153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263E/2013 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Elizagorriko Udalak sustatzen duen bertako Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Elizagorriko Udalak 2011ko apirilaren 6an egindako bilkuran, Hirigintzako Udal Plana hasiera batez onestea erabaki zen. Elizagorriko Udalak 2011ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2an, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen aipatu espedientea, zegokion Ingurumen ondorioen azterlanarekin. Jendaurreko epe horretan ingurumen edukiko bi alegazio jaso ziren.

Alde batetik, Agustín Ramirez Muñoz jaunak eta Pedro Pascual jaunak SR-3-ARS-3 lurzoru urbanizagarriko sektorea planetik kentzeko eskatu dute edo, betiere, 1. poligonoko 208. eta 210. lurzatiak kentzeko, haien jabeak baitira. Herritarrek beren esperientziagatik diote, argudio gisa, uholde arriskuaren azterlanean adierazitakoak baino laburragoak direla uholde arteko epeak lurzati horietan. Aztertu ondoren, alegazioa baietsi da eta lurzatiak zaindu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuko dira.

José María eta Ángel María Mayayo Sainz anaiek katastroan altxonbidetzat jotzen diren lurzatien hirigintza egoera berrikusteko eskatu dute, eta jabetzako eskriturak aurkeztu dituzte. Nafarroako Gobernuko Plangintza eta Laguntza Atalak aztertu zuen kontu hori, eta 2012ko apirilaren 19ko txostenean errekurtsogileen alegazioa baietsi zuen, eta planteatu, planeamenduan ibai ibilbidean barrena proposatzen den abelbidearen trazadura aldatuz konpentsatzea azalera hori.

Jendaurrean jarritako dokumentazioan Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenean adierazitako alderdien multzoa sartzen da. Txostena, Elizagorriko Lurraldea Okupatzeko Estrategiari eta Ereduari buruzkoa, 2007ko urriaren 18an eman zen.

Udal plan orokorrak hiri lurzorua mugatzen du, eta hiri ertzak eta barreneko eremuak berreskuratzea proposatzen du. Beste bizitegi eta industria eremu urbanizagarri batzuk, lurraldearen baldintzekin bateragarriak direnak, garatzea proposatzen du, hala nola, ibai sistema eta uholdeak; orobat, komunikazio eta azpiegiturekin bateragarriak direnak. Halaber, indarra duen planeamendua 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera eguneratu eta egokitu da, hirigintzako legeriara moldatuz, lurzoru urbanizaezinari dagokionez bereziki. Aurreko planeamenduan lurzoru mota horri eta haren babes araubideari buruzko xehetasun azterlanik ez zegoen, eta orain zuzendu egin da hori.

Elizagorriko Udal Planean jasotako azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 16,58 km². Lurraldearen gaitasunek eta ingurumen balioei buruz eta ibai sistemaren uholde arriskuaren ondorioei buruz beharrezkoak diren babesek garapen eredu trinkoa eratzen dute gaur egungo Elizagorriko herrigunearentzat. Eraikin berriek eta lehendik daudenek orientazio egokia dute hegoaldera, eta bista ederrak, hegi batean daudelako, baita babesa ere iparraldeko haizetik. Indartu egiten da egungo kokalekuaren norabidea, hegoaldera begiratzen baitu, kale nagusiak ekialdetik mendebaldera dituela eta tarteko espazioak eta konexioak zeharka; bestetik, arrazoizkoa eta egokia da konexioekiko lotura.

Hauek dira proposameneko jarduera eremu berriak:

1.–Bizitegi eremuak: gaur egungo sarea berriztatzea eta, sare horri jarraipena emateko eta hegoalderako orientazioa baliatuta, beste bizitegi eremu batzuk proposatzen dira.

2.–Nekazaritzari laguntzeko eremua (SI1/ARS1): nekazaritzako tailer eta biltegietarako, “17. iraganbidea” izeneko abelbidetik hurbil. Banaketa eremuaren azalera 31.007,49 m²-koa litzateke, guztira.

3.–Industria eta ekonomia jarduerarako eremua (SI2/ARS2), herrigunearen mendebaldean. Banaketa eremuaren azalera 98.397,06 m²-koa litzateke, guztira.

4.–Azalera handia behar duten jarduera berezietarako eremua.

Eredu honek batera kudeatzen ditu gaur egun herrigunean eta inguruan gauzatzen diren jarduerak; horrela, hiri sarearen barrenean sakabanatuta dauden nekazaritzako biltegiak edo autobiatik sarrera nagusian den hegazti haztegia erabilera horietarako egokiagoak diren beste kokaleku batzuetara eramanen lirateke.

Planaren araberako bizitegien eta industriaren garapenak aukera ematen du Odron ibaiaren landa zabalak kontserbatzeko, balio ekologiko handiko larre eta gatz-lurrekin, baita Linares ibai ondoko baratzeen eta ibaiaren paisaia ere, herrigunetik oso hurbil, mugigarritasuna laguntzen duela.

Ingurumen ondorioen azterlanak zehazki aipatzen du udal planaren eta beste plan edo programa batzuen arteko elkarreragina; bereziki, “Ebroko Ardatza” lurralde antolamenduko plana (LAP-5). Horrexek udal planean txertatu diren babes bereziko eremu hauek aipatzen ditu Elizagorrirako:

–Ingurumen balioko lurzoruaren barrenean, Elizagorrian, “Ibai eremua: ibilgu eta ibai-bazterren sistema” izeneko azpikategorian, LAP-5ak Linares eta Odrón ibaien zabalera handi bat eta haien ibaiadarrak sartzen dira.

–Ingurumen balioko lurzoruaren barrenean, “Interes bereziko landaredia” izeneko azpikategorian, “berezko landare formazio baliotsuak, Nafarroan bereziak izateagatik”: Elizagorrian, sakan mediterraneoetako gatz substratuen gaineko landaredia (Linares eta Odron ibaiak eta horien ibaiadarrak), eta udalerriaren ipar-ekialdean diren igeltsuen gaineko sastrakak dira (“Estelleriko igeltsuak” izeneko Batasunaren Intereseko Lekuari jarraituz, Los Arcosko udal mugapean).

Ingurunearen analisiak ingurune fisikoaren datuak jasotzen ditu, klimari, geologiari eta geomorfologiari buruz, eta Linares eta Odron ibaiek eta horien ibaiadarrek osatutako ur sarea dute aipagai. Bada uholde arriskuari buruzko azterlan bat ere; bertan, besteak beste, hustubide nagusia definitzen du eta 500 urtetik behineko uholdeak ukitutako azalerak arriskuengatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean sartu beharra adierazten.

Ingurumen ondorioen azterlanak lurralde horretako berezko landare-sailak, egungo landaredia, flora berezia eta Batasunaren intereseko habitatak identifikatzen ditu. Faunaren sailean, estepako hegaztiak, Odron ibaiari lotutako ugaztunak (igaraba eta ur-ipurtatsa) eta hezeguneetan bizi diren anfibioen komunitateak nabarmentzen dira.

Zortzi aztarnategi arkeologiko katalogatu dira eta iraganbide kategoriako bi abelbide daude: 17.a eta 22 bis. Planak beste bide bat planteatzen du 17. iraganbiderako, herrigunean duen tarterako, ibaira hurbiltzen baitu.

Udalerri osoan sei ingurumen unitate aipatzen dira, homogeneoak antzeko erabilera eta arriskuengatik (nahiz kartografia ez den udalaren eskalan zehaztu).

Ingurumen ondorioen azterlanak ahultasun, mehatxu, indar eta aukeren gaineko analisia egiten du, eta eragina izan dezaketen planeko ekintzak aipatzen ditu.

Elizagorriko lurraldeko ingurumen balioen kontserbazioa lurzoru urbanizaezinaren sailkapenari eta kategorizazioari esker bermatzen da. Babestu beharreko lurzoruen kategorian, azpikategoria hauek bereizten dira:

–Ingurumenaren aldetik duten balioagatik: interes bereziko landaredia eta “Ibai eremua, ubide eta ibai-bazterren sistema”.

–Kulturaren aldetik duten balioagatik: aztarnategi arkeologikoak eta abelbideak.

–Arriskuei aurrea hartzeko: uholde eremuak.

Zaindu beharreko lurzoruen kategorian, ingurumen edo paisaia edukiko azpikategoria hauek bereizten dira:

–Paisaiaren aldetik duten balioagatik.

–Ingurumenaren aldetik duten balioagatik: lurraldeko iturramak, ingurumen balioa eta balio babeslea duten zuhaiztiak, estepa intereseko eremuak eta udalerriko ingurumen intereseko elementuak.

–Natura aldetik ustiatzeko duen balioagatik: laborantzako agrosistemak.

Udal mugapean hiri lurzoruaren sailkapena duen lurralde osoaren (P8.1 planoa) zonifikazio akustikoa sartzen da planean.

Aldeko txostena dago, Ur Zerbitzuak 2011ko irailaren 9an emana; izan ere, eraikin berri guztiak lehentasunezko jario eremutik kanpo kokatzen ditu eta mugaketa horrek ukitutako hiri lurzoruak eta lur urbanizagarriak berdegune gisa (parke eta lorategiak) uzten ditu, eta sotoak debekatzen dira Linares eta Odron ibaietatik hurbilen diren banaketa eremuetan. Dena dela, ñabardura bat egiten dio 500 urtetik behineko uholde kotari, gutxieneko sestra horiek lotzaileak baitira sektore urbanizagarrietako hurrengo plan partzialetarako eta urbanizazio proiektuetarako. Azkenik, gomendagarritzat jotzen du, ahal den neurrian, SR1-ARZ18/U18 unitaterako proposatutako eraikinak kentzea, 500 urtetik behineko uholde eremuan daudenez, baita SR1-ARZ17/U17rako ere, ibaitik eta lehentasunezko jario eremutik oso hurbil dagoelako.

2011ko azaroaren 4an, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak dokumentazioa eskatu zuen sustatzaileak zuzenketa edo hobekuntzak egiteko, batez ere lurzoru urbanizaezineko kartografiari dagokionez; orobat, babes zerrenda bat ezartzeko urbanizatu beharreko gunean, Linares ibaiaren ondoan.

Plangintza eta Laguntza Atalak txostenak egin zituen 2011ko maiatzaren 23an eta 2012ko apirilaren 19an, abelbideei buruz. Horietan, besteak beste, 17. iraganbiderako beste trazadura bat baimentzeko baldintzak ezarri ziren, herriguneko bidea ibaiaren ibilbidetik egin dezan.

2012ko abuztuan, udal plan orokorraren behin-behineko onespenaren dokumentazio berria sartu zen.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak bere txostenean dio linea elektrikoaren azpiegituretarako babestutako lurzoruaren mugaketa zuzendu behar dela, 66 kV-eko ST El Sequero-Los Arcos goi tentsioko aireko linearentzat onetsi eta gauzatutako trazadurari egokituta. Orobat, aerosorgailuen azpiegituretarako babestu beharreko lurzoruaren mugaketak parke eolikoaren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatzetik ateratzen denari jarraituko diola. Erabatekotzat jo da Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta aldeko txostena eman da, ingurumen arloko zenbait baldintza planean txertatuta.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Elizagorriko Udal Hirigintza Planaren alde, Udala bera planaren sustatzaile izanik.

2. Udal Planean ingurumen alderdi hauek gehitu beharko dira, Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza gisa:

–Zaindu beharreko lurzoru urbanizaezinerako babes araubidea zehaztu beharko da, Lurraldearen Antolamenduko Planetik ateratako fitxek irizpide orokorrak ezartzen dituztenez.

–Plangintza eta Laguntza Atalak, 2012ko apirilaren 19an, abelbideei buruz, emandako txostenean azaltzen diren baldintzak erantsiko dira, baita Ur Zerbitzuak 2011ko irailaren 9an emandako txostenekoak ere.

–Udal planak planteatzen duen moduan, Linares ibaiaren ondoan, eremu libre publiko bat diseinatuko da UE-17an. Berdegune horretan ibai-bazterreko espezieak bakarrik landatuko dira, eta ez da aldaketarik eginen hasierako lurzoruaren mailan (harri-lubetak, hormak, irazgaizteak, lubetak edo indusketa lana), salbu gaur egungo lur hesia ubidetik kentzea. Baldintza horiek hirigintza fitxa partikularrean jasoko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Elizagorriko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko ekainaren 20an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1310674