139. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AGOITZ

Deialdia, lan-kontratu finkoarekin Agoizko Udalaren
zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Eskolazaina Agoizko San Migel ikastetxe publikoan ariko da

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da lan-kontratu finkoarekin Agoizko Udalaren zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Eskolazaina Agoizko San Migel ikastetxe publikoan ariko da.

1.2. Lanpostuari dagozkion eginkizunetan aritzeak, eginbehar hauek betetzea dakar, bertzeak bertze:

–Eskolazaintzari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxe publikoa irekita egoten den orduetan.

–Bere eginkizunetan aritzeko ordutegi zatitua izanen du, goiz eta arratsaldez, Udalak une bakoitzean zer behar duen eta ikastetxe publiko horretan zer jarduera gauzatzen diren.

–Ardura izanen du ateak ireki eta ixteko, baita ikastetxeko langile eta ikasleen sarrera-irteerak kontrolatzeko, baliabide informatiko nahiz eskuzkoak erabiliz.

–Bere eginkizunetan zer lokaletan aritzen den, kasu egitea hantxeko telefonoari, faxari, posta elektronikoari eta bertzelako hedabideei, haietaz horniturik badaude.

–Ikastetxeko eremuko erosgai eta paketeak kontrolatu, jaso eta entregatzeaz ere arduratuko da.

–Ikastetxean egin beharreko jarduerak prestatzeko lanak edo haien osagarriak egiten dituzten langileei harrera eginen die eta haiekin lankidetzan ariko, edozein gremiotakoak izan eta Udalekoak nahiz kanpokoak izan.

–Bere eginkizunetan aritzen den bulego eta eraikin guztietako argindarraren, uraren, gasaren eta gainerako zerbitzuen horniduraren kontsumo eta erabilera egokia eta arrazoizkoa kontrolatuko du, baita hura moztu eta, hala behar badu, berrabiaraziko du. Orobat arduratuko da eraikin horietako barne nahiz kanpoko ate-lehioak ixteaz

–Lokaletako garbiketaren kontrolaz arduratuko da, erabiltzaileek aldiro erabiltzeko maneran egon daitezen.

–Ikastetxearen egintzetan eta baimenez lokalak erabiltzen dituzten bertze entitateenetan, ordena eta duintasuna zaintzea ere izanen du ardura. Bere eginkizunen alderdi honen barnean sartzen da, behar denean altzari eta osagarri egokiak paratzea, hala nola mahai zapiak, oihalak, loreak eta delako egintzetan erabiltzen diren gainerako elementuak.

–Botikinaren ardura izanen du, betiere egon dadin ongi eta egoki horniturik.

–Fotokopiak eta enkoadernazio txikiak egitea eta erakunde, enpresa eta entitate edo helbide publiko eta pribatuetara joatea, bere eginkizunetan aritzeko beharrezkoa denean.

–Zerbitzu anitzetako lan osagarriak eta bertze lan batzuk, bere maila eta kategoriaren barnean manatzen bazaizkio.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua.

1.4. Lanpostuak, D mailakoa baita, maila horretako lansariak izanen ditu, 1984ko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatzen denarekin bat, baita Udalaren plantilla organikoan aurreikusitako osagarriak ere. Lanaldiari dagokionez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari (251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari) lotutako funtzionarioendako ezarri diren berak izanen dira ordu kopurua, oporrak, baimenak, lizentziak eta antzinatasuna.

1.5. Izangaia, oposizioa gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondotik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.6. Lanaldia osoa izanen da. Udalak zehaztuko du lanaldi zatitua edo jarraikia den eta zer ordutegi izanen duen, zerbitzuaren beharren arabera, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, orobat horien arabera.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko deialdiaren 7.2 atalean adierazten den epea bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Lanbide Heziketako Lehen Mailako ziurtagiria, Oinarrizko Hezkuntza Orokorrekoa edo horien baliokideak izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko maneran egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

g) Hizkuntza eskolaren batek emandako euskararen gaitasun agiria izatea, edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den beste titulazio bat. Lanpostuan aritzeko eskatzen den euskara maila Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 da, gutxienez (erabiltzaile independente aurreratua). Izangaiak, aipatu diren titulu edo ikastaroak ez baditu, proba bat egiteko aukera izanen du, eta horrela zehaztuko da beharrezkoa den maila baduen hizkuntza horretan. Izangaiek, askitasun proba hori egin nahi badute, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horri dagokion tokian.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du nahikotasun proba.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Agoizko Udalaren Erregistro Orokorrean (Kale Berria, 22, 31430 P.K.) aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Agoizko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Agoizko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den adieraziko da.

4.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahalko da berehala, izangai bat ere ez bada baztertzen.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Blanca Esther Zazpe Torrea andrea, Agoizko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Unai Lako Goñi jauna, Agoizko Udaleko alkate udalburua.

–Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak izendatua.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak izendatua.

–Mahaikidea: Agoizko San Migel ikastetxe publikoak izendatua.

Ordezkoa: Agoizko San Migel ikastetxe publikoak izendatua.

–Mahaikidea: langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatua.

–Idazkaria, hizpidea duela baina botorik ez, Udalbatzakoa.

Ordezkoa: udalbatzakoak noren eskutan uzten duen, huraxe.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.

Oposizioak fase hauek izanen ditu:

Lehenengo fasea: merezimenduak.

Gehienez ere 10 puntuko balorazioa emanen zaie: gehienez ere 7 puntu, deialdi honetako lanpostu berean edo antzekoan aritua izateagatik (eskolazain, zeladore, bedel), puntu bat urte eta lanaldi osoengatik, dagokiena hainbanatuz urte ez-osoen eta/edo lanaldi partzialeko kontratuen kasuetan; gehienez ere 3 puntu, deialdiaren xede berariazkoekin lotutako ikastaroengatik, 0,10 puntu ikastaroko ordu bakoitza.

Izangaiek aurkeztutako merezimenduek jatorrizkoak edo notarioak edo administrazioak kautoturiko kopiak izan beharko dute. Lan esperientzia egiaztatzeko, izandako lanen kontratuak aurkeztu beharko dira. Beraz, ez da aski izanen horretarako lan bizitzari buruzko txostena eramatea.

Bigarren fasea: probak eta ariketak.

a) Lehendabiziko proba.–Teorikoa, kultura orokorrari buruzkoa.

Gehienez ere, bi orduz erantzun beharko dira kultura orokorreko hainbat galdera. Erantzun laburrak edo test motakoak emanen dira, idatzita, II. eranskineko gaiei buruz. Okerreko erantzunei 0,20 puntuko zigorra ezarriko zaie. 40 punturainoko balorazioa emanen zaio.

b) Bigarren proba.–Praktikoa. Epaimahaiak zehaztuko du zein ariketa praktiko eginen diren, bete beharreko eginkizunekin zerikusia dutela. 40 punturainoko balorazioa emanen zaio. Kasu praktiko bakoitza egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

c) Hirugarren proba.–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatutako hainbat proba psikotekniko eginen dira, izangaiak deialdiaren xedeko lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei nola egokitzen zaizkien baloratzeko. Oposizioko epaimahaiak onartu egin beharko du zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa. Ez du eraginik izanen puntuazioaren ondorioetarako, izangaien gaitasunaren gainean baizik. Oposizio-lehiaketatik baztertuak geldituko dira proba hori gainditzen ez dutenak.

d) Elkarrizketa epaimahaikoekin. 10 punturainoko balorazioa emanen zaio.

Oposizioko ariketak egiteko, egokitzapenak jarriko dira denbora eta baliabide aldetik urritasunen bat dutenentzat, eskabidean eskatutakoaren arabera.

Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketan azaltzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Agoizko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, haiek gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, baita nor diren baztertuak ere; halaber zehaztuko ditu hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioko ariketa bakoitza bukatutakoan, Agoizko Udalaren iragarki oholean jarriko da proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu dituzten kalifikazioekin batera.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak, Agoizko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, ariketa bakoitzean lortutako kalifikazioekin eta haien guztien arteko baturarekin batean. Gero, espediente osoarekin batean, Agoizko Osoko Bilkurari igorriko dio oposizioa gainditu dutenen zerrenda eta gainditu dutenen artean puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena baita, behar izanez gero, hurrengoena puntuazio ordenaren arabera izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Oposizioaren azken emaitzan diren berdinketetan, bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Udalak izendatzen dituen osasun zerbitzuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, hala nola desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra errateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra aparte utzirik.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Agoizko Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko du.

8.–Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Aitzineko oinarrietan xedatutakoa bete ondotik, Agoizko Udalak eskolazain lanpostuan aritzeko proposatzen zaion izangaia izendatuko du eta lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuek, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.

8.4. Epe horretan, hala egiten ez badute, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xedeko lanpostuarekin loturiko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala gertatuz gero, Agoizko Udalak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea.

9.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Agoizko Udalaren Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Agoitzen, 2013ko ekainaren 6an.–Alkate udalburua, Unai Lako Goñi.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................, adinez nagusia. Nortasun agiri nazionala: ....... Jaioteguna: ............. Jaioterria: .......... (........). Nazionalitatea: ................. Bizitokia: .................................... (.................) Karrika: .......................... Posta kodea: ........ . Telefonoa: .............. Laneko telefonoa: ........

Agoizko Udalaren aurrean agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Agoizko Udalaren zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ............), lanpostu horri eta haren kategoriari dagozkion eginkizunetan aritzeko.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Desgaitasuna dudala (hori dutenen kasuan) eta, beraz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak). Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Horiek horrela,

Onartua izatea eskatzen dudala Agoizko Udalaren zerbitzuko eskolazain lanpostua oposizio bidez betetzeko deialdian.

Agoitzen, ...........(e)ko ..............aren ...........(e)an.

(Sinadura)

AGOIZKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Kultura orokorreko gaiak

II.1. Komunikazio alorra:

1.–Ohiko testu idatziak (informaziokoak, literaturakoak...) ulertu eta ideia nagusiak eta haien arteko loturak laburtzea. Hainbat testu motaren alderdi erraz batzuen analisia (egitura, hitzak, puntuazio zeinuak...).

2.–Hainbat motatako (kontakizun, deskripzio, elkarrizketa, txosten...) testu errazak idaztea testuari dagokion egitura erabiliz, ortografiako arauak betez eta testua lotzen duten oinarrizko prozedurak (juntagailuak, aditzaren denbora, puntuazio zeinuak...) erabilita.

3.–Sinboloak, irudiak, planoak eta grafiko sinpleak ulertzea.

4.–Alfabetoaren ordena menderatzea hiztegia, gida, telefonoa, zerrendak eta abar aise erabiltzeko.

5.–Inprimakiak, galdera sortak eta inprimaki sinpleak ulertu eta betetzea: NANa, telegramak, igorpenak, bankuko agiriak, eskabideak.

II.2. Matematiken alorra:

1.–Zenbaki natural eta hamartarrak irakurri, idatzi eta ordenatzea.

2.–Eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun problema txikiak konpontzea oinarrizko lau eragiketak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) erabiliz, zenbaki naturalekin zein hamartarrekin.

3.–Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.–Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

II.3. Ingurune sozialaren eta naturalaren arloa:

Agoizko Udalaren egitura eta gobernu organoak.

Agoitz. Erliebea, klima, kokapen geografikoa, fauna eta landaredia. Historiako gertakariak eta pertsonaia historikoak. Gaur egungo egoera. Nekazaritza, abeltzaintza, industria, merkataritza eta zerbitzuak.

III. ERANSKINA

1.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

2.–Ohiko argien zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

3.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

4.–Korronte elektrikoaren hastapenak. Korronte jarraitua eta aldizkako korrontea. Oinarrizko magnitude elektrikoak, horien kontrola eta neurria. Korronte elektrikoaren ondorioak. Etxebizitzetako instalazio elektrikoak. Tresnak nola erabili eta segurtasunez nola erabili.

5.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

6.–Oinarrizko ezagupenak, telefono banagunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak erabiltzeko.

7.–Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea; inprimakiak, galde-sortak, formulario errazak, bankuko agiriak, eskabideak eta postako inprimakiak ulertu eta betetzea.

8.–Iragarki ohol ofizialen mantentze eta kontrol lana; orobat, bulegoko materialak, altzariak eta garbiketa gaiak.

9.–Kartazaletan sartzea, etiketak paratzea, paketeak eta korrespondentzia eraikinean barrenean eta eraikinetik kanpoan banatzea, baita korrespondentzia ofizialaren frankeoa edo zigilatzea ere.

10.–Gidak, zerrendak, telefonoak aise erabiltzeko hurrenkera alfabetiko eta numerikoak jakitea eta menderatzea, kontrol xumeak egitea eta dokumentuak artxibatzea.

11.–Informatikari buruz jakin beharreko oinarrizko ezagupenak.

Iragarkiaren kodea: L1308784