118. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa Erregelamendu Organikoan

Tuterako Udalak, 2013ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, alkate udalburuak proposaturik, honako hau erabaki zuen:

Alkatearen soldata, eta dietei uko egitea alkatea Udaletik kanpoko erakundeetara joaten denean:

Alkatearen ordainsaria, Udaleko kide bakarreko organoa eta beharrezkoa den aldetik, Udalaren Erregelamendu Organikoaren 8. artikuluan ezarrita dago, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/11985 Legearen 75. artikulua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 56. eta 57. artikuluak.

Langileen 2013rako plantilla organikoaren negoziazioa zela eta, alkate jaunak konpromisoa hartu zuen alkateak Udaleko soldata besterik ez hartzeko xedapena emateko, eta horrek berarekin ekarri zuen beste kontzeptu batzuen ordainsariak edo konpentsazioak, hala nola erakundeetara (adibidez, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora) joateagatiko dietak zuzenean Udalaren kontuan sartzea, kasuan kasuko kopurua zehazki.

2013rako plantilla negoziatzeko batzordearen dokumentuko 434. orrian dokumentaturik dago.

Hori bat dator karguak Erregelamendu Organikoan bertan ezarria duen dedikazio esklusiboarekin; erregelamendu horren 8.4 artikuluak, Osoko Bilkurak 2010eko maiatzaren 28an idatzitakoaren arabera, honako hau dio: “Alkatearen kargua dedikazio esklusibokotzat hartu da, eta A mailako funtzionario bati dagokion urteko ordainsari gordina jasoko du, baita maila horren %91,25eko osagarria ere.”

Francisco Ciria Pérezek “Derecho local de la ciudad de Tudela” lanean dioenez, artikulu horri buruzko oharrean, Osoko Bilkurak alkatearen soldata kendu edo aldatu dezake, eskubideen aldarrikapen egintzak ofizioz berrikusteko prozedura tramitatu behar izan gabe, zeren eta dedikazio esklusiboa eta horri lotutako ordainsariak ez baitira pertsona baten alde ezartzen, baizik eta kargu baterako, eta, beraz, ez dira interesdunaren aldeko eskubide subjektiboak sortzen, El Consultor aldizkariaren 6. alean, 2006ko martxoaren 30ekoan, aipatzen den moduan.

Horregatik, proposatu da esaldi bat gehitzea 8. artikuluaren 4. idatz-zatiari: “Hori horrela, kargu publikoa izateagatik alkateari legokiokeen edozein ordainsari, kalte-ordain, dieta eta abar Tuterako Udalak jasoko du, zeinari Diruzaintzan sartuko baitzaio.”

Udaletako zinegotzien botoa eskuordetzea:

Martxoaren 12ko 11/2013 Foru Legeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duenak (2013ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18an, argitaratua), Udaletan zinegotzien botoa eskuordetzeko modua ezartzen du.

Artikulu bakarrak xedatzen du idatz-zati berri bat gehitu zaiola Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 86. artikuluari. Hona hemen:

“4. Udalaren Osoko Bilkurak zilegi izanen du zinegotzien botoa eskuordetzeko kasuak sartzea Erregelamendu Organikoan, honako honen arabera:

a) Bere amatasunaren kariaz bilkuretara joaten ahal ez den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku, erditu ondoko sei astean.

Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen botoa beste baten esku uzteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaten ahal ez den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku.

c) Ezgai-egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen botoa beste baten esku uztea, inoiz ez lan batzordeetan edo bozketa behar duten bestelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Botoa beste baten esku uzteko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen”.

Foru arauak zehazten dituen inguruabarrak izaten direnerako, komenigarri ikusten da botoa eskuordetzeko kasu hauek sartzea Erregelamendu Organikoan.

Udalaren Erregelamendu Organikoa berrikustea:

Udalaren Erregelamendu Organikoa behin betiko onetsi zen 1989ko urtarrilaren 18ko osoko bilkuran. Urte horretako martxoaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta apirilaren 13an hartu zuen indarra.

Data hauetako osoko bilkuretan aldatu da: 1992ko ekainaren 24an, 1995eko urriaren 27an, 1999ko uztailaren 22an, 2003ko uztailaren 4an eta azaroaren 28an, 2005eko ekainaren 25ean, 2006ko uztailaren 4an eta 2008ko abenduaren 22an.

Hogeita hiru urte hauetan arlo horretan osorik edo hein batean onetsi diren araudiek eta esparru horretan bildu den jurisprudentziak erakusten dute berrikustea komeni dela, horrela edukia eguneratzeko eta gaur egungo garaiari eta jarduteko moduei egokitzeko.

Arauen lehentasunari dagokionez, Konstituzio Auzitegiaren abenduaren 21eko 214/1989 Epaiaren ondoren, lehenago daude, hurrenkera honetan, Estatuko oinarrizko legedia eta Foru Komunitateak, bere eskumenen esparruan, hori garatzeko onartzen duen legedia; eta Estatuko legedia ez oinarrizkoa baino lehenago dago, Espainiako Konstituzioaren 149.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (adibidez, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua).

Esparru honetan, komenigarritzat jotzen da testua osorik berrikustea, Udalak funtsezko tresna bat izan dezan maila organikoan, arin eta eraginkorra, Udalaren beraren ezaugarriak kontuan harturik.

Lan hori Udaleko idazkariaren ardura izanen da eta berak koordinatuko du, eta, horretarako, Udalbatzako zerbitzu juridiko eta ekonomikoen laguntza izan dezake.

Horrenbestez, honako hau erabaki da:

1.–Lerroalde bat gehitzea Erregelamendu Organikoaren 8. artikuluko 4. idatz-zati indardunari. Hona hemen: “Hori horrela, kargu publikoa izateagatik alkateari legokiokeen edozein ordainsari, kalte-ordain, dieta eta abar Tuterako Udalak jasoko du, zeinari Diruzaintzan sartuko baitzaio.”

2.–Erregelamendu Organikoan 67. bis artikulua gehi dadila onestea, zinegotziek botoa eskuordetzeko kasuen eduki berarekin, aurreikusiak baitaude Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duen martxoaren 12ko 11/2013 Foru Legearen 86.4 artikuluan (2013ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18an, argitaratua). Honela idatzita agertuko da:

“67. bis artikulua. Martxoaren 12ko 11/2013 Foru Legearen 86.4 artikuluan ageri diren arrazoiengatik eskuordetzen ahalko dute botoa zinegotziek”.

3.–Udalaren Erregelamendu Organikoa berrikustea.

4.–Igor bekie Alkatetzari eta Udalbatzako kide guztiei, baita Udaleko alorrei eta administrazio unitateei ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara bedi, orok jakin dezan eta bete dadin.

Tuteran, 2013ko ekainaren 3an.–Jarduneko alkatea, Reyes Carmona Blasco.

Iragarkiaren kodea: L1308165