1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
812/2013 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, kontratazio administratiboaren arloko eskumen batzuk Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo batzuei eskuordetzen dizkiena.
Uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horren egitura ezarri zen.
Foru dekretu horren 20.1. artikuluak ezartzen du zuzendari kudeatzaileak bere menpeko beste organo batzuen esku uzten ahal dituela bere eskudantziak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Kontratazio administratiboaren eta kudeaketa ekonomikoaren arloko eginkizunei lotutako jarduera administratiboen bolumena ikusita, egokia da haietako batzuen egikaritza beste organo batzuen esku uztea, erakundearen funtzionamendua arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Horrenbestez, aipatu arauekin bat,
EBATZI DUT:
1. Eriaren Arretarako zuzendariari eskuordetzea, bere esparru funtzionalaren barnean, osasun laguntzak kontratatzeko eskumena (15.000 euro arte, BEZa kanpo), eta hornidurak kontratatzekoa (15.000 euro arten, BEZa kanpo), baita sinatutako esparru-akordio baten babesean esleitzen diren edozein kopurutako kontratuak esleitzekoa ere.
Halaber, Eriaren Arretarako zuzendariari eskuordetzen zaio, bere esparru funtzionalaren barnean, organo eskudunak esleitutako kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.
Aurreko kasuetan, kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Prestazio eta Itun Zerbitzuko buruak ordeztuko du Eriaren Arretarako zuzendaria.
2. Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen zuzendariari eskuordetzea, bere esparru funtzionalaren barnean, osasun laguntzak kontratatzeko eskumena (15.000 euro arte, BEZa kanpo), eta hornidurak kontratatzekoa (15.000 euro arte, BEZa kanpo), baita sinatutako esparru-akordioaren babesean esleitzen diren edozein kopurutako kontratuak esleitzekoa ere.
Halaber, Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen zuzendariari eskuordetzen zaio, bere esparruaren barnean, organo eskudunak esleitutako kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.
Aurreko kasuetan, kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Osasuneko Informazioaren Segurtasunerako Zerbitzuko buruak ordeztuko du Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen zuzendaria.
3. Ondotik aipatzen diren eskumenak Oinarrizko Osasun Laguntzako Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku, Nafarroako Ospitaleguneko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku, Reina Sofía Ospitaleko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku, eta García Orcoyen Ospitaleko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku uztea eskumen hauek, zein bere esparru funtzionalean: obren kontratazioa (40.000 euro arte, BEZa kanpo), osasun laguntzen kontratazioa (15.000 euro arte, BEZa kanpo) eta horniduren kontratazioa (15.000 euro arte, BEZa kanpo), baita sinatutako esparru-akordio baten babesean esleitzen diren edozein kopurutako kontratuen esleipena ere. Kargu horiek hutsik daudenean, titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat dutenean, Gastuaren Kudeaketarako zuzendariordeak ordeztuko ditu, eta azkeneko hau, kasu berberetan, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ordeztuko du.
Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera eta balio bera duten gainerako kontratuen kasuan, Nafarroako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak direnetan, eskumena Gastuaren Kudeaketarako zuzendariordearen esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, Administrazioaren eta Zerbitzuko Orokorren zuzendariak ordeztuko du.
Halaber, ondotik aipatzen diren eskumenak Oinarrizko Osasun Laguntzako Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku, Nafarroako Ospitaleguneko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku, Reina Sofía Ospitaleko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku eta García Orcoyen Ospitaleko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren esku uztea, nork bere esparru funtzionalean: organo eskudunak esleitutako kontratuen eta jabego publikoko emakiden fakturak onetsi eta haien ordainketa agintzeko eskumena, bai eta Iruñeko Artzapezpikutzarekin sinatutako hitzarmenetik eratorritakoak ere. Kargu horiek hutsik daudenean, titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat dutenean, Gastuaren Kudeaketarako zuzendariordeak ordeztuko ditu, eta azkeneko hau, kasu berberetan, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ordeztuko du.
Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera bera duten gainerako kontratuen fakturen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak direnetan, fakturak onetsi eta haien ordainketa agintzeko eskumena Gastuaren Kudeaketarako zuzendariordearen esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, Administrazioaren eta Zerbitzuko Orokorren zuzendariak ordeztuko du.
4. Osasun Mentaleko Zuzendaritzako Kudeaketa Zerbitzuko buruari eskuordetzea aurreko atalean Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruen esku utzitako eskumen berdinak, dagoeneko Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legearen 14. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan. Foru lege horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezarri zen.
5. Ebazpen honetan adierazitako zenbatekoak aldatuko dira ondoko lege-testu hauek aldatzen diren neurrian: Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73. artikuluko 2. zenbakiaren c) idatz-zatiaren azkeneko tartekia, artikulu bereko 3. zenbakiaren d) idatz-zatiaren azkeneko tartekia eta artikulu bereko 4. zenbakiaren e) idatz-zatiaren azkeneko tartekia.
6. Indarrik gabe uztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak urtarrilaren 10ean emandako 66/2013 Ebazpena. Haren bidez, kontratazio administratiboaren arloko eskumen batzuk Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako organoen esku utzi ziren.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Eriaren Arretarako Zuzendaritzari, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Zuzendaritzari, Gastuaren Kudeaketarako Zuzendariordetzari, Aurrekontuen eta Gastu-kontrolaren Zuzendariordetzari, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzuburu interesdunei; Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2013ko uztailaren 16an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Ángel Sanz Barea.
Iragarkiaren kodea: F1310795