110. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

33/2013 FORU DEKRETUA, maiatzaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko lege gordailua arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Lege gordailua mekanismo juridiko bat da, zeinaren bidez administrazio publikoei aukera ematen baitzaie mota guztietako argitalpenen aleak biltzeko, euskarri mota guztietakoak, edozein prozeduraren bidez banatzen edo jendaurrean jakinarazten direnak. Bilketak bi helburu ditu: batetik, une historiko bakoitzean ondare bibliografikoa, entzunezkoa, ikus-entzunezkoa eta digitala babestu beharra betetzea, eta bestetik, ondare hori eskuratzeko aukera eskaintzea, helburu kulturalekin, ikertzeko edo informatzeko asmoarekin eta lanak berrargitaratzeko asmoarekin.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak Nafarroari esleitzen dio eskumen osoa arlo hauetan: “kultura, Estatuarekin koordinaturik” (44.8 artikulua), “historia, arte, monumentu, arkitektura, arkeologia eta zientzia ondarea, betiere ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurka defendatzeko Estatuak dituen ahalmenak deusetan ukatu gabe” (44.9 artikulua) eta “Estatuaren titulartasunekoak ez diren artxiboak, liburutegiak, museoak, hemerotekak eta kultura-gordailurako gainerako zentroak” (44.10 artikulua).

Nafarroako liburutegien sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Liburutegiak jasoko duela lege gordailua, eta esleitzen dio Nafarroan argitaratzen edo egiten diren obra guztiak bildu, kontserbatu eta hedatzeko eginkizuna.

Bestalde, Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legeak ezartzen du, azken xedapenetan bigarrenean, autonomia erkidegoei dagokiela, bere eskumenen esparruan, beharrezko xedapenak ematea hura garatu eta gauzatzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroak alor horretan dituen eskumenak erabiliz, bidezkoa da foru dekretu hau onestea, Foru Komunitatean lege gordailuaren funtzionamendua eta kudeaketa arautzeko.

Hori dela eta, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 29an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek helburu du Nafarroako Foru Komunitatean lege gordailuaren funtzionamendua eta kudeaketa arautzea, Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legearekin bat.

2. artikulua. Lege gordailua behar duten argitalpenak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan ondoko hauetatik utzi beharko dira launa ale:

a) Euskarrietako bat papera denean, multimedia baliabideen, eskuorrien eta liburuen lehen argitalpenak eta berrargitalpenak.

b) Partiturak, aldizkariak, egunkariak eta baliabide jarraituen mota guztiak, baita mapak, planoak, atlasak eta antzekoak ere.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan ondoko hauetatik utzi beharko dira bina ale:

a) Argitalpen beraren enkoadernazio desberdinak.

b) Sarean eskuragarri ez dauden aldizkari ofizialak.

c) Testuliburuak, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Batxillergokoak eta Lanbide Heziketakoak.

d) Bibliofiloentzako liburuak, hauek hartuz halakotzat: erosle mugatu batzuentzat eta zenbakiturik argitaratzen diren kalitate formal handiko liburuak.

e) Liburu artistikoak, hauek hartuz halakotzat: osorik eta partez, lan artistikoen kopiak egiteko erabiltzen diren artisautzako metodoen bidez eginak, edo irudi orijinalak dituztenak (zuzenean edo eskuz egindako irudiak), edo eskuz koadernatuak.

f) Jatorrizko estanpak, edozein teknikaren bidez eginak.

g) Editatutako argazkiak.

h) Soinu grabazioak.

i) Ikus-entzunezko dokumentuak.

j) Argitalpen elektronikoak. Euskarria bideoa denean, edizio bat egiten bada alokairurako eta beste bat salmentarako, salmentarako bi ale utziko dira.

k) Ukitzeko moduko euskarri fisikorik izan ez eta ingurune autosufizienteetan deskargatzen ahal diren dokumentu elektronikoei dagozkien artxiboen kopiak.

l) Mikroformak.

m) Paisaien eta hirien postalak.

n) Iragarpen eta publizitate kartelak, salbu eta Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legearen 5. artikuluan baztertu diren kasuak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan ondoko hauetatik utzi beharko da ale bana:

a) Hedatzeko asmoz inprimatu diren orriak, funtsean merkataritzako publizitatea ez direnak.

b) Laminak, kromoak, kartak, zoriontzeko txartelak eta paisaienak eta hirienak ez diren postalak.

c) Helbidea, bizilekua edo establezimendu iraunkorra Nafarroako lurraldean duten ekoizleek egindako pelikula guztien dokumentu osoaren kopia berria (filmak, dokumentalak edo fikziokoak izan), jatorrizko bertsioan, eta haiei dagokien publizitate-materialaren ale bana.

4. Aurreko ataletako zerrendetan jasotako aleen artean honako hauek daude: Nafarroako Liburutegirako aleak, Nafarroako Foru Komunitatean kontserbazio zentroa baita eta, orobat, Espainiako Liburutegi Nazionalerako aleak, Estatuko Administrazio Orokorreko kontserbazio zentroa baita.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora editatzen diren euskarazko materialak.

Estatuko lurraldearen edozein lekutan euskarazko materialak ekoizten dituzten argitaratzaileek, eta, horiek ezean, ekoizleak, inprimatzaileak, estanpatzaileak edo grabatzaileak ale bat gordailutu beharko dute Nafarroako Liburutegian, helbidea, bizilekua edo establezimendu iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean ez badute.

4. artikulua. Lege gordailua Nafarroan egin beharra duten subjektuak.

1. Helbidea, bizilekua edo establezimendu iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean duten argitaratzaileek egin behar dute lege gordailua Nafarroan, obra non-nahi inprimatu den ere.

2. Argitaratzailea Espainian bizi ez bada edo bertan sukurtsalik ez badu, edo baliabide mota ikusita bidezkoa bada, Nafarroan helbidea, bizilekua edo establezimendu orokorra duten ekoizleek, inprimatzaileek, estanpatzaileek edo grabatzaileek egin beharko dute gordailua.

5. artikulua. Lege gordailuaren zenbakia Nafarroan eskatu beharra duten subjektuak.

Formatu ukigarri batean argitaratzen diren obren argitaratzaileek eskatu behar dute lege gordailuaren zenbakia Nafarroan, baldin eta helbidea, bizilekua edo establezimendu iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean badute. Zenbakia Nafarroan eskatzera behartuta dauden argitaratzaileak, eskatu ez badu, eskatu egin beharko du, edo, bestela, ekoizleak, inprimatzaileak, estanpatzaileak edo grabatzaileak, ordena horretan berean.

II. KAPITULUA

Gordailurako eta kontserbaziorako Nafarroako Foru Komunitatean

6. artikulua. Zentro gordailuzaina Nafarroan.

1. Nafarroako zentro gordailuzaina Lege Gordailuaren Bulegoa da, kulturaren arloan eskumena duen departamentuaren menpekoa dena.

2. Nafarroako Foru Komunitateko kontserbazio zentroarentzat eta Espainiako Liburutegi Nazionalarentzat diren aleen gordailua kudeatuko du bulegoak.

7. artikulua. Kontserbazio zentroa Nafarroan.

Nafarroako kontserbazio zentroa Nafarroako Liburutegia da.

III. KAPITULUA

Lege gordailua eskatu eta osatzeko prozedura

8. artikulua. Lege gordailuaren eskaera.

1. Obra bat bukatu hurren dagoela, dokumentuaren inprimaketa edo ekoizpena bukatu aurretik, gordailua egin beharra duen subjektuak lege gordailuaren zenbaki bat eskatu beharko du Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan.

2. Eskaera aztertuta, Bulegoak lege gordailuaren zenbaki bat esleituko dio obrari. Esleipen hori eta interesdunaren jakinarazpena ez badira bi hilabeteko epean egiten eskaeraren egunetik hasita, ulertuko da eskaera baietsi dela isiltasun administratiboaren bidez. Bulegoak dagokion lege gordailuaren zenbakia esleitu beharko dio hamabost egun balioduneko epean, interesdunak eskatzen duenetik aurrera.

Gero, lege gordailua egin behar dutenek Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan utzi beharko dute dokumentua, bi hilabeteko epean, lege gordailuaren zenbakia esleitzen zaienetik hasita, eta betiere dokumentua banatu edo salmentan jarri baino lehen.

3. Obra gauzatzen ez bada edo zenbakia esleitu eta bi hilabeteko epean gordailua egitea galarazten duen bidezko arrazoiren bat baldin badago, eskatzaileak lege gordailuaren zenbakia baliogabetzeko eskaera eginen du.

9. artikulua. Gordailua eratzea.

1. Lege gordailua egin behar dutenek hura eratuko dute Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan, Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legean aurreikusi bezala.

2. Obrak oso-osorik gordailutu beharko dira, faszikulu bildumak, osoak eta azaleztatuak, eta serie mugatuko komiki bildumak, osoak.

3. Jarraipena duen baliabide baten entitate argitaratzaileak egoitza finkorik ez badu, faszikulu berri bakoitza lege gordailuaren zenbakiaren eskaera tramitatu zuen Lege Gordailuaren Bulegoan entregatu beharko da.

4. Azal edo aurkezpen mota edo formatu ezberdinak dituzten obretan, aurkezpen mota bakoitzaren gordailua egin beharko da; izan ere, bakoitza obra independente bat balitz bezala tratatuko da.

5. Nafarroako Foru Komunitateko eskualde bakar batean hedatu behar diren egunkariak argitaratzen dituzten subjektuek, foru dekretu honen 5. artikuluan ezarri bezala gordailu egin beharra izanez gero, Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoan gordailutu beharko dute prentsa.

10. artikulua. Lege gordailuaren zenbakia eta hura deuseztatzea.

1. Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legean ezarri bezala, lege gordailuaren zenbakiak D.L. (Depósito Legal) siglak izanen ditu gaztelaniaz, edo L.G. (Lege Gordailua) euskaraz, eta horren ondotik honako hauek jarriko dira: NA (Nafarroa) siglak, gordailuaren zenbakia, eta gordailua egin zeneko urtea, lau zifratan adierazia.

2. Lege gordailuaren xede ez diren dokumentuei emandako lege gordailuaren zenbakiak baliogabetuko ditu kasuan kasuko bulegoak, eta dokumentu horiek ez dira gordailutuko.

3. Baliogabetutako zenbakiak ez zaizkie beste obra batzuei esleituko.

11. artikulua. Lege gordailua egin beharraren gaineko errekerimendua.

Gordailua egin beharra bete ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoak errekerimendua eginen dio kasuko arduradunari hilabeteko epean egin dezan gordailua.

IV. kapitulua

Ikuskapena eta zehapen araubidea

12. artikulua. Ikuskapena lege gordailuaren arloan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Lege Gordailuaren Bulegoko funtzionario arduradunei dagokie ikuskapenerako eginkizunak erabiltzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Lege Gordailuaren Bulegoko funtzionario arduradunek, beren eginkizunak betetzen ari direla, agintari gisa jardunen dute, eta indarreko arauek izaera horri ematen dioten babesa eta ahalmenak izanen dituzte. Bere eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkotzat jotzen dutenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren edo beste administrazio edo erakunde publiko batzuen menpeko langileen eta zerbitzuen lankidetza jasotzen ahalko dute.

13. artikulua. Zehapenak ezartzeko eskumena duen organoa.

Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra izanen da Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legean ezarritako zehapenak jartzeko organo eskuduna.

Xedapen gehigarri bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko argitalpen elektronikoen lege gordailua.

Foru dekretu honen eremutik kanpo gelditzen da Nafarroako Foru Komunitatean argitalpen elektronikoen lege gordailua egiteko moduaren erregulazioa, Lege Gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legearen azken xedapenetan hirugarrenean eta laugarrenean ezarritakoarekin bat.

Xedapen iragankor bakarra.–Lege gordailuaren zenbakiaren aldaketa, serieko argitalpenetan eta baliabide integragarrietan.

Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten serieko argitalpenen argitaratzaileek, bere lege gordailuaren zenbakiaren sigla ez badator bat editorearen egoitzari dagokionarekin, lege gordailuaren zenbaki berria eskatu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Bulegoan. Eguneroko prentsak eta asteroko edo hileroko serieko aldizkariek 60 egun naturaleko epea izanen dute aldaketa hori egiteko. Hortik gorako aldizkakotasuna duten serieko aldizkariek ale berri bat argitaratu behar dutenean eginen dute lege gordailuaren zenbakiaren aldaketa.

Azken xedapenetan lehena.–Arauak emateko gaitasuna.

Kulturaren arloan eskumena duen kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1307994