153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

289E/2013 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Azueloko obra-hondakindegia zena lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Azueloko Udala da.

2013ko ekainaren 3an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Sustatzailea Azueloko Udala da. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

1. Azueloko 1. poligonoko 646. lurzatian dagoen obra-hondakindegia zena lehengoratzea du xede proiektatutako jarduketak; izan ere, itxita eta ezer botatzeko debekuaren kartela zuela egonagatik ere kontrol gabeko hondakinak ditu, bistarako eragin larria sortzen dutenak.

Azueloko Kale Nagusiko sareak eta zoladura berritzeko obretatik ateratako lurrekin estaliko da hondakindegia. EEHak kudeatzeko azterlanak, aipatu obren proiektuan sartuta baitago, LER 17 05 03 kodeaz zehaztutakoez bestelako lur eta harriak hartzen ditu kontuan, 988,21 m³ hain zuzen. Kopuru horretatik, 790 m³ lur erabiliko da obra-hondakindegia lehengoratzeko.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Azueloko obra-hondakindegia zena lehengoratzeko proiekturako. Azueloko Udalak sustatzen du proiektua.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

–Hondeaketa laneko lur eta harri garbiak bakarrik onartuko dira Azueloko obra-hondakindegia zena lehengoratzeko material gisa. Espedientean jasotako txosten baloratuak dioen moduan, hondakinen kudeatzaile baimendu batek behar bezala kudeatuko ditu EEHak; gainera, obra-hondakindegian diren eta lurperatzeko gai ez diren hondakinez arduratuko da.

–Lanak egiten hastean, okupatu beharreko azalerak modu argian seinalizatu eta mugatuko dira. Aurkeztutako txostenaren zenbait ataletan adierazi moduan, ez da inoiz hurrengo metodoaz jokatuko: ezpondara lurra ekartzea obra hondakinak estaltzeko geruza, 80-90 cm lodi batez beste, sortzeko asmoz..., aitzitik, atzerakako hondeamakina batek lan egin beharko du malda txikiko ezponda lortzeko (22,5º-ko malda edo txikiagoa, edo 2H/1V-koa).

–Adierazitako topografia lortutakoan, gainazalak finduko dira material lodiak (30-40 cm-tik gorako diametroa dutenak) kenduta, eta kalitateko lurra palaz zabalduko da. Azkenik, lurrak behar adinako kalitatea ez badu edo sakonekoa bada, medeagarri organikoak ekarriz hobetuko da.

–Malda homogeneoko gainazala bakarra izanen dute ezponda sortu berriek, ertz zuzenik izan gabe malda desberdineko gainazalen artean. Halakorik sortuz gero, biribildu egin beharko dira erliebe berria naturalizatzeko, batez ere lurzati mugakideak ukitzen dituzten tokietan.

–Azkenik, ezpondaren gainazala landareztatuko da, eskualdekoak diren belar espezieen hazi nahaste bat ereinda.

–Obra-hondakindegiko sarrera itxita egonen da itxiera lanak egiten diren ordutegitik kanpo, eta hala jarraituko du obra-hondakindegia erabat lehengoratu eta gero. Obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko lanek ez dute hilabetetik gora iraunen Azueloko herrigunean sareak berritzeko proiektuko obrak bukatzen direnetik.

–Obrak bukatutakoan, haiei buruzko azken txostena igorriko da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, lehengoratutako obra-hondakindegiaren azken emaitza iruditan erakusteko.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Azueloko Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko uztailaren 5ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1310671