152. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

264E/2013 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Acedon turismoko kanpaleku bat handitzeko Plan Bereziaren berrikuspenaz. Sustatzailea Camping de Acedo, S.L. da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 3. atalean ezarritakoaren arabera, plan bereziak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Mendazako Udalak hasiera batean onetsi ondoren Acedoko kanpina handitzeko plan berezia, jendaurrean jarri da, 2013ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitara emanez, maiatzaren 6an. Jendaurreko epe horretan, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Acedoko egungo turismo kanpalekuak badu plan berezi bat, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete zuena; prozedura horretan Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen (Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abuztuaren 5ean emandako 1221/2011 Ebazpena, 2011ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 12an, argitaratua).

Plan berezi hau berrikusteko xedea da turismo kanpalekua handitu eta antolatzea egungo beharretara egokitzeko:

Planaren lurralde esparrua murriztea planteatzen da, eta horrek, indarreko planarekin alderatuta, funtsezko aldaketa ekarriko du. Esparrua egun dauden begi bistako lurralde elementuetara egokitu da: P-49 eta P-19 abelbideak iparraldean eta mendebaldean, hurrenez hurren, Pontizuela erreka hegoaldean, eta ekialdean Acedo-Lodosa NA-129 errepidea eta mendebaldean.

Bestetik, kanpalekurako eremua 3,48 hektarea handitu da, 4. poligonoko 231. lurzatian eta 232. lurzatiaren zati batean.

Turismo kanpalekua handitzeko eremua nekazaritza eta abeltzaintzarako ustiatzeko balioa duen lurzoru urbanizaezinean dago; nekazaritzarako erabiltzen da eta bertan ez da atzeman balio nabarmenik ingurumenaren aldetik.

Beharrezkoak diren azpiegiturei dagokienez –hornidura, saneamendua, energia elektrikoa eta telefonia–, konexioa bermatuta dago egun dauden instalazioak baliatuz. Mugikortasunarekin lotutako alderdi positibo bat da turismo kanpalekua lotuta geldituko dela Acedoko hirigunearekin, errepidearen eskuinaldean dagoen espaloia luzatu eginen baita.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura modu egokian egin dela eta aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Acedon (Mendaza) turismoko kanpaleku bat handitzeko Plan Bereziaren berrikuspenaz. Sustatzailea Camping de Acedo, S.L. da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Mendazako Udalari eta Camping Acedo, S.L. sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko ekainaren 20an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1310410