139. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2013 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Gizarte Integraziorako Etxebizitzen programako entitate laguntzaileei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak eta, bereziki, talde ahulenen entitate ordezkariek behar sozialak konpontzen parte har dezaten bultzatzea.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzuen zorroa onetsi zen. Bertan, gizarte integraziorako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak gizarteratze arloan bermaturik ez dagoen prestazio gisa ageri da.

Arau horretako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituenak, bere III. eta IV. kapituluetan gizarte integraziorako etxebizitzen araubidea eta integrazio sozialeko etxebizitza babestuak sustatzeko laguntza ekonomiko orokorrak arautzen ditu.

Deialdi honen helburua da Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programako entitate laguntzaileei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak, legezkoak.

Halaber, deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako kontu-sail baten bidez finantzatuta dagoenez (Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezartzen duen moduan), Gizarte Ongizateko Kontseiluak aho batez onetsi du, 2013ko apirilaren 15eko bilkuran, deialdiaren oinarri arautzaileak egokiak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programarako diru-laguntzak emateko 2013. urteko deialdia onestea. Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 181.996,02 euroko gastua baimentzea 2013ra arte luzatutako 2012. urteko aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa. VIS eta VAIS programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak ematea” izeneko 900003 91600 4819 231604 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau igortzea Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora.

5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko ekainaren 12an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako diru-laguntzak emateko 2013ko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Deialdi honen xedea da Gizarte Integraziorako Etxebizitzen programako entitate laguntzaileei 2013ko ekitaldirako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Diru-laguntza horien bidez Gizarte Integraziorako Etxebizitzen programan, erosteko edo alokatzeko modalitatean, parte hartu eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonek beren inguruan gizarteratzeko behar duten akonpainamendu profesionalaren gastuak finantzatuko dira.

Bigarrena.–Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten gizarte ekimeneko entitateek:

a) Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea, edo jarduketa Gizarte Politiketako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen eta Berariazko Baimenen Erregistroan inskribatzeko eskatu izana, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Sozietatearen helbidea edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuak ez urratzea.

f) Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren laguntzaile gisa aitortuak izatea eta Sustapen Departamentuarekin eta Gizarte Politiketako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmena sinatua izatea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Hirugarrena.–Jarduketek bete beharrekoak.

1. Jarduketen asmoa etxebizitzako bazterketak larri ukituriko familiei NASUVINSA sozietate publikoaren alokairu programan sartzeko erraztasunak ematea izanen da.

2. Alokairuen kasuan, azkeneko bost urtean programan sartu diren familiei, eta erosketen kasuan, azkeneko hiru urtean programaren bidez etxebizitza bat erosi duten familiei gizarte-akonpainamendua egiteko jarduketak izan beharko dira.

3. Jarduerak 2013. urtean egitea.

4. Jarduketa berriak gizarte integraziorako etxebizitzak alokatzeko izanen dira. Parte hartzen duen entitate bakoitzeko hiru eskaera onartuko dira gehienez.

Laugarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Justifikazio hori entitatearen ziurtagiria aurkeztuz eginen da, eta programarako jasotako diru-sarrerek programak sortutako gastuak ez dituztela gainditzen adierazi beharko da.

Bosgarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Gizarte Integraziorako Etxebizitzen programan diruz lagunduko diren gastuetan kontzeptu hauek sartzen ahalko dira:

1. Langileria gastuak: etxebizitza bat bilatzeko eta ingurunean txertatzeko prozesuan profesionalek familia onuradunei egiten dieten akonpainamenduaren ondoriozko gastuak. Akonpainamendu horren kostua, ordu bakoitzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan zerbitzu ematen duten gizarte-laneko profesionalentzat ezarritako berbera izanen da.

2. Zeharkako gastuak. Zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak entitate onuradunaren funtzionamenduko gastu arruntak dira, alegia: langileen beste gastu batzuk, egoitzenak, bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian (González Tablas, z.g.) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es) eskuratzen ahalko da.

2. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epean.

3. Eskaerak Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan. Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gizarte Politiketako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen eta Berariazko Baimenen Erregistroan inskribatua izanaren ziurtagiria.

b) Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programako entitate laguntzaile aitortua dela adierazteko ziurtagiria eta Sustapen Departamentuarekin eta Gizarte Politiketako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuarekin sinatutako lankidetza hitzarmena.

c) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekin ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

d) Nafarroako Gobernuak eta/edo Espainiako Zerga Agentziak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egina, frogatzen duena tributu arloko betebeharrak eguneratuak dituela.

e) Hala behar izanez gero, eta 8. oinarrian xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, a) eta b) letretan eskatzen diren agiriak ez dira aurkeztu beharko, baldin eta Gizarte Politiketako departamentuak jadanik dituen datuak edo dokumentuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da inguruabar hori azaltzeko, datuak zein espedientetan dauden azalduta.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua izanen da instrukzio organoa. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:

a) Eskaeran identifikazio datuak ez jasotzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) 7. oinarriaren a) ataletik f) bitartera eskatutako dokumentazioan akatsak edo hutsak izatea.

c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, zehaztasunik eza, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Egiaztapen horren ondorioz argitzeko eskaera eginen da, eta behar izanez gero, akatsaren edo zehaztasun ezaren ondorioz behar dena aldatuko da.

d) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein kasu.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Bederatzigarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0 puntutik 100 puntura bitarte, kontuan hartuz ondoko irizpide objektiboak eta horien ponderazioa:

a) Bidezkotasun instituzionala (%20):

a.1) Oinarri soziala eta ezarpena Nafarroan (3 puntu bitarte).

a.2) Finantza-kaudimena (7 puntu bitarte).

a.3) Gizarteratzearen arloan jarduteko gaitasuna eta esperientzia, batez ere bizitegi arloko integrazioaren arloan (10 puntu bitarte).

b) Proiektuaren kalitate teknikoa (%80):

b.1) Gizarte-akonpainamenduaren metodologiaren analisia (10 puntu bitarte).

b.2) Jarduketa berrien proposamena: eskaera berrien kopurua, arreta hartu behar duten familia-unitateen profila (20 puntu bitarte).

b.3) Aurreko urteetan gizarte integraziorako etxebizitzen programan sartu diren familia-unitateen deskribapena: familia-unitateen kopurua, egin beharreko jarraipenaren deskribapena, behar eta zailtasun nabarmenenak eta arreta emateko proposamena: bakoitzarekin lortu nahi diren helburu nagusiak eta intentsitatearen proposamena, beharren arabera. (20 puntu arte).

b.4) Kontrola eta jarraipena egiteko baliabideak (10 puntu bitarte).

b.5) Azkeneko urteetan lortutako emaitzen azterketa (10 puntu bitarte).

b.6) Onuradunen parte-hartzearen analisia (5 puntu bitarte).

b.7) Beste entitate eta baliabide sozial batzuekin duen bateragarritasuna eta koordinazioa (5 puntu bitarte).

2. Diru-laguntzarako eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu.

3. Diru-laguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.

4. Balorazio positiboa duten eskaeretan eskatutako diru-zenbatekoak, guztira, kasuko modalitaterako ezarritako aurrekontuko kreditua gainditzen badu, hainbanaketa eginen da, eta diru-laguntzak esleituko dira diru hori agortu arte, 10. oinarriko 2. atalean aurreikusitako tramitea egin ondoren.

Hamargarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzara egokitzeko. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamaikagarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenen ondorioz. Foru dekretu hori urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuak aldatu zuen.

2. Ebazpen horretan agertuko dira diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitzen zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamabigarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, 14. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena emanez gero, ordainketa aurreratuak egitea onar dezake organo laguntza-emaileak, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla justifikatzen baldin bada. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non agertuko baitira une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak eta ekitaldi horretako diruzaintzaren fluxua, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera hasteko edo ez geldiarazteko dirua behar duela frogatzen duen edozein agiri.

3. Ordainketa aurreratua onartzen den kasuetan, honela eginen da: ebazpena sinatzearekin batera emandako guztiaren %25 ordainduko da. Bigarren ordainketa eta hurrengoak kasuan kasuko gastuak eta kofinantziazioa –halakorik balego– justifikatu ondoren eginen dira, proportzionalki betiere. Ordainketaren ondoren justifikatu gabe gelditzen den zenbatekoa ezin da izan emandako zenbatekoaren %25 baino handiagoa.

Hamalaugarrena.–Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuan eskura daiteke, edo Nafarroako Atarian (www.cfnavarra.es).

2. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Justifikazio teknikoa, honako hauek bereiziz:

a.1) Gizarte Integraziorako Alokairuko Etxebizitzen programaren jarduketa berriak 2013. urtean.

a.2) Nasuvinsa sozietate publikoaren alokairu programan sartzeko aurreko urteetan egindako jarduketen jarraipena.

a.3) Azkeneko hiru urteotan egindako erosketen jarraipena.

b) Justifikazio ekonomikoa:

b.1) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, emailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, honako hauek adierazi beharko dira: jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, hartutako diru-laguntza justifikatzeko Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izanaren adierazgarri.

b.2) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egina, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

b.3) Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan –edo justifikazio partzialetan, hala balegokio– diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Hala ez bada, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.

Diru-laguntzaren bigarren eta hurrengo ordainketak izateko eskubidea ematen duen azken justifikazio tekniko eta ekonomikoa 2013ko abenduaren 31n aurkeztuko da, beranduenez.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean, bukatze datatik hasita, entitateak Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko ditu proiektua gauzatu dela justifikatzen duten txosten teknikoa eta ekonomikoa.

Hamabosgarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez da bidezkoa azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea.

Hamaseigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate laguntzaileek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza ematea eragin duen programa deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, adierazitako egunetan aurkeztea.

c) Diruz lagundutako entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orrokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen diru-laguntzaren xede den proiektu bakoitzaren betetze mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren bulego nagusietan eta haren web gunean izanen da entitate interesdunen eskura.

Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.

g) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, edo, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Hamazazpigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Proiektua gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako laguntza itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarririko kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorraraziriko berandutza-interesa ordaintzeko eskatzea.

2. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

–Txostenak zenbat egunen ondoren aurkezten diren epetik kanpo.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari. Itzulketa eskatzeko prozedura 12 hilabeteko epean ebatziko da, hasten denetik kontatuta.

Hemezortzigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Deialdiaren ebazpenaren aurka (espresa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1309497