152. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 17an hartua, Mendabiako Udalak eskaturik, “UE6+UE8 exekuzio unitatearen desjabetze espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

2012ko maiatzaren 18an eratu zen Mendabiako Udal Planeko UE6+UE8 exekuzio unitatearen konpentsazio batzordea.

Aipatu konpentsazio batzordeari erantsitako lurren hiru jabek, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 162. artikuluan adierazitakoari jarraituz, Mendabiako Udalari igorritako idazkietan, zeinek berean, adierazi dute ez dutela parte hartu nahi UE6+UE8 exekuzio unitateko jarduketaren konpentsazio sisteman, eta beren ondasun eta eskubideak desjabetuko dituen espedientea hasteko eskatu dute, aipatu konpentsazio batzordearen alde.

Mendabiako Udalak 2013ko otsailaren 28ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez hasi zen konpentsazio sisteman parte hartzen ez duten jabeek eskatutako desjabetze espedientea, eta jendaurrean jarri zen hamabost egun balioduneko epean ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko epea bukatuta, Mendabiako Udalak 2013ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen behin betiko desjabetze espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta planteatutako alegazio bakarra ezetsi zen.

UE6+UE8 exekuzio unitatearen desjabetze espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazteko eskatu du Mendabiako Udalak.

Aipatu lege arauaren 162. artikuluan ezarritakoari jarraituz, beren ondasun eta eskubideak desjabetzeko konpentsazio sistema batean parte hartu nahi ez duten jabeen eskaerak ez du sistema geldituko, eta presako desjabetze prozedura aplikatu beharko da.

Mendabiako Udalak aurkeztutako espedientean bada ziurtagiri bat, UE6+UE8 exekuzio unitateko konpentsazio batzordearen kudeatzaileak emana, batzordeak desjabetze kostuei aurre egiteko behar adinako kontu-saila baduela frogatzen duena.

Horrenbestez, Mendabiako Udalak eskatuta, dagokion txosten juridikoa ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Mendabiako Udalak eskaturik, UE6+UE8 exekuzio unitatearen desjabetze espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Mendabiako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1310590