1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2013ko uztailaren 5ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Oberena Erakundea entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iruñeko Oberena Erakundea entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100412012013) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko ekainaren 12an sartu zena, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko maiatzaren 31n izenpetu eta 2013ko uztailaren 4an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2013ko uztailaren 5ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
HITZARMEN KOLEKTIBOA
1.–Aplikazio eremua.
Hitzarmen hau Oberena Erakundeak eta bertako langileen delegatuak izenpetu dute. Oberena Erakundean langile finko nahiz aldi baterako gisa zerbitzuak ematen dituzten guztiei eraginen die, kirol teknikariei izan ezik.
2.–Indarraldia.
Hitzarmen honek indarra izanen du 2013ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31 bitarte.
Beste hitzarmen bat negoziatzen ez den bitartean oraingo honek izanen du indarra.
Enpresa ez da hitzarmenetik kanpo geldituko, eta hitzarmena aplikatzeari ere ez dio uko eginen, langileen ordezkariekin akordioa lortu gabe.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute desadostasunak konpontzeko aginduko duten prozesuak Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekotzakoak izanen direla, betiere. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.
3.–Lanbide kategoriak.
Hitzarmen honetan ageri diren lanbide sailkapenak adierazi baizik ez dira egin, eta ez dakarte berekin adierazi diren lanpostu guztiak beteak izan beharra, Oberena Erakundearen beharrek eta bolumenak eskatzen ez badute. Adierazi baizik ez dira egiten, halaber, kategoria edo espezialitate bakoitzari esleitutako zereginak, Oberena Erakundeko langile guztiak beharturik baitaude agintzen zaizkien lan eta egiteko guztiak betetzera, bakoitzaren lanbide gaitasunari dagozkion eginbehar orokorren barruan.
Oberena Erakundeak dituen langileen artean sailkapen hau ezarri da, betetzen duten eginkizunari erreparatuta:
A) Administrazioko langileak: administrazioko eta kontabilitateko eginkizun burokratikoak eta antzekoak betetzen dituztenak.
–Administrazioko burua. Oberena Erakundeko jarduera burokratikoen ardura du bere gain, horretarako ezagutzak baititu; zerbitzu horietarako behar dituen langileak ditu bere aginduetara.
–Administrari-ofiziala. Langile horrek beharrezkoak diren ezagutza teoriko eta praktikoak ditu, erantzukizun maila jakin bat eta ekimen propioa eskatzen duten lanak normaltasunez eta behar den moduan betetzeko.
–Administrari laguntzailea. Langile horrek, ekimen propiorik eta erantzukizunik izan gabe, administrazioko lanak egiten ditu, batik bat lan mekanikoak.
A) Mantentze-lanetako langileak. Instalazioetako mantentze-lanak, garbiketa, kontrol eta zaintza zereginak betetzen dituztenak dira.
–Arduraduna. Instalazioetako mantentze-lanak, garbiketa, kontrola eta zaintza zerbitzuak behar bezala betetzeaz arduratzen da, bai eta haiei dagozkien tresna eta makinez ere.
–Beharginak eta menpeko langileak. Instalazioetako mantentze-lanak, garbiketa eta zaintzakoak betetzen dituzte, horietara sartzeko kontrolekoak, bai eta ofizioak eta antzeko zereginak ere.
4.–Ordainsariak.
Oberena erakundeko langileen 2012rako urteko soldatak kalkulatzeko, 2013koei %1,5eko igoera aplikatuko zaie.
Halere, Oberena Erakundeko bazkideen kopurua, 2013ko abenduaren 1ean, 6.100etik gorakoa izanez gero, enpresak konpromisoa hartzen du igoera hori %0,5 handitzeko, atzerako eraginarekin, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera alegia.
Ezartzen diren urteko zenbatekoetan, sartuta egonen dira arauzko soldatak eta borondatezkoak, mozkinetako partaidetza eta ezar daitekeen beste edozein ordainsari, xurgapenaren eta konpentsazioaren xede izan daitekeena.
5.–Nominaren ordainketa.
Soldataren urteko zenbatekoa hamabi hileroko arruntetan eta hiru apartekotan banatuko da; apartekoak ordainduko dira ekainaren 30ean, abenduaren 15ean eta hirugarrena bi zatitan, martxoko eta urriko hileko soldatekin batera.
6.–Antzinatasuna.
Enpresaren zerbitzuan iraunkortasuna saritzeko asmotan, hirurteko berdinak ezarri dira langile guztientzat; hitzarmen honen indarraldi osoan 776,70 eurokoak izanen dira urtean.
7.–Soroslearen plusa.
Oberenako langile batek sorosle lanak egiten dituenean, plus bat jasoko du lan horiek betetzen dituen hilabetean; hitzarmen honen indarraldian 81,93 eurokoa izanen da hilean.
Ordainsari hori jasotzeko, beharrezkoa izanen da eginkizun horiek hilabetean egun batez, gutxienez, bete izana.
8.–Lanaldia.
Asteko lanaldia 40 ordukoa izanen dela ezarri da, gehienez ere 1.704 ordu. Langileak atsedenerako bi egun jarraian izanen ditu astean. Bi egun horiek larunbata eta igandea izanen dira, proportzio honetan: bi larunbat eta igande atseden, neguan lan egindako bakoitzeko. Udan, berriz, asteburu bat atseden, lan egindako bakoitzeko.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, erabaki da lanaldiaren %100 modu erregularrean banatuko dela. Hortaz, ez da posible modu irregularrean banatzea, hitzarmen honetan berariaz xedatutakoa alde batera utzita.
Ordutegia lanaldi jarraitukoa denean, langileak hogei minutuko atsedenaldirako eskubidea izanen du, eta denbora hori egiazko lan denboratzat hartuko da.
9.–Oporrak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek 29 laneguneko oporrak izanen dituzte: 17 egun udan eta 12 egun neguan.
Lan eta zerbitzuak hobeki antolatzeko, irizpide hauek ezarri dira:
–Udako denboraldia ekainaren 1etik irailaren 30era bitartekoa izanen da.
–Neguan, ez dira oporretan egonen batera plantillako bi langile edo gehiago, eta udan, berriz, hiru langile edo gehiago.
–Oporretarako eskaerak ordezkapenak antolatzeko adina denborarekin eginen dira eta, udakoen kasuan, martxoaren 15a baino lehenago.
–Bi langilek edo gehiagok eskatuz gero oporretarako egun berberak, antzinatasunaren araberako errotazio txandak aplikatuko dira. Urtero adieraziko da zein den lehentasun ordena oporrak eskatzeko.
10.–Aparteko orduak, igandeak eta jaiegunak.
Zerbitzua dela eta, lan egutegian jaiegun gisa ageri diren egunetan lan egin behar duten langileek bi konpentsazio hauetako bat jasoko dute:
–Ekonomikoa: aparteko orduak balira bezala.
–Atsedenaldia: bi egun.
Langileak aukeratu dezake konpentsazio ekonomikoa jasotzea. Enpresak ezarriko du zein egunetan hartu atsedena, eta, irizpide orokor gisa, astelehenetan hartuko da.
Asteko arauzko atsedena lan egutegian jaiegun gisa jasota dagoen egunetako batean tokatuz gero, langileak eskubidea izanen du beste egun bat hartzeko eta, ahal dela, adierazia duenaren hurrengoa.
Uztailaren 7a jaieguna izanen da lan ondorioetarako, egun seinalatua baita.
Zerbitzua lan egutegiko aurreikuspenetatik kanpo bete behar denean, eta borondatezko langilerik ez badago horretarako, konpentsazio hauek egonen dira:
–Ekonomikoa: aparteko orduak balira bezala.
–Atsedenaldia: 2 egun.
Atsedenaren aukera langileak edo enpresak ezarri ahal izanen dute, eta atseden egunak noiz hartu enpresak erabakiko du.
Lanaldi arrunta igandean egiten duten langileek 37,77 euroko plusa jasoko dute lan egindako igande bakoitzeko.
11.–Urteko egutegia.
Oberenak konpromisoa hartzen du urteko lan egutegia egiteko; langileek urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen eskura izanen dute.
12.–Laneko parteak.
Oberenak, lanaldiaren hasieran, hamarretakoaren ordura arte (10:30ak inguru) egin beharreko lanen zerrenda emanen die langileei.
13.–Ordaindutako lizentziak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek honako lizentzia ordaindu hauek izanen dituzte:
–Ezkontzeagatik, 17 egun natural.
–4 egun natural emaztea erditzeagatik; horietako bi erditzen den egunetik, eta beste biak, langileak aukeratuta, ondoko hamabost egunetan.
–4 egun natural, ezkontidearen eta seme-alaben heriotzagatik.
–4 egun natural, gurasoen eta anai-arreben heriotzagatik.
–Egun natural 1, aita-amaginarreben, koinatu-koinaten eta aitona-amonen heriotzagatik.
–2 egun natural, ezkontidearen, seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben eritasun larri frogatuagatik.
–2 egun natural, ebakuntza kirurgikoa behar duen ospitaleratze anbulatorioagatik.
–Egun natural 1, gurasoen, seme-alaben, anai-arreben, aita-amaginarreben eta koinatu-koinaten ezkontzagatik.
–Egun natural 1, seme-alaben bataio edo jaunartzeagatik.
–Egun natural 1, ohiko bizilekuz aldatzeagatik.
–Egun 1, norberaren aferetarako.
–3 egun, urteko orduen doikuntzagatik, enpresak ezarri beharrekoak.
–Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora.
Izatezko bikote aitortuei ere aplikatuko zaizkie aipatutako lizentzia ordainduak.
Baimen horiei egun bat gehituko zaie Iruñetik 100 kilometrora gertatzen direnean, eta beste egun bat 300 kilometrora baino gehiagora denean.
14.–Istripua eta eritasuna.
Istripua edo eritasuna dela eta bajan dauden langileei Oberenak ordainduko die soldataren ehuneko 100 osatu arteko zenbatekoa, antzinatasuna barne.
15.–Bizi aseguru kolektiboa.
Oberenak konpromisoa hartzen du bizi aseguru kolektiboa hitzartzeko bere langileentzat, prestazio hauekin:
–661.113,31 euro, laneko eritasunaren edo istripuaren ondoriozko erabateko baliaezintasun iraunkorragatik, istripua lanekoa zein bestelakoa izan.
–330.555,50 euro, istripuaren ondoriozko heriotzagatik, istripua lanekoa zein bestelakoa izan.
16.–Sustapena enpresaren barruan.
Edozein arrazoi dela eta, enpresan lanpostu huts bat baldin badago, jarduneko langileek lehentasuna izanen dute lanpostu hori betetzeko, horretarako behar diren baldintzak betetzen badituzte.
Horrez gain, Oberenako beheragoko maila batean dauden langile guztiei aukera emanen zaie goragoko kategoriara igotzeko, horretarako gaitasuna dutela frogatzen duten unetik hasita.
17.–Antzinatasunaren onarpena.
Behin-behineko langile bat finko bihurtzen delarik, antzinatasunaren ondorioetarako onartu eginen zaio ordura arte lan egindako denbora.
18.–Laneko arropa eta materiala.
Enpresak urtero emanen dizkie langileei, urtarrilean, ondoko jantzi hauek:
–Neguko bota pare bat (bi urtetik behin).
–Beroki bat (bi urtean behin).
–Galtza urdinak, bi pare.
–Txaketa bat.
–Zapatila pare bat.
–Galtza zuriak, bi pare.
–Bi polo.
–Kirol-jertse bat edo jertse bat.
–Txankleta pare 1 (sorosleentzat).
–Bainujantzi 1 (sorosleentzat).
Langileak beharturik daude haien jantziak garbi eta egoera unean izatera; etengabe erabiliko dituzte lan jantziak, bete beharreko zereginari dagozkionak.
19.–Osasun azterketa.
Langileei onartzen zaie urtean osasun azterketa bat izateko eskubidea, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan.
20.–Bilera sindikaletarako eskubidea.
Oberenak bematzen die langileei hilabetean ordubete izatea bilerak egiteko, betiere baimena 48 ordu lehenago, gutxienez, eskatzen bada. Bilerak Oberenaren instalazioetan egin beharko dira.
21.–Aurrerakinak.
Oberenako langile finkoek eskubidea izanen dute hilabeteko soldata adinako aurrerakina jasotzeko, hamabi hilabetetan jarraian itzuli beharrekoa; aurrerakin bat osorik ordaindu arte ez da besterik jasotzerik izanen.
22.–ABLEak.
Beharrezkotzat jotzen badu, Oberenak zuzeneko kontratazioak egin ahal izanen ditu aldi baterako enpresekin, eta kontratatuari Oberenako langileek jasotzen duten soldata berdina bermatuko zaio, kategoria eta kontratazioaren xedea kontuan hartuta.
23.–Erretiroa.
Erretiroa 64 urterekin hartu ahal izanen da, eta erretiroa hartutakoaren tokian beste langile bat sartuko da.
24.–Batzorde Paritarioa.
Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa osatu da, lau kiderekin: bi langileen ordezkari izanen dira eta beste biak Zuzendaritza Batzordearen ordezkari. Batzordea interpretazio, arbitraje eta adiskidetze organoa izanen da, aurkezten zaizkion gaietan, baina inola ere sartu gabe esparru jurisdikzionalean ez eta gainerako organo eskudunen esparruan ere.
25.–Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honen baldintzek multzo zatiezina osatzen dute, eta ezin da zatirik edo kontzepturik bereizi multzo horretatik.
26.–Azken xedapena.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 31n.–Enpresaren aldetik, burua, Armando Redondo Izal. Enpresaren aldetik, langileriaren arloko kidea, Aradelia Toledo Garde. Langileen aldetik, langileen delegatua, Ricardo Ortega Zunzarren.
2013. URTERAKO SOLDATEN TAULAK
| OINARRIZKO SOLDATA URTEAN (15 paga) | URTEKO OSAGARRIA (12 paga) |
Arduraduna | 27.936,60 | 0,00 |
Mantentze-lanetako 1. ofiziala | 22.308,90 | 0,00 |
Mantentze-lanetako 2. ofiziala | 21.070,50 | 0,00 |
Mantentze-lanetako 3. ofiziala | 20.446,20 | 0,00 |
Peoi espezialista | 17.066,40 | 0,00 |
Administrazioko 1. mailako ofiziala | 22.308,90 | 1.050,48 |
Administrazioko 2. mailako ofiziala | 21.070,50 | 1.050,48 |
Administrari laguntzailea | 20.446,20 | 1.050,48 |
ERANSKINA
Batzorde paritarioa
Eginkizunak:
–Aurkezten zaizkion banakako nahiz taldeko gai eta gatazketan interpretazio, arbitraje eta adiskidetze organo gisa arituko da.
–Hitzarmenaren aplikazioa eta interpretazioa direla-eta sortzen diren gaiez arduratzea eta horiek ebaztea.
Osaketa: Zuzendaritza Batzordea ordezkatzen duten bi kidek eta langileen ordezkari diren beste bik osatuko dute.
Deialdia: hitzarmen honen sinatzaileetako edozeinek egin dezake deialdia, gai zerrenda jasoko duen idatzizko jakinarazpen baten bidez. Deialdiko egunetik hasita 15 eguneko gehieneko epean bilduko da batzordea.
Batzordearen osaketa baliozkoa dela ulertuko da batzordekideen herenak bertan direnean.
Erabakiak: Batzordeak erabakiak hartzeko, kideen hiru laurdenen botoak beharko dira erabaki horren alde.
Deialdia egin eta 20 eguneko epean gehienez ere batzordeak ez badu ebazpenik eman edo adostasunik lortu, batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da, eta interesdunak egokitzat jotzen dituen jarduketak egin ahal izanen ditu.
Helbidea.–Jakinarazpen eta deialdietarako, batzorde paritarioak enpresaren lokaletan izanen du helbidea, Iruñean (Sebastián Albero kalea, 1).
Iragarkiaren kodea: F1310388