153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 17an hartua, Toursko San Martin eliza (Orisoain, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Toursko San Martin eliza izeneko higiezina (Orisoain, Nafarroa) monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1979ko ekainaren 1eko Dekretuaren bidez (1979-7-23ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak apirilaren 3an emandako 97/2013 Ebazpenaren bidez, Toursko San Martin eliza (Orisoain) izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko ekainaren 10ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko ekainaren 17an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Toursko San Martin eliza (Orisoain, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Toursko San Martin elizaren (Orisoain) babes inguruneak honako hauek hartzen ditu barnean: 3., 1., 2., 4., 5., 287. eta 288. lurzatiak eta 454. lurzatiak kale nagusira duen fatxada, denak ere Orisoaingo udalerriko 1. poligonoan, baita bideek lurzati horien artean dituzten eremuak ere.

Monumentuaren babes ingurune horretan, egun dagoen eraikuntza besterik ez da izanen.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1310602