2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDABIA
Aldaketa, Lurzoru urbanizaezinean etxolen eta nekazaritzako biltegien eraikuntza eta finken hesitzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Mendabiako Udalak, 2013ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Lurzoru urbanizaezinean etxolen eta nekazaritzako biltegien eraikuntza eta finken hesitzea arautzen duen ordenantzan, 2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 13an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Mendabian, 2013ko ekainaren 19an.–Alkate udalburua, María Josefa Verano Elvira.
ORDENANTZA, LURZORU URBANIZAEZINEAN ETXOLEN ETA NEKAZARITZAKO BILTEGIEN ERAIKUNTZA ETA FINKEN HESITZEA ARAUTZEN DUENA
Lurzoru urbanizaezineko eraikuntzako araudia
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1.–Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da Lurzoru urbanizaezinean etxolen eta nekazaritzako biltegien eraikuntza eta finken hesitzea arautzea.
2.–Aplikazio eremua.
Mendabiako udal mugape osoa hartzen da aplikazio eremutzat.
3.–Ohar orokorrak.
Lurzoru urbanizaezineko kategoria batzuetan onarturik edo baimendurik dago eraikitzea edo eraikuntzako bestelako jarduerak egitea. Eraikuntza horiek egiten ahalko dira ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak eta motak betez.
II. KAPITULUA
Baratzezaintzari laguntza emateko etxolak eta txabolak
4.–Definizioa.
Nekazaritzarako beharrezkoak diren lanabes eta erremintak gordetzen dituzten eraikinak dira. Tradizioz biltzeko eta aisialdirako lekuak izan dira eta aisialdirako eremuak izaten ahal dituzte.
5.–Baimena:
5.1. Udalak baimentzen ahal ditu baratzezaintzarako txabolak, edo bestelako txabola nahiz etxolak, betiere artikulu honetan ezarritako baldintzak betez gero.
5.2. Baimena eskuratzeko eskaerarekin batera, honako determinazio hauek betetzen direla frogatuko duen dokumentazioa aurkeztuko da:
a) Birmoldatzea edo lurzatiak berrantolatzea egin den eremuetan, etxola bat eraikitzeko baino ez zaio baimena emanen prozeduran esleipen-hartzailea den jabe bakoitzari.
b) Gutxieneko lurzatia: 1.000 m².
c) Solairu kopurua, gehienez: beheko solairu bat, gailurraren gehieneko garaiera 3,5 metrokoa baita.
d) Azalera eraikia, gehienez: guztira, 40 m², eta horietatik gehienez ere 25 m² ixten ahal dira. Ataripea eraikitzea onartzen da, eta azalera gehienez ere 15 m²-koa izanen da.
e) Debekatuta daude eraikinaren xederako beharrezkoak ez diren eraikuntzako elementu guztiak. Debekaturik dago etxolak urez nahiz argindarrez hornitzea.
f) Estalkiak arre koloreko teilaz eginen dira. Isurialdeen malda %20 eta %40 bitartekoa izanen da.
g) Berariaz debeku da zero kotaren azpitik eraikitzea, baita solairuarteak egitea ere.
h) Teilatu-hegala, gehienez: 30 cm.
i) Fatxadak modulazio eta simetria irizpideei jarraikiz osatuko dira. Mortero zarpiatua erabiltzen ahal da fatxadarako, kolore okre lurkaretan pintatua, edo bistako adreilu arrea, harria edo zura.
j) Eraikinak sarbide nagusien ondoan egonen dira beti, eta inola ere ez lurzatien erdian. Salbuespenez eta modu arrazoituan, lurzatien atzealdean ere baimentzen ahalko dira.
k) Etxolen gutxieneko atzeraemangunea, muga guztietara: 3 metro. Bideen aldeko atzeraemangunea 5 metrokoa izanen da.
III. KAPITULUA
Nekazaritzako biltegiak
6.–Definizioa.
6.1.1. Gehien bat nekazaritzako nahiz abeltzaintzako ekoizpena edo makineria biltegiratzeko erabiltzen diren eraikinak dira.
7.–Baimena:
7.1. Udalak baimena ematen ahalko du nekazaritzako biltegiak eraikitzeko, betiere artikulu honetan ezarritako baldintzak betez gero.
7.2. Baimentze eskaerarekin batera, honako determinazio hauek betetzen direla frogatuko duen dokumentazioa aurkeztuko da:
a) Instalazio horien eta etxebizitzen arteko tartea 150 metrotik gorakoa izanen da, dela hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian dela lurzoru urbanizaezinean.
b) Errepideetatik gutxienez ere 50 metrora egonen dira.
c) Paisaiaren ezaugarriak gordetzen direla begiratuko da kokalekua finkatzerakoan, eta ezin da biltegirik eraiki oso nabarmen agertuko liratekeen tokietan.
d) Fatxadatik lurzatiaren mugara gutxienez 6 m-ko tartea utziko da.
e) Lurzatien azalera 2.000 m²-koa izanen da, gutxienez ere, eta biltegi bakarra baimenduko da ustiategi edo jabe bakoitzeko.
f) Azalera eraikia, gehienez ere: 600 m². Azalera eraikia, gutxienez ere: 200 m².
g) Solairuen gehieneko kopurua: bat (beheko solairua). Ezin da solairuarterik eraiki.
h) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino: 9 metro.
i) Gehieneko garaiera, gailurreraino: 12 metro.
j) Oinplanoa errektangularra izanen da, eta alderik luzeena gehienez ere 25 metrokoa.
k) Estalkiak bi isurialdekoak izanen dira, eta %20 eta %40 arteko malda izanen dute. Kolore arreak edo berde ilunak erabiliko dira. Estalki gangatuak ere onartuko dira, betiere ordezkatzen duten bi isurialdeko inguratzailean sartzen badira.
l) Fatxadak simetria irizpideei jarraikiz osatuko dira, eta honako material hauek erabili ahalko dira: bistako adreilu okre edo arrea; fabrika, kolore okre lurkaretan zarpiatua; bistako blokea, kolore errea; edo harria nahiz hormigoia, aipatu kolore berberetan.
m) Fatxadako baoak 1,30 x 1,30 metrokoak izanen dira gehienez ere, eta lur sestraren gainetik 1,50 metrotik gora jarriko dira.
n) Udalak, halako kasu berezietan, zuhaitz hesiak paratzeko eskatu ahalko du paisaia gordetzearren.
IV. KAPITULUA
Lurzoru urbanizaezinean finkak hesitzeko baldintza orokorrak
8.–Xedea eta eskaerak:
8.1. Lurzoru urbanizaezinean finketako itxiturek bete behar dituzten baldintzak arautzea.
Arauketa honen edukiak ez du salbuesten aplikatzekoa den beste edozein arau tekniko edo legezko betetzetik, bereziki udal lizentziaren aurrean beste baimen batzuk lortu behar diren kasuetan.
8.2. Lurzoru urbanizaezineko finketan edozein itxitura egin ahal izateko Mendabiako Udalari behar den lizentzia eskatu beharko zaio. Eskabidearen batera aurkeztu beharko da egin asmo den itxitura mota, altxaerak, finkaren oinplanoa eta itxitura, sekzioak eta abar azalduko dituen txostena, dagokion aurrekontu zehatzarekin batera.
9.–Itxitura motak:
9.1. Landaresia.
Baimendua finkaren inguru osoan. Mugetatik 0,50 m-ra landatuko da gutxienez, legeria zibilak arautzen dituen zortasunak errespetatzeko.
9.2. Eraikuntzaz bestekoa.
Itxitura lurrean zuzenean landaturiko zurezko edo metalezko eskora (mahastietako zutoinen antzekoa) zimendu gabeek eta burdin hari lerroek eta untxiak ez sartzeko sareek osatzen dute.
Finkaren inguru osoan baimendurik, 1,60 m-ko garaiera bitarte.
Finkaren ertzean paratzen ahalko dira.
9.3. Eraikuntzazkoa.
Obrako itxitura; haren zati opakua ez da metro 1 garai baino handiagoa izanen, bistara uzteko material egokian egitekoa; gainerakoa, berriz, metalezko itxituraren bidez eginen da burdin sarea osotara 2,00 m egiteraino.
Bakar-bakarrik baimenduko da lurzoru urbanizaezinean baimendutako eraikin bati lotutako itxitura gisa. Bakar-bakarrik baimenduko da eraikuntzari zuzenean lotutako azalera hesitzea:
Nekazaritzako biltegia: 2.000 m², gehienez ere.
Etxola: 500 m², gehienez ere.
Bestelakoak (abeletxeak, industria...): justifikatu beharrekoa.
Bide publikoen kanpoko ertzeetatik gutxienez 3 metro atzerago kokatuko dira.
10.–Kokaeraren baldintza sektorialak:
Betiere beteko dira Nafarroako Errepideak Babesteko Legeak ezarritako baldintzak.
11.–Salbuespenak:
Salbuespenez, eraikuntzazko itxiturak baimentzen ahalko dira lurzoru urbanizaezinean, haren kategoria ez denean oihanekoa edo nekazaritzako ekoizpen handikoa, baldin eta lotetsirik badago lurzoru horren barnean baimentzen diren eraikuntzaz bertzeko jarduerei.
V. KAPITULUA
Tramitazioa
12.–Ordenantza honek arautzen duen eraikuntza paratu, handitu edo legeztatzeko, Mendabiako Udalari eskatuko zaio dagokion Udalaren obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.
13.–Betiere, Mendabiako Udal Planeko baldintzak bete beharko dira.
14.–Lizentziak kasu guztietan emanen dira, jabetza eskubidea izan ezik eta hirugarrenei kalterik eragin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.
AZKEN XEDAPENA
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hau behin betikoz onetsitakoan, lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara emandakoan.
Iragarkiaren kodea: L1309142