133. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

26/2013 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen ehuneko 0,7 arautzen duen ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, FORU KOMUNITATEKO ZERGADUNEK GIZARTE-INTERESEKO BESTE XEDE BATZUETARAKO BIDERATZEN DUTEN TRIBUTUEN EHUNEKO 0,7 ARAUTZEN DUEN EKAINAREN 5EKO 7/2009 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak arautzen du Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen ehuneko 0,7aren esleipena.

Arau horretan, geroago, aldaketak egin dira, baina zuzendu gabe gelditu dira legearen garapenean agertu diren akats batzuk.

Foru lege honen helburua da tributuen 0,7 horren kudeaketa hobea eta eraginkorragoa lortzen laguntzea, errenta aitorpenean gizarte-xedeen laukitxoa markatzen duten nafar herritarren borondatea betetzea, Nafarroako gizarte entitateen lana ahalbidetzea eta tresna eraginkorra eta osagarria izatea Nafarroako pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borrokan eta gizarte intereseko bestelako xede batzuetan.

Artikulu bakarra.

Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen ehuneko 0,7 arautzen duen ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen manu hauek honela geratuko dira idatzita:

Bat.–Artikulu bat gehitzen da, 4. bis artikulua:

“4. bis artikulua.

1. Hiru hilabeteko epean, urteko errenta kanpaina bukatu eta gero, gizarte entitateentzako diru-laguntzetarako deialdiak onetsiko dira. Aipatu deialdiak urtea bukatu baino lehen ebatziko dira, hurrengo urteko urtarriletik aurrera bete ahal izan daitezen.

Aldez aurretik, Nafarroako Gobernuak eta gizarte entitateek adostuak izanen dituzte zeintzuk izanen diren deialdi horien bidez diru-laguntzak jaso behar dituzten jarduera-ildo nagusiak; deialdi horiek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari eta Nafarroako Ingurumen arloko Kontseiluari igorriko zaizkie, horien berri izan eta onets ditzaten.

2. Tributuen ehuneko 0,7aren esleipenetik sortzen diren zenbatekoak lehia libreko deialdietan sartuko dira, eta ez dira erabiliko kontusail izendunetan.”

Bi.–6. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“6. artikulua.

1. Hirugarren artikuluko 2 eta 4 jarduera-multzoek bost urteko indarraldia izanen dute, kontuan hartuta horien xedea dela egoera ekonomikoaren araberako arreta koiunturala eta Autonomia Pertsonalaren Legearen abiarazpena eta hasierako garapena.

2. 2014ko ekitalditik aurrera, foru lege honek arautzen duen funtsaren onuradun diren jaduera-multzoak berrikusi eginen dira. Jarduera-multzo berriak foru aginduz onetsiko dira, aldez aurretik Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak aldeko irizpena emanda. Foru agindua onetsiko da funtsaren zenbatekoaren argitaratze-data baino lehenago.”

Azken xedapena.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1309914