133. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

22/2013 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, TAXIARI BURUZKO UZTAILAREN 6KO 9/2005 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuak Taxiari buruzko Foru Legea onetsi zuen 2005ean. Lege horrek zenbait arlo landu zituen –besteak beste, taxiaren egoera Iruñean eta Iruñerrian, bai eta Nafarroako gainerako tokietan ere, mugikortasun urriko pertsonentzako arretaren hobetzea, taxiaren erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak–, guztiak ere herritarrei zerbitzu egokia ematen zaiela bermatzen dutenak.

Eguneroko praktikarekin, egiaztatu da zenbait alderdi gaurkotu egin behar direla: lizentzietarako bisak, zerbitzua kontratupeko langileekin ematea, ibilbide-liburua, ibilgailuen berriztatzea, zehapen-araubidea eta abar.

Gainera, 2010eko maiatzean, Bide Segurtasunari buruzko Lege berriak indarra hartu zuen Estatuan, eta berariazko eskakizun batzuk ezarri zituen, aipatutako foru legean sartu behar direnak. Aurrekoa dela eta, foru legea estatuko legediari egokitzeko eta Nafarroako taxi zerbitzua hobetzeko, Taxiari buruzko Foru Legea aldatzen da.

Artikulu bakarra.–Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako ondorioekin, jarraian ematen diren Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeko aginduek honelako testua izanen dute:

Bat.–Legearen testu osoan “soldatapeko” hitzaren ordez “kontratupeko” hitza jartzea.

Bi.–9.2 artikuluari lerrokada hau gehitzen zaio:

“Erreferentziazko eremu geografikoa, txosten horri dagokionez, lurraldearen antolamenduko tresnetan zehaztutako zonifikazioan ezartzen dena izanen da.”

Hiru.–13.1 artikulua:

“1. Taxi lizentziek ez dute epemugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, aldizka ikus-onetsi egin behar dira; hau da, egiaztatu egin behar da betetzen direla foru lege honen 6. eta 60.b) artikuluetan ezarritako baldintzak.

Udalerriak edo baterako zerbitzurako eremuan eskumena duen toki entitateak eginen du ikus-onespen hori, dagozkion ordenantzetan ezartzen den aldizkakotasunarekin eta ordenantza horietan ezarritakoari jarraituz.”

Lau.–13.3. artikulua:

“3. Taxi lizentzien titularrek eskatu ahal izanen diote udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari titularraren zerbitzu-ematea eteteko, bi urterako gehienez, baldin eta frogatzen badute gaixorik daudela, istripua izan dutela, ibilgailua matxuratuta dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua ematea eragozten dien beste arrazoi justifikatu bat gertatu dela.”

Bost.–20.1. artikulua:

“1. Lizentziaren titularrak gehienez ere gidari bat kontratatu ahal izanen du lan gutxiko orduetarako, asteburu, jaiegun eta jaiegun-bezperetarako, gertakari berezietarako, herriko jaietarako eta antzeko aldietarako.”

Sei.–20.3. artikulua:

“3. Titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra, zerbitzu-ematearen eten behar bezala baimendua edo zerbitzua egitea eragozten dion beste edozein egoera suertatzen bada, langileak kontratatu ahal izanen dira lizentzia aldi baterako ustiatzeko, 2. idatz-zatian ezarritako baldintza bete beharrik izan gabe; egoera horiek, betiere, behar bezala frogatu beharko dira. Nolanahi ere, egoera honen gehieneko iraupena ez da bi urtetik gorakoa izanen.”

Zazpi.–20.4. artikulua:

“4. Langileak kontratatu aurretik baimena eman beharko du udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak. Baimen hori lizentziaren titularrak eskatu beharko du. Langileak kontratatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta hilabeteko epean udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ez badu ebazpen espresik ematen eta jakinarazten. Behin baimena lortu denean, hilabeteko epean, entitate eskudunari aurkeztuko zaio langilearen kontratuaren kopia eta Gizarte Segurantzako altaren edo autonomoen araubideko altaren kopia.

Bi aldeen arteko ahaidetasuna dela-eta kontratatutako pertsona ezin denean Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanda egon, langile autonomoen araubide berezian egon beharko du alta emanda.”

Zortzi.–22.4. artikulua:

“4. Ibilgailuaren okupazioari dagokionez, haurrek betetako plazen kontaketa eginen da, trafikoari eta bide segurtasunari buruz indarra duen arautegian xedatutako moduan.”

Bederatzi.–23. artikulua. Idatz zati bat gehitzen da, 4. idatz-zatia:

“4. Gurpil-aulkien erabiltzaileak garraiatzeko ibilgailu egokitua atxikita dutela ageri diren taxi lizentzien titularrek taxi zerbitzuak egin ahalko dituzte jatorria edo helmuga dutenean ibilgailu egokituetarako lizentziarik ez duten udalerri edo baterako zerbitzurako eremuetan. Zerbitzu horiek ibilbide-liburuan jaso beharko dira.”

Hamar.–Artikulu bat gehitzen da, 26. bis artikulua:

“26. bis artikulua. Ibilbide-liburua.

1. Taxi lizentziei edo baimenei atxikitako ibilgailuek behar den ibilbide-liburua dutela zirkulatu beharko dute, eta bertan gidariak, hasi baino lehen, foru lege honetako 23.4, 36.3 eta 46.2 artikuluetan ezarritako zerbitzuak jaso beharko ditu.

2. Ibilbide-liburua edizio librekoa izanen da. Liburuaren azalean jasoko dira taxi lizentziaren titularraren izen-abizenak, lizentzia eman duen udala edo baterako zerbitzurako eremua, lizentziaren zenbakia eta ibilgailuaren matrikula.

Ibilbide-liburu bakoitza erabiltzen hasi baino lehen, taxi lizentziaren titularrak hura garraioen arloko departamentu eskudunean aurkeztu beharko du, edo, baterako zerbitzurako eremu bat baldin bada, eremu horretako toki entitate eskudunean, diligentzia dezaten.

Liburu berria diligentziatu denetik gehienez ere hamabost egun iragan direnean, titularrak aurreko liburua aurkeztu beharko dio organo eskudunari, aurreko liburu hori egiazki amaituta dagoela egiazta dezan.

Behin ibilbide-liburua guztiz amaitu denean, garraio ikuskapenerako zerbitzuen eskura gorde beharko da urtebetez, azken oharra egin denetik kontatzen hasita.

3. Ibilbide-liburuan jaso behar diren zerbitzu horietako bakoitzeko, honako datuak bete beharko dira:

a) Jatorriko edo helmugako udalak.

b) Zerbitzu mota:

–Hiri arteko zerbitzua, helmuga lizentzia ematen duen udalean edo eremuan duena.

–Enkargua.

c) Zerbitzua zein egunetan eta ordutan hasi eta amaitu zen.

d) Gidariaren izen-abizenak eta sinadura.

e) Erabiltzailea edo kontratu-egilea:

–Pertsona fisikoa baldin bada: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa.

–Pertsona juridikoa baldin bada: izen soziala, IFZa eta helbidea.

f) Zerbitzuaren prezioa.

4. Izaera pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa ibilbide-liburuan jasotako datu pertsonalei aplikatuko zaie”.

Hamaika.–27. artikulua:

“27. artikulua. Taximetroa, modulua eta pilotua.

1. Taxi lizentziak eta baimenak dituzten ibilgailuek taximetroa eduki behar dute, behar bezala prezintatua, homologatua eta egiaztatua, metrologiaren arloan eskumena duen organoak ezarritako arauei jarraituz.

Halaber, ibilgailuek modulu bat eduki behar dute, tarifa aplikagarria agertuko duena ibilgailuaren kanpoaldean, indarra duen araudi teknikoan zehaztutakoaren arabera.

Hala eta guztiz ere, udalak edo baterako zerbitzurako eremuan eskuduna den toki entitateak taximetroa eta modulua eramateko betebeharretik salbuetsi ahalko du. Horrelako kasuetan, ibilgailuan taxi zerbitzua identifikatzen duten bereizgarriak eraman beharrari eutsiko zaio, eta neurriak hartuko dira gehiegizko edo iruzurrezko kobrantza eragozteko.

Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak besterik xedatu ezean, taximetroa ibilgailuaren karrozeriaren barrualdean egonen da, aurrean, erdiko herenean kokatuta, eta beti argiztatuta edukiko da. Horrela erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa.

2. Gainera, ibilgailuek kanpoaldean ikus-sistema bat eduki behar dute, ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez adierazteko. Ordenantzetan bestelako prozedurarik zehazten ez den bitartean, taxiak bere sabaian argi-sistema bat edukiko du, non pilotu berdeak adieraziko baitu taxia zerbitzua emateko libre dagoela.”

Hamabi.–28.2. artikulua:

“2. Taxi lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuak berritu egin beharko dira lehenengo matrikulaziotik hasi eta hamar urteko antzinatasunera iritsi baino lehen, baina beste bi urtez ere luzatu ahalko da epe hori, udaleko edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitateko kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera, baina, ibilgailuak, betiere, garraio publikoko ibilgailu baterako beharrezkoak diren osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak dituela.”

Hamahiru.–33.2. artikulua:

“2. Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik jaso bidaiari-garraioetako geltokien eta aireportuen inguruetan, edota udalek edo toki entitate eskudunek baterako zerbitzurako eremu baterako zehazten dituzten bestelako instalazioen edo geltokien inguruetan, baldin eta era horretara taxi geltokietan itxaroten dauden erabiltzaileak jasotzeko funtzionamendu normala eragozten badute.”

Hamalau.–36. artikulua.

“36. artikulua. Zerbitzua kontratatzea. Araubide orokorra.

1. Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean, ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.

2. Taxi zerbitzuak erabiltzaileei emanen zaizkie, beren ekipajeak eta guzti. Horri dagokionez, gidariek baimena eman beharko dute erabiltzaileek ibilgailuan maletak edo bestelako ekipajeak eraman ditzaten, baldin eta ibilgailuko maletategian sartzen badira, hura kaltetzen ez badute eta horrekin indarreko araudia hausten ez badute.

3. Aparteko kasuetan eta taxi zerbitzuaren prestazio egokian eraginik ez duen bitartean, enkarguak ere garraiatu ahalko dira, aldeek hori espresuki adosten dutenean eta ibilbide-liburuan behar bezala jasota geratzen bada, foru lege honetako 26. bis artikuluan ezarritako moduan. Enkargu horiek soilik egin ahalko dira aldi berean kontratu-egile batekin, eta abiapuntu bakarra eta helmuga bakarra eduki beharko dute, eta enkarguak egite hori ezin izanen da bidaiarien garraioaren aldi berean gertatu.

Horrelako enkarguak egiteko, bidaiarien zerbitzuetarako eskatzen diren tarifa-baldintza berak egon beharko dira, kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera.”

Hamabost.–37.1. artikulua:

“1. Garraio publiko kolektiborik ez badago edo behar adinakoa ez bada, udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan garraioen arloko eskumena duen departamentuak baimena eman ahal izanen dute, hurrenez hurren, hiriko edo hiriarteko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalakoak, banaka ordaindu beharreko eserlekuka kontratatzeko.”

Hamasei.–43.1. artikulua. Letra bat gehitzen da, f) letra:

“f) Lizentzien titularren helbide aldaketa jakinaraztea, bai eta 15. artikuluan aipatzen den erregistroan jaso beharrekoa den edo beste arrazoi batengatik Administrazioari jakinarazi beharrekoa den beste edozein datu edo inguruabar ere, kasuko arauetan ezartzen denaren arabera.”

Hamazazpi.–46. artikulua:

“46. artikulua. Hiriarteko taxi zerbitzuen abiaburua.

1. Foru lege honetako 47. eta 48. artikuluetan zehazten diren kasuetan izan ezik, taxi lizentzia eman duen udalerriaren dermioan hasi behar dira hiriarteko taxi zerbitzuak, edo, kasua bada, lizentzia eman den baterako zerbitzurako eremuko edozein udalerritan.

Hori dela eta, bidaiariak ibilgailuan jasotzen diren tokia joko da garraioaren hasiera toki edo abiaburutzat.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, hiriarteko taxi zerbitzuak taxi-lizentzia eman zenekoaz besteko udalerri edo baterako zerbitzurako eremu batean hasi ahalko dira, lizentzia eman zuen udalerrian edo eremuan bukatzen badira eta ibilbide-liburua behar bezala beterik dagoela zirkulatzen bada; izan ere, bertan jasoko da kontratazioa aurretiaz egina dela, bai eta zerbitzuaren helmuga zein den.”

Hemezortzi.–48. artikulua:

“48. artikulua. Udalen arteko koordinazioa. Baterako zerbitzurako eremuak.

1. Baterako zerbitzurako eremu batean eskumenak dituzten udalek edo toki entitateek, garraioen arloan eskuduna den departamentuarekin batera, eta Nafarroako Taxien Kontseiluak txostena egin ondoren, administrazioen arteko koordinaziorako formulak ezarri ahal izanen dituzte beren udalerrietako taxi zerbitzua emateko.

Zerbitzua antolatu eta kudeatzeko koordinazioaren nondik norakoak, betiere, formalizatzen diren lankidetza-hitzarmenetan zehaztuko dira, edo indarra duen araudian aurreikusitako bestelako tresnetan, eta, betiere, foru lege honetan xedatutakoarekin bat etorriko dira.

2. Inguru bereko zenbait udalerritako taxi zerbitzuek elkarrengan eragina duten kasuetan, hau da, zenbait udalerrik batera halako zerbitzuak egoki antolatzeko interesa duten kasuetan, baterako zerbitzurako eremuak ezarri ahal izanen dira. Hartara, baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak emandako lizentzia duten ibilgailuek ahalmena izanen dute eremu horretako mugarte osoan zerbitzuak egiteko.

Baterako zerbitzurako eremu bat ezarriz gero, bertako mugak gainditu gabe egiten diren taxi zerbitzu guztiak hiriko taxi zerbitzutzat joko dira.

Baterako zerbitzurako eremu bat ezarri ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira: hura osatuko duten udalerrien jarraitasun geografikoa, lurralde-koherentzia, bideragarritasun ekonomikoa eta kudeaketaren bideragarritasuna. Baldintza horiek baloratzean, kontuan izanen dira, besteak beste, lurraldearen antolamendurako tresnen irizpideak eta zehaztapenak.”

Hemeretzi.–57.1.c) artikulua:

“c) Lizentzia edo baimenik gabe emandako taxi zerbitzuetan eginiko arau-hausteen erantzukizuna ibilgailuaren titularrari edo gidariari egotziko zaio.”

Hogei.–60. artikulua. Aldatu egiten da b) letraren 1. zenbakia, eta beste arau-hauste bat sartzen da, zeina n) letra gisa jasoko baita, halako moduz non testuko n) letra, aurrerantzean, ñ) letra izanen den.

“b.1) Hiriarteko zerbitzuak, turismo-ibilgailuetan, lizentzia eman den udaletik abiatuta egitea, betiere foru lege honetako salbuespenak kontuan hartuta.”

“n) Enkarguak egitea aplikatzekoa den araudia bete gabe.

ñ) Aurreko idatz-zatietan [ ..] larritzat jotzen bada.”

Hogeita bat.–61. artikulua. Letra bat gehitzen da, j) letra:

“j) Lizentzien titularren helbide aldaketa ez jakinaraztea, bai eta 15. artikuluan aipatzen den erregistroan jaso beharrekoa den edo beste arrazoi batengatik Administrazioari jakinarazi beharrekoa den beste edozein datu edo inguruabarrena ere, kasuko arauetan ezartzen denaren arabera.”

Hogeita bi.–63.3. artikulua:

“3. Antzematen bada taxi zerbitzu bat egiten ari dela behar den taxi-lizentzia edo -baimena eduki gabe, ibilgailua berehala gerarazi ahalko da.

Ikuskapen zerbitzuek edo errepideko garraioa zaintzeaz arduratzen diren agenteek behin-behinekoz finkatuko dute isunaren zenbatekoa, salatutakoak zehapenaren zenbatekoa ordain dezan, gordailu kontzeptuan, edo kauzioa eman dezan, garraioaren arloko arau-hausteengatik kauzioa emateari buruzko arauetan ezarritakoaren arabera. Halaber, ibilgailuaren dokumentazioa atxiki beharko dute, harik eta gordailu hori ordaintzen den arte edo behar adinako kauzioa ematen den arte.

Gerarapena behar adinako segurtasun baldintzak betetzen dituen toki batean eginen da, eta hartutako neurriaren eraginkortasuna bermatzeko moduan. Hala eta guztiz ere, salatuaren erantzukizuna izanen da ibilgailua zaintzea eta gerarazte horrek ekar ditzakeen gastuak ordaintzea.

Bestalde, salatuak beste garraiobide bat aurkitu beharko du bidaiariak helmugara irits daitezen, eta garraio horrek dakartzan gastuak ordaindu beharko ditu. Ezin izanen da geraraztea altxatu gastu horiek ordaindu arte.

Gerarazpenarengatik gordailuan dauden ibilgailuei, haien titularrek erretiratzen ez badituzte, lurreko garraioei buruzko araudian aurreikusitako neurriak aplikatu ahalko zaizkie, eta interesdunari aukera horretaz ohartarazi beharko zaio ibilgailua gerarazteko unean.

Zerbitzua egin bitartean 59. artikuluko b) letrako arau-hausteak egiten ari direla ikusten bada, ibilgailua berehala geldiarazteko agindu ahal izanen da eta neurri horrek indarrean iraunen du harik eta arau-haustea osatzen duten arrazoiak desagertu arte. Horrelakoetan administrazio eskudunak behar diren neurriak hartu ahal izanen ditu erabiltzaileek ahalik eragozpen gutxien jasan dezaten.”

Hogeita hiru.–65.4. artikulua:

“4. Administrazio bideari amaiera ematen dioten ebazpenen bidez ezarritako isunak ordaintzea nahitaezko baldintza izanen da lizentziak ikus-onesteko, lizentzien eskualdaketarako baimen administratiboa emateko eta arau-haustea egitean erabilitako ibilgailuen berritzerako baimen administratiboa emateko.”

Hogeita lau.–65.5. artikulua:

“5. Zehapen espedientearen hasiera jakinarazi eta hurrengo hamabost egunen barruan interesdunak bere borondatez isuna ordaintzen badu, diru-zenbatekoa ehuneko 25 murriztuko da. Ordainketa horrek berarekin ekarriko du ados egotea salatutako gertakariekin, alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedurari amaiera ematea; hala eta guztiz ere, ebazpen espresa eman beharko da.

Diruzko zehapena ordaintzen baldin bada zehapen-ebazpena eman aurretik, amaiera emanen zaio prozedurari, eta horixe jaso beharko da zehapen-ebazpenean. Hala eta guztiz ere, zehapenak berarekin diruz bestelako ondorioak baldin badakartza, jarraipena eman beharko zaio prozedurari, hura amaitu arte, aipatutako zehapen osagarriari dagokionez”.

Hogeita bost.–Bigarren, hirugarren eta bosgarren xedapen iragankorrak kentzen dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1309939