109. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORDOVILLA

Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak arautzen
dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Cordovillako Kontzejuak, 2013ko martxoaren 18an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Cordovillako Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2013ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 4an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cordovillan, 2013ko maiatzaren 20an.–Kontzejuko burua, Sergio Delgado Bermejo.

Ordenantza, Cordovillako Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituena

I. KAPITULUA

Hilerria erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29.etan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Cordovillako Kontzejuaren hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Cordovillako Kontzejuaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, Kontzejuko biztanleen erroldaren arabera.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

7. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da. Kasu horretan, zein den Kontzejuko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi kopurua adinako lurra utziko da libre.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahal ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak nitxoetan jarri beharko dira.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere bortz urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekuz aldatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

Hala ere, hilabete horietan ere, pertsona zendu baten ezkontide edo 2. mailako ahaide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, zenduarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko artikulu honetako a) edo b) baldintzak bete beharko dira.

10. artikulua. Horma-hilobietan ehortzitako hilotzak ateratzeko, 25 urteko epea izanen da ehortzi zirenetik. Luzapen bat eskatzen ahal da, 10 urterako, urtean 12 euroko tasa ordainduta + KPIa (urtero eguneratuko dena).

11. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

12. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

13. artikulua. Panteoiak berritzea. Gaur egun dauden panteoiak 50 urteren buruan berritzen ahalko dira, horma-hilobietarako bezalako tasa ordaindu ondoren.

14. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Kontzejuak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrak egiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bururatu beharko dira.

Aipatu epea bukatuta, Kontzejuak obren ordezko betearazpena eginen du eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunak ordaindu beharko du eta panteoiak izateko eskubidea galduko dute.

15. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).

Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

II. KAPITULUA

Tasak hilerriko zerbitzuak hartzeagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzea.

3.–Hilerriko bertze lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura, eta gastuak ordaindu.

21. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertze batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. Eranskinean aurreikusitako 1., 2. eta 3. puntuetako zerbitzuen tasak haiek eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

ERANSKINA

1.–Ehorzketak.

–Cordovillan erroldatutakoak: salbuetsirik.

–Erroldatu gabeak: 600 euro + KPIa (urtero eguneratuko dena) gehi zerbitzuaren kostua.

2.–Hilotz erraustuen ontziak ehorztea.

Gainerako ehorzketak bezala, hilerrian toki berria hartzen badute.

Lehendik dauden hilobietan ehortziz gero: salbuetsirik, baina ehorzketen kostuak ordaindu beharko dira.

3.–Hobitik ateratzea.

–Cordovillan erroldatutakoak: salbuetsirik.

Hilerriko gainerako hilobietarako: zerbitzuaren kostua, haien kontura.

Prezio horiek urtero eguneratuko dira, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako KPIaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1307465