110. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAUN

Xehetasun azterlana. Behin betiko onespena

Larraungo Udaleko alkateak, 2013ko otsailaren 15eko ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zuen Arruizko U.O.8 unitateari dagokion xehetasun azterlana, Iñigo Rekalde Navasek sustatua. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Larraunen, 2013ko maiatzaren 17an.–Alkatea, Francisco Javier Legarra Arraztio.

Araudia

“1.2. Proiektuaren xedea.

Dokumentu honen xedea da Arruizko U.O.8 unitaterako prestaturik eta onetsirik dagoen xehetasun azterlana aldatzea.

Unitate horri dagozkion lurzatietako eraikigarritasuna aldatu nahi da. Gainera, lurzati horietan proiektatzen diren etxebizitzetan karrerapea egiteko aukera sartu nahi da.

1.3. Talde prestatzailea.

Proiektu hau Rafael Calderón Alonso eta David Gómez Urrutia arkitektoek prestatu dute; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kideak dira, 2041 eta 1932 zenbakidunak.

1.4. Kokapena.

UO.8 unitatea Arruizko hirigunearen hegoaldean dago. Jada urbanizatuta eta birzatituta dagoen exekuzio unitate bat da. 3 lurzati eraikigarriz osatuta dago.

Unitate horretako lurzatiek beheranzko malda pittin bat dute, iparretik hegoranzko norabidean. Lurzatietarako sarbidea haien mendebaldean dagoen bide bat da.

1.5. Araudia.

1.5.1. Udal Plana.

Aplikatu beharrekoak dira Larraungo Udal Planean unitate horretarako ezarritako determinazioak (2000-07-19an behin betiko onetsitako plana).

2008. eta 2009. urteetan xehetasun azterlan bat tramitatu zen, unitate hori hirigintzaren aldetik garatzeko. Haien birzatiketa proiektua eta urbanizazio proiektua ere prestatu ziren; horretan deskribatutako obrak gauzatu dira.

Hasierako xehetasun azterlana prestatu ondoren, haren bi eranskin prestatu ziren.

1.6. Lehendik dauden erabilerak, eraikuntzak eta azpiegiturak.

Unitateko lurzatiak eraikinik gabe daude. Inolako labore lanik ere ez da egiten gaur egun.

Dauden azpiegiturei dagokienez, adierazi behar da lurzati guztiek beharrezkoak diren azpiegitura guztiak dituztela bertan.

2.–Hartu den irtenbidea.

2.1. Helburuak.

Xehetasun azterlanaren aldaketa hau prestatzearen helburu nagusiak hauek dira:

–Aukera ematea familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko unitateko 287. lurzatian, xehetasun azterlanean deskribatzen diren bolumeneko determinazioak betez betiere.

–Aukera ematea karrerape erantsia eraikitzeko lurzati horretan egiten den eraikinaren atzealdean.

–Larraungo Udalaren eskariz, xehetasun azterlan honen aldaketan unitateko 3 lurzatiak (287, 288 eta 289) sartuko dira.

2.2. Proposamenaren deskribapena.

2008. eta 2009. urteetan xehetasun azterlan bat eta haren eranskinak tramitatu eta onetsi ziren. Xehetasun azterlanaren lehen eranskineko helburua zen familia bakarreko 6 etxebizitza, binakakoak, eraikitzea, eta UO.8 unitaterako lerrokaduren azterlana prestatzea. Dokumentu horretan, Larraungo hirigintza planeamenduan zehaztutakoaren araberako eraikigarritasunak esleitu zitzaizkien lurzatiei (0,50 m² eraiki/lurzoruaren m²). Hala, eraikigarritasun hauek atera ziren:

–287. lurzatia: 485,92 m².

–288. lurzatia: 517,96 m².

–289. lurzatia: 535,39 m².

Geroago, eta xehetasun azterlanaren beste eranskin batean (2. eranskina) lurzatien determinazioak eta hirigintza araudikoak aldatu ziren (1.2.2 puntua). Oinplanoko nahitaezko okupazioaren atal bat gehitu da, zeinaren arabera “eraikina 15 x 13 metroko oinplano errektangularraren bidez eginen baita nahitaez, multzoaren homogeneotasun bolumetrikoa zaintzeko”. Horretaz gainera, ondoriozko lurzatien eraikigarritasuna murrizten da, eta balio hauekin geratzen:

–287. lurzatia: 367,36 m².

–288. lurzatia: 367,36 m².

–289. lurzatia: 367,36 m².

Arruizko UO.8 unitatearen xehetasun azterlaneko aldaketa hau onetsi ondoren, determinazio batzuk aldatuko dira eta honela geratuko.

1.2.2. Lurzatien determinazioak eta hirigintza araudia.

–Lurzatiaren itxitura: eraikina gehienez ere 15 x 13 metroko bolumenarekin garatzen ahalko da, eta 15 metroko fatxada luzea nahitaezko lerrokaduraren paraleloan egonen da (lerrokadura hori 40 cm-ko lodierako harlangaitzezko horma baten bidez mugatzen da).

–Oinplanoko nahitaezko okupazioa: eraikina 15 x 13 metroko oinplano errektangularrarekin eginen da nahitaez, multzoaren homogeneotasun bolumetrikoa zaintzeko.

–Bolumena: eraikinaren gehieneko bolumena 15 x 13 metrokoa izanen da, 15 metroko fatxada luzea nahitaezko lerrokaduraren paraleloan egonen da, eta bolumenaren alboetako garaiera 5,00 metrotik 5,50 metrora bitartekoa izanen da; estalkia, berriz, bi isurkikoa, isurkiak fatxada nagusiaren paraleloan, eta %35etik %45era bitarteko malda. Bolumen horri, atzealdeko fatxadan, karrerape bat gehitzen ahal zaio; karrerape horrek gehienez ere 3 metroko hondoa izanen du eta hondoaren bikoitza baino handiagoa den zabalera.

–Lerrokadurak: nahitaezko lerrokadura jasotzen da 287., 288. eta 289. lurzatien aurrealdean, lerro zuzen bat eginez 287., 288. eta 289. lurzatien alboetako mugetan ateratako bi punturen artean, 3 metroko tartea dagoela alboko mugaren eta aurrekoaren artean.

–Etxebizitzen gehieneko kopurua: familia bakarreko 6 etxebizitza, binakakoak, baserri tradizionalaren motako hiru bolumenetan eginak, bi isurkiko estalkiarekin.

–Gehieneko garaiera: teilatu-hegalen garaiera gutxienez 5 metrokoa izanen da eta gehienez 5,50 metrokoa, teilatu-hegalaren erdialdeko puntuaren bertikalean neurtuta. Estalkia bi isurkikoa izanen da, malda %35etik %45era bitartekoa, eta ez da inolaz ere 9,50 metroko garaiera gaindituko gailurrean.

–Eraikigarritasunak:

  • 287. lurzatia: 415,00 m².
  • 288. lurzatia: 415,00 m².
  • 289. lurzatia: 415,00 m².
  • 290. lurzatia: 0,00 m².

Beraz, unitateko gehieneko eraikigarritasuna 1.245,00 m²-koa da.

–Solairu kopurua, gehienez: B + 1 + Estalkipea. Bolumenak sestra gainean garatuko dira.

–Ordenantzak: dokumentu honetan zehaztu ez diren gainerako gaietarako, eraikuntzari buruzko ordenantza orokorretan ezarritakoa hartuko da kontuan.

2.3. Proposamenaren justifikazioa.

Proposamen honen justifikazioaren oinarria da, batez ere, Larraungo Udal Planean ezarritako eraikigarritasun baldintzak berriz hartzea. Plan horretan eraikigarritasun hau dago ezarria: 0,50 m² eraiki/m². UO.8 unitateko xehetasun azterlanerako tramitatzen joan ziren eranskinetan, sustatzailea determinazioak ezartzen joan zen, egin nahi zituen etxebizitza zehatzei egokiturik, eta, hala, azken eranskinean (2. eranskina) murriztu ere egin zuen Udal Planak baimendutako gehieneko eraikigarritasuna. Eraikigarritasunaren murrizketa hori ez zen inolaz ere beharrezkoa, datu hori gehieneko gisa ageri baitzen. Gainera, azken eranskin horretan ezarritako eraikigarritasun mugaren ondorioz ezin da bete xehetasun azterlaneko beste determinazio bat, hau da, nahitaezko okupazioa 15 x 13 metroko oinplano errektangularrekoa izatea, ez bada behintzat atzeraemangunerik edo karreraperik edo terrazarik egiten bolumenaren barnean. Aldaketa honen bidez, aurreikusitako eraikigarritasuna bat dator proposatutako bolumetriarekin.

Karrerapea egiteari dagokionez, uste dugu justifikatuta dagoela erabilera handiko elementu bat delako gaur egun halako etxebizitza mota batean, eta gainera ez duelako batere gaizki ematen inguru horretako eraikin tradizionalekin.

Bestalde adierazi behar da ez dela aldatu bere garaian onetsitako xehetasun azterlaneko dokumentazio grafikoa.”

Iragarkiaren kodea: L1307500