110. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2013 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, “Kultur Ekintzaren informazioaren harpidedunak” izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamenduak, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 52. artikuluan xedatzen duenez, titulartasun publikoko fitxategiak xedapen orokorren edo erabakien bidez sortu behar dira eta horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar dira; 53. artikuluak, berriz, berariazko legeria betetzeko agintzen du, autonomia erkidegoen esku dauden fitxategiei dagokienez. Fitxategia sortzeko xedapen edo erabakiak izan behar duen edukia erregelamendu beraren 54. artikuluan azaltzen da.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mende dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak arautzen ditu. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du, fitxategien ezaugarriak aldatzeko, baita fitxategiak sortu eta kentzeko ere, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen mende edo zer departamenturi atxikirik dagoen, hango kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 44. artikuluak dio administrazio espedienteak tramitatzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta antolamendu juridikoak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du beharrezkoa dela fitxategi informatizatu berri bat sortzea, “Kultur Ekintzaren informazioaren harpidedunak” izenekoa, Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren web-gunearen bidez buletin elektronikoaren zerbitzuaren harpidedun egiten direnen datuak modu egokian bildu eta tratatzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Fitxategi informatizatu berri bat sortzea, “Kultur Ekintzaren informazioaren harpidedunak” izenekoa. Ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Xedea eta aurreikusitako erabilerak: erabiltzaileen informazioa jasotzen duen datu base bat sortzea, kultur ekintzaren jarduerak eta deialdiak sustatu, jakinarazi eta merkaturatzeari begira.

Noizbait ere, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak berak erabiliko ditu datuak, barne erabilerako argitalpenak eta azterketa estatistikoak lantzeko.

b) Datuen jatorria: Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren webgunearen buletinean harpidetza egiten dutenen eskatzaileek beraiek emandako datuak baizik ez dira bilduko, baita deialdietara aurkezten diren entitateen datuak ere –sartu nahi duten aurretik galdetuta–, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.

c) Fitxategiaren egitura: fitxategia erabat informatizatua.

d) Ez da tentuz tratatu beharreko daturik bilduko, ez eta babes berezia duenik ere.

e) Datu hauek bilduko dira:

–Pertsonaren/Entitatearen izena.

–IFZ/IFK.

–Helbidea.

–Posta kodea.

–Probintzia.

–Herria.

–Herrialdea.

–Telefonoa.

–E-maila.

–Webgunea.

–Legezko ordezkaria eta kargua.

–Harremanetarako pertsona eta kargua.

f) Aurreikusitako lagapenak: ez da aurreikusi daturik lagatzea.

g) Fitxategiaren ardura duen organoa: Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzua.

h) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubidea zein zerbitzu edo unitatetan erabili: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzua.

i) Segurtasun maila, Datuak Babesteko Lege Organikoaren Erregelamenduaren VIII. tituluaren arabera: oinarrizko maila.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Kultura Ekintza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 28an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1307889