunetako eta igandeetako plusa.

Errekuperatzekoak ez diren jaiegunetan (*) lan egiten duten langileei 16 euro ordainduko zaie kontzeptu horregatik 2013. eta 2014. urteetan.

Adierazitako plus horiez gainera, igandeetan lan egiten duten langileek 18 euroko plusa jasoko dute 2013. eta 2014. urteetan lan egiten duten igande bakoitzeko.

Gaueko plusa, errekuperatzekoak ez diren jaiegunetako plusa eta igandeetako plusa ordaintzeko, langilea lanean hasteko eguna hartuko da aintzat, ez ateratzekoa, nahiz eta jai ordu gehienak ateratzeko egunekoak izan.

Jaiegunetako eta gaueko lanaren plusak ez dira langilea oporraldietan dagoen bitartean ordainduko, ez eta baimen ordaindua duen egunetan ere; benetan lan egiten den egunetan ordainduko da, bakar-bakarrik.

(*) Errekuperatu behar ez diren jaiegunen kontzeptuaren barrenean ez dira igandeak sartuko; izan ere, multzo hori urtean errekuperatu behar ez diren 14 jaiegunek osatzen dute.

22. artikulua. Aparteko orduak.

Debekatuta dago, espresuki, aparteko ordurik egitea. Ezinbestez egin behar badira, dagokion ordaina ohiko orduaren %175ekoa izanen da gutxienez; diru konpentsazioa eman beharrean ordu konpentsazioa lehenetsiko da.

23. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen honek irauten duen bitartean, aparteko pagak hainbanatu eginen dira: Alderdiek konpromisoa hartzen dute, hitzarmen hau bukatzerakoan, artikulu hau berrikusteko.

24. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunari dagokion osagarria hirurtekotan ordainduko da, oinarrizko soldataren %3,25 hirurteko bakoitzeko. Gehienez bi ordainduko dira.

Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.

25. artikulua. Arropa eta oinetakoak.

Enpresak arropa edo uniformea eta oinetakoak emanen dizkie langileei. Lanean erabiltzearen ondorioz beharrezkoa den guztietan berrituko dira.

26. artikulua. Dietak.

Dieta-erdiagatik 9,01 euro ordainduko dira eta dieta osoagatik 30,05 euro.

27. artikulua. Kilometrajea.

Enpresaren beharrak direla-eta langileak bere ibilgailua erabili beharra duenean, enpresak 0,19 euro ordainduko dizkio kilometroko.

28. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Enpresak, erantzukizun zibileko poliza baten bidez, aseguru bat eginen die langile guztiei, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.

Hitzarmen honen pean dauden langile guztiek aseguraturik egon beharko dute eta kreditazioa TC-2 buletinen bidez eginen da.

Nahitaezko eszedentzian dauden langile guztiak ere aseguratuko dira, kargu publiko bat betetzeko izendatu edo hautatu direnak izan ezik, zentroaren TC delakoetan agertzen ez badira ere.

29. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.

Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:

a) 24.040,48 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

b) 27.045,54 euro, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorragatik edozein lanbide edo egitekotarako.

30. artikulua. Lan osasuna.

Laneko osasun eta segurtasunaren arloko arauei dagokienez, enpresak unean-unean indarra duten legeetan xedatutakoari segituko dio.

Urtean behin, osasun azterketa eginen zaie langile guztiei.

31. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Hutsegite arinak:

a) Hogeita hamar egunean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea.

b) Lanera agertu ez eta hurrengo hogeita lau orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea.

c) Bidezko arrazoirik gabe zerbitzua bertan behera uztea, nahiz denbora laburrerako izan. Betiere enpresari, egoiliarrei edo lankideei kalte larri edo oso larriak eragiten ez badizkie.

d) Bisitariak, familiak edo erabiltzaileak behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea, betiere enpresari, bisitariei, familiei edo egoiliarrei kalte larri edo oso larriak eragiten ez badizkie.

e) Bizilekuz aldatzearen berri ez ematea enpresari.

f) Lankideekin enpresaren esparruan eztabaidan aritzea, bisitarien, familien edo egoiliarren aurrean gertatu ez bada.

g) Lanaldiaren barrenean, norberaren sakelako telefonoa norberaren aferetarako erabiltzea.

h) Arauzko uniforme osoa ez erabiltzea lanaldiaren barnean.

i) Behar den baimenik edo justifikatutako arrazoirik gabe lanera ez agertzea.

Hauek dira hutsegite larriak:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.

b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin baino gehiagotan lanera ez joatea.

c) Zerbitzuari dagokionez, agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, enpresaren edo egoiliarren kalterako.

d) Familian izandako aldaketak, enpresak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharretan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea. Kontu horietan maltzurkeriaz jokatzea hutsegite oso larritzat hartuko da.

e) Gorakoek esana zerbitzuaren edozein arlotan ez betetzea. Ez betetze horren ondorioz kalte nabarmenik egiten bazaio lanari edo jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen badio, hutsegite oso larritzat jotzen ahal da.

f) Lantokiko gaiak edo materialak zaintzerakoan axolagabekeria larria izatea.

g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

h) Bisitariak, ahaideak edo egoiliarrak bertan daudela lankideekin eztabaidatzea.

i) Enpresaren gai, tresna edo jantziak lanetik kanpoko gauzetarako erabiltzea.

j) Langilearen garbitasun eta txukuntasun falta, lanean ari denean.

k) Lanean segurtasun eta osasunerako ezarritako arau eta neurriak ez betetzea edo bertan behera uztea, horren ondorioz osasunerako eta integritate fisikorako arriskuak sortzen ahal direnean izan ezik, halakoetan arau-hauste oso larritzat joko baita.

l) Lanean ari dela erretzea edo alkoholezko edariak edatea.

m) Enpresak emandako sakelako telefonoari ez erantzutea, justifikatutako arrazoirik ez bada, lanaldian eta zaintza txandetan.

n) Hutsegite arinak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik ohartarazi zaionean.

Hutsegite oso larriak izanen dira:

a) Urtebeteko epean lanera 20 alditan baino gehiagotan berandu iristea.

b) Hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe, hiru aldiz lanera ez joatea, edo 10 aldiz sei hilabeteko epean.

c) Eritasuna edo istripua simulatzea.

d) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea egoiliarrei, goragokoei eta lankideei.

e) Lanetik alde egitea edo zabarkeria larriz aritzea, enpresari kalte larriak eginez gero edo egoiliarrei egin ahal izanez gero.

f) Agindutako kudeaketetan iruzurra, leialtasunik eza edo konfiantza-abusua erakustea, eta enpresari nahiz hirugarrenei lapurtzea, ebastea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, enpresaren eraikinetan zerbitzua ematerakoan.

g) Enpresaren material, lanabes, tresna, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu edo haustea.

h) Enpresan edo enpresatik kanpora ebatsi edo lapurtzea, edo ondasunak bidegabe erabiltzea.

i) Lanean horditzea edo drogak erabiltzea.

j) Egoiliar edo erabiltzaile baten prozesu patologikoaren, haren barru-barruko kontu baten edo indarreko legeek babesten duten beste edozein datu pertsonalen berri ematea.

k) Enpresaren edo egoiliarren isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

l) Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

m) Garbitasun falta, betiere behin baino gehiagotan ohartarazi baldin bazaio langileari, edo harekin lan egiten duten lankideak zentzuzko arrazoiengatik kexatzeko moduko garbitasun falta denean.

n) Lanean ohiko errendimendua nahita gutxitzea denbora luzean.

o) Lantokian diziplinarik ez izatea.

p) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.

q) Sei hilabetean hutsegite larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan.

32. artikulua. Zehapenak.

Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, hutsegitearen gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.

Hutsegite larriak eta oso larriak ordezkari sindikalari edo enpresa batzordeari jakinaraziko zaizkio, horrelakorik baldin badago.

Enpresak, egindako hutsegiteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:

a) Hutsegite arinak:

–Kargu-hartze idatzia.

–Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

–Lanera ez joateagatik edo berandu iristeagatik lan egin ez den denborari dagozkion ordainsariak hein berean murriztea.

b) Hutsegite larriak:

–Kargu-hartze idatzia, ordezkaritza sindikalari edo enpresa batzordeari jakinarazita.

–Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriak:

–Kargu-hartze idatzia, ordezkaritza sindikalari edo enpresa batzordeari jakinarazita.

–Gutxienez hamasei eguneko eta gehienez hirurogei eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

–Kaleratzea.

33. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Arau-hauste arinek hamar egun pasatzean preskribatuko dute; larriek hogei egun pasatzean; eta oso larriek hirurogei egun pasatzean. Kasu guztietan sei hilabete pasatzean.

Betiere, preskribatzeko aldia enpresak horren berri duenetik hasiko da.

34. artikulua. Eskubide sindikalak.

Langileek Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren arabera aitorturik dituzten eskubide guzti-guztiak errespetatuko ditu enpresak.

35. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen honen gaineko auziak interpretatu eta segimendua egiteko, eta lan arloko agintaritzak eta organo jurisdikzionalek legez aitortuak dituzten eskumenak galarazi gabe, hitzarmena sinatu eta hilabeteko epean Batzorde Paritario bat eratuko da, enpresa batzordearen eta enpresaren ordezkariek osatua. Alde bakoitzak kide kopuru berbera izanen du.

Batzorde paritarioak lau kide izanen ditu: langileen bi ordezkari eta enpresaren beste bi.

Batzorde Paritarioa alderdietako edozeinek eskatzen duenean bilduko da. Erabakiak baliozkoak izateko, bi alderdiek aho batez onetsi beharko dituzte. Aho batez onesterik ez badago, auzia jurisdikzio eskudunera igorriko da, ebatz dezan.

36. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratazio irregularra.

Bitarteko kontratuen egonkortasuna bermatzeko eta aldi baterako kontratazioa murrizteko asmoz, eta orobat, mugatu gabeko lanaldi osoa duten langileei Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak 2004ko urriaren 12an emandako epaian (C-313/02 auzia) ezarritako doktrinaren araberako oporren egutegia bermatzeko asmoz, lanaldi partzialeko kontratazioetan lanaldiaren banaketa irregularra ezarri ahal izatea adostu da. Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren epai hura lanaldi partzialeko lan kontratuei buruzkoa da, eta lanaldiaren iraupena eta lan denbora lan kargaren arabera banatzea ezartzen du.

Laguntza zentroen ezaugarriak direla eta, egoiliarrei behar bezalako laguntza emateko, lanpostu askok etengabe beteta egon behar dute. Bi alderdiek adostuta, absentzia horiek ordezteko, lanaldi irregularra duten lanaldi partzialeko kontratazioak egiteko aukera ezarri da. Kasu horietan, lanaldia metatzen ahalko da eta egutegiaren arabera eta zentroetako lan karga puntualaren arabera banatuko da, lanpostu bakoitzeko titularren absentzietan oinarriturik.

Langile horiek urteko gutxieneko lanaldi bat izanen dute, lan kontratu bakoitzean banan-banan itunduko dena. Lansariak eta kotizazioak hilero-hilero kalkulatuko dira, benetan egindako orduen arabera. Gainerako lan baldintzak, oporren araubidea barne, indarreko lege xedapenetan bermatuta daudenak izanen dira.

Aparteko orduen kopurua ezin izanen da lan kontratuaren arabera duten ordu arrunten kopuruaren %60 baino handiagoa, eta ordu horiek egitea nahitaezkoa izanen da kontratuak indarra duen bitartean. Aparteko ordu horiek indarreko legedian ezarritakoaren arabera eginen dira.

37. artikulua. Lege subsidiarioak.

Hitzarmen honetan ezarri ez diren gaietarako, Langileen Estatutuan eta lan arloko legedi orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.

Enpresak hitzarmen honen baldintzei eutsiko die indarra duen bitartean. Ez da aplikatuko Langileen Estatutuaren 82. artikulua.

I. ERANSKINA

2013-2014 lansarien taulak

KATEGORIAK

Deskripzioa

Oin. soldata

Jarduera-plusa

OLT/EUD

1.476,98

SUKALDARI NAGUSIA

1.077,37

120,82

SUKALDEA*

959,27

HARRERAGILEA

931,48

MANTENTZE-LANAK

1.290,70

298,08

ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA/ZAINTZAILEA

979,27

GARBIKETA*

889,72

%100eko lanaldiari dagozkion lansariak.

Lehen Xedapen Gehigarria

Batzorde Paritarioa

Batzorde paritarioa eratuko da, alde sinatzaile bakoitzeko 2 kidek osatua, hitzarmen kolektibo hau betetzeko interpretazio eta zainketa organo gisa.

Batzorde paritarioak eginkizun berariazko hauek ditu, besteak beste:

1. Hitzarmen kolektiboaren jarraipena eta garapena.

2. Aldeek eskatuz gero, bitartekotza edo arbitraje lanak egin beharko ditu, hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuan sortzen diren auzi eta gatazka banakakoak zein kolektiboak aztertu eta konpontzeko.

3. Itundutakoa betetzen den zaindu ahalko du.

4. Orobat, bide administratiboa eta jurisdikzionala baino lehen ari beharko du zilegi dutenek aurkezten dituzten gatazka kolektiboetan; horretarako, batzorde paritarioak akta eginen du.

Langileek edo enpresaburuek zuzenean eskatuta, batzorde paritarioaren esku uzten diren gaiak zazpi egun baliodunean, gehienez ere, ebatzi beharko dira hartzen direnetik, bide judizialera jo baino lehen; ez bada epe horretan ebazten, baztertutzat jo beharko da afera.

Iragarkiaren kodea: F1310651