110. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

394/2013 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Agoizko udal mugapean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen balorizaziorako instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Fundación Aspace Navarra para el Empleo-Ecointegra da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean jasota dago, hots, “2B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago, muga eta irizpide batzuen aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 1273 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zitzaion instalazio horri.

Ondoren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 669/2011 Ebazpenaren bidez, instalazio horren azken aldaketa egin zen.

2012ko abenduaren 13an, titularrak aldaketa hau eskatu zuen: pantaila lauak kudeatzeko prozesua ezartzea. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldaketa hori ez-funtsezkotzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko asmoz abenduaren 28an emandako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hortaz, ez da beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da, instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta horiek oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dute; hortaz, baimena aldatu behar da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Bestalde, baimena egokitzeko instalazioan egiten den tratamenduaren egiazko prozesura, ofizioz aldatzen da baimena, egungo lineek tratatu ahal dituzten hondakinak zein diren adierazteari dagokionez, bai eta zaraten inmisiorako indarreko legeetan ezarritako gehieneko balioetara egokitzeko ere.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan aurreikusitako prozedura erraztuari jarraikiz tramitatu da.

Titularrari entzutea emateko fasean aurkeztu diren alegazioak ebazpen honen VI. eranskinean adierazten den moduan ebatzi dira.

Ikusirik aipatutako agindu juridikoa, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz, foru dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitira indarreko araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitu dizkion eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan.

EBATZI DUT:

1. Agoizko udal mugapean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen balorizaziorako instalazio bati emandako Ingurumen baimen integratua aldatzea, 2012ko urriaren 13an titularrak eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berrira egokitzeko. Baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 1273 Ebazpenaren bidez eman zen. Instalazioaren titularra Fundación Aspace Navarra para el Empleo-Ecointegra da.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 1273 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2016ko uztailaren 2an bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. Irekitzeko beste baimenik ez da eskuratu beharko aldatutako instalaziorako; dena dela, titularrak Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari komunikatu beharko dio aldaketaren funtzionamendua hasi dela, eta, orobat, erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du, proiektua ebazpen honetako baldintzetan egin dela adierazten duena.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Fundación Aspace Navarra para El Empleo-Ecointegrari, Agoizko Udalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 21ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1307594