1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 17an hartua, “Ultzama, Odieta, Anue eta Lanzko Udalei uraren goi hornidura egiteko (3. fasea) baterako soluzioa” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiak otsailaren 13an emandako 49/2013 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, ekainaren 20ko 315/2013 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta ebatzi egin zuen aurkeztutako alegazioen gainean, ebazpen horren azalpen zatian adierazitakoaren arabera.
Presakoa da proiektuaren exekuzioak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; izan ere, edateko uraren emaria bermatu behar zaie Ultzanuetako Mankomunitateko erabiltzaileei, eta ur horren kontsumorako gaitasuna eta osasungarritasuna hobetu behar dira, kalitateko akatsak kenduta eta efizientzia handituta; hori guztia, zerbitzua berdintasun baldintzetan emateko erabiltzaile guztiei.
Nafarroako Gobernuak, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. “Ultzama, Odieta, Anue eta Lanzko Udalei uraren goi hornidura egiteko (3. fasea) baterako soluzioa” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.
Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1310591