153. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 17an hartua, Gazolazko (Nafarroa) Andre Maria eliza izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Gazolazko Andre Maria eliza izeneko higiezina monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez (1931-6-4ko Kazeta).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak apirilaren 3an emandako 98/2013 Ebazpenaren bidez, Gazolazko Andre Maria eliza izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko ekainaren 10ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko ekainaren 17an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Gazolazko (Nafarroa) Andre Maria eliza izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Gazolazko Andre Maria elizaren babes inguruneak honako hauek hartzen ditu barnean: 5., 6., 7., 9., 10., 23., 24., 90. eta 287. lurzatiak, 416. lurzatiaren zati bat, Andre María kalearen aldera dagoena, 415. eta 429. lurzatietan Andre María kalera ematen duten fatxadak, 14. lurzatiko eremu bat, 105. lurzatiaren iparraldean dagoena, 105. lurzatiak iparraldera duen fatxada eta 15. lurzatiak plaza aldera dituen fatxadak, denak ere Zizur udalerriko 3. poligonokoak, baita lurzati horien artean dauden bideetako eremua.

Monumentuaren babes ingurune horretan, egun dagoen eraikuntza besterik ez da izanen.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1310593