148. ALDIZKARIA - 2013ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 3koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko ANFAS entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Iruñeko ANFAS entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31000602011983) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko uztailaren 2an sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko maiatzaren 31n izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko uztailaren 3an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ANFAS (ASOCIACION NAVARRA EN FAVOR DE LAS PERSONAS CON DISCAPACIDAD INTELECTUAL) ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA

2013. urterako

1.–Aplikazio eremua.

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau ANFAS enpresak gaur egun Nafarroan dituen edo hitzarmenaren indarraldian instalatzen dituen bulego eta zerbitzu guztietan aplikatuko da.

2. artikulua. Denbora-eremua.

1. Indarraldia: hitzarmenak urtebeteko indarraldia du (2013). Hitzarmen honek, ondorio guztietarako, alderdi legitimoek sinatzen duten egunean hartuko du indarra, salbu eta artikulu batzuen kasuan, non berariaz adierazten baita haien indarraldiaren hasiera 2013ko urtarrilaren 1era atzeratuko dela.

2. Hitzarmenaren luzapena, salaketa eta berrikuspena: Hitzarmena salatuta gelditu da sinatzen den une beretik.

Salbuespen gisa, hitzarmenaren klausuletakoren bat edo beste berrikusten ahal da, horretarako arrazoirik baldin badago eta sinatu duten bi alderdiak ados badaude.

Negoziazio mahaian beste akordiorik lortu arte, hitzarmen honek eta bere eranskinak indarra izaten jarraituko dute, oso-osorik, 2015eko ekainaren 30a arte.

Bi alderdiek konpromisoa hartu dute hurrengo negoziazioa 2013ko irailaren 16an hasteko.

3. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen kolektibo honek eragina izanen du langile guztiengan, direla finkoak, direla bitartekoak, behin-behinekoak, tituludunak nahiz gabeak, eta, oro har, Langileen Estatutuan eta harekin bat datozen legeetan ezarritako edozein motatakoak.

4. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzak ez betetzea (ez aplikatzea).

Indarra duen bitartean, enpresak ezin izanen ditu hitzarmena eta eranskina aplikatu gabe utzi Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraren bidez. Mugaeguna iritsi baino lehen, honako hau berriz negoziatzen saiatu beharko du, beste bat lortzeko, edo berrikusi beharko du Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak aurreikusitakoari jarraituz.

II.–Lan baldintzak (orokorrak).

5. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Enpresak langilearen soldata errealaren %100era arte osatuko du, lehenbiziko egunetik hasita, aldi baterako ezintasuna gertatzen denean, dela laneko zein lanetik kanpoko istripuaren ondorioz, dela laneko eritasunaren nahiz eritasun arruntaren ondorioz, dela haurdunaldiko arriskuaren ondorioz.

Artikulu honetako aurreko lerroaldean aipatzen den ehunekoa aldi baterako ezintasun egoera gertatu aurreko hilabete naturalean langileak jaso zuen oinarrizko soldataren eta antzinatasun sariaren %100i dagokio. Dena dela, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langilearen soldata erreala ezin izanen da egoera horretan ez balego kobratuko lukeena baino handiagoa izan.

Kontzeptu honetan aipatzen den osagarria, enpresak ordaindu beharrekoa, lanerako aldi baterako ezintasunak dirauen bitartean ordainduko da, gehienez ere 12 hilabetean, baina beste sei hilabete ere luza daiteke.

6. artikulua. Lanaldia eta oporrak.

Urtean 1.672 orduz egin beharko da lan.

Langileen lan egutegia zerbitzu, zona edo programa bakoitzerako prestatzen den urteko egutegia bezalakoa izanen da, bakoitzaren egoeraren eta beharren arabera. Egutegi horiek ANFASko zuzendaritzak onetsi beharko ditu.

Langile guztiek kasuko urteko urtarrilaren 31 baino lehen eduki beharko du bere zona, programa, zerbitzu edo departamentuko lan egutegia. Egutegi horretan zerbitzurik gabeko aste bat agertuko da Aste Sainduan eta Eguberrietan (etxebizitzetan izan ezik) eta beste aste bat eskualdeko festetan.

Ahaleginak eginen dira lan egutegi horretan norberak opor egunak nahi bezala hartzearen irizpidea eta eragimenaren irizpidea orekatzen. Hortaz, opor egunen %65, gutxienez, jarraian hartzea finkatzen da eta, orobat, egunen %85 eskualdean zerbitzurik ez dagoen egunetan hartu beharra. Eskualdean udako jarduerak egiten badira (hiriko kanpaldiak...), opor egunen %95 zerbitzurik ez dagoen egunetan eta jarduera horiek egiten diren egunetan hartuko dira. Kanpaldietan, erreferentziako plantillaren %50 egotea bermatuko da, eta langile guztiek kanpaldietako hiru txandatan lan eginen dute.

Udan, hots, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean (biak barne), lanaldi osoan aritzen diren kontratupeko langile guztiek 7 orduko lanaldi jarraitua egiteko eskubidea izanen dute, benetako lan-denboran neurtua, desgaitasuna duten pertsonei zuzeneko arreta ematen dieten langileak izan ezik.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte urtean. Oporraldiaren hasierako data langileen eta enpresaren artean adostuko da, zeinak negoziatzen hasiko baitira oporraldiak hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez, elkartearen programei kalterik ez eragiteko. Adostasunik ez bada, Nafarroako Lan Magistraturak erabakiko du.

Artikulu honetan ezarritako oporraldi osoan, zeina benetan lan egindako denboraren arabera sortzen baita, unean-unean indarra duen soldata kobratuko da, kontzeptu hauei dagokiena: oinarrizko soldata eta, hala egokitzen bada, antzinatasuna.

Urteko oporrak kasuan kasuko urte naturalean hartu behar dira. Behin opor egunak finkatutakoan, aldatzen ahalko dira, laneko istripua, laneko eritasuna edo eritasun arrunta gertatuz gero.

Oporretarako finkatutako aldian laneko istripua, laneko eritasuna, eritasun arrunta, ama izateagatiko atsedenaldia edo haurdunaldiko arriskuagatiko baja gertatuz gero, langileak eskubidea izanen du oporrak beste egun batzuetan hartzeko; gertaera horien ondoriozko baja-egunak aurreikusitako opor egunekin bat egin duten adina egun, ez gehiago. Kasu horretan, bi alderdiek itunduko dute noiz hartu egun horiek.

Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez baditu, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere.

Langileen ordezkariei aurretik jakinarazita, urteko lanaldiaren %3 arteko banaketa irregularra duten egutegiak ezartzen ahalko dira, legeak finkatutako gutxieneko atsedenaldiak errespetatuz.

7. artikulua. Bizitza pertsonala eta lana bateratzea: lanaldi murrizketa legezko zaintzagatik.

Langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentzialditzat.

8. artikulua. Balioaniztasuna.

Langilearen eta enpresaburuaren artean balioaniztasun funtzionala adostuko da, hau da, talde baten baino gehiagoren eginkizunak betetzea. Soldata kategoria bakoitzean emandako denboraren arabera zehaztuko da soldataren ordainketa.

9. artikulua. Lan baldintzen funtsezko aldaketa.

Enpresako zuzendaritzak funtsezko aldaketak erabakitzen ahalko ditu lan baldintzetan, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan jasotako gaietan eragina duten arrazoi ekonomikoak edo antolaketakoak daudela frogatzen direnean.

Banako aldaketaren kasuan, langileari jakinarazi beharko zaio, hark eragina izan baino 30 egun lehenago, gutxienez ere.

Langileen Estatuaren 41.2 artikuluan araututako mugak gaindituz gero, eta lan baldintzen funtsezko aldaketa kolektibotzat jo behar denean, enpresaburuak langileen ordezkariei jakinarazi beharko die, aldaketak eragina izan baino 15 egun lehenago gutxienez ere; orobat, hitzarmenaren batzorde paritarioari, txostena presta dezan, zeina, gehienez ere, 7 egunean prestatu beharko baita.

10. artikulua. Mugigarritasun geografikoa, funtzionala eta lan baldintzen funtsezko aldaketa.

Lanbide taldeari dagozkion eginkizunak betetzeko mugigarritasun funtzionala egin ahal izateko, hura justifikatzen duten arrazoi ekonomikoak edo antolaketakoak beharko dira eta ezinbesteko denboran bakarrik; enpresaburuak bere erabakia eta horretarako arrazoiak eman beharko dizkie aditzera langileen ordezkariei. Ordainsari handiagoko kategoria batera aldatuz gero, langileak nomina bakoitzean jasoko du soldata alde hori.

Langileak, urtebetean sei hilabetez edo bi urtean 8 hilabetez betetzen baditu goragoko eginkizunak, igoera erreklamatzen ahalko du posturako eskatzen diren lanbide edo ikasketa titulurik badu; betiere, ez da zentroan adostutako barne sustapenaren sistemaren aurka eginen, hori beti gailenduko baita, non ez den elkarteko langile bat falta dela-eta hura ordezten; halakorik gertatuz gero, hura bukatutakoan atzera itzuliko da.

Erabakiak eragina izan baino hilabete lehenago, gutxienez ere, jakinarazi beharko dio enpresaburuak langileari lekuz aldatzeko erabakia.

11. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.

Enpresan urtebetetik gorako antzinatasuna duten langileek aukera izanen dute, enpresari eskatu ondoren, ordaindu gabeko bi hilabete bitarteko baimena hartzeko; baimena lortzeko, langileak idatziz eskatu beharko du eta zertarako nahi duen behar bezala justifikatu; baimena erabili ahal izateko, enpresaren aldez aurreko baimen idatzia beharko da.

Enpresak baimena emanez gero, ordaindu gabeko baimenaren aldi hori enpresako antzinatasunaren ondorioetarako kontatuko da.

12. artikulua. Borondatezko eszedentziak.

Borondatezko eszedentziarako eskubidea izateko betebeharrak hauek dira: idatziz eskatzea hilabete bat lehenago, enpresan urtebetetik gorako antzinatasuna izatea eta aurreko lau urteetan borondatezko beste eszedentziarik hartu gabea izatea. Eszedentzia lau hilabetetik bost urte bitartekoa izanen da.

Eszedentzia urtebetetik gorakoa bada, ez dago lanpostua erreserbatzeko eskubiderik. Dena dela, langileak utzi duen lanpostua bezalako bat edo antzeko bat gelditzen bada hutsik, enpresara berriz itzultzeko lehentasuna izanen du.

Borondatezko eszedentzian dagoen bitartean, langilearen eskubide eta betebehar guztiak etenda geldituko dira, eta horrenbestez, ez du inolako kontzepturen lansaririk jasoko, eta eszedentziako denbora ez zaio antzintasunerako kontatuko.

Langileak lanera itzuli nahi badu, idatziz eskatu beharko du eszedentzia bukatu baino hamabost egun lehenago. Borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzultzeko eskaera eszedentzialdia bukatu baino hamabost egun lehenago aurkezten ez duen langileari behin betiko baja emanen zaio enpresan.

13. artikulua. Baimen ordainduak.

Ondoko arrazoiengatik, langileak lanera ez agertzeko eskubidea izanen du, dagokion ordainsaria kobratuta, ahalik eta lehenen abisatzen badu eta gero behar bezala justifikatzen:

LIZENTZIAREN ARRAZOIA

LIZENTZIAREN IRAUPENA

EGIAZTAGIRIAK

1.–Ezkontzagatik edo izatezko bikotearen legezko onarpenagatik

16 egun natural

Familia liburua edo epaitegiaren ziurtagiria edo bizikidetzaren ziurtagiria

2.–Seme edo alaba baten jaiotzagatik

4 egun natural, edo 6, zesarea edo larritasun larria izanez gero

Familia liburua edo osasun ziurtagiria, larritasun larria edo zesarea izanez gero

3.–Adopzio edo harreragatik

Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan aurreikusitakoa

Familia liburua edo dagokion ziurtagiria

4.–Ezkontidearen, bizikidearen, seme-alaben, gurasoen eta aitaginarreba-amaginarreben eritasunagatik edo ebakuntzagatik, ospitaleratzea behar baldin bada

5 egun natural

Ospitaleratzearen ziurtagiria

5.–Anai-arreben, suhi-errainen, koinatu-koinaten, aiton-amonen eta biloben eritasunagatik edo ebakuntzagatik, ospitaleratzea behar baldin bada

2 egun natural, ospitaleratzea Nafarroan baldin bada , eta 4 egun natural, ospitaleratzea 150 km baino urrutiago egiten bada

Ospitaleratzearen ziurtagiria

6.–Ezkontidearen, bizikidearen, seme-alaben edo gurasoen ebakuntzagatik, ospitaleratzea behar ez bada

2 egun natural, operazioa Nafarroan baldin bada , eta 4 egun natural, 150 km baino urrutiago egiten bada

Ospitaleko ziurtagiria

7.–Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen edo seme-alaben heriotzagatik

7 egun natural

Egiaztagiria

8.–Gurasoen, anai-arreben, biloben heriotzagatik

5 egun natural; egun bat gehiago 150 km baino urrutiago dauden probintzietan gertatuz gero

Egiaztagiria

9.–Aitaginarreba-amaginarreben, koinatu-koinaten eta aiton-amonen heriotzagatik

3 egun natural. Ehorzketa langilearen helbidetik 150 km baino urrutiago baldin bada, egun bat gehiago emanen zaio

Egiaztagiria

10.–Osaba-izeben, iloben heriotzagatik

Egun natural bat. Ehorzketa langilearen helbidetik 150 km baino urrutiago baldin bada, egun bat gehiago emanen zaio

Egiaztagiria

11.–Ohiko bizilekua aldatzeagatik, aldaira barne

Egun natural bat

Aldaketaren idatzizko jakinarazpena zuzeneko arduradunari 24 ordu lehenago gutxienez

12.–Gurasoen, seme-alaben, anai-arreben, aiton-amonen, iloben edo biloben ezkontzagatik (odolezko edo ezkontzako ahaideak)

Egun natural bat

Egiaztagiria

13.–Zentro ofizialetan egiten diren azterketak, titulu ofizial bat lortzera bideratutako ikasketak egitearen ondorioz

Azterketa egiteko behar-beharrezkoa den denbora; 3 egun gehienez garraioa barne (zentro ofizialetan)

Zentroaren ziurtagiria

14.–Bederatzi hilabetetik beherako seme-alabei esnea emateko

Bederatzi hilabetetik beherako seme-alabei esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Erditze multipleen kasuan, baimen denbora handituko da. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren eguneko ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du. Baimen hau amak nahiz aitak hartzen ahal du, beren nahierara, biak lanean ari badira. (L.E.aren 37.4 art.)

Familia liburua edo epaitegiaren ziurtagiria + aukera horretaz baliatzeko zuzeneko buruari egindako idatzizko eskaera

15.–Seme-alaben bataioagatik edo jaunartzeagatik edo beste erlijio erritu batzuengatik

Ospakizunaren eguna

Egiaztagiria

16.–Ezkontideari edo izatezko bikoteko kideari, seme-alabei edo gurasoei medikuarengana laguntzeagatik, familiako norbaitek laguntzea beharrezkoa denean

Gehienez 16 ordu urtean

Medikuaren egiaztagiria

17.–Eginkizun publiko utziezin bategatik

Behar-beharrezkoa den denbora

Egiaztagiria

18.–Norberaren aferak

Egun bat

Ez da egiaztagirik behar. Zuzeneko buruari idatziz eskatzea, gutxienez 24 ordu lehenago

19.–Gizarte Segurantzako medikura joateko, kontsulta lanorduetan baldin bada, eta kontsulta hori medikuntza orokorreko fakultatiboak agindu badu

Beharrezkoa den denbora

Medikuaren aginduaren egiaztagiria

4. eta 5. zenbakietako baimenetan, beharrezkoa izanen da baimenaldia bitartean ospitaleraturik egotea.

Enpresak baimena emanez gero, baimen hau geroago har daiteke. Gozamen gerokotuaren sistema berri honen bidez, langileak ezin izanen du inola ere hartu lanegun gehiago baimena sortzen duen gertakaritik beretik aurrera eta ospitaleratzeak iraun bitartean dagozkion egun naturalak hartu izan balitu baino.

Aipatutako kasu guztietan egun naturalak kontatuko dira eta gertaera eragiletik aurrera hasiko da kontatzen.

14. artikulua. Langileen prestakuntza.

Enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartzen du urteko lehenengo hiruhilekoan urteko prestakuntza plan bat egiteko, ikusten diren beharren araberakoa, zerbitzu guzti-guztiak bermatzeko eta langile guztien gaitasun tekniko eta profesionala hobetzeko. Ahaleginak eginen dira prestakuntza orokorreko ekintzak zuzeneko arretarik ez dagoen egunetan izan daitezen, eta hori urteko ekintza planean adostu eta jasoko da.

Prestakuntza protokolo bat prestatuko da eta bertan garbi azalduko dira prestakuntza ekintzetan parte hartzeko irizpideak.

Elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzeko, plantillako langile guztiei eginen zaie eskaintza.

Langile bakoitzari, urtean, gutxienez 20 ordu esleituko zaizkio prestakuntzarako. Gai hau nolakoa den ikusita, erabaki da puntu honetan malgu jokatzea eta batzorde misto baten esku uztea jarraipena egitea.

Prestakuntza orduak lanordutzat hartuko dira, baita joan-etorrietakoak ere. Dietak baldin badaude, hitzarmen honen 26. artikuluan erabakitakoari jarraituko zaio.

ANFASek antolatu edo eskainitako prestakuntza ekintzetan, profesionalen prestakuntzaren arloko arduradunak RZri eta RPri eskainiko die, eta zein langilerentzat izan daitekeen egokia adieraziko du. RZk eta RPk erabakiko dute nori eskaini ikastaroa, langileen ezaugarrien, prestakuntzarako interesaren norbanakoen galdetegian erantzundakoaren, lanpostuaren ezaugarrien eta bakoitzak egindako prestakuntza orduen arabera.

Langileren batek ANFASek ez beste erakunde batek eskainitako prestakuntza ekintza batera joan nahi badu, zuzendaritzari edo haren zuzeneko arduradunari eskatuko dio baimena. Parte hartzea egokitzat jotzen bada, ordu kopuruaren erdia lanaldi gisa kontatuko da eta beste erdia langileak jarriko du, lanaldiari egokitzen saiatuz. Parte hartze hori egokitzat hartzen ez bada, horren berri emanen zaio langileari.

15. artikulua. Lanpostu berriak, barne igoerak eta lekualdatzeak.

Kasu guztietan, lanpostu hutsen bat gertatuz gero, lehenbizi, barreneko txandan betetzeko eskainiko da, eta lantoki bakoitzaren iragarki oholean iragarriko da edo/eta e-maila igorriko zaie langile guztiei.

Lanpostu berriak betetzeko hautapen taldeak osatuko dira –6 hilabetetik gorako lekualdaketak eta barne igoerako lanpostuak betetzeko izangaiek eskaturik–, enpresako 2 kidek eta Enpresa Batzordeko kide batek osatuak.

Langilea lanpostuaren eskakizunei egokitzen zaiela kontuan hartuta, lehentasun irizpide hauek izanen dira:

1. Barne igoera edo kategoria beraren barreneko lekualdaketa.

2. Lanaldi partzialeko langileak.

3. Ordezkoak eta laguntzarako langileak.

4. Kanpoko langileak.

16. artikulua. Familia-laguntza.

ANFASeko langileen seme-alabek adimenaren desgaitasunen bat baldin badute, eskubidea dute dohaineko arreta izateko, langileak, enpresarekin ados jarrita, aukeratzen dituen elkartearen programetan.

17. artikulua. Erretiroa.

Enpresak indarrean den legeriaren arabera erretiro partziala eskura dezaketen langileei aukerabide hori onartuko die, eta errelebo-kontratuak egiteko konpromisoa hartzen du, beharrezkoa den kasuetan.

Kasu horietan, lana noiz eginen den eta lanaldi partzialeko ordutegi berria bi aldeek negoziatu beharko dute. Adostasunik lortzen ez bada, enpresaren esku izanen da haiek finkatzea.

18. artikulua. Lan ordutegitik kanpora lan egindako orduen konpentsazioa.

Lan ordutegitik kanpora lan egindako orduak langilearen zuzeneko arduradunarekin adostuta konpentsatuko dira (denboran, dirutan edo bietan). Adostasunik ez bada, batzorde paritariora bideratuko da afera.

III.–Baldintza ekonomikoak.

19. artikulua. Oinarrizko soldata.

1. eranskinean jaso da 2013. urteko hilabeteko oinarrizko soldata.

20. artikulua. Asteburuko plusa aisialdiko eta autogestioko langileentzat (larunbata eta igandea).

Asteburu osoko lana egiten denean, aisialdiko eta autogestioko teknikariei honela kontatuko zaizkie egindako lanorduak:

–Larunbatetan: larunbateko 22:00ak bitarte ohiko lanalditik aparte egiten duten lanordu bakoitzeko atseden-ordu bat emanen zaie.

–Ordu horretatik aurrera eta igandean -noiznahi delarik ere- itzuli arte, lanordu bakoitzeko atseden-ordu bat emanen da, 8 ordu gehienez, eta aginte-lanpostuaren eta erantzukizun bereziaren plusa jasoko da, 70 eurokoa.

21. artikulua. Jaiegunetako osagarria.

Igande eta jaiegunetan lan egiten dutenek soldata-osagarri bat jasoko dute: 3,75 euro, lan egiten duten jai-ordu bakoitzeko.

22. artikulua. Etxebizitzetako langileentzako osagarria.

Etxebizitzetako programan ari diren langile guztiek, igandeetan eta jaiegun ofizialetan lan eginez gero, 3,75 euroko osagarria jasoko dute lan egindako jai-ordu bakoitzeko, jai-orduetako plus gisara.

Gainera, norberaren lan-txandarentzat ezarritako lanalditik kanpora edo planifikatutako koordinazio bilerez gainera lanera joan behar baldin badute, 2 orduko konpentsazioa emanen zaie lanordu bakoitzeko. Konpentsazioa atseden-ordutan, eskudirutan edo bietara hartzen ahalko dute. Atseden orduak aukeratuz gero, zuzeneko arduradunarekin adostu beharko du.

Abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a egun bereziak dira, eta horregatik, 8 orduko txanda bakoitzeko soldata-osagarri bat (edo dagokion zati proportzionala) ordaintzea erabaki da: 40 euro, 00:00tik 24:00ak arte.

23. artikulua. Udako oporretarako langileen osagarria.

Gure udako oporretan parte hartzen duten ANFASeko langileen kasuan, eguneko lanaldi bakoitzeko 16 ordu kontatuko zaie, eta 10 eguneko txanda bakoitzeko 100 euroko konpentsazioa emanen zaie.

24. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek aparteko bi eskersari jasoko dituzte, hilabete bateko soldata adinakoak, une bakoitzean indarrean dagoen soldataren arabera. Sari horretan sartuko dira oinarrizko soldata gehi antzinatasuna, horrelakorik duten langileen kasuan.

Uztaileko aparteko paga hil horren 5ean ordainduko da edo egun baliodun bat lehenago, data hura jaiegun bada; Eguberrietako aparteko paga abenduaren 22an ordainduko da edo egun baliodun bat lehenago, data hura jaiegun bada.

Bi eskersariok seihilabetero sorraraziko dira, halatan non uztaileko aparteko pagaren sorrarazpen epea urtarrilaren 1etik ekainaren 30era artekoa izanen baita, urtero, eta Eguberrietakoa, uztailaren 1etik abenduaren 31ra artekoa.

Epe horietako batean enpresan sartzen diren langileek eskubidea dute eskersari bakoitzari dagokion seihilekoaren aparteko pagaren zati proportzionala kobratzeko.

25. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunaren osagarria hirurtekotan sorrarazten da eta hirurtekoa betetzen den egunetik hilabetera hasiko da ordaintzen. Gehienez ere bost hirurteko ordainduko dira. Hirurteko gehiago egiaztatu dutenen egoera pertsonalak errespetatuko dira, eta horiek kobratzeko eskubideari eutsiko diote. Alabaina, bosgarren hirurtekotik aurrera aitortuak dituztenak baino hirurteko gehiago ez dira sorraraziko.

Antzinatasuna ordaintzeko, oinarrizko soldataren %4,8 ordainduko da antzinatasun-hirurteko bakoitzagatik.

Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.

Enpresak hirurteko bakoitzaren muga-egunaren eta kobrantzaren berri emanen die langileei idatziz.

6. hirurtekoa, 7. hirurtekoa eta hurrengoak betetzean, langileak 8 ordu izanen ditu hirurtekoa betetzen den urte berean nahierara erabiltzeko.

26. artikulua. Kilometrajea/dietak.

Enpresak 0,26 euro ordainduko ditu kilometroko, enpresaren zerbitzura langileak bere ibilgailuan eta zuzendaritzak agindutako lanerako egiten dituen joan-etorrietan. Joan-etorriak langilearen lantokitik neurtuko dira, salbu eta langilea etxetik abiatzen baldin bada eta distantzia laburragoa bada.

ANFASek istripu aseguru bat izenpetuko du, joan-etorriak egin ohi dituzten langileen arriskuak estaltzeko.

Enpresak dietengatik justifikatzen den diru kopuru erreala ordainduko du. Janarietako dieta, gehienez, 12,00 eurokoa izanen da.

27. artikulua. Baldintzarik hoberenak.

Hitzarmen hau sinatu aurretik bere lanposturako finkatutakoa baino gehiago kobratzen zuten pertsonek horrela kobratzen segituko dute, hitzarmen honetan langile guztientzat aitortuak dauden gehikuntzekin, harik eta enpresarekiko lan harremana bukatu arte, non ez den, elkarrekin ados jarririk, aldatzeko erabakia hartzen.

IV.–Laneko segurtasuna eta osasuna.

28. artikulua. Laneko Segurtasun eta osasuna.

Enpresak indarreko legedian laneko segurtasunari eta osasunari buruz ezarrita dauden xedapen guztiak beteko ditu lantoki guztietan.

29. artikulua. Laneko arropa.

Arropa beharra duten langileei, eskatuz gero, emanen zaie, edo bestela, urtean 35,00 euro. Ahal bada, gure biltegiko arropa aprobetxatuko da.

30. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.

Enpresak istripu aseguruaren poliza bat izenpetuko du, arriskuetarako, lanbideari mugatua, enpresako langile guztientzat.

Honako kapitala aseguratuko da:

–30.051 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

–30.051 euro, laneko istripuaren ondoriozko erabateko baliaezintasun iraunkorragatik.

–Enpresak heriotza aseguruen poliza bat itunduko du, istripu aseguruarekin batera ezina, 15.000 eurokoa, enpresan jardunean diren langileen alde.

31. artikulua. Osasun laguntza eta laguntza psikiatrikoa.

Aldeek erabakitzen duten maiztasunez eginen da osasun azterketa, langile guztien lanpostuen balorazioen arabera, eta azterketa psikiatrikoa eskatzen dutenei eginen zaie.

V.–Langileen ordezkariak.

32. artikulua. Enpresa batzordearentzako laguntzak.

Enpresa batzordearentzako laguntza gisa, langileen ordezkaritzari 300 euro emanen zaizkio urtean, eta gastuak justifikatu beharko dira.

33. artikulua. Ordu sindikalak metatzea.

Ordu sindikalen kontaketa hilabetero eginen da, eta enpresako langileen ordezkarien orduak metatzen ahalko dira.

Bi hilabeteko edo gehiagoko ordu sindikalak metatzeko, eskaera justifikatua aurkeztu beharko da, zuzendaritzak baimena eman dezan.

34. artikulua. Langileen batzarra.

Langileek urtean 4 ordu hartzeko eskubidea izanen dute beren ohiko lan ordutegian enpresan biltzeko, betiere enpresako jarduerei traba egiten ez bazaie. Horretarako, ahalik eta azkarren, bilera egiteko eskaera aurkeztu beharko zaio zuzendaritzari, gai-zerrenda eta guzti.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.–Hitzarmen honek arautzen ez dituen aspektu guztietan, desgaitasunak dituzten pertsonentzako arreta zerbitzu eta zentroen XIV. hitzarmen kolektibo orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Batzorde Paritarioa.

Hitzarmen honen gaineko auziak interpretatu eta hari segimendua egiteko, eta lan arloko agintaritzak eta organo jurisdikzionalek legez aitortuak dituzten eskumenak galarazi gabe, hitzarmena sinatzearekin batera, batzorde paritario bat eratuko da, langileen 3 ordezkarik eta enpresaren 3 ordezkarik osatua.

Batzordearen bi aldeetako edozeinek eskatu ahal du batzordea biltzeko, eta 15 eguneko epean bilduko da, beranduenez.

Batzordeak 15 eguneko epea izanen du hitzarmen honen interpretazioaren inguruan sortzen diren planteamendu edo zalantzak ebazteko.

Eskumen hauek izanen ditu:

A) Hitzarmen kolektibo honetako arauak interpretatzea.

B) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Dituen eskumenen ondorioz, edozein ordezkaritzaren hirutik batek eskatuz gero bilduko da batzorde paritarioa.

Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritza bakoitzak eta enpresaren ordezkaritzak aholkularien laguntza izaten ahal dute. Aholkulariek hitza izanen dute, baina botorik ez.

Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahal du, batzordeari aurretik abisatzen badio.

Batzorde Paritarioaren akordioek baliozkotasuna izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan behar dute.

Batzorde paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute ordukako edo egunetako bilkuretarako baimen ordaindua izateko, eta eginkizun hauek betetzen sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.

1. ERANSKINA

2013ko soldaten taulak

KATEGORIA

HILEKO
SOLDATA

LANALDI OSOA

HILABETEKOA
HIRURTEKOENGATIK

LANALDI OSOA

PREZIOA ORDUKO

TEKNIKARIAK

Pograma/Zerbitzuko arduraduna

1.806,71

86,72

15,13

Iruñerriko arduraduna

2.649,85

127,19

22,19

Tutera aldeko arduraduna

2.168,05

104,07

18,15

Lizarra aldeko arduraduna

1.987,38

95,39

16,64

Zangoza aldeko arduraduna

1.806,71

86,72

15,13

Tafalla aldeko arduraduna

1.806,71

86,72

15,13

Baztan-Bidasoa aldeko arduraduna

1.806,71

86,72

15,13

Psikologoa

1.686,26

80,94

14,12

Estimulatzailea

1.686,26

80,94

14,12

Gizarte-langilea

1.638,07

78,63

13,72

Fisioterapeuta

1.638,07

78,63

13,72

Logopeda

1.638,07

78,63

13,72

Psikomotrizista-Musikoterapeuta

1.638,07

78,63

13,72

Familiako terapeuta

1.638,07

78,63

13,72

Irakaskuntza Berezietako irakasle titularra

1.452,56

69,72

12,16

Aisialdiko eta hezkuntzako jardueren teknikaria

1.452,56

69,72

12,16

Dinamizazio arloko teknikaria

1.452,56

69,72

12,16

Hezitzailea

1.210,46

58,10

10,14

Etxebizitzako monitorea

1.225,00

58,80

10,26

Aisialdiko jardueretako monitorea

1.089,42

52,29

9,12

Begiralea

1.004,69

48,23

8,41

ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK

Administrazioko burua

1.686,26

80,94

14,12

Administrari-ofiziala, 1. mailakoa

1.389,61

66,70

11,64

Administrari-ofiziala, 2. mailakoa

1.246,78

59,85

10,44

Administrari laguntzailea

1.089,42

52,29

9,12

Mandataria

786,81

37,77

6,59

ZERBITZUETAKO LANGILEAK

Etxezaina

1.225,00

58,80

10,26

Zerbitzuetako langileak

847,33

40,67

7,09

Sinatua:

–Langileen aldetik, enpresa batzordeko kideak, ELAren izenean:

Vanesa Alcega Catarecha, Enpresa Batzordeko burua. Itziar Grela Jiménez, Enpresa Batzordeko idazkaria. María Carlos Nicuesa, sindikatuaren ordezkaria.

–Langileen aldetik, enpresa batzordeko kideak, UGTren izenean:

Encarna Lizar Planillo, sindikatuaren ordezkaria; Sonia Ganuza Biurrun, sindikatuaren ordezkaria.

–ANFAS (Adimen Urritasuna duten Pertsonen aldeko Nafarroako Elkartea) enpresaren aldetik:

Gerardo Posada Laca, ANFASeko zuzendari kudeatzailea.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 31n.

Iragarkiaren kodea: F1310382