130. ALDIZKARIA - 2013ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

69/2013 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroa sortu eta arautzen duena eta dagokion datu pertsonalen fitxategia sortzen duena.

Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluak osasuna babestua izateko eskubidea aitortzen du eta botere publikoen eskumena ezartzen du osasun publikoaren antolaketa eta babesean, prebentzioko neurrien eta beharrezko zerbitzuen bidez.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legeak osasun sistemaren funtsezko jardueratzat jotzen du behar diren azterlan epidemiologikoak egitea, osasunerako arriskuen prebentzioa eraginkorrago orientatzeko, bai eta osasunaren arloko plangintza eta ebaluazioa ere, osasun informazioa, zaintza eta ekintza epidemiologikoaren sistema antolatua oinarri izan behar duena. Aipatu arauak, 8. artikuluan, adierazten du osasunaren arloko plangintza eta ebaluazioko jarduerek osasun informazioaren sistema antolatua izan behar dutela oinarri; horrez gain, 23. artikuluan, ezartzen du administrazioek behar diren erregistroak sortu eta informazio azterketak eginen dituztela, osasunaren arloko agintarien esku-hartzea ekartzen ahal duten egoerak ezagutzeko.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 13. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko osasun administrazioek, osasun publikoarekin zerikusia duten eginkizunen artean, ezartzen diren bizi-estatistiken nahiz gaixo tasen erregistroen bilketa, lanketa eta azterketa eginen dituztela. Bestetik, 33.1 artikuluan, adierazten du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak plangintza, antolamendu eta programazioaren eginkizunak beteko dituela osasun publikoaren, lan osasunaren eta osasun laguntzaren arloetan.

Informazio baliozkoa, nahikoa eta kontrastatua lortzea bermatzen duten sistemak funtsezkoak dira politika publiko eraginkorra, efizientea eta ebaluagarria izateko osasun publikoaren arloan. Informazio horrek nabarmenki laguntzen du gaixotasuna prebenitzeko eta osasuna sustatzeko jarduerak hobeto egokitzen, eta osasunaren arloko plangintza eta kudeaketako jardueren oinarria da.

Informazioaren arloko begibistako gabeziak ditu gaixotasun arraroen arloak, beste izen batzuk dituena: ez-arruntak, ez-ohikoak edo minoritarioak. Europar Batasunaren definizioaren arabera, gaixotasun arraroak dira hiltzeko edo baliaezintasun kronikoa izateko arriskua ekartzen dutenak, 10.000 pertsonatik bostek baino gutxiago dauzkatenak. Banaka hartuta ez-ohiko gaixotasunak izan arren, batera hartuta populazioaren %5 baino gehiagori eragiten diote. Gaixotasun horren gaineko informazioaren gabeziak haien ikusgaitasuna, detektatzeko aukerak, ekintza prebentibo eta terapeutikoa eta ikerketa zailtzen ditu, bai eta gaixoen eta haien senide eta lagunen egoera ere.

Europar Batasunaren Osasun Publikoaren Planak gaixotasun arraroak lehentasunezko helburutzat hartzen ditu, eta berariazko arreta ematen dio gaixotasun horien gaineko ezagutza hobetzeari eta informazioaren lorpena errazteari. Europako Batzordeak gaixotasun arraroei buruz Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialari eta Herrialdeen Batzordeari igorritako (2008) COM 679 azkena Komunikazioak Europar Batasunak arlo horretan duen estrategia ezartzen du. Estrategia horren funtsezko puntuetako bat da gaixotasun arraroen aintzatespena eta ikusgaitasuna hobetzea. Kontseiluak gaixotasun arraroen arloko ekintza bati buruz 2009ko ekainaren 8an emandako Gomendioak (2009/C 151/02, 2009ko uztailaren 3ko Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua) Europar Batasuneko Estatuei iradokitzen die gaixotasun arraroek osasun informazio sistema guztietan kodetze eta trazadura egokiak izatea berma dadila, modu horretan osasun-laguntzako eta diru-itzultzeko sistema nazionaletan behar bezala aintzat har daitezen gaixotasun arraroak, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena oinarri hartuta, betiere prozedura nazionalak errespetatuz.

Espainian, Zaintza Epidemiologikorako Sare Nazionala sortzen duen abenduaren 28ko 2210/1995 Errege Dekretuak, 4. artikuluan, ezartzen du nahitaez deklaratu beharreko oinarrizko sistemak eta erakunde publiko eskudunek garatutako zaintzarako bestelako sistemak, berariazko arazoei aurre egiteko edo gaixotasunen zaintzarako osasun esku-hartzeak osatzeko, izanen direla sare horretan.

Gaur egun, Osasun Sistema Nazionalaren Kalitatearen Planak prestatu du Gaixotasun Arraroen Estrategia, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak onetsia 2009ko ekainaren 3an. Estrategia horren esparruan, helburu bat da Estatuan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroa lortzea, erkidego autonomoetako mota bereko erregistroetan oinarriturik.

2011ko abenduan, Carlos III Osasun Institutuak (ISCII) onetsi zuen Espainiako Gaixotasun Arraroen Azterketarako Erregistroen Sarea sortzea. Proiektu hori Gaixotasun Arraroak Aztertzeko nazioarteko partzuergoaren (IRDiRC) babespean egin zen, ISCIIak izenpetua. Sare horren helburu nagusia da Espainiako Gaixotasun Arraroen Erregistroa sortzea, Gaixotasun Arraroak Aztertzeko Institutuak koordinaturik, entitate horiek autonomia erkidego bakoitzean (Nafarroako Foru Komunitatea barne) duten erregistroetan oinarriturik.

Arrazoi horregatik, beharrezkoa da Nafarroan Gaixotasun Arraroen Erregistroa garatzea, Spain-RDR (Spanish Rare Diseases Registries Research Networkproject) proiektuaren barruan. Horretarako, Nafarroako gaixotasun arraroak ikertzeko talde bat eratu da, nagusiki Nafarroako Foru Komunitatean gaixotasun arraroek zein banaketa duten, egiazki zein egoeratan dauden eta zein ondorio ekartzen dituzten iker eta ezagut dadila sustatzeko.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku dauden datu pertsonaleko fitxategi informatizatuak. Foru dekretu horretan datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategi gisa onetsi ziren, dekretuak indarra hartu zuen egunerako eratuta zeudenak. Horiek eranskinean ageri dira. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroa sortu eta arautzea. Erregistro horren helburua da zaintza epidemiologikoa osoagoa izaten laguntzea, erregistroan agertzen diren gaixotasunen bilakaera ezagutuz. Erregistro hau Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Publikoaren Zaintza Epidemiologikorako Sarean dago.

2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroa izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.

2. artikulua. Erregistroaren eginkizuna eta helburuak.

1. Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroaren eginkizuna da Nafarroako Foru Komunitatean gaixotasun arraroren bat duten pertsonen errolda, fidagarria eta ahalik eta osoena izanik, eguneratua mantentzea, premia informatiboak betetzeko, ezagutza epidemiologikoa garatzeko eta gaixotasun horien intzidentzia eta prebalentziaren gainean balio kontrastatua duen informazioa emateko, horrela lagunduko baita lotutako faktoreak aztertzen, haien determinatzaileak ikasten eta prebentzio eta laguntzako jarduera bilakatzen. Erregistroak lagunduko du gaixotasun horiek ezagutzen, eta adierazleak emanen ditu beste autonomia erkidegoekin eta beste herrialdeekin konparazioak egin ahal izateko.

2. Hauek dira funtsezko helburuak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko osasunaren zaintza epidemiologikoari laguntzea.

b) Gaixotasun horien arretarekin zerikusia duen osasun laguntza ebaluatzeko baliagarria izatea.

c) Beste erregistro batzuekin konparazioak egitea eta elkarlanean aritzea, bereziki Carlos III Osasun Institutuko Gaixotasun Arraroak Aztertzeko Institutuko Gaixotasun Arraroen Erregistro Nazionalarekin.

d) Gaixotasun arraroen eremuko informazio epidemiologiko nabarmena hedatzea.

e) Gaixotasun arraroen gaineko ikerketa oinarrizkoa, klinikoa eta terapeutikoa garatu eta sustatzea.

3. artikulua. Erregistroa kudeatzen duen unitatearen jarduerak.

Epidemiologiaren, Aurreneurrien eta Osasun Sustapenaren Zerbitzuak kudeatuko du Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroa, eta jarduketa hauek gauzatuko ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Gaixotasun Arraroen errolda eguneratua mantentzeko behar den informazioa bildu eta prozesatzea.

b) Informazioa integratu, aztertu eta ebaluatzea, horren gaineko txostenak eta aldizkako argitalpenak eginez.

c) Informazioa normalizatzea, Estatuan eta nazioartean homologatuta dauden ereduak erabiliz, beste datu-iturri batzuekin konparazioak egin ahal izateko.

d) Ikerketa epidemiologikoak egitea eta osasunaren bestelako eremuetan (hala nola soziosanitarioan edo terapeutikoan) ikerketa erraztea.

4. artikulua. Osasun zentro eta zerbitzuen betebeharrak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko osasun zentro eta zerbitzu guztiek, publikoek nahiz pribatuek, gaixotasun arraroen gaineko informazioari dagokionez, jarduera hauek garatuko dituzte:

a) Nafarroako osasun zerbitzuetan ikusten diren gaixotasun arraroetako kasu guztien datuak biltzea, aipatu sistemak ezarritako prozedurari jarraikiz, jakinarazi beharreko kasurako ezarriko den definizioa kontuan hartuta.

b) Kasuen bilketan laguntza ematea, baliozkotze eta egiaztapen alderdietan.

c) Nafarroako gaixotasun arraroak ikertzeko taldeko langileei zentroko unitate edo zerbitzuetan sartzen uztea, betiere langileak behar bezala identifikatzen badira eta behar diren alderdiei buruzko informazioa biltzeko bada.

d) Gaiari buruz eskatzen zaien informazioa ematea, behar den moduan, erregistroak behar bezala funtziona dezan errazteko.

2. Osasun zentroko zuzendaritza medikoa betetzen duen pertsonak ardura izanen du artikulu honetan ezarritako jarduerak betetzen direla jarraitzeko.

5. artikulua. Jarraipen batzordea.

1. Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroaren jarraipen batzordea ezartzen da, kide hauek izanen dituena:

a) Batzordeburua: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Epidemiologiaren, Aurreneurrien eta Osasun Sustapenaren Zerbitzuko Eritasun Ez-kutsakorren Epidemiologiaren Ataleko burua.

b) Idazkaria: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Epidemiologiaren, Aurreneurrien eta Osasun Sustapenaren Zerbitzuko Eritasun Ez-kutsakorren Epidemiologiaren Ataleko buruak izendatutako profesional bat.

c) Batzordekideak:

c.1) Nafarroako Ospitaleguneko Genetikaren Zerbitzuko burua.

c.2) Nafarroako Foru Komunitateak Gaixotasun Arraroen Estrategia Nazionalean duen ordezkaria.

c.3) Nafarroako Foru Komunitateak Datuen Oinarrizko Multzo Gutxieneko Erregistroaren (CMBD) batzorde teknikoan duen ordezkaria.

2. Jarraipen batzordeak konpromisoa hartzen du erregistroa mantentzeko, eta programaren bilakaera gainbegiratuko du. Horrez gain, programa berrikusiko du eta gomendioak emanen ditu, ebidentzia zientifikoa eguneratzen den heinean.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko ekainaren 19an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena:
Nafarroan Gaixotasun Arraroak dituen Populazioaren Erregistroa

a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:

Zaintza epidemiologikoa osoagoa izaten laguntzea, erregistroan agertzen diren gaixotasunen bilakaera ezagutuz. Erregistroa Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Publikoaren Zaintza Epidemiologikorako Sarean dago.

b) Ukitutako norbanakoak edo taldeak:

Nafarroako Foru Komunitateko edozein osasun zerbitzutan, publiko nahiz pribatutan, gaixotasun arraro baten diagnostikoa jaso duten pertsonak.

c) Datuak biltzeko prozedura:

Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko administrazio datu-baseetatik eta gaixoaren historia klinikotik lortuko dira, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko osasun zentro eta zerbitzu pribatuek emandako datu-baseetatik ere.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu mota pertsonalak.

Identifikazio datuak:

–Gaixoaren izen-deiturak.

–Historia klinikoaren zenbakia.

–Nafarroako identifikazio-kode pertsonala (CIPNA).

–Osasun Sistema Nazionaleko identifikazio-kode pertsonala (CIP-SNS).

–Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia.

–NAN zenbakia/AIZ

–Helbidea.

–Identifikazio motako beste edozein aldagai, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak baimentzen badu eta azterlanen helburuak betetzeko ezinbestekotzat jotzen bada.

Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

–Jaioteguna.

–Sexua.

–Herrialdea.

–Heriotza eguna, gertatu bada.

Bereziki babestutako beste datu batzuk: aurrekariak, diagnostikoak, proba osagarrien emaitzak, tratamendua eta gaixotasunaren eboluzioa.

e) Datu pertsonalak lagatzea.

Aurreikusi da datuak Carlos III Osasun Institutuari lagatzea, Gaixotasun Arraroen Erregistro Nazionalean sar ditzaten. Halaber, beste entitate batzuei lagatzen ahalko dizkie datuak, estatistika edo azterketa helburuekin. Laga aurretik, konfidentzialtasun kontratu bat sinatu beharko da, laga beharreko datuak anonimizatzera behartuko duena, besteak beste. Hori guztia, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11. artikuluarekin bat.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Epidemiologiaren, Aurreneurrien eta Osasun Sustapenaren Zerbitzua.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko unitatea.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Epidemiologiaren, Aurreneurrien eta Osasun Sustapenaren Zerbitzuan baliatu daiteke datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz. Leire kalea, 15, 31002 Iruña.

h) Tratamendu sistema: fitxategi automatizatua.

i) Segurtasun neurriak.

Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.

Iragarkiaren kodea: F1309252