112. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

217E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Leitzan, 2. poligonoko hainbat lurzatitan, edateko ura tratatzeko estazioa bertako ur biltontziaren ondoan egiteko proiekturako. Sustatzailea bertako udala da.

2013ko martxoaren 8an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N puntuan sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatutako jarduketan, edateko uren araztegi bat eginen da Leitzako ur biltontzian (Leitzako 2. poligonoko 499. lurzatian dago). Horretarako, hainbat jarduketa gauzatu behar dira, hura eraberritu eta handitzeko, eta biltontziraino iristen diren hodien sistema egokitzeko. Obra horien artean, beharrezkoa da biltontzira hodi orokor batean iristen diren bost hodi batzea, eta Otemotz iturburutik joaten den hodia ordeztea, egungo hodiaren trazadurari jarraikiz. 180 metro bat luze den azken tarte horretan, diametroa 150 mm-koa izanen da. Larreak zeharkatzen ditu tarte horrek. Hartara, ingurumeneko ukipenak oso txikiak izanen dira, landare lurra lehengoratu eginen baita.

Edateko ura tratatzeko estazioa eta hodia egin zein egokitzeko obrek sortzen dituzten hondakinen azterketa sartuta dago aurkeztutako dokumentazioan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena egin du, adieraziz ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearekin bat, baimentzen direla indarreko planeamenduan preserbaziorako edo babeserako ezarritako helburuekin bateragarriak diren jarduerak eta proiektuak, eta/edo bateragarritasun hori aurretik ebaluaturik dutenak, hala nola jarduera aldatzea, bolumena handitzea edo zerbitzu berriak izatea ekartzen ez duten eraikuntza eta instalazioetan esku hartzen denean.

Leitzako Udalak, proiektuaren sustatzaileak, Udalaren 2013ko martxoaren 6ko aldeko txostena erantsi dio eskaerari, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Leitzako ur biltontziaren inguruan, herri horretan edateko ura tratatzeko estazioa egiteko proiekturako. Sustatzailea Leitzako Udala da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

–Sortzen diren eraispen eta eraikuntza hondakinak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

–Hondeaketa lurrak irekitako zangetan lehengoratu beharko dira, edo ur biltontziaren ingurunean zabaldu beharko dira, halako eran non landare estaldura modu naturalean berreskuratuko den, edo landare belarkarak ereinda obrak egin ondoren.

–Lur horiek ur biltontziaren inguruan zabalduz gero, lur horiek egokiak ez badira landareztatzeko, zabaltzeko tokitik lur emankorraren geruza kenduko da aurretik, geroago zabaltzeko hondakinak botako diren eremuaren gainean.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Leitzako Udalari eta Bidasoa aldeko 1. Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1307815