110. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 11

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 555/2009 prozedura

Antonio Fernández Ayesa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: 555/2009 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman da eta irmo geratu da. Hona hemen horren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“331/2013 epaia.

Lehendakaria: Joaquín Galve Sauras jauna. Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna eta Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.

Iruñean, 2013ko apirilaren 12an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatu magistratu jaunek eratuak, 555/2009 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Errekurtsoa hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek Cadreitako udal mugapean lurzorua aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aurkakoa da (2009ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 27an). Auto horietan Vodafone España, S.A. izan da alderdi demandatzailea, Hermida prokuradore jaunak ordezkatuta eta Gutiérrez abokatu jaunak defendatuta, eta Cadreitako Udala alderdi demandatua, González Oteiza prokuradore jaunak ordezkatuta eta Villanueva legelari jaunak defendatuta. Hurrengo aurrekari eta zuzenbideko oinarriak kontuan hartuta erabaki du Salak.

Epaitza:

1.–Partez baiesten dugu Vodafone España, S.A.k, Hermida prokuradore jaunak ordezkatuta eta Gutiérrez abokatu jaunak defendatuta, jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek Cadreitako udal mugapean lurzorua aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aurkakoa (2009ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 27an), eta, horrenbestez, 3. artikuluko lehen lerroaldeko azken intzisoaren deuseztasuna deklaratzen dugu, hornidurak egiteko baliatzen diren sareen titular ez diren enpresa edo entitateak egiten baititu tasaren subjektu pasibo, nahiz sare horietan sartu, haiek erabili edo elkarri konektatzeko eskubideen titular izan; orobat, 5. artikuluaren deuseztasuna.

2.–Ez da erabaki berezirik hartu prozesuko kostuei buruz.

Jakinaraz bedi ebazpen hau, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duenari jarraituz, eta aditzera ematen da kasazio errekurtsoa jar daitekeela haren aurka, Auzitegi Gorenaren hirugarren Salari zuzenduta; errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Sala honi zuzenduta prestatu beharko da epai hau jakinarazi eta hamar eguneko epean.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.

Eginbidea: Iruñean, 2013ko apirilaren 16an. Nik, idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean epai hori eman didatela, behar bezala sinatuta, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 23an.–Salako idazkaria, Antonio Fernández Ayesa.

Iragarkiaren kodea: J1307734