118. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

Ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Cortesko Udalak, 2013ko apirilaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2013ko apirilaren 29ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Cortesen, 2013ko ekainaren 4an.–Alkatea, Javier Blasco Mendívil.

UDAL ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN
DAITEZKEEN ANIMALIAK ETA ETXEKO ANIMALIAK
EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Aurkibidea

–Zioen azalpena.

–Lehen kapitulua.–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea eta Udal Erregistroa sortzea.

–Bigarren kapitulua.–Bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak, espazio publikoetan edo partekatuetan dauden etxeko animalientzat eta haien jabeentzat.

–Azken xedapena.

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honen oinarria da honako arau hauetan berari dagokionez xedatzen dena: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

Aipatutako arauetan ezarri zen udalek udal erregistroa eratu behar dutela, zehazteko zein eratan egin behar duten animalia arriskutsuen jabeek udal erregistroko inskribapena, eta ezarri, halaber, autonomia erkidego bakoitzeko erregistro zentralei altak, bajak eta gorabeherak jakinarazteko mekanismoa.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen errege dekretuan xedatuaren aurkako arau-hausteak zehatzeko araubidea lege horren III. kapituluan xedatzen da; eta lege horren hirugarren xedapen gehigarrian, zehatzeko eskumenari dagokionez, honako arau hauetan agertzen diren printzipioetara jotzen du, aplikatzekoak diren Foru Komunitateko eta Udaleko arauak ukatu gabe: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

Bestalde, kontuan hartuta etxeko edozein animalia izateak eremu publikoan eta erabilera publikoko espazioetan izan dezakeen eragina, ezinbestekoa da jabeen erantzukizuna gaingiroki arautzea, eremu publikoan kalterik izan ez dadin; besteak beste, animaliek han utzi dezaketen zikinkeria.

Gure Foru Komunitatean, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak zenbait jokaera arautzen ditu, besteak beste, lagun egiteko animalienak, eta IV. tituluan arau-hausteak eta zehapenak ezartzen ditu.

Aipatutako 7/1994 Foru Legeak, halaber, 26.2 artikuluan xedatzen du arau-haustea gertatu deneko udalei edo, kasu batzuetan, Foru Komunitatearen Administrazioari dagokiela zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko ahalmena, etxeko animalien inguruko arau-hausteetan; eta azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretuko erregelamenduan arautu zen zehapen prozedurara igortzen du goian aipatu artikuluaren 1. puntuak.

Horren ondorioz, ordenantza honek Estatuko eta Foru Komunitateko arauak, aipatu direnak, aplikatu nahi ditu Cortesko Udalaren esparruan; horretarako, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa sortzen du, legez ezarritako betebeharra baita, eta etxeko animaliek eta haien jabe eta arduradunek erabilera publikoko espazio eta eremu publikoetan izan beharreko jokabide batzuk zehazten ditu.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak
edukitzea eta Udal Erregistroa sortzea

1. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betetzeko, Cortesko udal mugapeari dagokionez.

2. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen zakurrak:

–Arraza hauetako zakurrak edo gurutzatuta daudenak:

a) Pit Bull Terrierra.

b) Staffordshire Bull Terrierra.

c) American Staffordshire Terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

–Ondoko zerrendan aipatzen diren ezaugarri guztiak edo gehienak betetzen dituzten zakurrak; non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta heziak aitorpen ofizialeko zentroetan, Nafarroako foru legediari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, edo baldintza hori lortzeko heziketa fasean dauden zakurrak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handia eta adore handia.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonak nahiz beste animaliak eraso dituztenak.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren kasuetan, arriskutsu izateko aukera hori badela agintari eskudunak erabaki beharko du, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

3. artikulua. Udal lizentzia.

1.–Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, eramaileek edo edukitzaileek aginduzko udal lizentzia lortu beharko dute aldez aurretik, abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.–Udaleko alkate-udalburuak du arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia emateko eskumena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluan xedatuarekin bat.

3.–Lizentziak bost urteko iraupenaldia izanen du eta, ondoren, iraupen bereko aldietarako berritu beharko da, prozedura berari jarraikiz.

Lizentziak indarra galduko du titularrak uzten dionean hura emateko nahitaezkoak ziren baldintzak betetzeari.

Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Alkatetzari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

4. artikulua. Udal lizentzia eskatzeko baldintzak. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia eskuratu edo berritu ahal izateko, interesdunak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau (aurrekari penalak).

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz. Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hau frogatzeko, ahalmen fisikoaren ziurtagiria eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria aurkeztuko dira, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 4tik 7ra bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

f) Lizentzia tramitatzeagatik ordaindu beharreko udal tasa ordaintzea, 2013. urtean 25 eurokoa izanen baita.

5. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa.

1.–Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa sortzen da Cortesko Udalean, biztanleen erroldaren alor administratiboari lotua.

2.–Arriskutsua izan daitekeen animalia baten jabeak, Cortesen bizi denak, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatzeko eskatuko du, hura edukitzeko udal lizentziaren kontzesioa jakinarazi ondoko hamabost eguneko epean.

Erregistro horretan inskribatzeko, honako datu hauek ekarriko ditu, erregistro horretan egon behar baitute nahitaez:

a) Jabearen eta/edo edukitzailearen datu pertsonalak: izena, helbidea, NANa, telefono zenbakia(k) eta interesekotzat jotzen diren beste batzuk.

b) Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak, hala nola:

a. Animaliaren espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia.

b. Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

c. Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

d. Albaitari kolegiatuak urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak.

e. Eraso egindako kasuak (Udalari berehala jakinarazi beharko zaio).

f. Animalia antzutzen badute, jabeak bere borondatez hala erabakitzen duelako, erregistroan dagokion orrian inskribatuko da.

c) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

3.–Lizentziaren titularraren eginbeharra da artikulu honen aurreko puntuan adierazten den erregistroan inskribatzeko eskatzea, lizentzia eskuratu ondoko hamabost eguneko epean.

4.–Albaitaritzako klinikek eta kontsultategiek erregistro liburua izan beharko dute, eta animaliaren gainean artikulu honetako 2. puntuan adierazitako datu guztiak egonen dira han.

5.–Udal erregistroak arriskutsua izan daitekeen eta han inskribatzen den animaliari zenbakia emanen dio, segidan dagokion zenbakia.

6.–Udal erregistro honi animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio, eta animaliaren orrian jasoko da inguruabar hori.

6. artikulua. Identifikazioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiek identifikaturik egon beharko dute mikrotxip baten bidez.

7. artikulua. Edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako egiteko eta erantzukizun hauek dituzte:

–Lizentziaren titularraren eginbeharra da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzeko eskatzea, lizentzia eskuratu ondoko hamabost eguneko epean.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek leku eta espazio publikoetan muturrekoa izanen dute nahitaez, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei egokitua.

–Kontrolpean eraman beharko dira 2 metrotik beheitiko kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du zakur bat baino gehiago eraman.

–Animalia finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio edo oro har mugaturiko edozein tokitan dagoenean, loturik egon beharko du –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean dagoenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

–Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaio arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroaren arduradunari.

–Udal erregistroari animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat autonomia erkidego batetik beste batera eramateko, inskribapenak egin beharko dira udal erregistroetan, hiru hilabetetik gorako eperako bada edo han bizitzeko bada.

–Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliak ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik.

–Beste edozein, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jokaerari lotutako erantzukizuna ekar dezakeena.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2.–Udal honek jakiten baldin badu, bai ofizioz bai salaketa bidez, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 13. artikuluan zehaztutako arau-hausteetako bat egin dela bere eskumeneko esparruan, zehapen espedientea abiarazi ahalko du, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

3.–Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 13. artikuluan zehaztutako zehapenak aplikatuko dira.

9. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

Kapitulu honetan ezartzen ez den orotan honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; orobat, horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren arauak.

10. artikulua. Datuen babesa.

DBLOaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzen ahalko dira xedapen orokor baten bidez bakarrik, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratu ondoan.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herriendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Eskatzekoak diren segurtasun neurriak, oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak direla.

Horiek horrela, datu pertsonalen fitxategi hau sortu da, izen eta ezaugarri hauekin:

ANIMALIA ARRISKUTSUEN FITXATEGIA

Aurreikusitako xedea eta erabilerak: 50/1999 Legeak Udalei ezartzen dizkien betebeharrak betetzea: Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileendako lizentziak ematea eta gai hau arautzen duen ordenantzaren 2. artikuluan zehazten diren animalien erregistroaz arduratzea.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanda, datuak ematen baitituzte behar den lizentzia eskatzean, edo halako animalien jabeak edo edukitzaileak ezagutzen dituzten beste herritar batzuek emanda.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: arriskutsutzat jotzen diren animalien jabeak edo edukitzaileak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

–Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, NANa, sinadura, telefonoa, irudia.

–Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak.

–Osasun arloko datuak.

–Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

–Tratamendu sistema: paperezko euskarrian.

–Datuak jakinaraztea: eskaera izanez gero, epaileei eta epaitegiei edo segurtasun indar eta kidegoei.

–Organo arduraduna: Cortesko Udala.

–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cortesko Udala.

–Segurtasun maila: ertaina.

Fitxategia sortu ondoren, fitxategia sortu dela jakinaraziko zaio Datuak Babesteko Espainiako Agentzian dagokion erregistroari.

BIGARREN KAPITULUA

Bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak,
espazio publikoetan edo partekatuetan dauden etxeko
animalientzat eta haien jabeentzat

11. artikulua. Kapitulu honen xedea da bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak arautu eta ezartzea, etxeko animalientzat eta haien jabeentzat, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen babesean, Cortesko udal mugapeari dagokionez, osasun eta segurtasun baldintza beharrezko batzuk bermatzeko, Cortesko bizilagunek animaliekin bizi kalitate erazkoa eta babes egokia izan ditzaten.

12. artikulua. Cortesko udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene eta osasun baldintzak betetzea.

13. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz osasun agintariek eta/edo gai horretan eskumena duten beste batzuek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritzako klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Cortesko Udaleko Alkatetzari jakinarazi beharko diote berehala, Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan ukatu gabe.

14. artikulua. Debekuak.

Debeku orokor hauek ezarri dira:

–Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

–Bere arduradunak behar bezala kontrolatzen ahal ez baditu, debeku da leku horietan animaliarik edukitzea.

–Debeku da animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, baita erabilera publikoko igerilekuetan ere.

–Debeku da bide publikoan animaliei (zakurrei, katuei, usoei eta abar) jaten ematea.

–Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

–Orobat debeku da animaliarik izatea haurrak jostatzeko alderdietan, lorategi eremuetan, soropiletan eta landare multzoetan.

–Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean edo kapitulu honetan ezarritakoa aplikatzetik datorren edozein debeku.

15. artikulua. Animalien edukitzaileen betebeharrak.

Animalien edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

a) Animalia baldintza egokietan eduki beharko dute higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen dute, Nafarroako Administrazio Publikoek osasunaren alorrean ezartzen dituzten aurreneurriak aplikatuz.

Zakurren edukitzaileek identifikatuta eduki beharko dituzte, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen eran.

b) Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

c) Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

d) Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez dezaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.

e) Zakurrarekin dabilen lagunak galarazi behar du zakurrak kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

Arrazoi kontrolaezinengatik galarazten ahal ez badu, zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

f) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legetik, kapitulu honetan ezarritakotik eta aplikatzekoa den gainerako legedia aplikatzetik datozen gainerako betebehar eta erantzukizun guztiak.

16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2.–Udal honek jakiten baldin badu, bai ofizioz bai salaketa bidez, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 24. artikuluan zehaztutako arau-hausteetako bat egin dela bere eskumeneko esparruan, zehapen espedientea abiarazi ahalko du, honako arau honetan ezarritakoarekin bat: maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Lege aipatua garatzeko, Zehapen prozedura arautzen duen azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretua.

3.–Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 25. artikuluan zehaztutako zehapenak aplikatuko dira.

17. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

Kapitulu honetan arautu ez den orotan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta aplikatzekoa den beste edozein arautan ezarritakoari jarraikiko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L1308232