1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
293/2013 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: hargunea KTZT Arranobieta izenekoan, TA Bidasoa-Irun lineatik, eta Transformazio Zentroa Sunbillako udal mugapean. Iberdrola Distribución, S.A.U. enpresak sustatu du proiektua.
Espedientea: Ingurumen ukipenetarako baimena.
Jarduera: Aireko eta lur azpiko linea elektrifikatzea: hargunea KTZT Arranobieta izenekoan, TA Bidasoa-Irun lineatik, eta Transformazio Zentroa Sunbillako udal mugapean.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legearen Erregelamenduaren eranskina: 2C-Ingurumen ukipenetarako baimenaren mende dauden jarduerak eta proiektuak.
Udalerria: Sunbilla.
Sustatzailea: Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektatutako jarduketaren xedea da kanpoko transformazio zentro berri bat, 250 kVA-koa, KTZT Arranobieta izenekoa, hornitzea, egungo instalazio elektrikoak hobetzeko eta horniduraren jarraikortasuna eta kalitatea bermatzeko; horretarako, lur azpiko linea elektriko berri bat eraikiko da, 10 bat metro luze, Sunbillako udal mugapeko 2. poligonoko 231. lurzatian. Horrez gain, 30 kV-eko TA Bidasoa-Irun lineako T-9111 euskarria aldatuko da.
Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena jaso da.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: hargunea KTZT Arranobieta izenekoan, TA Bidasoa-Irun lineatik, eta Transformazio Zentroa Sunbillako udal mugapean. Iberdrola Distribución, S.A.U. enpresak sustatu du proiektua.
2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:
–Deribazioko eta aireko-lur azpiko bihurtzeko euskarria 2013ko ekainaren 25ean aurkeztutako dokumentazio osagarriarekin bat eginen da.
–Lurretik kanpora geldituko diren eraikin, euskarri edo instalazioek “bideen” zortasuna errespetatu beharko dute, hiru metrokoa gutxienez, bide ertzetik neurtuta, eta ahal den txikiena izanen da natur ingurunearen gaineko begi-inpaktua, 35/2002 Foru Legearen 112. eta 88. artikuluei jarraikiz.
–Lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik agertuz gero, lanak gelditu eta aurkikuntzaren berri emanen zaio berehala arkeologiaren arloko foru organo eskudunari (Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atala); arau-hauste larria izanen da aurkikuntzari ukipenak eragitea aipatutakoa ez betetzeagatik (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 54. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak).
–Proposatutako jarduerek eta erabilerek beste baimen batzuen beharra dakarte, eta sustatzaileak obra lizentzia jaso aurretik eskuratu beharko ditu, zein bere arlokoa; bereziki honako hauek:
- Departamentu honen Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearen 46. artikuluaren ondorioz, 47. artikuluan adierazten den tramitazioari jarraikiz, azpiegitura NA-1210 Belateko mendatea errepidearen gainetik igarotzen baita 34. kilometroan.
- Kasuan kasuko arroko erakundearen baimena (Kantauri aldekoa), Bidasoa ibaiaren ibilgu publikoaren gainetik igaro, eta euskarria polizia-eremuan baitago.
–Baimen hau azpiegitura elektrikoa ezartzeari dagokio, ez besterik, eta Udalak ebaluatu behar du zerbitzua jasotzen duten etxe multzoetan ematen zaizkion erabileren egoera administratiboa; eraikinak lurralde mailako baimenerako tramiteak eskatu aurrekoak direla ulertzen da.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Sunbillako Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko uztailaren 17an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1310558