152. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 17an hartua, “Lizarrako Espoz y Mina kaleko 8. zenbakian dagoen eraikineko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeagatik ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Lizarrako Udalak sustatu du.

Lizarrako Espoz y Mina kaleko 8 zenbakiko eraikineko jabeen elkarteko buruak eskaturik, Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrak 2012ko abenduaren 20an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Lizarrako Espoz y Mina kaleko 8. zenbakian dagoen eraikineko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik igogailu bat jartzea eraikin horretan. Ondoren, plan berezia jendaurrean jarri zen, interesdunek bidezko juzgatzen dituzten alegazioak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea iraganik, Lizarrako Udalak 2013ko apirilaren 4ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onetsi zen behin betikoz aipatu plan bereziak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazio bakarra ezetsi zen.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek, jabeen elkarte baten onurarako, desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea, irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak (kasu honetan igogailu bat) paratzeko asmoz batik bat bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Lizarrako Udalak aurkeztutako espedientean Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua zenak egindako ziurtagiri bat dago, baita medikuaren txosten bat ere, non frogatzen baita hainbat desgaitasun mota eta hainbat desgaitasun maila dituzten jabeak bizi direla Lizarrako Espoz y Mina kaleko 8. zenbakiko jabeen elkartearen eraikinean. Horrek justifikatzen du desjabetzeak ukitzen dituen ondasunak presaz okupatzea, igogailua jarrita ahalik eta lasterren izan dezaten sarbide hobea beren etxebizitzetan.

Horrenbestez, Lizarrako Udalak eskatuta, dagokion txosten juridikoa ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. “Lizarrako Espoz y Mina kaleko 8. zenbakian dagoen eraikineko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeagatik ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Lizarrako Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Lizarrako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1310594