152. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

2013ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 28an, Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantzako aldaketaren hasierako onespenaren iragarkia.

Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, onetsitako ordenantza aldaketaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Tafallan, 2013ko abuztuaren 10ean.–Mankomunitateko burua, Francisco Irizar Jauregui.

ORDENANTZA, HONDAKINEN BILKETA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluak ezartzen du, politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidari gisa, pertsonaren garapenerako egokia den ingurumenaz gozatzeko eskubidea dugula denok, eta botere publikoen betebeharra dela ingurumen hori zaintzea.

Hori betez, eta ingurumenaren arloko konstituzionaltasunarekin bat, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea onetsi zen, zeinak ezartzen baititu, alde batetik, toki entitateek hondakinen arloan dituzten eskumenak (12.5 artikulua), horrela zehaztuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 eta 26. artikuluetan xedatutakoa; eta, beste alde batetik, bigarren xedapen iragankorrean ezartzen du toki entitateen betebeharra dela lege horri egokituko zaizkion ordenantzak onestea 2013ko uztailaren 31 baino lehen.

Aurreikuspen hori betez eta, bereziki, Mairagako Mankomunitateari legez esleitutako eskumenak erabiliz, ezinbestekoa da hondakinen bilketa arautzeko ordenantza berri bat onestea.

Ordenantza honek hiru titulu, xedapen indargabetzaile bat, bi azken xedapen eta bi eranskin dauzka.

Lehen tituluan xedapen orokorrak agertzen dira, eta berritasun gisa jaso da, oinarrizko araudiari jarraikiz, Mankomunitateak duen ahalmena merkataritzako hondakin arrisku gabeak biltzeko. Zehazten dira, orobat, herritarrek dituzten betebeharrak hondakinak biltzearen eta ematearen inguruan.

II. titulua bilketa zerbitzuari buruzkoa da, eta zerbitzu arrunta eta zerbitzu berezia bereizten dira; bietan, herritarrek hondakinak bereizi egin behar dituzte zenbait sailetan, birziklatzea errazteko eta hierarkiaren printzipioa betetzeko.

Azkenik, III. titulua ikuskapenari eta zehapenari buruzkoa da, eta bi ahalmen horiek Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 21eko 22/2011 Legeari loturik daude.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Mairagako Mankomunitatea (hemendik aurrera Mankomunitatea) elkarte izaerako toki entitate bat da, eta bere helburuetako bat da hondakinak biltzeko zerbitzuak ematea, Mankomunitateak zerbitzu horren titulartasuna duen herrietan edo jarduketa esparruetan, edo, hala behar denean, erabat edo hein batean, esparru horretatik kanpo.

Ordenantza honen xedea da hondakinak bildu eta biltegiratzera bideratutako jokabideak eta jarduerak arautzea, hierarkiaren printzipioa errespetatuz, ingurumenaren aldetik emaitza orokor onena lortu ahal izateko, pertsonen osasunaren eta ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak murriztuz.

Mankomunitatearen lurralde eremuan bizi diren edo hondakinak bertan botatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiak behartuta daude ordenantza honetan ezarritakoa betetzera, bai eta ordenantza hori garatzeko Mankomunitateak ematen dituen xedapenak betetzera ere.

Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

Mankomunitateak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko komenigarria iruditzen zaion interpretazioa ezarriko du.

Ordenantza honen erregulazioa Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen printzipioei eta hondakinen bilketari buruz aplika daitezkeen gainerako xedapenei jarraikiz egin da.

2. artikulua. Definizioak.

1. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hona zer diren:

a. Hondakina: edozein gai edo gauza, jabeak bota egiten badu edo botatzeko asmoa edo betebeharra badu.

b. Etxeko hondakinak: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Horien gisakoak, zerbitzuek eta industriek sortuak ere, hartuko dira etxeko hondakintzat.

Honako hauek ere kategoria honetan sartzen dira: aparatu elektriko eta elektronikoetatik etxean sortzen direnak, arropa, pilak, metagailuak, altzariak eta etxeko gauzak, baita etxeetan egiten diren obra txikietako eraikuntza edo konponketatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: eremu publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

c. Merkataritzako hondakinak: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

d. Industriako hondakinak: industria jarduerak sortzen dituen fabrikazio, eraldakuntza, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondoriozko hondakinak, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu.

a. Aparatu elektriko edo elektronikoen hondakinak: aparatu elektriko eta elektronikoak, horiek osatzen dituzten materialak, osagaiak, kontsumigarriak eta azpimultzoak, hondakin bihurtzen diren unetik aurrera.

f. Obra txikiko eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi gutxikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

g. Ontzien hondakinak: edukitzaileak botatzen dituen ontziak edo ontzien materialak, edo bota beharrekoak, indarra duten xedapenen arabera.

h. Osasun hondakinak, etxekoekin parekatzen ahal direnak: osasun zentroetan egiten diren osasun jardueren ondoriozkoak, hau da, ospitaleetan, kliniketan eta osasun zentroetan, profesional liberalen kontsultetan, zentro soziosanitarioetan, albaitari zentroetan eta abarretan egiten diren jardueren ondoriozkoak, arriskutsutzat jotzen ez direnak eta, araudiaren arabera, kudeatzeko baldintza bereziak eskatzen ez dituztenak.

i. Merkataritzako unitateak: merkatuetan jendearentzako salmentarako eta enpresa edo lanbide izaerako zerbitzu ordainduak emateko erabiltzen diren eremuak, titularra edozein dela ere eta izaera bat edo beste izan: lokalak, etxolak etab.

j. Tamaina handiko hondakinak: etxeetan sortzen diren hondakinak, bolumenaren, pisuaren edo tamainaren aldetik ezaugarri bereziak izateagatik bilketa arrunteko sistemaren bidez biltzen zailak direnak.

k. Hondakin arriskutsuak: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen III. eranskineko zerrendan agertzen diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, baita Gobernuak onesten dituenak ere Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, eta orobat hondakin horiek eduki dituzten ontziak.

l. Olio erabiliak: olio guztiak, hala mineralak nola sintetikoak, industrialak edo labainketakoak, jatorrian aurreikusitako erabilerarako jadanik balio ez dutenak, hala nola errekuntzako motorretako olio erabiliak eta abiadura-kaxetako olioak, olio labaintzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak.

m. Landare olio erabiliak: etxeetan janariak frijitzeko erabiltzen diren landare olioen hondakinak edo taberna, jatetxe, hotel eta beste jatetxe zerbitzu batzuetakoak, bai eta kontserben olioak ere. Hemen ez dira sartzen beste janari koipe batzuk.

n. Pilak: energia kimikoa zuzenean eraldatuta lortzen den energia elektrikoaren iturria, elementu primario batez edo batzuez osatua (kargagarriak ez direnak).

o. Biohondakinak: biodegradatzen ahal diren hondakinak, lorategi eta parkeetakoak, eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, etxe, jatetxe, taldeendako sukaldaritza zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik heldu direnak, baita elikagaiak prozesatzeko plantetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere.

p. Prebentzioa: gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko faseetan honako hauetarako hartzen diren neurriak:

a.–Hondakin kopurua, baita produktuak berriz ere erabilirik edo produktuen bizi erabilgarria luzaturik ere.

b.–Sortutako hondakinek ingurumenari eta giza osasunari egiten dizkieten kalteak, barne dela aurreztea materialak edo energia erabiltzean.

c.–Gai kaltegarrien edukia, material eta produktuetan.

q. Hondakinen sortzailea: pertsona fisiko edo juridiko oro, haren jarduerak hondakinak sorrarazten baditu (hondakinen hasierako sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak. Mugetako instalazioetan kontrol eta ikuskaritza zerbitzuek kentzen dituzten salgaien kasuan, salgaiaren ordezkaria hartuko da hondakinen sortzailetzat, edo bestela haren inportatzaile edo esportatzailea.

r. Hondakinen edukitzailea: hondakinak dauzkana, izanik hori hondakinen sortzailea edo beste pertsona fisiko edo juridiko bat.

s. Negoziatzailea: hondakinak erosten eta ondoren saltzen bere kontura aritzen den pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten negoziatzaileak ere.

t. Agentea: hondakinen balorizazioa edo ezabaketa hirugarrenen eskariz antolatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten agenteak ere.

u. Hondakinen kudeaketa: hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, eta lan horiek zaintzea, eta zabortegiak itxi eta geroko mantentze-lana egitea, negoziatzaile edo agente gisa egiten diren jarduketak barne.

v. Hondakinen kudeatzailea: pertsona edo entitatea, publikoa nahiz pribatua, baimen bidez edo komunikazio bidez erregistratua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien sortzailea izan ala ez.

w. Bilketa: hondakinak jasotzea, barne dela hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendurako instalazio batera garraiatzeko.

x. Gaikako bilketa: hondakinen emari bat gaika egiten da, haien mota edo izaeraren arabera, tratamendu berariazkoa errazteko.

y. Berrerabilpena: edozein lan, haren bidez produktuak edo produktuen osagaiak, hondakin ez direnak, berriz ere erabiltzen badira, zertarako asmatu ziren eta horrexetarako.

z. Tratamendua: balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestakuntza.

ab. Balorizazioa: edozein jarduketa, haren emaitza nagusia bada hondakinak xede baliagarria izatea, bestela eginkizun partikular bat betetzeko erabiliko liratekeen materialak ordezkaturik, edo hondakina prestatzea, eginkizun hori instalazioan nahiz oro har ekonomian betetzeko. 22/2011 Legearen II. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

ac. Berrerabilpenerako prestakuntza: egiaztapena, garbiketa edo konponketa dakarren balorizazio lana, haren bidez hondakin bilakatu diren produktuak edo produktuen osagaiak prestatzen badira berriz ere erabili ahal daitezen beste inolako eraldaketarik gabe.

ad. Birziklatzea: balorizazio lana, haren bidez hondakinen materialak berriz ere produktu, material edo gai bilakatzen badira, hala jatorrizko xederako nola beste edozein xedetarako. Haren barnean sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ezta erregaitako edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.

ae. Ezabaketa: edozein jarduketa, balorizazioa ez bada, baita lan horren bigarren mailako ondorioa denean gaien edo energiaren aprobetxamendua. Legearen I. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

af. Konposta: medeagarri organikoa, bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez lortzen dena. Ez da konposta izanen hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko plantetan lortzen den material organikoa, hori material bioegonkortua deituko baita.

3. artikulua. Mankomunitatearen eskumenak.

Mankomunitateak zaintza eta ikuskapenerako ahalmena eta zehapenak jartzekoa ditu, bere eskumenen esparruan.

Mankomunitatearen esku egonen da:

a) Hondakinak kudeatzeko eta/edo hondakinen prebentziorako bere programa onestea, bere eskumenen esparruan eta Estatuko Esparru Planarekin eta Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuarekin koordinaturik. Hala behar denean, hondakinen prebentziorako programa sartzen ahalko da hondakinak kudeatzeko planean.

b) Merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

c) Etxeko hondakin industrialak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

4. artikulua. Zerbitzuak ematea.

Mankomunitateari dagokio hondakinen bilketa zerbitzua ematea, ordenantza honetan eta araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz, eta bere interesendako egokienak iruditzen zaizkion sistema teknikoak eta antolaketakoak erabiliz, kontuan harturik zerbitzuaren eraginkortasun operatibo eta ekonomikoa eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea.

5. artikulua. Betebehar orokorrak.

Herritarren betebeharrak:

a) Hondakinen bolumena murriztea, poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzeko moduan trinkotuz.

b) Hondakinak bereiztea eta ezarri diren edukiontzietan edo bilketa guneetan uztea, ordenantza honen arabera.

c) Hala behar denean, edukiontziak eremu publikora ateratzea zerbitzu publikoak bilketa egin dezan, Mankomunitateak ezarritako ordu eta tokietan.

d) Hondakinak bildu eta ateratzeko ordutegiak betetzea, eta bilketa eragozten duten ezinbesteko kasuetan ez ateratzea, harik eta zerbitzua normaltzen den arte.

e) Mankomunitateari edo agintaritzaren agenteei jakinaraztea kalean edo eremu publikoetan hondakin bertan behera utziak daudela, hala nola ibilgailu abandonatuak, altzariak, animalia hilak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak etab.

f) Hondakinak edukiontzien barnean uztea eta ondoren estalkiak ixtea.

g) Hondakinak arretaz erabiltzea, hondatu ez daitezen.

h) Errautsak aldez aurretik itzalita eta hoztuta botatzea.

i) Edukiontzien zamalanak, mantentze lanak, eramatea eta garbitzea ez eragoztea.

j) Arriskutsuak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatzen duen informazioa ematea eta, arriskutsuak izanez gero, jatorriari, norakoari, ezaugarriei eta abarri buruzko informazioa ematea.

Mankomunitatearen zerbitzuek behar bezala eta aurreko zehaztasunen arabera utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egiten ahalko diote.

6. artikulua. Debekuak.

Debeku da:

a) Hondakinak eremu publikora botatzea edo bertan uztea edo Mankomunitateak ezarri ez dituen tokietan.

b) Hondakinak edukiontzietan uztea ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

c) Eremu publikoetan ezarritako paperontzietatik kanpo uztea hondakin txikiak, hala nola paperak, txikleak, zigarrokinak, goxokiak, azalak eta antzeko zakarrak.

d) Edukiontziak edo beren edukia manipulatzea, eta paperontziak edo beste edukiontzi batzuk beren tokitik atera edo iraultzea eta beste leku batzuetara eramatea.

e) Ordenantza honetan ezarri ez diren xedeetarako erabiltzea edukiontziak.

f) Eremu publikoan dauden edukiontzietan utzitako edozein hondakin hautatu eta aprobetxatzeko eramatea.

g) Pertsona fisiko edo juridiko orori debekatzen zaio hondakinak bildu eta aprobetxatzea, Mankomunitateak berariazko baimenik eman ez badu.

h) Hondakinak estolderia saretik behera botatzea (zigarrokinak, pixoihalak, janari hondarrak etab.), baita aldez aurretik xehatuta badaude ere.

i) Poltsak eta ontziak lurretik arrastaka ibiltzea.

Errefusaren edukiontzietan uzten diren hondakin guztiak poltsa ongi itxietan sartu beharko dira, eror ez daitezen eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen. Hondakinak, gaizki aurkezteagatik, kanpora erortzen badira, erabiltzaile eragilea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak pakete edo kaxa barnean uzteko.

Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek baldintza bereziak ezartzen ahalko dituzte, esate baterako edukiontzioetan poltsa jartzea edo hondakinak ordu zehatz batzuetan uztea, zerbitzu teknikoek uste badute sortzen diren hondakin moten edo hondakinen kopuruaren ondorioz neurri horiek beharrezkoak direla.

7. artikulua. Zerga araubidea.

Ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzuak emateagatik eta hala ezarri denean, dagokion tasa ordaindu beharko da, kasuan kasuko ordenantza fiskalean araututako moduan.

II. TITULUA

Bilketa zerbitzua

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

8. artikulua. Bilketa zerbitzua.

1. Bilketa zerbitzuan jarduketa hauek sartzen dira:

a) Hala behar denean, hondakinen edukiontziak bilketarako ibilgailuetara eramatea, eta edukiontziak hustu eta berriz ere jatorrizko guneetan uztea.

b) Hondakinak bilketa guneetatik hartu eta bilketarako ibilgailuetan hustea.

c) Hondakinak garraiatu eta kudeaketako instalazio egokietan deskargatzea.

d) Aipatutako lan horien ondorioz isurtzen diren hondarrak jasotzea.

e) Edukiontziak eta bilketako beste gune batzuk mantendu, garbitu eta berrezartzea, erabilera esklusiboko edukiontziak izan ezik.

f) Bilketarako ibilgailuak mantendu, garbitu eta berrezartzea.

2. Oro har, ez da lurpeko edukiontzirik paratuko Mankomunitatearen eremuan.

Hala ere, behar bezala justifikatzen diren salbuespenezko kasuetan horretarako baimena ematen bada, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Instalazioak bateragarria izan behar du Mankomunitateak erabakitako bilketa, mantentze eta garbiketako sistema arruntarekin.

b) Obraren inbertsioa eta hautatutako sistemaren instalazioa Udal edo Kontzeju eskatzailearen kargura izanen dira.

c) Bilketa guneak kokatzeko eta instalazioaren ezaugarriak zehazteko, beharrezkoa izanen da Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek ontzat ematea.

d) Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakiko dute bai lurpeko bilketa gune bakoitzean paratu behar diren edukiontzien mota eta gutxieneko kopurua bai haien bilketaren maiztasuna.

e) Urbanizazio berrietan, non lurpeko edukiontzietarako instalazioak eginen diren edo horiek kokatzeko eremuak gaituko diren, sustatzailea eta/edo Udala izanen da gune bakoitzean paratuko diren edukiontzien kokalekua eta kopurua ezarriko dituena, Mankomunitateko zerbitzu teknikoek ontzat emanda.

f) Udalaren kontura izanen dira instalazioaren garbiketa eta mantentze lanak. Mankomunitatea arduratuko da, kasu guztietan bezala, instalazioan sarturik dauden edukiontzien garbiketaz eta mantentze lanez.

g) Hondakinen biltegien ahoak Mankomunitateko zerbitzu teknikoek zehazten dituzten kolore eta ezaugarriekin identifikatu beharko dira.

h) Bilketaren kostu gehigarria (zamalanetan denbora gehiago erabiltzeagatik) udal interesdunak ordaindu beharko dio Mankomunitateari, ordenantza fiskalaren arabera.

i) Mankomunitateko zerbitzu teknikoek onetsi beharko dute instalazioa irekitzeko sistema, hala eskuzkoa (giltza) nola automatikoa (urrutiko kontrola).

j) Sistemaren akatsen ondorioz ez bada egiten ahal hiri hondakinen bilketa, Udalak ahalik eta denbora laburrenean zuzendu beharko du sistema eta, bitartean, behar diren baliabideak jarri zerbitzu egoki bat bermatzeko.

k) Kasuan kasuko udalak bilketa gunea handitzeko konpromisoa hartu beharko du, askiez bilakatu bada saltoki berriak irekitzeagatik, hiri hondakin gehiago sortzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik.

l) Hautatutako instalazioek jaso beharko dute bilketa guneak bilketa sistema berrietara egokitu beharra, hala behar denean (konparaziorako, alboko bilketa).

m) Lurpeko edukiontziak jartzeko baimena ematen denean salbuespenezko kasuetan, Mankomunitateko teknikariek instalazioari buruzko txostena eginen dute eta, ezarritako baldintzak betetzen badira, kontratu bat sinatuko dute, Mankomunitateak instalazioa kudea dezan.

3. Bilketa instalazioak, egun dagoen parkea handituz edo aldatuz.

Mairagako Mankomunitatearen eskumen eremuaren barrenean, urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan bilketa gune berriak instalatzeko, kontuan hartuko da biltzeko modurik ba ote den eta betiere Udalaren hirigintza arauetan ezarritako baldintzei jarraikiko zaie.

Bilketa instalaziorik ez dagoen edo behar baino instalazio gutxiago dauden eremuetan, urbanizazio proiektua sustatzen duenak bere kontura ordainduko du instalazioen handitze edo aldatzea, zerbitzu eskaera berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada. Eginen diren instalazioen ezaugarriak (aire zabaleko edukiontziak, lurrazpikoak, bilketa pneumatikoa etab.) Udalaren hirigintza arauetan agertzen direnak izanen dira edo, bestela, urbanizazio proiektuaren edo obra lizentziaren gainean egin txostenean Mankomunitateak berak adieraziak.

Instalazioa handitu edo instalazio berria paratzen denean, Mankomunitateak finkatuko ditu baldintza teknikoak eta, obrak egiten direnean, kontrolatuko du betetzen ote diren.

Instalazio hori Mankomunitateak nahi bezala bukatu ondoren, berariazko edo esan gabeko harrera egin eta ondasun publiko bihurtuko da instalazioa.

9. artikulua. Bilketa zerbitzuen sailkapena.

1. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hondakinen bilketa zerbitzua honela sailkatzen da: arrunta eta berezia.

2. Bilketa zerbitzu arrunta nahitaez eman beharreko zerbitzu bat da eta Mankomunitateak ematen du, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat.

3. Bilketa zerbitzu arruntean hondakin kategoria hauek sartzen dira:

a) Etxeko hondakinak, etxebizitza partikularretatik iristen direnak.

b) Etxeko hondakinak, saltokietatik eta zerbitzuetatik iristen direnak.

c) Dena dela, ez dira bilketa zerbitzu arruntean sartzen honako hondakin hauek, saltokietan edo zerbitzuetan sortzen direnean:

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

–Arropa eta oinetakoak.

–Pilak eta metagailuak.

–Tamaina handiko hondakinak.

d) Kale garbiketatik, espaloietan erratza pasatzetik, berdeguneetatik eta aisia guneetatik iristen direnak.

e) Inausketako hondakin txikituak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk, egunean gehienez ere 50 kg.

f) Garbiguneen bitartez biltzen direnak (ikus II. eranskina).

4. Bilketa berezia Mankomunitateak eginen du erabiltzaileak eskatzen duenean soilik eta, halakoetan, dagokion tasa sortuko da.

5. Bilketa zerbitzu berezian hondakin kategoria hauek sartzen dira:

a) Etxeko hondakinak, jatorri industrialekoak, baita etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak ere.

b) Saltokietako hondakin ez arriskutsuak.

c) Merkatuetako hondakinak.

d) Etxeko animalia hilak.

e) Tamaina handiko hondakinak, hala nola altzariak eta etxeko gauzak.

f) Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

g) Ibilgailu abandonatuak eta erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuak.

h) Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk, egunean 50 kg baino gehiago direnean.

i) Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak, egunean 50 kg baino gehiago direnean.

6. Hondakinen bilketa zerbitzuetan ez dira inolaz ere sartuko honako hauek:

a) Hondakin arriskutsuak, etxeetakoak izan ezik.

b) Industriako hondakinak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira etxeko hondakinekin parekatzen ahal.

c) Jada erabiltzen ez diren pneumatikoak.

d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietatik iristen diren hondakinak, animalia hilak barne.

e) III. multzoan sailkatutako hondakin klinikoak, 296/1993 Foru Dekretuaren arabera.

f) MER eta SANDACH kalifikazioa duten hondakinak, haragi ustiategietatik, harategietatik, arrandegietatik eta abarretatik heldu direnak, 2008ko otsailaren 21eko EE 1774/02 Erregelamenduaren arabera kalifikatuak.

g) Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

h) Hondakin erradioaktiboak.

i) Lehergaien hondakinak eta pirotekniakoak.

10. artikulua. Hondakinen kudeaketa egokiaz arduratzea.

1. Etxeko eta saltokietako hondakinen sortzaileek eta hasierako edukitzaileek eta Mankomunitate honen eskumeneko zerbitzuetakoek horiek emateko ardura dute, zuzen kudea daitezen. Ardura hori amaitzen da ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako moduan ematen dituztenean. Hondakinak Mankomunitatearen esku gelditzen dira, behar bezala utzi eta gero.

2. Saltokietako hondakin ez arriskutsuen sortzaileek eta edukitzaileek, horiek hondakinen bilketa zerbitzuak biltzen ez dituenean, kudeaketa egokiaren ardura dute, halaber. Horretarako, honako hau bete beharko dute:

a) Hondakinak higiene eta segurtasuneko baldintza egokietan eduki beharko dituzte, beren esku dauden bitartean.

b) Hondakinak gaika ongi bereizita eman beharko dizkiete hondakinen kudeatzaileei, araudian xedatutakoari jarraikiz.

c) Hondakinen bilketa eta kudeaketa egokiari buruzko egiaztagiria eduki beharko dute.

3. Sortzaileak edo edukitzaileak ez baditu betetzen saltokietako hondakin ez arriskutsuen kudeaketari buruzko betebeharrak, Mankomunitateak zilegi izanen du kudeaketa bere gain hartzea subsidiarioki, eta horren egiazko kostua betebeharra duenari egoztea.

II. kapitulua

Bilketa arruntaren zerbitzua

11. artikulua. Hondakinak behar den tokian uztea.

1. Herritarrak behartuta daude etxeko hondakinak bereiztera etxebizitzetan, industrietan eta saltokietan, ordenantza honen arabera zenbat gai bereizi behar diren, horrenbeste zatitan, eta ezarri diren edukiontzi, toki eta orduetan uztera.

2. Mankomunitateak hondakin moten araberako bilketa arrunta eginen du, modalitate hauetako baten edo batzuen bitartez:

a) Atez ate, hau da, hondakinak poltsa itxietan, soltean edo ontzietan zein fardoetan (paper eta kartoien kasuan) uztea, eremu publikoan, Mankomunitateak ezarritako tokietan.

b) Hondakin mota bakoitzerako edukiontziak, behar bezala identifikatuak.

c) Garbiguneak.

d) Ezartzen ahal diren beste sistema batzuk.

12. artikulua. Gaikako bilketa.

Herritarrek hondakin mota hauek bereizi beharko dituzte, gaika biltzeko:

–Beira.

–Ontzi arinak (plastikozko ontziak, metalezkoak edo kartoizkoak brik motako edarietarako).

–Papera eta kartoia (paper eta kartoizko ontziak eta ontzi erabilera ez duen papera).

–Erabilitako landare olioak (biohondakina).

–Erabilitako arropak eta oinetakoak.

–Botiken hondakinak eta bilgarriak.

–Pilak.

–Errefusa.

–Animalia hilak.

–Tamaina handikoak: altzariak eta etxeko gauzak.

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

–Ibilgailu abandonatuak eta erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuak.

–Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak.

–Osasun hondakinak, hiri hondakinekin parekatzen ahal direnak.

–Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste batzuk (biohondakina).

–Tinta-kartutxoak eta tonerrak.

13. artikulua. Edukiontziak.

1. Hondakinak biltzeko beharkizuna betetzearren, Mankomunitateak edukiontziak jarriko ditu hondakin moten arabera, eta bere ardura izanen da, halaber, horiek mantendu, garbitu eta berrezartzea, beharrezkoa denean.

2. Artikulu honen 1. atalean xedatutakoa gorabehera, erabiltzaileek erabilera esklusiborako edukiontzi bat izanen dute, Mankomunitateak ezarritako ezaugarriekin, honako kasu hauetan:

a) Erabiltzaileek eskatzen dutenean, Mankomunitateak aldez aurretik baimenduta. Edukiontzi horiek eremu publikoan jarriko dira, Mankomunitateak esandako tokian eta maiztasunarekin, bilketa zerbitzuak eraman ditzan.

b) Mankomunitateak auzokideen komunitateak behartu ditzake erabilera esklusiboko edukiontzi bat eskuratzera, Mankomunitateak erabakitzen duenean, zerbitzuaren efizientzia eta eraginkortasun irizpideei jarraikiz, komunitate horiek dauden eremuetan ez direla erabilera kolektiboko edukiontziak jarriko.

Bi kasuetan, erabiltzaileari edo auzokideen komunitateari dagokio edukiontziak mantendu, garbitu eta berrezartzea.

3. Aurreko kasuetako edozeinetan, Mankomunitateak zehaztuko du edukiontziak eremu publikoko zein tokitan jarriko diren, arlo hauetako irizpideei jarraikiz: efizientzia, ekonomia, antolaketa, erabiltzaileendako hurbiltasuna eta irisgarritasuna eta osasun eta segurtasun publikoa.

14. artikulua. Gai organikoak biltzea.

Gai organikoz osatutako hondakinak horretarako diren edukiontzietan utzi beharko dira; edukiontzi horiek “gai organikoak soilik” izanen dute idatzia.

Honako hauek dira gai organikoak:

Hondakin biodegradagarria, etxeetatik, jatetxeetatik, jatetxe kolektiboko zerbitzuetatik eta txikizkako salmentako establezimenduetatik ateratzen diren elikagai eta sukalde hondakinak; orobat, elikagaiak prozesatzeko plantetatik ateratzen diren hondakin parekagarriak, fruta eta barazki hondarrak, haragi eta arrain hondarrak, sukaldeko paper eta ezpainzapi zikinak, arrautzen eta fruitu lehorren oskolak, kafe eta infusio hondarrak, sukaldatutako janarien hondarrak, ogia eta janari iraungiak.

Hondakin horiek poltsa biodegradagarrietan edo zehazten diren baldintzetan utzi beharko dira.

Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek baldintza bereziak ezartzen ahalko dituzte, esate baterako edukiontzioetan poltsa jartzea edo hondakinak ordu zehatz batzuetan uztea, zerbitzu teknikoek uste badute sortzen diren hondakin moten edo hondakinen kopuruaren ondorioz neurri horiek beharrezkoak direla.

Herri bakoitzean bilketarako ordutegia eta eguna paratzen ahalko dira, eta horiek Mankomunitateak finkatu eta jakinaraziko ditu.

Gai organikoen sortzaile handien kasuan, Mankomunitateak bilketarako berariazko sistema bat ezartzen ahalko du.

15. artikulua. Beira biltzea.

1. Beira hondakinak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.

2. Botilen, potoen eta beste ontzi batzuen kasuan, herritarrek hustu egin beharko dituzte barruko hondarrak kentzeko, eta metalezko estalkiak, plastikozko tapoiak edo ontziak hasieran zituen beste hondakin batzuk bereizi eta ontzien edukiontzira bota.

16. artikulua. Ontzi arinak biltzea.

1. Ontzi arinak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.

2. Botilen, potoen, laten eta beste ontzi batzuen kasuan, gai organikoko hondarrak badituzte, esate baterako janari hondarrak, herritarrek erabat hustu beharko dituzte aldez aurretik, halako hondarrak kentzeko.

17. artikulua. Papera eta kartoia biltzea.

1. Paper eta kartoi garbiko hondakinak, ahalik eta gehien tolestuta, horretarako edukiontzian utzi beharko dira. Bereziki, kartoi kaxak moztu eta tolestu eginen dira, edukiontzian modu egokian sartu ahal izateko.

2. Edukiontzian utzi baino lehen, herritarrek kendu egin beharko dituzte hondakin horietatik metalezko, plastikozko eta paper eta kartoi zikineko hondar guztiak, eta hondar horiek utziko dira ordenantza honetan errefuserako ezarritakoaren arabera.

3. Tafallako eta Erriberriko saltokietarako, Mankomunitateak atez ateko bilketa zerbitzua ezarria du.

18. artikulua. Landare olio erabiliak.

1. Debekatuta dago olio erabiliak hustubideetatik behera botatzea.

2. Herritarrek landare olio erabiliak 20 litro arteko plastikozko ontzi itxietara botako dituzte, eta horretarako edukiontzian utziko.

3. Jatetxeen, tabernen, hotelen eta beste jatetxe zerbitzu batzuen titularrek edukiontzi egokiak izan beharko dituzte landare olio erabiliak botatzeko bertara, eta kudeatzaile baimendu bati emanen dizkiote.

Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Mankomunitateak, ordenantza honen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, erabaki dezake hondakin horiek nahitaez sartzea bilketa sisteman.

19. artikulua. Erabilitako arropak eta oinetakoak.

Herritarrek arropa eta oinetako erabiliak toki hauetan utziko dituzte:

a) Horretarako jarritako edukiontzian.

b) Irabazi asmorik gabeko entitateen edo elkarteen lokaletan edo horien edukiontzietan, berrerabiltzeko, baldin eta entitate horiek Mankomunitatearen baimena badute arropa eta oinetako erabiliak biltzeko.

20. artikulua. Botiken hondakinak eta bilgarriak.

Botika iraungiak, jada erabiltzen ez diren botikak, botika hondarrak eta beren bilgarriak SIGRE bilketa guneetan utziko dituzte herritarrek, halakoak dituzten farmazietan.

21. artikulua. Pilak.

Pila erabiliak honako toki hauetan utziko dituzte herritarrek:

a) Behar bezala seinalizatutako edukiontzietan, hau da, banaketa tokietan, merkataritza guneetan etab.

b) Garbiguneetan.

22. artikulua. Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak.

Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak, egunean 50 kg baino gehiago badira, materialen arabera bereizirik poltsa sendoetan sartuko dira eta, ongi kudeatzeko, honako hauei emanen zaizkie:

a) Kudeatzaile baimendu bati, edo

b) Mankomunitateari, hondakin handien bilketa bereziko zerbitzuaren barnean.

23. artikulua. Errefusa.

1. Erabiltzaileek errefusa poltsa iragazgaitzetan, isurketarik ez izateko bezain sendoetan, sartu beharko dute.

2. Errefusa dagozkion edukiontzietan utziko da, izan erabilera kolektibokoak izan erabilera esklusibokoak.

24. artikulua. Garbiguneetan biltzea.

1. Garbiguneak hondakin batzuk hartu, bildu eta hautatzeko zentroak dira, eta bereziki biltzen dira beste modu batean bildu ezin daitezkeen etxeko hondakin arriskutsuak.

2. Mankomunitateak Garbigune Mugikor bat dauka, hots, egun eta ordu jakin batzuetan bere esparruko herrietara joaten den ibilgailu bat. Egun eta ordu horiek zein diren baliabide egokien bidez jakinaraziko zaizkie erabiltzaileei.

3. Enpresek eta industriek ezin dituzte garbiguneak erabili, kudeatzaile baimendu baten bitartez kudeatu behar baitituzte halako hondakinak.

4. Ordenantza honen II. eranskinean ageri da garbiguneetan onartzen ahal diren hondakinen zerrenda eta horien kopurua.

25. artikulua. Hondakinen bereizketari eta bilketari buruzko informazioa.

1. Mankomunitateak argitara emanen ditu zerbitzuaren baldintzak eta, bereziki, hondakin motak utzi eta biltzeko egun eta orduak, hondakinak uzteko baldintzak eta guneak, eta zerbitzua egokia izateko komenigarritzat jotzen den beste edozein.

2. Ordenantzaren I. eranskinean, edukiontzi mota batzuetan utzi beharreko hondakinen zerrenda azaltzen da.

3. Zerrenda hori Mankomunitatearen web orrian ere ikusten ahalko da (www.mairaga.es.).

26. artikulua. Hondakinen bereizketari eta bilketari buruzko sentsibilizazioa eta heziketa.

1. Mankomunitateak kanpainak eta jardunaldiak eginen ditu, hondakinak bereizirik biltzeari buruzko sentsibilizazioaren eta heziketaren arloan.

2. Horri begira, besteak beste, lankidetzarako hitzarmenak eta akordioak sinatzen ahalko ditu subjektu publiko eta pribatuekin, hala nola unibertsitateekin, ingurumenaren babesaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeekin, hondakinak kudeatzeko sistema kolektiboekin eta ekoizleen elkarteekin.

3. Mankomunitateak, hondakinen gaikako bilketa sustatzearren, bere web orriaren bidez aditzera emanen du hondakin mota bakoitzak duen azken tratamendua.

4. Mankomunitateak elikagai kontsumigarri baina merkaturaezinen bilketa zerbitzu bat ezartzen ahal du. Zerbitzu hau hondakin horiek sortzen dituzten zentro guztiei emanen zaie.

Ez dira inoiz ere bilduko produktu iraungiak, egoera txarrean daudenak edo pertsonek jateko egokiak ez direnak.

III. kapitulua

Bilketa bereziaren zerbitzua

27. artikulua. Etxeko hondakin industrialak eta etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak biltzea.

1. Industrien eta osasun establezimenduen titularrek, etxeko hondakinak edo horiekin parekatzen ahal direnak sortzen dituztenean, honako hau egin beharko dute:

a) Kudeatzaile baimendu bati eman, edo

b) Hondakinen bilketa bereziaren zerbitzua eskatu.

2. Mankomunitateak industrietan sortutako etxeko hondakinak eta etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak biltzeko sistema bereki bat ezartzen ahalko du, horretarako arrazoiak emanez eta hondakinen bilketan efizientzia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko irizpideetan oinarriturik; halaber, zilegi izanen du hondakin horien sortzaileak sistema horretan nahitaez sar daitezela ezartzea.

28. artikulua. Merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzea.

1. Saltokiek merkataritzako hondakin ez arriskutsuak honako hauei ematen ahal dizkiete:

a) Kudeatzaile baimendu bati, edo

b) Merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzeko zerbitzu berezi bati eskaera egin.

2. Mankomunitateak merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzeko sistema bereki bat ezartzen ahalko du, horretarako arrazoiak emanez eta hondakinen bilketan efizientzia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko irizpideetan oinarriturik; halaber, zilegi izanen du hondakin horien sortzaileak sistema horretan nahitaez sar daitezela ezartzea.

29. artikulua. Merkatuetako hondakinak.

1. Saltzaileak beharturik daude merkatuko jardueran sortzen diren hondakinak gaika bereiztera, honako gaiak bereiziz gutxienez:

a) Kartoia.

b) Ontziak.

c) Gai organikoak, Mankomunitateak horixe ezartzen duenean.

d) Zura, Mankomunitateak horixe ezartzen duenean.

e) Errefusa.

2. Saltzaile bakoitzak, merkatua ixtean, Mankomunitateak aipatzen dituen edo araudiak ezartzen dituen tokian, orduetan eta baldintzetan utziko ditu hondakinak.

3. Titularrak edo, udal merkatuen kasuan, merkataritza unitate bakoitzaren kontzesiodunak izanen du ardura merkatuko jardueran sortutako hondakinak ongi kudeatzeko. Honako hauei ematen ahal dizkie, ongi kudeatzeko:

a) Kudeatzaile baimendu bati, edo

b) Merkatuetako hondakinak biltzeko zerbitzu berezi bati eskaera egin.

30. artikulua. Animalia hilak.

1. Debekatuta dago animalia hilak edozein lur motatan uztea.

2. Animalia hilen jabeek eta albaitaritza kliniketako titularrek kudeatzaile baimendu bati eraman beharko dizkiote.

3. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, 50 kg-tik beherako etxeko animaliak direnean, jabeek eta kliniketako titularrek bilketako zerbitzu berezia eskatzen ahalko dute, animalia horiek suntsitzeko berariazko araudirik ez badago behintzat, edo animalien ezaugarriak, deskonposizio maila, tamaina edo beste berezitasun batzuk direla-eta kudeaketa ezinezkoa denean; halakoetan, nola kudeatu behar diren esanen zaio interesdunari.

4. Etxeko animalia hilak biltzeko zerbitzu berezia etxez etxe eginen da, non ez duen Mankomunitateak edo zerbitzu-emaileak beste sistema bat ezartzen animaliaren kokalekuagatik, distantziagatik edo iristeko bideengatik.

5. Jabeak edo klinikaren titularrak bere gain hartuko ditu kudeaketaren kostuak.

31. artikulua. Tamaina handikoak: altzariak eta etxeko gauzak.

Herritarrek, altzariak, etxeko gauzak eta ordenantza honetako gaikako bilketaren bidez edo araudiaren arabera eramaten ez diren beste hondakin handi batzuk bota nahi dituztenean, honako hau bete beharko dute:

a) Kudeatzaile baimendu bati eman, edo

b) Etxez etxeko bilketarako zerbitzu berezia, Mankomunitateak ezarria, erabili.

32. artikulua. Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

Herritarrek, aparatu elektriko eta elektronikoak bota nahi dituztenean, honako hau bete beharko dute:

a) Berri bat erostean banatzaileari eman, edo

b) Garbigunera eraman, edo

c) Hondakin elektriko eta elektronikoak etxez etxe biltzeko zerbitzu berezia eskatu.

33. artikulua. Ibilgailu abandonatuak.

1. Debekatuta dago ibilgailuak abandonatzea, eta titularren ardura da horiek ongi kudeatzea, araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz.

2. Ibilgailu bat abandonatutzat joko da eta hondakin bihurtuko, honako kasu hauetan:

a) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten kalteak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean edo irakurrezinak direnean.

b) Baja administratiboko egoeran izanik ere eremu publikoan dagoenean.

c) Agintaritza eskudunak ibilgailua eremu publikotik kendu eta berariaz prestatutako biltegian uzten duenetik bi hilabete baino gehiago pasatzen direnean.

c) letran aurreikusten diren kasuetan, eta abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendua eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, 15 egunean ibilgailua biltegitik eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuaren tratamendua emanen zaiola.

3. Aurreko atalean aurreikusitako kasuetan, eta ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, Mankomunitateak ibilgailu abandonatua tratamendu zentro batean utziko du kudea dezaten, eta ibilgailu abandonatuen jabeek bilketaren kostuak ordaindu beharko dituzte eta, hala denean, kudeaketakoak, ordenantza honetan eta araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera.

34. artikulua. Ibilgailuen bilketarako zerbitzu berezia, erabiltzetik gelditzen direnean.

Herritarrek, erabiltzetik gelditzen den ibilgailu bat bota nahi dutenean, honako hau bete beharko dute:

a) Tratamendu zentro batean utzi, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera, edo

b) Erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuen bilketarako zerbitzu berezia eskatu, baja administratiboa lortu ondoren.

35. artikulua. Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk.

1. Herritarrek, inausketako hondakinak eta lorezaintzakoak bota nahi dituztenean (egunean 50 kg baino gehiago), honako hau bete beharko dute:

a) Kudeatzaile baimendu bati eman, edo

b) Bilketa bereziaren zerbitzua eskatu.

2. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, herritarrek hondakin horien konpostajea egiten ahalko dute beren etxeetan, herritarrei eragozpenik edo usainik eragiten ez badie.

36. artikulua. Bilketako zerbitzu berezia eskatzea.

1. Bilketarako edozein zerbitzu berezi eskatuko da telefonoz, posta elektronikoz, eskabide baten bidez edo Mankomunitateko hondakinen atalarekin edo zerbitzu-emailearekin harremanetan jartzeko beste edozein bide erabiliz.

2. Zerbitzuaren erabiltzaileari dagokio kasuan kasuko hondakinak zerbitzuak esandako tokian uztea, egunak, ordutegiak eta beste baldintza batzuk errespetatuz.

III. TITULUA

Ikuskatzea eta zehapena ezartzea

I. kapitulua

Ikuskapena eta kontrola

37. artikulua. Ikuskapen Zerbitzua.

1. Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen den ikusteko ikuskapen eta zaintza eginkizunak horiek esleituak dituzten langileek beteko dituzte.

2. Aurreko atalean aipatu langileak, beren ikuskapen eginkizunak betetzean, agintaritzako agente izanen dira, eta ahalmena izanen dute, aldez aurretik abisatu gabe, ordenantza honetan araututako jardueren instalazioetara joateko, bai eta hondakinak biltzeko sistemen edukia ikuskatzeko ere, hala nola edukiontziak eta zabor poltsak.

38. artikulua. Laguntza eman beharra.

Saltokien, etxebizitzen, industrien eta ordenantza honen xede diren beste jarduera batzuen arduradunek eta hondakinen sortzaileek, edukitzaileek eta kudeatzaileek, araudi aplikagarriarekin bat, aurreko artikuluan aipatu langileei erraztasunak eman beharko dizkiete ikuskapen lana egiteko eta instalazioetan sartzeko, bai eta laguntza eta behar diren agiriak eman ere ikuskapen lanak egin ahal izateko.

II. kapitulua

Arau-hausteak eta zehapenak

1. ATALA

Arau-hausteak

39. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat jotzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurkakoak diren ekintzak edo ez-egiteak, bai eta Estatuko edo autonomia erkidegoko legedian, arlo honetan, ezarrita daudenak ere, nahiz eta horrek ez duen galarazten ordenantza honen manuek zehatzago identifikatzen lagundu ahal izatea.

2. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

40. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat joko da:

a) Hondakinak trinkotu gabe uztea, trinkotuz bolumena murrizten baita eta poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzen.

b) Hondakinak gaika bereizi gabe uztea edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea ez den batean edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

c) Edukiontziak eremu publikora ateratzea zerbitzu publikoak bilketa egin dezan, Mankomunitateak ezarritako ordu eta tokietatik kanpo.

d) Hondakinak bildu eta uzteko ordutegiak ez betetzea.

e) Hondakinak eremu publikora botatzea edo bertan uztea edo Mankomunitateak ezarri ez dituen tokietan.

f) Eremu publikoetan ezarritako paperontzietatik kanpo uztea hondakin txikiak, hala nola paperak, txikleak, zigarrokinak, goxokiak, azalak eta antzeko zakarrak.

g) Edukiontziak edo beren edukia manipulatzea, eta paperontziak edo beste edukiontzi batzuk beren tokitik atera edo iraultzea eta beste leku batzuetara eramatea.

h) Ordenantza honetan ezarri ez diren xedeetarako erabiltzea edukiontziak.

i) Ordenantza honen 13.2.a) artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

j) Merkataritzako hondakin ez arriskutsuen sortzaileek eta/edo edukitzaileek ordenantza honen 10.2 artikuluan xedatutakoa ez betetzea.

k) Hurrengo bi artikuluetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik larri edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

41. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larritzat hartuko da:

a) Edozein hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo botatzea, betiere pertsonen osasuna arrisku larrian jarri ez bada edo ingurumenean kalte edo hondamen larria eragin ez bada.

b) Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea, bai eta laguntza emateko betebeharrak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarriak, ez betetzea ere.

c) Hondakin ez arriskutsuak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta ordenantza honetan agertzen ez diren pertsona fisiko edo juridikoei eman, saldu edo lagatzea, eta hondakin horiek arau hauetan ezarritakoak ez diren baldintzetan onartzea.

d) Oso larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

e) Hondakin mota bakoitzerako ordenantza honetan ezartzen diren edukiontzietatik kanpora uztea hondakinak.

f) Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.

g) Mankomunitatearen baimenik gabe edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea.

h) Ordenantza hau bete ahal izateko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak galaraztea.

i) Edukiontzietan pintadak, grafitiak eta halakoak egitea, kartelak edo edonolako eranskailuak paratzea, eta iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

42. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Honako hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

1. Edozein hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo botatzea, betiere pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo hondamen larria eragin bada.

2. Erabiltzaileak berak sortutako hondakinak Mankomunitatearen esku uzteari uko egitea, arrazoirik gabe.

3. Edukiontziei kalte egitea.

4. Edukiontziak eremu publikoan paratzea trabatu edo eragoztea.

5. Edukiontzien zamalanak eta mantentze eta garbiketa lanak eragotzi edo trabatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi trabatzea.

6. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea.

7. Mankomunitatearen baimenik gabe etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak paratzea (prentsatzea etab.).

8. Hondakin arriskutsuak uztea eta biltzen direnekin batera nahastea.

9. Bildu behar ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek hondakin onargarriekin nahastea.

10. Animalia hilak edozein lurretan uztea edo jabetza publikokoak direnetan ehorztea.

43. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak urtebeteren buruan preskribatuko dira, larriak hiru urteren buruan eta oso larriak bost urteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

3. Arau-hausteak behin eta berriz egiten direnean, preskripzio epea hasiko da jarduera bukatzen den unetik edo arau-haustea den azken egintzatik. Arau-hauste diren egintzak edo jarduerak ez direnean ezagutzen kanpoko zeinurik ez dutelako, epea hasiko da horiek agertzen direnetik aurrera.

4. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

2. ATALA

Zehapenak

44. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.

Ordenantza honen 40. artikuluak ezarritako arau-hausteek 900 eurora bitarteko isuna izanen dute. Hondakin arriskutsuak badira, 9.000 eurora bitartekoa izanen da.

45. artikulua. Arau-hauste larrien zehapenak.

Ordenantza honen 41. artikuluak ezarritako arau-hausteek zehapen hauek guztiak edo batzuk izanen dituzte:

1. 901 eurotik 45.000 eurora bitarteko isuna, hondakin arriskutsuak direnean izan ezik, halakoetan isuna 9.001 eurotik 300.000 eurora bitartekoa izanen baita.

2. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/201 Legean ezarritako jardueretarako edozeinetan aritzeko desgaikuntza, urtebetetik beherako aldirako.

3. b) eta c) letretan agertzen diren arau-hausteen kasuetan, baimena deuseztatzea edo etetea, urtebeterako gehienez.

46. artikulua. Arau-hauste oso larrien zehapenak.

Ordenantza honen 42. artikuluak ezarritako arau-hausteek zehapen hauek guztiak edo batzuk izanen dituzte:

1. 45.001 eurotik 1.750.000 eurora bitarteko isuna, hondakin arriskutsuak direnean izan ezik, halakoetan isuna 300.001 eurotik 1.750.000 eurora bitartekoa izanen baita.

2. Lege honetan ezarritako jardueretarako edozeinetan aritzeko desgaikuntza, urtebeterako gutxienez eta hamar urterako gehienez.

47. artikulua. Lehengoratu beharra.

1. Kasu bakoitzean bidezkoa den zehapena galarazi gabe, arau-hausleak konpondu egin beharko du eragindako kaltea, eta hondatutakoa lehengora itzuli.

2. Arau-hausleak ezarri zaion epean konpontzen ez badu eragindako kaltea, organo eskudunak erabaki dezake isun hertsagarriak ezartzea, ordenantza honen 48. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Halaber, bete ezean, Mankomunitateak exekuzio subsidiarioz gauzatzen ahal du lehengoratze hori. Egin beharreko jarduketen kostuak arau-haustearen erantzulearen kargura izanen dira eta, hala behar denean, eragindako kalte eta galeren ondoriozko kalte-ordaina eskatzen ahalko zaio.

48. artikulua. Isun hertsagarriak.

Ezar daitekeen zehapena galarazi gabe, organo eskudunak erabaki dezake isun hertsagarriak jartzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 99. artikuluari jarraikiz.

Isun horietako bakoitzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu arau-haustearen ondoriozko isunaren herena, eta ez dira inoiz ere 1.000 euro gaindituko.

49. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan eta arau-hauste oso larriengatik ezartzen direnak bost urteren buruan.

2. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea.

3. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

50. artikulua. Adingabeen eta hondakinen bilketaren arloetako neurri judizialak gauzatzen laguntzea.

1. Mankomunitateak lankidetza hitzarmenen sinadura bultzatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen arloan eskumenak dituzten entitate publikoekin.

2. Aurreko atalean aipatzen diren lankidetza hitzarmenen xedea izanen da adingabeen epaitegiek ezarritako erreformarako neurri judizialak (komunitatearen aldeko lanak) gauzatzen laguntzea, uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu horren bidez onetsi da adingabeen erantzukizun penala arautzen duen legea garatzeko erregelamendua, eta bidea ematen du adingabeek komunitatearen aldeko prestazio gisa garbiketa lanak eta hondakinen bilketa lanak egin ditzaten, betiere egindako arau-hausteak urratutako ondasun juridikoaren izaerarekin lotuta badaude.

51. artikulua. Zehapenak argitara ematea.

Mankomunitateko Batzar Nagusiak erabaki dezake argitara ematea, bidezkoak iruditzen zaizkion baliabideak erabiliz, arau-hauste larri eta oso larrien ondoriozko zehapenak, irmo bihurtu ondoren.

52. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

1. Mankomunitateko buruari dagokio zehapeneko administrazio espedienteak ebaztea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.n) artikuluak horretarako esleitutako eskumena erabiliz.

2. Zehapenak ezarri eta erantzukizunak eskatuko dira, ordenantza honen arabera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen da Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza, Batzar Nagusiak 1999ko abenduaren 13an onetsia (2000ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 8an, argitaratua), bai eta ordenantza honetako gaiak arautzen dituzten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, ordenantzaren edukiaren kontrakoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Azken xedapenetan bigarrena.–Eskumena.

Mankomunitateko buruak, bere eskumenez baliaturik, zilegi izanen du ordenantza honetako artikuluak interpretatu, argitu eta garatzea.

I. eranskina

Edukiontzi bakoitzean utzi beharreko hondakinen zerrenda

Beira.

–Beirazko potoak eta botilak, edozein koloretakoak.

–Kosmetikako eta lurringintzako potoak.

–Kontserben flaskoak.

–Beirazko gauzak, ispiluak eta beira planarra izan ezik.

Papera eta kartoia (zikindu gabeak eta plastikorik eta metalik gabeak).

–Aldizkariak eta egunkariak.

–Liburuak, koadernoak, libretak, orriak, karpetak, kartoi meheak.

–Kartoi kaxak.

–Paper poltsak.

–Kartoizko arrautzontziak.

Ontzi arinak.

–Altzairuzko edo aluminiozko kontserba latak.

–Altzairuzko edo aluminiozko edari latak.

–Aluminiozko erretiluak eta biltzekoak.

–Estalkiak, tapoiak, txapak.

–Esne, irabiaki, zuku, krema eta antzekoen brickak.

–Ur, olio, jogurt, zuku botilak, plastikozkoak.

–Esnekien plastikozko eta metalezko ontziak, hala nola jogurtenak, gurinarenak, gaztarenak etab.

–Plastikozko arrautzontziak.

–Norberaren higieneko produktuen plastikozko potoak, hala nola kremenak, bainuko gelenak, hortzetako pastarenak.

–Etxeko garbiketako produktuen plastikozko potoak, hala nola garbikarienak, lixibarenak, leungarrienak.

–Plastikozko poltsak.

–Plastikozko erretiluak eta janariak biltzeko plastikozko filma.

Osasun hondakinak, etxekoekin parekatzen ahal direnak, puntazorrotzak edo ebakitzaileak ez direnak eta arriskutsuak ere ez (ez infekziosoak, ez erradioaktiboak).

–Sendaketako material infektatu gabea.

–Eskuzorroak eta behin erabiltzeko beste gai kirurgiko batzuk.

–Igeltsuak.

–Ehun suntsikorrak.

–Behin erabiltzeko arropa.

–Pixoihalak.

–Zundak.

–Odol poltsa hutsak.

–Dialisiko iragazkiak.

–Behin bakarrik erabiltzen diren objektu eta materialak, jariakinak edo iraizkinak dituztenak.

–Behin bakarrik erabiltzen diren objektuak eta materialak, infekzio arriskurik ez dutenak.

Errefusa.

–Gai organikoak.

–Janari hondarrak, landare olio erabiliak izan ezik.

–Pixoihalak.

–Sukaldeko papera, zelofanezkoa.

–Komuneko papera.

–Paper zikina, koipez, janariz zikindua.

–Plastikozko eta paperezko platerak, edalontziak, erabiliak eta/edo zikinak.

–Paperezko ezpainzapiak.

–Bolalumak, errotuladoreak.

–Hortzetako eskuilak.

–Elektronikoak ez diren eta pilarik ez duten jostailuak.

–Gomazko eskuzorroak.

–Esekigailuak.

–Zartaginak, eltzeak, lapikoak eta sukaldeko antzeko beste tresna batzuk.

II. eranskina

Garbiguneetan onar daitezkeen hondakinak

HONDAKINA

LER KODEA

KOPURUAK

Tonerra, tintak, inprimagailuko zintak

08 03 17*

2 unitate

Aerosolak

15 01 10*

3 unitate

Metalezko ontzi kutsatuak

15 01 10*

5 unitate

Plastikozko ontzi kutsatuak

15 01 10*

5 unitate

Su-itzalgailuak

15 01 10*

unitate 1

Ura hidrokarburoekin

16 07 08*

5 litro

Zuntz-zementua

17 06 05*

1 m²

Disolbatzaileak

20 01 13*

3 litro

Azidoak

20 01 14*

litro 1

Baseak (disoluzio alkalinoak)

20 01 15*

litro 1

Argazkigintzako likidoa

20 01 17*

litro 1

Fitosanitarioak

20 01 19*

3 unitate

Merkurioa

20 01 21*

Termometro 1

Automozio olioa

20 01 26*

5 litro

Landare olioa

20 01 25

5 litro

Argizari eta koipe erabiliak

20 01 26*

kilo 1

Erregaia: gasolioa

Erregaia: gasolina

13 07 01

13 07 02

5 litro

5 litro

Automozioko iragazkiak

16 01 07

unitate 1

Pintura

20 01 27*

5 litro

Pintura disolbatzailearekin

20 01 13

5 litro

Garbiketako gaiak

20 01 29*

3 litro

Pb-azido bateriak

20 01 33*

2 unitate

Erradiografiak

20 01 99

Mugarik gabe

Material kutsatua, xurgatzaileak

150202

5 kilo

Izotz-kontrakoa

16 01 14*

5 litro

Botikak

20 01 32

1 kilo

Botoi-pilak, litiozkoak, kadmiozkoak

20 01 33*

0.5 kilo

Pilak

20 01 34

2.5 kilo

AEEH

Fluoreszenteak

20 01 21*

3 unitate

Telebistaren, ordenagailuaren pantailak

20 01 35*

2 unitate

Etxetresna elektriko txikiak

20 01 35*

2 unitate

(*) Hondakin arriskutsuak

Garbiguneetan ez dira hondakin hauek onartuko:

–Sailkatu gabeko materialak.

–Industriako hondakinen kopuru handiak.

–Hondar anatomikoak edo infekziosoak.

–Janari hondarrak.

–Konfiskatzen diren gauzak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Meatzaritzan edo erauzketa jardueretan sortzen diren hondakinak.

–Nekazaritzako edo abeltzaintzako hondakinak.

Iragarkiaren kodea: L1309447