153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

296E/2013 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Zuñigako 2. poligonoko 71. lurzatian dagoen untxi-haztegia hornitzeko proiektaturiko behe tentsioko instalazio elektrikorako. Sustatzailea Imelda Ibáñez San Pedro da.

2013ko ekainaren 4an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da lurzatian eraiki berri den untxi-haztegia argindarraz hornitzeko hargune-hodia jartzea. Hodia Zuñigako 2. poligonoko 9. lurzatian lur azpian dagoen kutxeta batetik abiatuko da, argindarrez hornitu nahi den instalaziotik 200 bat metrora, eta 2. poligonoko 72. lurzatia zeharkatuko du zanga batetik, hego-mendebalderantz, alor batzuetan barna, 2. poligonoko 71. lurzatiraino, hantxe kokatuko baita instalazioa. Lurzati horretan dela, hango nabearen aurreko alderantz jotzen du, perimetroari segituz iparralderantz eta mendebalderantz barrenetik, berriz ere zenbati alorretan barna.

Zanga 400 bat metro luze izanen da, eta 0,90 metro zabal. Ukipen-zerrenda 4 metro zabal izanen da, obretarako. Lurraren eta linearen ezaugarriak direla eta, ez da ukipen nabarmenik aurreikusten natur ingurunearen gainean.

Eskaera Zuñigako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ekainaren 17an haren erantzuna jaso da, eta bertan adierazten da jarduketa bateragarria dela hirigintzaren ikuspuntutik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Zuñigako 2. poligonoko 71. lurzatian dagoen untxi-haztegia hornitzeko behe tentsioko instalazio elektrikorako. Sustatzailea Imelda Ibáñez San Pedro da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

–Hargune-hodia eramateko zangaren trazadurak ez dio ukipenik eraginen natur-landarediari, ez eta lurzoruaren nekazaritza lurrei ere, lanak bukatutakoan lehengoratuko baitira.

–Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko geruza betetzeko. Soberako lurra, emankorra ez dena, eta obra-hondakinak baimena duen zabortegi batera eramanen dira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Zuñigako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko uztailaren 19an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1310663