2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA
Gesterlar, S. XXI, S.L. merkataritzako konpainiaren estatutuen testu bategina. Behin betiko onespena
2012ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 28koan, argitara eman zen Gesterlar, S. XXI, S.L. merkataritzako sozietatearen estatutuetan egindako aldaketen hasierako onespena.
Jendaurreko epea bukatuta alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, Izarbeibarko Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2012ko irailaren 18an egin bilkuran, eta Larragako Udalak, 2013ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, bi horiek erregelamenduz eskatutako quoruma zutela, erabaki zuten behin betiko onestea aldaketa Gestarlar, S. XXI, S.L.ren estatutuen testu bategineko 8, 16, 17 eta 18. artikuluetan. Hona hemen haren edukia:
GESTERLAR S. XXI, S.L. MERKATARITZAKO KONPAINIAREN ESTATUTUEN TESTU BATEGINA
I. KAPITULUA
1. artikulua. Gesterlar S. XXI, S.L. izeneko merkataritza sozietatea eratu da, toki erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Erantzukizun mugatuko sozietateei buruzko Legearen, Merkataritza Kodearen, toki erakundeen gaineko legeen eta estatutu hauen bidez gobernatuko da.
2. artikulua. Gesterlar S. XXI, S.L. erantzukizun mugatuko sozietatea da. Udal enpresa pribatua den aldetik, nortasun juridiko eta ondarekoa izanen du bere xedeak lortzeko, lege-xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.
3. artikulua. Hauek dira sozietatearen xedeak: edozein titulu dela bide, lurrak (eta lurren gaineko edozein eskubide) erosi, saldu, alokatu, eskuratu, eskualdatu edo lagatzea, toxikoak edo arriskutsuak ez diren hondakinak bildu, bota, tratatu eta birziklatzeko instalazioak sustatu eta eraikitzeko, eta enpresa parkeak, I+G+B zentroak, dokumentazio zentroak eta hiriko ingurumenaren sektoreari lotutako enpresa-prestakuntzako eskola eraikitzeko.
Sozietatearen xede diren jarduerek administrazio baimenen bat behar dutenean edo administrazio erregistroren batean inskribatu behar direnean, baldintza horiek bete beharko dira jarduerei ekin aurretik.
Berariazko titulazioa behar duten jarduerak egiteko, sozietateak profesional eskudunen zerbitzuak kontratatu beharko ditu.
4. artikulua. Sozietateak Garesen (Nafarroa) izanen du egoitza, Mendigorriko errepideko 1ean. Administrazio organoak Garesko udal mugapeko beste leku batera aldatu ahal izanen du egoitza, komenigarria iruditzen bazaio.
5. artikulua. Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egilesten den egunean abiatuko da lanean.
II. KAPITULUA
6. artikulua. Kapital soziala 4.000 eurokoa da, lau partaidetzatan banatua, bakoitzaren balio nominala mila eurokoa izanen da eta partaidetza horiek batetik laura zenbakituko dira, biak barne. Kapital sozial hori Izarbeibarko Mankomunitateak eta Larragako udalak erabat harpidetua eta ordaindua dago, beraiek baitira hura osatzen duten partaidetza guztien %50aren titular esklusiboak, Toki Korporazioen Zerbitzuen gaineko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hura ezin da eskualdatu ezta enpresa honen xedea ez den beste deusetarako erabili, baina bai handitu eta murriztu legezko xedapenekin bat.
Izarbeibarko Mankomunitatea 1 eta 2 zenbakiak dituzten partaidetzen titularra da, eta Larragako Udala 3 eta 4 zenbakiak dituzten partaidetzen titularra da.
III. KAPITULUA
7. artikulua. Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izanen dira:
–Batzar Orokorra.
–Administrazio Kontseilua.
–Kudeatzailea.
8. artikulua. Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatu bezala, Izarbeibarko Mankomunitateko Batzarrak eta Larragako Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean, batera edo bereizita. Sozietateko lehendakaria arituko da Batzar Orokorreko lehendakari. Idazkaria Batzar Orokorrak berak izendatuko du aldi bakoitzean.
9. artikulua. Toki Korporazioen Zerbitzuen gaineko Erregelamenduan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatu bezala, Batzar Orokor gisa eratutako sozietatearen funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta sozietateari dagozkion gainerako gaietan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.
Sozietateko Batzar Orokorrak eginkizun hauek izanen ditu:
–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.
–Kontseilukideen ordainsariak finkatzea.
–Estatutuak aldatzea.
–Kapitala handitu edo txikitzea.
–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.
–Auditoreak izendatzea.
–Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.
10. artikulua. Batzar Orokorra urtean behin bilduko da derrigorrez bilkura arruntean, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta bilkurako gai zerrendari eutsiz bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.
11. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, Administrazio Kontseiluak hala eskatuz gero, edo gutxienez sozietatearen kapitalaren %5 ordezkatzen duen bazkide baten edo bazkide talde baten eskariz.
12. artikulua. Batzar Orokorrerako deialdia bazkideei beren helbidean jakinaraziko zaie.
Deialdian agertuko dira sozietatearen izena, bilera egiteko eguna eta ordua, aztergaien zerrenda behar diren xehetasunekin, eta onetsi beharreko akten zirriborroak.
13. artikulua. Deialdia egintzat joko da, eta Batzar Orokorra edozein aztergai jorratzeko modu baliozkoan eratutzat, baldin eta sozietatearen kapital osoa bertaratua edo ordezkatua badago eta bertaratutakoek aho batez onartzen badute bilera egitea eta zerrendan proposaturiko gaiak aztertzea.
14. artikulua. Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Nafarroako toki entitateenak bezala onetsiko dira, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.
15. artikulua. Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.
16. artikulua. Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea, kideen kopuru paritarioa izanen baitu (lau eta hamabi bitarte), Izarbeibarko Mankomunitateko Batzar Orokorrak eta Larragako Udaleko Osoko Bilkurak, Batzar Orokorrean bildurik, modu berean izendatuak.
17. artikulua. Izarbeibarko Mankomunitateko eta Larragako Udaleko kideek Administrazio Kontseiluan parte hartuko dute, entitate bakoitzeko sei gehienez ere eta kontseilukideek ordezkaritza karguetan aritzeko desgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.
Administrazio Kontseiluak lehendakaria eta lehendakariordea izendatuko ditu. Lehendakariordea lehendakariaren ordez arituko da hura gaixorik dagoenean.
Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke, eta hala denean hizpidea bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.
Lehendakariak izendatuta, hiru teknikari, gehienez ere, etortzen ahal dira Administrazio Kontseiluaren bileretara, hizpidea dutela baina botorik ez.
Kontseilukideei ordainsari finkoak emanen zaizkie bilkura, batzar eta lan-mahaietan parte hartzeagatik. Batzar Orokorrak ordainsarien zenbatekoa zehaztuko du ekitaldi bakoitzean.
18. artikulua. Administrazio Kontseiluko kideen izendapena lau urteko eperako izanen da, tokiko hauteskundeak diren aldi berean. Epe hori amaitutakoan berriro aukera daitezke, behin edo gehiagotan, gehieneko iraupen bera duten epeetarako.
19. artikulua. Kontseiluak bilkura arrunta eginen du sei hilean behin gutxienez, eta bilkura berezia eginen du lehendakariak deia egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.
Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie beren helbideetan, bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.
Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero. Kontseilukide bakoitzak beste bati eman ahalko dio bere ordezkaritza, baina bilkurako inork ezin izanen ditu bi kontseilukide baino gehiago ordezkatu.
Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.
Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak liburu egokian transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.
20. artikulua. Kontseiluak edo haren eginkizunetan ari denak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarendako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, bertzeak bertze:
Ondasun higigarriak eta higiezinak, landalurrekoak nahiz hirilurrekoak, eskubide inkorporagarriak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkendu ahal izanen ditu; era berean hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta azkendu ahal izanen ditu.
Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta azkentzea.
Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.
Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak formalizatu eta aurkeztea, zergak ordaintzea eta bidegabeko edo kaltegarritzat jotzen diren zergen aurkako erreklamazioak egitea.
Igorpenak egitea, zor-agiriak endosatzea, kanbio agiriak eta agindurako bertzelako agiriak bermatu, onartu, negoziatu, ordaindu eta protestatzea, kontuak eta kredituak, kanbio letrak eta igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak jaso, kobratu eta ordaintzea.
Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, Espainiakoa barne, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.
Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.
Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren epe eta baldintzekin, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.
Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.
Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzia eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko bertze edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.
Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.
Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; gutun-azal, aitorpen edo agiriak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko esleipenak onartzea.
Ahal orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea, eta, orokorrean, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.
Sozietateko kudeatzailea izendatzea.
Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, memoria aurkeztea Udalbatzari sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketaz.
21. artikulua. Kontseiluburuari ondoko eskurantza hauek dagozkio:
Kontseiluaren bileretarako deiak egitea, horietan buru egitea eta Kontseiluaren erabakiak betearaztea.
Sozietatearen jarduera, negozio, zerbitzu eta bulegoen goi-zuzendaritza eta ikuskapen orokorra.
Ordainketa-aginduen emailearen eginkizunak.
Larrialdietan sozietatearen interesak zaintzeko egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzea eta Kontseiluari haien berri ematea hurrengo bileran.
Estatutuek eta toki araubideari buruzko legeriak ematen dizkioten gainerako eginkizunak.
22. artikulua. Kudeatzaileari dagokio Administrazio Kontseiluak agintzen dizkion eginkizunak betetzea, lege edo estatutuetan ordezkaezintzat jotzen direnak izan ezik.
Agindutako eginkizunak betearazleak izan daitezen, berariazko notario-ahalordean jasoko dira eta Administrazio Kontseiluko buruak edo haren ordezkoak ahalordea sinatuko du.
23. artikulua. Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan harremana izanen dute.
IV. KAPITULUA
24. artikulua. Sozietatearen ondarea eta ogasuna.
Sozietatearen ondareak haren jabetzako ondasun eta eskubide guztiak biltzen ditu, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak, edo Izarbeibarko Mankomunitatearen, Larragako Udalaren, Estatuaren, autonomia erkidego, probintzia eta udalerrien, korporazio eta partikularren lagapen, dohaintza eta diru-laguntzen bidez lortuak.
25. artikulua. Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:
Sozietatearen ondasun, kredituak eta eskubideen errenta, emaitza edo korrituak.
Izarbeibarko Mankomunitateak eta Larragako Udalak ematen dizkioten diru-laguntzak.
Estatuak, autonomia erkidegoek, probintzia eta udalerriek, korporazioek eta partikularrek ematen ahal dizkioten diru-laguntza, sorospen eta emariak.
Bere ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.
Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.
Entitate edo partikularrek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.
V. KAPITULUA
26. artikulua. Aurrekontuak, kontuak eta balantzeak.
Sozietatearen ekitaldia urte naturala izanen da.
27. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Batzar Orokorrari aurkeztuko dio, onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Batzar Orokorrak zentsore eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.
VI. KAPITULUA
28. artikulua. Desegitea.
Toki araubideari buruzko legerian eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.
Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Azken Administrazio Kontseiluko kideek eta Batzarrak hautatzen dituen pertsonek osatuko dute batzorde hori, eta betiere kideen kopurua bakoitia izanen da.
Likidazio aldia burutu arte Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.
Garesen, 2013ko ekainaren 20an.–Mankomunitateko burua, María Teresa Iradiel Ibáñez.
Iragarkiaren kodea: L1309255