152. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 8a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Administrazioarekiko Auzien Sala
Ediktua. 225/2010 prozedura arrunta

Antonio Fernández Ayesa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: 225/2010 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman da, bai eta hura argitzen duen autoa ere, eta irmo geratu dira. Hona hemen horien idazpurua eta epaitza, bai eta autoaren xedapen zatia ere, hitzez hitz:

“516/2013 epaia.

Francisco Javier Fernández Urzainqui jauna, Alfonso Otero Pedrouzo jauna, Miguel Ángel Abárzuza Gil jauna.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 14an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratu jaunek osatutakoak, 225/2010 errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Honako honen aurka sustatu zen errekurtsoa: interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek Berbintzanako (Nafarroa) udal mugapean herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza fiskala (2009ko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ean). Ondokoak izan dira alderdiak: errekurtsogilea, Vodafone, S.A., Santos Julio Laspiur García prokuradore jaunak ordezkatua eta Javier Gutierrez Viloria legelari jaunak zuzendua, eta demandatua, Berbintzanako Udala, autoetan agertu ez dena.

Epaitza:

Partez baiesten dugu telefonia mugikorreko entitate errekurtsogileak prozesuan duen ordezkariak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, demandatuak onetsitako udal ordenantzaren aurkakoa. Ordenantza horrek zerbitzuak eta hornidurak ustiatzen dituzten enpresek herriko jabari publikoaren zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak arautzen ditu, eta epai honetako idazpuruan berariaz zehaztu da. Horrenbestez, ordenantzaren zati hauek deuseztatzen ditugu:

a) Intereseko hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren 3. artikuluko lehenbiziko ataleko azken intzisoa, honako honi dagokionez: hornidurak egiteko baliatzen diren sareen titular ez diren enpresa edo entitateak izatea tasaren subjektu pasibo, nahiz eta sare horietan sartu, erabili edo elkarri konektatzeko eskubideen titularrak izan, telefonia mugikorreko enpresei dagokienez.

b) Ordenantzaren 5. artikulua, honako hau dioena: “Telefonia mugikorreko enpresak tasa zehazteko araubide orokorraren menpe geldituko dira jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuko balioa iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz”.

Ez da bidezkoa kostuak inori berariaz ezartzea.

Beraz, epai honen bidez, hori aldarrikatu, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie). Epaiaren kontra kasazio errekurtsoa jar daiteke Sala honi berari zuzendua, hamar eguneko epean.

Eginbidea: Iruñean, 2013ko maiatzaren 22an. Nik, idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean epai hori eman didatela, behar bezala sinatuta, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut.”

Eta hona hemen jarduketa hauetan epaia argitzeko eman den autoaren xedapen zatia:

“Salak erabaki du:

Auto hauetan eman den epaia argitzen da, haren idazpuruan eta aurrekarietan atzemandako akats materialak zuzentzeko. Izan ere, alderdi demandatua, Berbintzanako Udala, autoetan agertu da Concepción Molina Larrondo prokuradore andreak ordezkatuta eta Silvia R. Velasquez Manrique legelari andreak defendatuta. Halaber, proba egitea proposatu du.

Ebazpen honen aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe argitzen den epaiaren aurka bidezko den errekurtsoa.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2013ko uztailaren 11n.–Salako idazkaria, Antonio Fernández Ayesa.

Iragarkiaren kodea: J1310290