153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

295E/2013 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Errege Bardeako 45. poligonoko 164. eta 165. lurzatietan ura bultzatzeko eta pilaketa putzuaren proiekturako. Sustatzailea Errege Bardeako Komunitatea da.

2013ko apirilaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Sustatzailea Errege Bardeako Komunitatea da. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen. Ingurumen ukipenen azterlana 2013ko uztailaren 4an aurkeztu zen.

Ura bultzatzeko hodi bat jartzea sartzen da proiektu honen xedeko obretan, hura Cinco Villasko (Zaragoza) erretenetik hartuta; 4.727 metroko ibilbidea eginen du Nafarroako Foru Komunitatearen barrenean Errege Bardeako “La Abejarica” alderdian, La Negra alderditik hurbil, den pilaketa putzuraino, Errege Bardeako 45. poligonoko 164. eta 165. lurzatietan, hortik banatu gogo baitzaie ura abeltzaintzako barrutiei, bere egunean, hodi sare baten bitartez.

Hargunetik Diesel ponpaketa multzo baten bidez bultzatuko da ura 150.000 m³-ko pilaketa putzuraino, gorago egonen baita.

Tramitatzeko aurkeztu den dokumentazioa hoditeriari eta pilaketa putzuari dagokie, eta ez da banaketa sareari buruzko dokumentaziorik tramitatu.

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzukoak diren Habitaten Atalak uztailaren 12an eta Plangintza eta Laguntza Atalak uztailaren 4an egindako txostenak kontuan hartuta, aditzera ematen da proiektua gauzatu daitekeela ingurumenean muntako ukipenik eragin gabe, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete beharko direla.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Errege Bardeako 45. poligonoko 164. eta 165. lurzatietan ura bultzatzeko eta pilaketa putzuaren proiekturako. Sustatzailea Errege Bardeako Komunitatea da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

–2013ko uztailaren 4an aurkeztu zen Ingurumen ukipenen azterlanean ezarritako neurri zuzentzaile guztiak erantsiko zaizkio proiektu teknikoari.

–Edozein modutan, obrak ezin dira abuztuaren 1ean baino lehenago hasi.

–Lanen zuinketa egin aurretik, gutxienez 72 ordu lehenago abisu emanen zaio 12. eskualdeko Basozaintzari (Tutera).

–Zuinketa horretan, eskualdeko berezko landarediak ahalik eta ukipen txikiena izatea bermatuko da, baita ukitutako aldeak lehengoratzea bermatuko duten neurrien aplikazioa ere.

–Txosten bat eginen da putzuko ezponden azken soluzioari eta harri-lubetaren ezaugarriei buruz, beharrezkoa bada, putzura sar daitekeen faunak irtenbidea izanen duela bermatuko duten neurriak hartzeko. Puntu hori ere kontuan hartuko da gainezkabide-kutxetarako (4 m × 1 m × 1 m).

–Hustubideen sakanerako irteerek hura baldintza egokietan mantentzea bermatu behar dute; izan ere, horrelako sakanek eta haien ur erregimen arruntak interes handia dute faunako (anfibioak eta intsektuak) eta florako zenbait espezieren kontserbaziorako.

–Ingurumen ukipenetarako baimen honek ez du esan nahi banaketa sarea onartzen denik. Horri dagokionez eta aurkeztutako dokumentazioan azaldutakoa kontuan hartuta, barrutietako abeltzaintzako beharrak urez hornitzeko azpiegitura baino ez da izanen obra hau (suteak itzaltzeko horniduraz aparte), eta ureztaketa berariaz baztertzen da.

–Nekazarientzako ur guneen ekarpen osagarria (tratamendu fitosanitarioetarako) banaketa sarearen proiektuan baloratuko da, ez baita behar adinako informaziorik ematen.

–Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak 2013ko uztailaren 4ko txostenean ezarritako baldintzak zorrotz beteko dira Erronkariarren Errege Altxonbidearen gaineko ukipenei buruz. Txosten hori ebazpenari gehitu zaio.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Errege Bardeako Komunitateari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Tuterako eskualdeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko uztailaren 19an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1310673