144. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Ezkontza zibilak eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2013ko apirilaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Baztanen ezkontza zibilak eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza. Onespenaren erabakia 2013ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da eta ordenantza osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Baztanen, 2013ko uztailaren 15ean.–Alkatea, Garbiñe Elizegi Narbarte.

BAZTANEN EZKONTZA ZIBILAK ETA HILDAKOEN ALDEKO AGURRAK EDO OMENALDI ZIBILAK EGITEKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Ezkontza zibilak

I. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

1. artikulua.

Herritar guztiek, Baztanen erroldaturik egon edo ez, eskatzen ahalko diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea.

Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Baztango Udalaren barnean ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epaile etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.

Eskaera Baztango Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago, gutxienez. Halaber, arlo hau arautzen duen ordenantzan tasarik badago, hori ordaindu izanaren ordain-gutuna aurkeztuko da.

Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horri hertsiki loturik eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den, hala egiten bada.

2. artikulua.

Ezkontza egiteko ordutegi finkorik ez badago ere, ezkontza ospakizuna eginen duen alkate edota zinegotziarekin adostu beharrekoa izanen da.

3. artikulua.

Ezkontza zibilak egiteko tokia hauxe izanen da:

–Elizondo: Arizkunenean edota frontoian.

–Almandoz: Batzartokian.

–Aniz: Batzartokian.

–Arizkun: Batzartokian.

–Arraioz: Batzartokian.

–Azpilkueta: Batzartokian.

–Berroeta: Batzartokian edota trinketean.

–Ziga: Batzartokian.

–Elbete: Eskolan.

–Erratzu: Batzartokian.

–Gartzain: Eskolan edota frontoian.

–Irurita: Batzartokian.

–Lekaroz: Batzartokian.

–Amaiur: Otsondo Barride Elkartean.

–Oronoz: Batzartokian.

Ezkontza eginen den aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak, etab.) ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, Udalak emanen dizkien oharrei segitu beharko diete.

Udal jarduera dela-eta edo aurreikusi gabeko bertze arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, Alkatetzarekin aitzinetik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

Eskatzaileetariko batek erabakitzen badu ezkontza zibila ez egitea, arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean xedatuari jarraituko zaio.

4. artikulua.

Debeku da arras arroza eta gisakoak jaurtitzea ezkontza egiten den lokalaren barnean zein haren inguruetan, arriskua ekartzen baitie jendearen ohiko joan-etorriei; betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela.

Udal lokalak edo lokal publikoak erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, lokala beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

II. KAPITULUA

Zeremonia nola gauzatuko den

5. artikulua.

Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak izan ditzan legeak ematen dizkion ondorioak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoak irakurtzea.

6. artikulua.

Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.

II. TITULUA

Hileta zibilak

I. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

7. artikulua.

Araudi honen helburua da hildakoen aldeko hileta eta omenaldi zibiletarako Udalaren baimena eta lokalen eta espazio publikoen erabilera arautzea Baztango udal mugapean.

8. artikulua.

Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotziak emanen du hileta edo omenaldi zibiletarako gordetako tokiak erabiltzeko baimena, betiere Baztango Udaleko Erregistroan eskaera egiten duen pertsona edo senideak bidali beharreko dokumentazioa jaso ondoren.

II. KAPITULUA

Prozedurari hasiera ematea

9. artikulua.

Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak erregistro bidez idatziz egin beharko dira, Alkatetzari zuzendutako eskarian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatuaren arabera.

10. artikulua.

Hileten eskaerak berehalakotasun-printzipioaren arabera tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen duelako, eta horiek ebazteko eskumena duen pertsonari bidaliko zaizkio.

11. artikulua.

Eskaeran honakoak agertu beharko dira:

a) Ospakizunerako baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

b) Hildako pertsonaren izen-abizenak.

c) Adierazi egin beharko da hileta edo omenaldi zibila zein egun eta ordutan egin nahiko litzatekeen, eta lehentasunez non egin nahi luketen.

d) Eskabidearen lekua eta data.

e) Eskaera egin duenaren sinadura edo, haren nahia benetakoa den froga, horretarako edozein bide erabilita.

f) Ekitaldiaren laburpena eta behar izanen den materiala (megafonia, mahaiak, aulkiak etab.).

g) Administrazioak, ahal duen neurrian, kontuan izanen ditu eskabidean lehenetsitako lekua, eguna eta ordua, betiere eskabideak aurkeztu diren ordena aintzat izanik. Ezohiko kasuetan aldatu ahal izanen da ordena hori, baina betiere arrazoitu egin beharko da aldaketa.

12. artikulua.

Eskaerak ez baditu betetzen aurreko artikuluak eskatutako baldintzak, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo derrigorrezko dokumentuak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.

III. KAPITULUA

Prozedura bideratzea

13. artikulua.

Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotziak zehaztuko du hileta edo omenaldi zibila zein leku, egun eta ordutan eginen den.

Eskatzaile bakoitzak lehenetsitako egun eta orduen ordena kontuan izanik zehaztuko dira lekua, eguna eta ordua.

14. artikulua.

Eskaera ikusita, Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak erabakiko du hileta edo omenaldi zibila Udalaren zein lokaletan eginen den; normalean hauek izanen dira:

–Elizondo: Arizkunenean edota frontoian.

–Almandoz: Batzartokian.

–Aniz: Batzartokian.

–Arizkun: Frontoian.

–Arraioz: Batzartokian.

–Azpilkueta: Frontoian.

–Berroeta: Batzartokian edota trinketean.

–Ziga: Batzartokian, plazan edota frontoian.

–Elbete: Eskolan.

–Erratzu: Batzartokian.

–Gartzain: Frontoian.

–Irurita: Batzartokian.

–Lekaroz: Batzartokian.

–Amaiur: Frontoian.

–Oronoz: Batzartokian.

Hileta edo omenaldi bakoitzean erabiliko den lokala zehazterakoan, kontuan izanen da, aukeratutako egun eta ordutegiarekin, lokal horietan normalean egiten diren jardueretan ez dela eragozpenik sortu behar.

15. artikulua.

Hileta eta omenaldi zibilak astelehenetik igandera ospatu ahal izanen dira. Asteburuetan udal langileen disponibilitatearen arabera moldatu beharko dira ordutegiak.

Eskatutako egoitzetan dauden baliabideak erabili ahal izanen ditu eskatzaileak. Bertzelako baliabiderik behar izanez gero, norberaren kontura izanen dira, eta Udalaren baimena beharko dute.

IV. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

16. artikulua.

Propio erabiltzen diren aretoak egoera onean mantentzearren, udal baimena lortzen duen pertsona izanen da Udalaren aretoetan sor daitezkeen kalte edo hondamendien arduradun, eta bere gain hartu beharko ditu eragindako kalteen gastuak.

17. artikulua.

Utzitako lokala apaindu edo modu bereziren batean egokitu nahi badute, udal zerbitzuari garaiz jakinarazi beharko diote, honek hartu beharreko erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak errespetatu egin beharko dira beti eta haiek berek ordaindu beharko dituzte lokala apaindu eta egokitzeak eragindako gastu guztiak, horrek eragin dezakeen garbitasun berezia barne. Interesduna arduratuko da, bere kargura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Dena dela, Baztango Udalak zerbitzu horiek ikuskatu ahal izanen ditu.

18. artikulua.

Eskaera egin duen pertsonak hileta edo omenaldi zibila egiteko karrikako espazio publikoa erabili nahi badu, berariaz adierazi beharko du dagokion eskabidean. Udalak erabiliko den espazio publikoa mugatuko du, eta hor lehen aipatu ditugun eskubide eta betebeharrak aplikatuko dira, tartean dagokion tasa ordaintzea.

19. artikulua.

Debeku da Baztango mendietan eta hango arroka, lur, zuhaitz eta abarretan hilarriak, plakak edo bertzelakoak paratzea.

20. artikulua.

Ordenantza honetan aurreikusi gabeko gainerako guztian, udal arduradunen aginduak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Baztango Udaleko alkateari baimena ematen zaio ordenantza hau aplikatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean ordenantza hau, eta Udalaren osoko bilkurak espresuki aldatu edo indargabetzen duen arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1310347