133. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

261E/2013 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratu berria ematen duena eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Cadreitako udal mugapean zerriak gizentzeko ustiategi baterako. Jardueraren titularra Barasoain da.

2012ko maiatzaren 24an, Jose Javier Barasoainek Ingurumen baimen integratua eskatu zuen, bere zerri-gizendegia handitzeko.

Instalazio berri hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsiaren) 2B eranskineko 9.1 c) epigrafean dago jasota, “Oilategiko hegaztien edo behi nahiz zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 20 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2.500 toki baino gehiago dituztenak” izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago eta nahitaezkoa du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa.

Halaber, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3 b) atalean jasota dago, “Oilategiko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 20 kg-tik gorako gizentzeko zerrientzat 2.500 toki baino gehiago dituztenak” izenekoan; eta Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko e.3) idatz-zatian ere bai.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Gainera, industria emisioei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/UE Zuzentarauan ezarritako xedapen eta baldintza berriak erantsi dira, zuzentarau horrek zenbait aldaketa sartu baititu kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko araudian. Hartara, bete egiten da zuzentarau horren 80. artikuluan xedatua.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den denboran.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku uzten dira indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Cadreitako udal mugapean, 5. poligonoko 170. lurzatian, dagoen zerri ustiategi baterako (gizendegia). Titularra José Javier Barasoain Cinto da.

Bigarrena.–Instalazio hori egiteko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horrentzat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.–Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 0001-0038-2012-000005 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz egin beharko da, betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Bosgarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Instalazioa Nafarroako Hondakin Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea 15P02257090052013 zenbakiarekin, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Sortzen ahal dituen hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Seigarrena.–Nabe berriaren jarduera hasi baino lehen, instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zazpigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0640050170/2/2 plana onestea.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Hamargarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea José Javier Barasoian Cintori, Cadreitako Udalari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko ekainaren 20an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1309434